Durangaldeko bi gaztek salaketa jarri dute kalez jantzitako polizia ugariren jarraipenak dituztelako

http://www.askatu.org

2008ko azaroan jarri zuten lehenengo salaketa eta ondorioz jarraipenak lasaitu egin ziren. Baina azken asteotan berriz sekulako presentzia poliziala somatzen dute eta berriz jo dute epaitegira.

Durangoko Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:

Durangaldeko bi gaztek azken urte eta erdian pairatzen ari diren jazarpen poliziala salatu dute. 2008ko azaroan salaketa bat jarri zuten Durangoko Instrukzio Auzitegian egoera jada jasanezina zelako. Etxeko atarian, lanean, kalean, oporretan… gau eta egun zituzten kalez jantzitako poliziak atzetik, autoz nahiz oinez. Salaketa judizial hartan jarraika izan dituzten bederatzi ibilgailuren datuak (modeloa, kolorea eta matrikula) eman zituzten eta hilabete luze horietan atzetik izan dituzten 25 pertsona inguru identifikatzeko gai izango zirela adierazi zuten.

Salaketa hura jarri ostean, egoera nolabait baretu egin zen gazte horientzat, nahiz eta jarraitzeak inoiz ez ziren guztiz eten. 2008ko azaroa eta 2009ko maiatza bitartean jarraitzeak intentsitate ezberdinarekin eman dira. Alabaina, azken hilabetean jazarpena berriro areagotu da: egunero lau auto dituzte atzetik.

Gauzak horrela, 2008ko azaroan jarritako salaketari datu berriak erantsi (‘ampliación de denuncia’ delakoa) dizkiote orain: beste 10 ibilgailuren informazioa (modeloa, kolorea eta matrikula) eta beste zenbait pertsonen identifikazioak. Beraz, urte eta erdi honetan 19 ibilgailuren datuak eman dituzte eta hamarnaka pertsona identifikatzeko gai dira. Hasieran Durangoko Instrukzio Auzitegiko epaileak auzia artxibatu nahi zuen, baina azpimarratzekoa da “intimidazio eta koakzio” kasu baten aurrean aurkitzen garela onartu duela. Une honetan, errekurtsoaren zain daude.

Durangaldeko Amnistiaren Aldeko Mugimendua elkartasuna eta babesa adierazi nahi die aipatu bi gazteei, azken urte eta erdian sufritzen ari diren jazarpenagatik. Tamalez, Durangaldeko bi gazte hauek, izebergaren punta baino ez dira; izan ere, Euskal Herrian ehunka eta ehunka dira antzeko egoera itogarrian aurkitzen diren lagunak. Espainia eta Frantziako estatuei nahiz EAEko Jaurlaritzari edota Nafarroako Gobernuari “tolerantzia”, “talantea”, “giza-eskubideen errespetua”, “indarkeria-eza”, “elkarrizketa”, “bakea”, “askatasuna” eta antzeko hitz potoloekin betetzen zaizkie euren aho zabalak. Baina, egunerokoan, kontzeptu horiekin bat ez datozen bitartekoak erabiltzen dituzte euskal herritarren kontra. Bitarteko horietako bat polizia-jazarpena da, komunikabide handiek ezkutatzen dutena,  gizartearen aurrean existitzen ez dena eta ehunka eta ehunka gaztek egunero isilpean sufritzen dutena.

Durangaldeko Amnistiaren Aldeko Mugimendua ondoko eskaera luzatzen die Espainiako eta Frantziako gobernuei: arduraz joka dezatela, bitarteko errepresiboak (ilegalizazioak, dispertsioa, bizi-osorako kartzela-zigorrak, gazteen kontrako jarraipenak…) albo batean utzi ditzatela eta Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbide politikoa eman diezaiotela behingoz, benetako bakea eta askatasuna ezagutu ditzagun.

Durangaldeko Amnistiaren Aldeko Mugimendua