Gizarte zerbitzuendako 350 metro koadro Ermuan

via Berria

Ermuan 350 metro koadroko eraikina inauguratu zuten atzo, Udalak ematen dituen gizarte zerbitzu guztiak bateratzen dituena. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaleta zentroaren inaugurazioan izan zen eta ekimen «abangoardista eta berritzaile» baten fruitua dela nabarmendu zuen.

Iurretatik Haitira abiatu dira hainbat ertzain

via ERTZAINTZA

Haitiko lurrikarak kaltetutakoei laguntza humanitarioa eroateko konboi bat antolatu du Eusko Jaurlaritzak.

Arratsaldeko lauretan abiatu da, Ertzaintzaren Iurretako egoitzatik, Haitin goizaldean izandako lurrikarak kaltetutakoei laguntza humanitarioa eramateko Eusko Jaurlaritzak antolatutako konboia. Larrialdietarako materialaz osatuta dago, Eusko Jaurlaritzako zenbait sailek jarritakoa.

Konboia osatzen duten Ertzaintzaren aditu guztiak boluntarioak dira. Noranahiko  bost ibilgailu, noranahiko kamioi bat, argiztapen-dorretxo bi, eta laguntzarako hainbat material daramatzate. Agenteekin batera, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei buru egiteko Zuzendaritzako teknikari batek bidaiatuko du. Konboia Madrilera joango da lehenbizi eta bertan laguntza humanitarioa eramateko Estatuko beste tokietatik heldutako taldeekin bat egingo du.

Ikus EITBren bideoa: klikatu hemen.

Argazkiak: Deia

Durangoko Larrinagatxu auzoa txikitzen hasi dira!

via durangokoelkarlana.info

Eusko Jaurlaritzak, Durangoko Udalaren babesarekin, aurrera jarraitzen du txikizioarekin gure herrian eta eskualdean. Durangon, otsailean salatu genuen obrak hasi zirela. Orduko hartan Tabirako igerilekuen ondoan hasi ziren. Hainbat astez zuhaitzak bota, lurra mugitu eta pistaren bat zabaldu zuten eta ondoren bertan behera utzi zuten guztia. Orain, Durangoko beste auzo batean hasi dira: Larrinagatxun. Eta otsailean salatu genuen moduan, gure herriko Udalak isilik jarraitzen du. Noiz demontre esan behar digute durangarroi gure bizimodua baldintzatu eta gure ingurua izorratuko duen txikizioa hasi dutela? Hainbeste lotsatzen ote dira Aitziber Irigoras gure herriko alkatea eta EAJ bere alderdia egiten dabiltzanaz eta horregatik ez dira ausartzen ezer esaten? Zergatik hainbeste ezkutukeria eta isiltasun beste behin ere?
Inposizioaren bidetik jarraitzen dute, hasiera-hasieratik egin duten bezala, baina argi izan dezatela herritar asko eta asko horren aurka gaudela eta ez garela isilik eta geldi geratuko, eurek hala nahi gaituzten arren. Beti bezala, euren erantzuna errepresioa baino ez da, eta horren haritik aspaldi bete zuten leporaino gure eskualdea poliziaz eta segurtasun-zaindariz eta hainbat isun jarri dizkigute, azkena aste honetan bertan heldu zaio Durangoko gazte bati.
Hori da bidea, Aitziber Irigoras? Hain argi badaukazue gizartea proiektu ustel horren alde dagoela, zergatik beldurtzen gaituzue zuen poliziekin? Hain demokratikoak bazarete eta herritarrotaz hainbeste arduratzen bazarete, zergatik ezkutatzen diguzue egiten zabiltzatena? Zuen arabera AHTk herritar guztioi hainbeste onura ekarriko badizkigu, zergatik ez duzue aurpegia ematen hain harro omen zaudeten hori aldarrikatzeko?

Guk argi dugu zeintzuk diren gure arrazoiak eta zein den gure bidea, eta horretan jarraituko dugu etsi gabe.
EZ DUGULAKO NAHI ETA EZ DUGULAKO BEHAR, AHT GELDITUKO DUGU!

TRIKIMAILU JURIDIKOEN ESANETARA

Bizkaiko Foru Aldundiak Urkiolako Parke Naturalaren barruan dagoen harrobia ixteko konpromisoa hartu du, baina hura kudeatzen duen enpresak baimen berria eskura dezake.

http://www.berria.info

Urtetan aurkako epaiak eta xedapen politikoak pilatu dituen arren, Urkiolako Parke Naturaleko Zallobentako harrobian ustiatze lanak aurrera doaz. Eusko Jaurlaritzak 1989ko abenduaren 29an naturgune izendatu zuen Urkiola. Ordutik, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatu du Parkea, eta bere gain hartu du haren oparotasunari eusteko ardura. Haatik, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak Zallobentako harrobiaren ustiatze lanak baimendu zituen, 1998ko martxoan.

Gezurra badirudi ere, hamaika urte igaro ostean, harrobia behin betiko baimen administratiborik gabe ari da lanean. 2001ean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen harrobia kudeatzen duen enpresak ustiatzeko zeukan A mailako baimena. Zallobentak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Auzitegiak lau urte eman zituen auzia berraztertzeko, baina 2005ean berretsi egin zuen EAEko Justizia Auzitegiaren epaia. Hala, Zallobentak lau urtez ekin zion Eskubaratz mendiaren berezko orografia kaltetzeari.

Errekurtsoa aurrera zihoan heinean, enpresak estrategia berria abiatu zuen 2003an. Zallobentak A mailatik C mailarako jauzia aurrez ikusi zuen. Izan ere, C mailak aurkako epaia saihestu ez ezik ustiatze lanak Urkiola barruan hedatzeko aukera ere ekar zezakeen. Hala, Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko Meategien Zuzendaritzak baimena eman zien 2004an. Mañaria Bizirik herri plataformak errekurtsoa aurkeztu zuen, eta Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Jaurlaritzaren sailkatze aldaketa 2007an. Izan ere, elkarteak aurkeztutako txostenaren arabera, mendian egindako kaltea ustiatzeari utziz konpon daiteke. Dena den, enpresak Auzitegi Gorenera jo du, eta horrek gatazka beste lau urtez luza dezake gutxienez.

Izan ere, gaur egun indarrean dagoen Urkiolako Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko Planak (EKAP) zabalik uzten du harrobia ustiatzeko aukera. Hori dela eta, araudia aldatzeko eskaria egin zion Urkiolako Patronatuak Aldundiari, martxoaren 25ean egindako osoko bilkuran. Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Eusko Legebiltzarrak gauza bera egin dute dagoeneko. Erakundeok tramiteak arintzeko eskaerak onartu dituzte azken urteotan. Nolanahi ere, Aldundiak abiatzeke duen prozesua «urte eta erdiz edo bi urtez luza daiteke», ezker abertzaleko Atxondoko zinegotzi Onintze Oleagak azaldu duenez.

Urkiolako Patronatuak Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza diputatu Irene Pardo du buru. Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Aldundiko nekazaritza saileko ordezkariak bertan ari dira, baita ingurumen eta lurralde antolakuntza sailekoak ere. Gainera, aholkularitza organo horretan herri ordezkariak, sindikatuak eta elkarte kulturalek parte hartzen dute.

Patronatua aho batez ados jarri arren, iradokizun hutsa da martxoan esandakoa. «Gureak kontsulta organotzat dihardu, beraz, han esandakoa ez da erabakigarria», Oleagaren esanetan. Gainera, Pardok eguneko aztergaien zerrendatik kanpo utzi zuen gaia, eta adostutako proposamena bozkatu barik utzi zuen Patronatuak.

Nolanahi ere, Patronatuko kideek «aurrerapausotzat» jo dute Aldundiak EKAP aldatzeko erakutsi duen konpromisoa. «Oso erabaki garrantzitsua dela azpimarratu behar dugu, eta are gehiago kasu honetan. Erakundeek borondate politiko argia izan behar dute harrobia behin betiko ixteko», azaldu du Patronatuko eta Mañaria Bizirik-eko kide Izaskun Gorostizak.

Berandu heltzearen arriskua

Enpresak, bestalde, bide administratiboari ekin zion 2007ko uztailean: Jaurlaritzan tramiteak hasi zituen baimen berria eskatzeko. «Berria eta zabalagoa». Zallobentak 4 milioi tona kareharri gehiago atera nahi ditu Eskubaratzetik. «Mota honetako tramiteetan, informazioa isilpean gorde ohi du Jaurlaritzak. Beraz, ezinezko dugu asmatzea tramiteak zein fasetan dauden», azaldu du Gorostizak.

Zuhur ibiltzeko unea heldu da, horrenbestez. Bestela, gerta liteke EKAParen aldaketa onartzean neurriak praktikan eraginkortasunik ez izatea. Baimenak bidean gurutza daitezke. «Enpresak egitatez bere jarduerarekin jarraitu ahalko luke EKAP onartu orduko Jaurlaritzak baimena ematen badio enpresari», azaldu du Oleagak. «Patronatuak zera eskatu dio Aldundiari: tramitazioaren nondik norakoen berri izatea ezinezko den heinean, harrobiaren handitzeari ezezko biribila emateko; alegia, baimena neurriak baino arinago helduz gero bertan behera utz dezaten», gaineratu du Gorostizak.

Hamaika urte luzeko borrokaren ostean, zuhur azaldu da, halabeharrez, Gorostiza: «Diru asko dago jokoan, eta enpresak aukera guztiak agortuko ditu, orain arte egin duen bezala. Urrezko meategia omen dute esku artean».

AHTren aurkako abenduko ekintza

http://www.durangokoelkarlana.info

Azoka egunetan AHTren kontra Ezkurdiko burdinbidean egindako ekintza.

“Gure umeak geure auzoan eskolatu nahi ditugu”

Unax Sagredo, Nerea Basauri eta Elisabet Puiggros. (Abadiñoko guraso taldearen izenean)

WWW.BERRIA.INFO

WWW.ANBOTO.ORG

“Aurten 27 familia saiatu gara matrikulatzen gure umeak urte bikoen gelan, Abadiñoko Zelaieta Herri Eskolan, 2009-2010 ikasturterako.

Eusko Jaurlaritzak, aitzakiatzat harturik ume guztientzako plazarik ez dagoela, erabaki du ume batzuk beste eskola batera bidaltzea, gure auzotik hiru kilometrora, oso ezaugarri soziolinguistiko ezberdinak dituen beste gune batera.

Behean sinatzen dugun gurasook uste dugu gure umeak euren auzotik kanpo matrikulatzeak ume horien deserrotzea ekarriko duela. Uste dugu gure umeek eskubide osoa dutela euren ingurune hurbileko beste umeekin batera hazi, ikasi eta gizarteratzeko. Eskolako bizikidetza funtsezko gauza da adin horretako umeen integrazio eta prestakuntza prozesurako, eta talde hau osatzen duten 27 umeak dagoeneko lokarri sendoz elkartuta daude, orainaldi eta etorkizun komun bat partekatzen dutelako. Lokarri horiek utzikeria burokratiko hutsez haustea onartezina da.

Ez dugu ulertzen nola Eusko Jaurlaritzak jaiotza-tasa bultzatzeko kanpainak egiten dituen, eta gero, ume gehiago egoteagatik eskoletan plaza gehiago behar direnean, ume ugaritasun hori arazo bihurtzen den. Gure ume guztiak geure auzoko eskola publikoan nahi ditugu, bakoitza bere eskola-plazaren jabe.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak entzungor egin dio gure eskariari, eta orain arte ez digu onartu ezta eurekin batzartzea ere gaia elkarrekin aztertu eta konponbideak bilatzeko, nahiz eta Zelaietako Herri Eskola eta Abadiñoko Udala osorik eta erabat geure alde dauden.

Gurasoontzat garrantzi handiko pausoa da gure umeak eskolara lehen aldiz eramatea euren kabuz ibiltzen eta gizarteratzen has daitezen, eta ez dugu nahi momentu eder hori trauma bihurtzea umeentzat.

Horregatik prest gaude behar den indar guztia egiteko, gure ume guztiek aukera izan dezaten euren auzoko Herri Eskolan ikasteko. Oinarrizko eskubide demokratikoa da, eta ezerk ez inork ez du lortuko eskubide horri uko egin diezaiogun.

Onartu gure umeak zelaietako herri eskolan orain! Inor kanpoan utzi barik!”

“Abadiñoko udal gobernuak hezkuntzan porrot”

Abadiñoko ezker abertzaleko zinegotziek idatzitako gutuna.

http://www.berria.info

“Abadiñoko Zelaieta herri ikastetxean 2009-2010 ikasturteari begira, bi urteko geletarako izena eman duten 27 umeetatik 23 baino ez ditu onartuko Hezkuntza Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak. Abadiñoko lau ume, gehi aurrerantzean adin horretarako izena eman dezaketen guztiak, kanpoan geratuko lirateke, beraz. Erantzukizun nagusiak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailean daudela badakigun arren, Abadiñoko Udaleko gobernu taldea (Jose Luis Navarro alkatea bera eta Abadiñoko Independenteak taldeko beste lau zinegotzi) erakusten ari den irizpide zein proiektu gabezia eta epelkeria salatu gura dugu.

Ez da nahikoa, horrelako arazo larri baten aurrean, Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzari gutun bat bidaltzea. Ez da nahikoa eskolako guraso eta zuzendaritzari euron eskarietan laguntzeko prest daudela adieraztea. Abadiñoko Udalari dagokio arazo honetan lidergoa hartu, Hezkuntza Saileko arduradunen aurrera agertu eta Udalerriarentzat arazo larria dena konpontzeko eskatzea. Udal gobernuak inork baino hobeto jakin beharko luke, aurrerantzeko urteetan egun dauden biztanleak kontuan hartuta, jaiotze kopuruei begiratuta eta martxan dauden etxebizitza proiektuak burutzen direnean etorriko diren biztanle berriei erreparatuta, Zelaieta herri ikastetxean bi lerro behar beharrezkoak direla eta etorkizunean ere izango direla.

Udalak izan behar du, alkateak eta hezkuntza zinegotziak izan behar dute, honen lidergoa hartu eta Hezkuntza Sailari konponbiderako bideak eskaini eta soluzioak exijitu behar dizkietenak. Horretan, eskola eta gurasoak lagun izango dituzte, eta gu ere bai.

Oso kezkatuta gaude. Lidergo falta hau ez da kasualitatea. Abadiñoko Independenteak taldekoak proiektu falta eta ezintasun ikaragarria erakusten ari dira, eta hezkuntza arloa horren adierazle nabarmena da. Azaldu dugun arazoaren aurrean erreakzionatu ezinik ikusten ditugu, eta hartu izan dituzten beste zenbait erabaki garrantzitsutan ere ipar falta berbera nabarmendu dute.

-Matienako eskola eremua, adibidez, guztiz baldintzatuta geratu da urte eta erdi honetan Abadiñoko Independenteek udal gobernuan hartutako erabakien eraginez. Lehen futbol zelaia zena, egun, autoendako aparkalekua da. Eurok behin-behinekoa dela diote, baina errealitateak dio aparkalekua dela eta denbora batean izaten jarraituko duela.

-Eskola eremuan dagoen eta berriztatu ondoren hezkuntza jardueretarako erabil zitekeen eskola zaharren eraikina ere hezkuntzarekin zerikusik ez duen jarduera baterako bideratu dute, zahar etxerako. Hau ere behin-behineko erabakia omen.

-Haurreskolak haurtzaindegi ekimenerako erabiltzen diren barrakoiak txiki geratzen ari direla-eta barrakoi berriren bat hartu gura dute, baina oraindik inork ez digu esan zein egitasmo dagoen behin-behineko egoera horretatik behin betiko eraikin batera eramateko.

Aurreikuspen falta ikaragarri horren erakusle da martxan dauden etxebizitza egitasmo handien inguruan (UR 8 eremua) ez direla pentsatzen ari nola erantzun hezkuntzak izango duen eskari berriari, edo osasun arloan etorriko denari. Ur hornidura nondik lortuko dugun…

Gobernu ardura guztiak eurontzat hartzea erabaki zuten Abadiñoko Independenteek, eta orain proiektu barik eta gainera heldu ezinik ari dira. Euron jokabide arduragabearekin Abadiñarron etorkizuna baldintzatzen ari dira”.

Igor Arkarazo, Araitz Basauri, Maite Frades eta Ramon Zarrabeitia. (Abadiñoko Udaleko zinegotziak).

Margo gorria eta horia bota dute Durangoko batzokira

Ezezagun batzuek margo gorriz eta horiz betetako puxikak bota dituzte bart Durangoko batzokira, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak esan duenez.

http://www.berria.info