Durangoko Udaleko osoko bilkura bertan behera geratu da

http://www.durangokoelkarlana.info

Gaur, maiatzak 28, Durangoko Udaleko osoko bilkura bertan behera geratu da Aitziber Irigoras alkateak ez duelako AHTren inguruko ezertaz hitz egin nahi izan. Urte hasieran AHTren lanak hasi ziren Durangon, Tabira auzoan, eta duela aste batzuk Larrinagatxu auzoan ere hasi dituzte. Hala ere, Udala isilik dago horren aurrean eta gaur jarrera hori salatzera joan gara osoko bilkurara. Testu bat irakurtzen hasi gara (testua amaieran dago) baina alkateak ez digu jaramonik egin eta EAJko, PSOEko eta PPko zinegotziak aretotik irten dira. Azkenean, bertan behera utzi dute gaurko osoko bilkura. Gure herria txikitzen ari dira eta alkateari eta zinegotzi gehienei ez die ardura, ez baitaukate azalpenak emateko asmorik. Jakin dezatela gu ez garela isilduko eta AHTren aurkako borrokarekin aurrera jarraituko dugula munstroa gelditu arte!
“Barkatu momentu bat. Badakigu agian hau ez dela modurik egokiena, baina ez diguzue beste biderik uzten.
Orain dela hilabete batzuk, Abiadura Handiko Trenaren obrak Durango txikitzen hasi ziren eta gure Udalak ez du ezer esan. Lehen Tabiran hasi ziren eta orain Larrinagatxun. Gure herria suntsitzen hasi dira eta bitartean Udala eta alkatesa isilik zaudete. Ez daukagu eskubiderik gure herrian gertatzen dena jakiteko ala?

Zu zeu ere, Aitziber Idigoras, noizbait kexatu egin zara ADIFekoek ez diotelako Udalari abisatu obrak hasi direla. Baina ze eskubide daukazu zuk horretaz kexatzeko, gero zuk herritar guztiokin berdin jokatzen baduzu? Zuri ADIFekoek ez dizute ezer esan, ados, baina zuk ere ez diozu herriari esan obrak hasi direla, zuk eta zure alderdiak ere ezkutuan jokatzen duzue durangar guztiokin.

Ondo baino hobeto dakizue zuen tren horrek ez digula inolako onurarik ekarriko durangarroi. Esango diguzue mesedez, EAJko, PSOEko eta PPko zinegotziok, zergatik den ona AHT durangarrontzat? Guk obrak eta txikizioa jasan beharko ditugu, guk dirua eta lurrak ipini beharko ditugu munstro hori eraikitzeko,eta trukean ez dugu ezer jasoko. Txikizioa alde guztietatik; hori da jasoko dugun bakarra.

Nahikoa da justifikaziorik ez daukana justifikatzen ahalegintzeaz. Oraintxe bertan, Durangaldeko hamarnaka enpresatan lan erregulaziorako txostenak onartu dituzte, enpresaren bat edo beste itxi dute edo ixtekotan daude, eta eskualdean 7.000 langabetutik gora ditugu. Eta horren aurrean, zuen sistemak sortu duen krisiaren aurrean, guk ordaintzen ditugun milioika euro gastatuko dituzue behar ez dugun zerbaitetan. Ez dugu AHTrik nahi eta ez dugu behar. Inbertitu ezazue zergetan kentzen diguzuen dirua gizartea hobetzen, eta ez erabili diru hori hormigoiaren enpresak gure kontura gehiago aberastu daitezen.

Herritarren lurrak lapurtzen ari zarete; durangar bati etxea bota behar diozue, ehunka urte dituen etxea, gainera; herria eta inguruak poliziaz bete dituzue; protesta egiten dugunean bortizkeriaz erasotzen diguzue, Urbinan egin zenuten moduan… Zenbat gauza gehiago egin behar dituzue zuen alderdien enpresek diru gehiago irabazi dezaten?

Ez esan hau gizartean egindako inbertsioa denik, badakizue-eta gezurra dela. Gizarteak ez du horrelakorik behar. Gizarteak beste beharrizan larriago batzuk dauzka, eta zuei ez dizue ardura.

Ez pentsatu obrak hasi dituzuelako isildu eta etxean geratuko garenik. Ez dago AHT justifikatzen duen inolako arrazoirik; ez zegoen lehen, eta orain ere, obrak hasita egon arren, ez dago inolako arrazoirik. Beraz, guk jarraitu egingo dugu. Jarraitu egingo dugu zuen jokaera makurra salatzen eta jarraitu egingo dugu herritarrei informazioa ematen, zuek herriari ezkutatzen diozuen informazioa guk emango diogu. Ez gara isilduko eta ez gara geldi geratuko!

Azkenean, gure arrazoiaren indarrak irabaziko du, eta ez zuek inposatu nahi diguzuen indarraren arrazoiak. EZ DUGU NAHI ETA EZ DUGU BEHAR, AHT GELDITU ORAIN!”

AHTren aurkako abenduko ekintza

http://www.durangokoelkarlana.info

Azoka egunetan AHTren kontra Ezkurdiko burdinbidean egindako ekintza.

Durangon AHTren lanak hasi direla eta Udalak ez duela jakinarazi salatu dute

Manifestazioa egin dute, AHTren lanak geldi ditzaten eskatzeko, eta protesta gehiago iragarri dituzte

http://www.berria.info

Duela hilabete inguru Durangon bertan, Tabirako igerilekuen ondoan, AHT abiadura handiko trenaren lanak hasi zirela jakinarazi du Durangaldeko AHT Gelditu! Elkarlana plataformak. Atzo manifestazioa egin zuten Durangon (Bizkaia). Laurehun pertsona inguru elkartu ziren, eta Durangoko Udalak ez duela lanen hasieraren berri eman salatu zuten.

Landako guneko plazatik abiatu zen manifestazioa, eta handik Andra Mari elizako aterperainoko bidea egin zuten, Obrak gelditu! AHTrik ez! zioen pankartaren atzetik. AHTren lanak gelditzeko eskatzeko oihuak egin zituzten, besteak beste, manifestariek. Euskotren konpainiaren aurkako salaketarik ere egin zuten –Euskotren, txikitzaile!-, manifestazioak trenbidea gurutzatu zuenean. Ertzainak ere agertu ziren, EAJren batzokiaren aurrean, eta manifestazioa amaitu bitartean bertan egon ziren. EAJren aurkako oihuak egin zituzten AHTren aurkariek: EAJ txikitzaile! eta EAJ diruzale! maizenik.

Manifestazio bukaeran, Durangaldeko AHT Gelditu! Elkarlana taldeko kide batek hartu zuen hitza, eta Durangoko Udalaren eta Arantza Idigoras alkatearen jarrera gaitzetsi zuen. Plataformako kidearen esanetan, «dagoeneko hilabete-edo izango da Tabirako igerilekuen aldamenean makinak eta zaindariak sartu zituztenetik». Hala ere, Udalak eta Idigorasek ez diete «ezer esan» herritarrei, AHT Gelditu!-ren arabera, eta «ezkutuan jokatzea» leporatu diete: «Ez dugu ulertzen, haien arabera AHT guztiontzat hain ona izango bada, zergatik ez diren ausartzen herritar guztion aurrean hori esaten».

Tabira inguruan lanak hasi zirenean, bertan egingo duten biribilgune baterako ote zen zalantza egin zuten AHT Gelditu!-ko kideek. Idigorasek adierazi omen zien Udalak ere ez zuela informaziorik, baina azkenean jakin zuten biribilgunea eta AHTren lanak, biak batera hasi zituztela. Aurreko astean salatu zuten, lehen aldiz: «Lotsagarria bada ere, guk, herritarrok, jakinarazi behar dugu lanak hasi direla». Tabiran egin behar duten zubibidearen egitasmoa ez dagoela zehaztua adierazi du AHT Gelditu! plataformak. Durangoko Udala eta Adif «negoziatzen» ari dira, taldearen esanetan. «Beraz, zelan hasi dituzte lanak, oraindik ezaugarriak guztiz argi ez badaude?», galdetu dute.

Horrez gain, Durangoko Larrinagatxu eta Tabira auzoetan eta Iurretako San Andres auzoan Poliziaren «kontrola» handitzen ari dela salatu du Durangaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak: «Gero eta ertzain eta guardia zibil gehiago, zaindari pribatuak alde guztietatik bueltaka, eta kaleko jantzitako ertzainak». AHTren proiektua «indarrez inposatu» nahi dute, plataformako kideen ustez.

Protestak batzoki aurrean

Martxoaren 5ean hasita, hilero lehen ostegunean elkarretaratzeak egingo ditu AHT Gelditu!-k Durangoko EAJren batzokiaren aurrean. Horrekin batera, datorren larunbatean mendi ibilaldia egingo dutela ere jakinarazi dute. Andra Maria elizaren aurretik irtengo dira, goizeko hamarretan, eta AHTk igaroko dituen lurretara joango dira. Plataformak ohartarazi du lanean jarraituko dutela: «Ez dezatela pentsatu, makinak sartu dituztelako, borroka hau galdutzat emango dugunik».

Durangaldeko 24 enpresatan enplegua erregulatzeko dosierrak onartu dituztela eta, eskualdean 7.000 langabe daudela oroitarazi du AHT Gelditu! Elkarlanak. «Eta horren aurrean, zer? Milioika euro gastatzen dituzte AHT egiteko», salatu dute plataformako kideek.