Martitzenean zabalduko dute Kalebarriko liburutegia

http://www.anboto.org

Martitzenean zabalduko ditu ateak jendaurrera Kalebarriko Udal Liburutegi berriak. Bezperan, 19:00etan, inaugurazio ekitaldia egingo dute eta udal arduradunak ez eze herriko elkarte, kolektiboak eta ikastetxeak gonbidatu dituzte.

Biharamunean, erabiltzaile guztiei zabalik izango da 1.785 metro koadro erabilgarri batzen dituen kultur azpiegitura: 09:00etatik 21:00etarako ordutegia izango du. Hiru milioi euro inguru erabili dituzte, aldi berean 300 lagun batzeko aukera ematen duen liburutegia atontzeko.

Uriko eskola, liburutegia eta Udal Musika Bandaren entsegu lekua izandako Kalebarriko XVIII. mendeko eraikinari Komentukalen altxatutako berria gehituta osatu dute azpiegitura; kristalezko pasabidearekin lotu dituzte biak. Bai Kalebarritik bai Komentukaletik sarrera izango du, Garai Jauregiaren lekua hirukoiztuz.

Irakurketarako espazioa izango da Kalebarriko gunea, eta beheko solairuan egunkari eta aldizkariak irakurri edo musika entzuteko aukera eskainiko du. Horrekin lotutako irakur-gunea batuko du Komentukalekoak, ikus-entzunezko gela eta taldean lan egiteko lekua ez eze; tailerrak, erakusketak, ikasteko gunea…  sortzeko aukera eskainiz. Sotoan Artxibo Historikoa gordeko du, besteak beste.

Utzi iruzkina