Durangoko Udaleko osoko bilkura bertan behera geratu da

http://www.durangokoelkarlana.info

Gaur, maiatzak 28, Durangoko Udaleko osoko bilkura bertan behera geratu da Aitziber Irigoras alkateak ez duelako AHTren inguruko ezertaz hitz egin nahi izan. Urte hasieran AHTren lanak hasi ziren Durangon, Tabira auzoan, eta duela aste batzuk Larrinagatxu auzoan ere hasi dituzte. Hala ere, Udala isilik dago horren aurrean eta gaur jarrera hori salatzera joan gara osoko bilkurara. Testu bat irakurtzen hasi gara (testua amaieran dago) baina alkateak ez digu jaramonik egin eta EAJko, PSOEko eta PPko zinegotziak aretotik irten dira. Azkenean, bertan behera utzi dute gaurko osoko bilkura. Gure herria txikitzen ari dira eta alkateari eta zinegotzi gehienei ez die ardura, ez baitaukate azalpenak emateko asmorik. Jakin dezatela gu ez garela isilduko eta AHTren aurkako borrokarekin aurrera jarraituko dugula munstroa gelditu arte!
“Barkatu momentu bat. Badakigu agian hau ez dela modurik egokiena, baina ez diguzue beste biderik uzten.
Orain dela hilabete batzuk, Abiadura Handiko Trenaren obrak Durango txikitzen hasi ziren eta gure Udalak ez du ezer esan. Lehen Tabiran hasi ziren eta orain Larrinagatxun. Gure herria suntsitzen hasi dira eta bitartean Udala eta alkatesa isilik zaudete. Ez daukagu eskubiderik gure herrian gertatzen dena jakiteko ala?

Zu zeu ere, Aitziber Idigoras, noizbait kexatu egin zara ADIFekoek ez diotelako Udalari abisatu obrak hasi direla. Baina ze eskubide daukazu zuk horretaz kexatzeko, gero zuk herritar guztiokin berdin jokatzen baduzu? Zuri ADIFekoek ez dizute ezer esan, ados, baina zuk ere ez diozu herriari esan obrak hasi direla, zuk eta zure alderdiak ere ezkutuan jokatzen duzue durangar guztiokin.

Ondo baino hobeto dakizue zuen tren horrek ez digula inolako onurarik ekarriko durangarroi. Esango diguzue mesedez, EAJko, PSOEko eta PPko zinegotziok, zergatik den ona AHT durangarrontzat? Guk obrak eta txikizioa jasan beharko ditugu, guk dirua eta lurrak ipini beharko ditugu munstro hori eraikitzeko,eta trukean ez dugu ezer jasoko. Txikizioa alde guztietatik; hori da jasoko dugun bakarra.

Nahikoa da justifikaziorik ez daukana justifikatzen ahalegintzeaz. Oraintxe bertan, Durangaldeko hamarnaka enpresatan lan erregulaziorako txostenak onartu dituzte, enpresaren bat edo beste itxi dute edo ixtekotan daude, eta eskualdean 7.000 langabetutik gora ditugu. Eta horren aurrean, zuen sistemak sortu duen krisiaren aurrean, guk ordaintzen ditugun milioika euro gastatuko dituzue behar ez dugun zerbaitetan. Ez dugu AHTrik nahi eta ez dugu behar. Inbertitu ezazue zergetan kentzen diguzuen dirua gizartea hobetzen, eta ez erabili diru hori hormigoiaren enpresak gure kontura gehiago aberastu daitezen.

Herritarren lurrak lapurtzen ari zarete; durangar bati etxea bota behar diozue, ehunka urte dituen etxea, gainera; herria eta inguruak poliziaz bete dituzue; protesta egiten dugunean bortizkeriaz erasotzen diguzue, Urbinan egin zenuten moduan… Zenbat gauza gehiago egin behar dituzue zuen alderdien enpresek diru gehiago irabazi dezaten?

Ez esan hau gizartean egindako inbertsioa denik, badakizue-eta gezurra dela. Gizarteak ez du horrelakorik behar. Gizarteak beste beharrizan larriago batzuk dauzka, eta zuei ez dizue ardura.

Ez pentsatu obrak hasi dituzuelako isildu eta etxean geratuko garenik. Ez dago AHT justifikatzen duen inolako arrazoirik; ez zegoen lehen, eta orain ere, obrak hasita egon arren, ez dago inolako arrazoirik. Beraz, guk jarraitu egingo dugu. Jarraitu egingo dugu zuen jokaera makurra salatzen eta jarraitu egingo dugu herritarrei informazioa ematen, zuek herriari ezkutatzen diozuen informazioa guk emango diogu. Ez gara isilduko eta ez gara geldi geratuko!

Azkenean, gure arrazoiaren indarrak irabaziko du, eta ez zuek inposatu nahi diguzuen indarraren arrazoiak. EZ DUGU NAHI ETA EZ DUGU BEHAR, AHT GELDITU ORAIN!”

Presoen eskubideen alde egin du Abadiñoko Udalak

http://www.berria.info

Abadiñoko Udalak mozio bat onartu du euskal presoen eskubideak errespetatzeko. Frantziako eta Espainiako estatuek indarrean daukaten espetxe politika aldatzeko eskatu du, baita sakabanaketa bukatzeko ere. Eneko Zarrabeitia herriko presoaren jarraipena egiteko konpromisoa hartu du, baita udaletxeko balkoian presoen aldeko bandera jartzearena ere.

Durangaldeko gazte mugimenduak AHTren aurkako manifestaldia antolatu du 28rako

http://www.euskalherria.info

Durangaldeko gazte mugimenduak adierazi du AHTren eraikuntzarekin agintariek eskualdea eta Euskal Herria zementoz bete nahi dutela, eta hori guztia diruaren kontura egin nahi dutela salatu dute. Gainera, makroproietu honen eraikuntzak kalte ekologikoak ez ezik kalte sozialak ekarriko dituela azpimarratu dute, besteak beste Durangaldea deslokalizazioarekin itoz. Horren aurrean gazte mugimenduak AHTren aurkako manifestaldia deitu du datorren maiatzaren 28an.

Oharra:
Uztailean hasi ziren AHTaren obrak Durangaldean, Abadiñoko mendialdean. Durangon ere orain hilabete batzuk hasi ziren, eta aste honetan jakin dugu Larrinagatxu auzoan ere obretan daudela. Ezinbesteko obrak omen dira, lehentasunezkoak. Hori diote korbatadun engominatuek.

Durangaldean jaio garenok, Anbotoko mendikatearen eta bertako kondairen babespean hazi gara. Eta orain, munstro horren eraikuntzarekin guzti hori kendu nahi digute. Ez dute barkamenik!

Krisi garaian gaudela-eta, AHTak onura ekarriko omen du, proyecto de pais omen da. Argi eta garbi: eurek sortutako zuloak porlanez estali nahi dituzte, Durangaldea eta Euskal Herria zementoz bete nahi dituzte. Eta gainera gure diruaren kontura! Hori da hori proiektua!

AHTak kaltea besterik ez digu ekarriko. Kalte ekologikoa, baina baita soziala ere. Durangaldea itoko dute deslokalizazioa eta beste mila eraginen ondorioz. Guk, herritarrok, aspalditik esan diogu ezetz inposaketa honi; eskualdean egindako mobilizazio jendetsuak eta Herri galdeketa arrakastatsuak horren lekuko dira.

Eta ezetz esaten jarraituko dugu gazteok ere, zentzugabeko tren hau gelditu arte! Horregatik, gazteria osoari manifestatzeko deia egiten diogu Durangaldeko gazte mugimendu zabaletik, maiatzaren 29rako. Arratsaldeko 18:30ean izango da Landakotik irtenda.

Gazteok AHTrik Ez!

Durangoko Larrinagatxu auzoa txikitzen hasi dira!

via durangokoelkarlana.info

Eusko Jaurlaritzak, Durangoko Udalaren babesarekin, aurrera jarraitzen du txikizioarekin gure herrian eta eskualdean. Durangon, otsailean salatu genuen obrak hasi zirela. Orduko hartan Tabirako igerilekuen ondoan hasi ziren. Hainbat astez zuhaitzak bota, lurra mugitu eta pistaren bat zabaldu zuten eta ondoren bertan behera utzi zuten guztia. Orain, Durangoko beste auzo batean hasi dira: Larrinagatxun. Eta otsailean salatu genuen moduan, gure herriko Udalak isilik jarraitzen du. Noiz demontre esan behar digute durangarroi gure bizimodua baldintzatu eta gure ingurua izorratuko duen txikizioa hasi dutela? Hainbeste lotsatzen ote dira Aitziber Irigoras gure herriko alkatea eta EAJ bere alderdia egiten dabiltzanaz eta horregatik ez dira ausartzen ezer esaten? Zergatik hainbeste ezkutukeria eta isiltasun beste behin ere?
Inposizioaren bidetik jarraitzen dute, hasiera-hasieratik egin duten bezala, baina argi izan dezatela herritar asko eta asko horren aurka gaudela eta ez garela isilik eta geldi geratuko, eurek hala nahi gaituzten arren. Beti bezala, euren erantzuna errepresioa baino ez da, eta horren haritik aspaldi bete zuten leporaino gure eskualdea poliziaz eta segurtasun-zaindariz eta hainbat isun jarri dizkigute, azkena aste honetan bertan heldu zaio Durangoko gazte bati.
Hori da bidea, Aitziber Irigoras? Hain argi badaukazue gizartea proiektu ustel horren alde dagoela, zergatik beldurtzen gaituzue zuen poliziekin? Hain demokratikoak bazarete eta herritarrotaz hainbeste arduratzen bazarete, zergatik ezkutatzen diguzue egiten zabiltzatena? Zuen arabera AHTk herritar guztioi hainbeste onura ekarriko badizkigu, zergatik ez duzue aurpegia ematen hain harro omen zaudeten hori aldarrikatzeko?

Guk argi dugu zeintzuk diren gure arrazoiak eta zein den gure bidea, eta horretan jarraituko dugu etsi gabe.
EZ DUGULAKO NAHI ETA EZ DUGULAKO BEHAR, AHT GELDITUKO DUGU!

FRANKISMOAK ZAPALDUTAKO “BESTEAK” GOGOAN, DURANGON

http://www.berria.info

Frankismoaren garaiko beste biktimak. Haien sexu joeraren ondorioz laidoztatuak, baztertuak, espetxeratuak, torturatuak, hilak; ondoren, ahaztuak, ikusezin bihurtuak. Francisco Francoren diktaduran zapaldutako lesbiana, gay, transexual eta bisexualen omenez, Kantu isila izeneko oroitarria inauguratu zuen atzo Durangon (Bizkaia) EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak.

Milaka izan ziren frankismoaren garaian «beren duintasunaren alde» borrokatu ziren emakumeak eta gizonak, Imanol Alvarez EHGAMeko kideak azaldu duenez. «Era guztietako irainak eta zapalkuntzak jasan zituzten, bakarrik beraiek hautatutako pertsonak maitatu eta haiekin larrua jo nahi izateagatik». Emakume eta gizon haiek gogoan izateko, Koldobika Jauregik egindako eskultura jarri dute Landako gunearen ondoan. Kantu isila da artelanaren izena, baina Jon Maiaren bertso bat bertan grabatu ostean, isiltasunari hitzak jarriko dizkiote.

Frankismoaren «beste» biktimak dira, hain zuzen, «bestelakoak» izateagatik jazarri zietelako. «Bene-benetan ahaztuak, gehienak anonimoak, baina gure aitortza merezi dutenak», gaineratu du Imanol Alvarezek. Izan ere, frankismoaren biktimen artean, lesbiana, gay, transexual eta bisexualak izan dira isilduenak. Hala onartu du Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak : «Tristea da, baina esan egin behar da: frankismoak ez ezik, frankismoaren aurka borrokatu zirenek ere zapaldu zituzten gay eta lesbianak. Garai hartako ezkerreko errepresaliatu politikoen artean ere jokabide homofoboak egon ziren».

Baina justiziari begira, oroitarriaren atzean «izen-abizen zehatzak» daudela esan du Alvarezek, eta hildakoak omentzea egoki jo arren, ekintzetara igarotzeko beharra nabarmendu du, «zoritxarrez, izen-abizen horiek jardunean jarraitzen dutelako egun». Elizak ere lesbiana, gay, transexual eta bisexualen inguruan izandako jarrerari buruz hausnartu beharko lukeela gaineratu du Ahaztuak 1936-77 elkarteko kideak. Horregatik, hain justu, Durangoko Andra Maria elizaren aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo.

76ko azaroko egun batean

Durango hautatu du EHGAMek oroitarria jartzeko, besteak beste, bertan sortu zelako elkartea. «1976ko azaroko egun batean, Antonio Quintanak eta biok topo egin genuen hemen» , azaldu du Imanol Alvarezek, EHGAMeko sortzaileetako bat izandakoak. «Bertan hasi ginen berbetan, Europako beste leku askotan bezala, Euskal Herrian ere gay mugimendua antolatzeaz. Beste inork egiten ez bazuen, guk egin behar genuela zioen Antoniok. Ni nahiko eszeptikoa nintzen, baina haren gogoa ikusita, ezin izan nion ezetz esan».

Ordutik, aurrerapausoak eman dira, baina oraindik herrialde batzuetan sexu joeragatik pertsonei jazartzen dietela eta hil egiten dituztela gogorarazi du Gema Zabaletak, Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak. Gurean ere «homofobia ekintzak» daudela eta «berdintasunaren alde borrokatzea beharrezkoa» dela gaineratu du, frankismoaren biktimek isuritako odola ez zelako alferrik izan: «Memoria eta justizia ekitaldia da hau, ez ahaztera konprometitzen gaituena».

“Zapalkuntza jasan zuten, beraiek hautatutako pertsonak maitatu nahi izateagatik»

IMANOL ALVAREZ
EHGAM

«Frankismoak ez ezik, hura borrokatu zutenek ere zapaldu zituzten gay eta lesbianak»

MARTXELO ALVAREZ
Ahaztuak 1936-1977

ehgam durango 09 2

Martitzenean zabalduko dute Kalebarriko liburutegia

http://www.anboto.org

Martitzenean zabalduko ditu ateak jendaurrera Kalebarriko Udal Liburutegi berriak. Bezperan, 19:00etan, inaugurazio ekitaldia egingo dute eta udal arduradunak ez eze herriko elkarte, kolektiboak eta ikastetxeak gonbidatu dituzte.

Biharamunean, erabiltzaile guztiei zabalik izango da 1.785 metro koadro erabilgarri batzen dituen kultur azpiegitura: 09:00etatik 21:00etarako ordutegia izango du. Hiru milioi euro inguru erabili dituzte, aldi berean 300 lagun batzeko aukera ematen duen liburutegia atontzeko.

Uriko eskola, liburutegia eta Udal Musika Bandaren entsegu lekua izandako Kalebarriko XVIII. mendeko eraikinari Komentukalen altxatutako berria gehituta osatu dute azpiegitura; kristalezko pasabidearekin lotu dituzte biak. Bai Kalebarritik bai Komentukaletik sarrera izango du, Garai Jauregiaren lekua hirukoiztuz.

Irakurketarako espazioa izango da Kalebarriko gunea, eta beheko solairuan egunkari eta aldizkariak irakurri edo musika entzuteko aukera eskainiko du. Horrekin lotutako irakur-gunea batuko du Komentukalekoak, ikus-entzunezko gela eta taldean lan egiteko lekua ez eze; tailerrak, erakusketak, ikasteko gunea…  sortzeko aukera eskainiz. Sotoan Artxibo Historikoa gordeko du, besteak beste.

Gay oroitarria jarriko dute domekan Landakon

http://www.anboto.org

Euskal Herrian gay askapen erakundea sortzeko ideia 1976an jaio zen, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren giroan. Horrela gogoratu du Euskal Herriko Gay Askapen Mugimenduak (EHGAM). Hori aintzat hartuz, gay oroitarria jarriko dute Landakon, “nahiagotasun homosexualagatik jazarpena jasan duten edo euren afektibitatea askatasunez bizitzeko borrokatu direnen omenez”.

Gogoratu dutenez, frankismoaren biktimen artean “euren homosexualitateagatik kartzelaratuak, torturatuak edo besterik gabe erailak izan ziren milaka eta milaka” ez dira aitatzen. Landakoko parkean jarriko dute oroitarria, eta inaugurazio ekitaldia 12:30ean hasiko da (Elkartegian batuko dira, 10:30ean). Bazkaria izango da 14:30ean, eta 16:00etan El sendero de las baldositas rosas (Ortzain) ikuskizuna hasiko da; gero, Las Fellinik jardungo dute. Elkarretaratzea ere deitu dute, 18:30ean Andra Marin.

Durangaldeko bi gaztek salaketa jarri dute kalez jantzitako polizia ugariren jarraipenak dituztelako

http://www.askatu.org

2008ko azaroan jarri zuten lehenengo salaketa eta ondorioz jarraipenak lasaitu egin ziren. Baina azken asteotan berriz sekulako presentzia poliziala somatzen dute eta berriz jo dute epaitegira.

Durangoko Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:

Durangaldeko bi gaztek azken urte eta erdian pairatzen ari diren jazarpen poliziala salatu dute. 2008ko azaroan salaketa bat jarri zuten Durangoko Instrukzio Auzitegian egoera jada jasanezina zelako. Etxeko atarian, lanean, kalean, oporretan… gau eta egun zituzten kalez jantzitako poliziak atzetik, autoz nahiz oinez. Salaketa judizial hartan jarraika izan dituzten bederatzi ibilgailuren datuak (modeloa, kolorea eta matrikula) eman zituzten eta hilabete luze horietan atzetik izan dituzten 25 pertsona inguru identifikatzeko gai izango zirela adierazi zuten.

Salaketa hura jarri ostean, egoera nolabait baretu egin zen gazte horientzat, nahiz eta jarraitzeak inoiz ez ziren guztiz eten. 2008ko azaroa eta 2009ko maiatza bitartean jarraitzeak intentsitate ezberdinarekin eman dira. Alabaina, azken hilabetean jazarpena berriro areagotu da: egunero lau auto dituzte atzetik.

Gauzak horrela, 2008ko azaroan jarritako salaketari datu berriak erantsi (‘ampliación de denuncia’ delakoa) dizkiote orain: beste 10 ibilgailuren informazioa (modeloa, kolorea eta matrikula) eta beste zenbait pertsonen identifikazioak. Beraz, urte eta erdi honetan 19 ibilgailuren datuak eman dituzte eta hamarnaka pertsona identifikatzeko gai dira. Hasieran Durangoko Instrukzio Auzitegiko epaileak auzia artxibatu nahi zuen, baina azpimarratzekoa da “intimidazio eta koakzio” kasu baten aurrean aurkitzen garela onartu duela. Une honetan, errekurtsoaren zain daude.

Durangaldeko Amnistiaren Aldeko Mugimendua elkartasuna eta babesa adierazi nahi die aipatu bi gazteei, azken urte eta erdian sufritzen ari diren jazarpenagatik. Tamalez, Durangaldeko bi gazte hauek, izebergaren punta baino ez dira; izan ere, Euskal Herrian ehunka eta ehunka dira antzeko egoera itogarrian aurkitzen diren lagunak. Espainia eta Frantziako estatuei nahiz EAEko Jaurlaritzari edota Nafarroako Gobernuari “tolerantzia”, “talantea”, “giza-eskubideen errespetua”, “indarkeria-eza”, “elkarrizketa”, “bakea”, “askatasuna” eta antzeko hitz potoloekin betetzen zaizkie euren aho zabalak. Baina, egunerokoan, kontzeptu horiekin bat ez datozen bitartekoak erabiltzen dituzte euskal herritarren kontra. Bitarteko horietako bat polizia-jazarpena da, komunikabide handiek ezkutatzen dutena,  gizartearen aurrean existitzen ez dena eta ehunka eta ehunka gaztek egunero isilpean sufritzen dutena.

Durangaldeko Amnistiaren Aldeko Mugimendua ondoko eskaera luzatzen die Espainiako eta Frantziako gobernuei: arduraz joka dezatela, bitarteko errepresiboak (ilegalizazioak, dispertsioa, bizi-osorako kartzela-zigorrak, gazteen kontrako jarraipenak…) albo batean utzi ditzatela eta Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbide politikoa eman diezaiotela behingoz, benetako bakea eta askatasuna ezagutu ditzagun.

Durangaldeko Amnistiaren Aldeko Mugimendua

Hilik aurkitu dute Anboton desagertu zen mendizalea, 15 metroan behera jausita

http://www.berria.info

Erreskate taldeek hilda topatu zuten atzo goizean Anboton (Bizkaia) desagertu zen mendizalea. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak berri eman duenez, 11:30ak aldera aurkitu zuten 37 urteko gizonaren gorpua, Frailea inguruko ertz batean. Ortuellan (Bizkaia) bizi zen. Ertzaintzaren lehenengo hipotesien arabera, gizona hamabost metroan behera erori zen, eta bertan hil. Gorpua helikopteroz atera behar izan zuten, erreskatea egiteko inguru zailean baitzegoen.

Familiak astelehen goizean salatu zuen Ertzaintzaren aurrean gizonaren desagertzea. Igandean joan zen mendi ibilaldi bat egitera, eta ez zen gehiago etxera itzuli. Harrezkero, 80 bat lagun aritu dira haren bila, larrialdi zerbitzuetako kideak eta boluntarioak.

Berria

El Correo

Mendizale baten bila dabiltza Anboton

http://www.berria.info

Ertzaintza 37 urteko mendizale baten bila dabil Anboton (Bizkaia) eta inguruetan. Ortuellakoa da (Bizkaia) da hura eta igandean joan zen mendira. Ez zen, ordea, etxera itzuli, eta familiak atzo goizean goiz abisua eman zion Ertzaintzari.

Atzo ertzainak eta Mendi Federazioko boluntarioak bilatze lanetan aritu ziren eta gaur zortzi eta erdietan ekin diote berriro.