Auto gidari batek bost kilometro kontrako noranzkoan egin ditu A-8an

via Berria

Eibarko ordainlekuan atxilotu du Ertzaintzak. Iurretakoan Guardia Zibilaren kontrola ikustean, buelta eman eta kontrako noranzkoan saiatu da ihes egiten. Atxilotu ostean Mendaroko erietxera eraman dute kordea erdi galduta zegoelako.

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, 47 urteko gizonezko bat atxilotu dute bart goizaldean A-8 autobidean, Eibar (Gipuzkoa) parean, kontrako noranzkoan gidatzen harrapatu dutelako.

Iturri horren arabera, gizonezko hori Bilbo aldera zihoan esandako autobidean, Mercedes batekin, 02:15 aldera Iurretako ordainlekuan Guardia Zibilaren kontrolarekin topo egin duenean. Kontrola ikustean, buelta eman eta kontrako noranzkoan saiatu da ihes egiten. Guardia Zibilak atzetik segitu dio. Hala ere, Eibarko ordainlekura arte ez dute lortu geraraztea, hain zuzen ere, pare horretan Ertzaintzak arantzadun kateak jarri dizkion arte. Mendaroko erietxera eraman dute atxilotuta, kordea erdi galduta zegoelako. Han egin behar zioten alkoholemia.

Ertzaintza Zornotzan umeak galdekatzen ibili dela salatu du AAMk

via Berria

Ertzaintzak egindako azken sarekada eta inkomunikazioa salatuz kartelak jartzen nortzuk ibili diren jakiteko plaza batean jolasean zebiltzan haurrei galdezka ibili da Ertzaintza Zornotzan, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zehaztu duenez, gurasoei baimenik eskatu gabe.

AAMren arabera, larunbatean, otsailaren 6an, gertatu zen: sarekada, inkomunikazioa eta torturak salatzen zituzten pankarta eta kartelak agertu ziren Zornotzan, eta Ertzaintza haiek kentzen aritu zen. Horretan ari zirela, Euskal Herria plazan jolasean zebiltzan haurrei kartelak jartzen ibili zirenei buruzko itaundu zieten, nortzuk ziren jakin nahian.

Oro har, azken egunetan Zornotzan Ertzaintzaren presentzia “itogarria” dela salatu du AAMk.

Iurretatik Haitira abiatu dira hainbat ertzain

via ERTZAINTZA

Haitiko lurrikarak kaltetutakoei laguntza humanitarioa eroateko konboi bat antolatu du Eusko Jaurlaritzak.

Arratsaldeko lauretan abiatu da, Ertzaintzaren Iurretako egoitzatik, Haitin goizaldean izandako lurrikarak kaltetutakoei laguntza humanitarioa eramateko Eusko Jaurlaritzak antolatutako konboia. Larrialdietarako materialaz osatuta dago, Eusko Jaurlaritzako zenbait sailek jarritakoa.

Konboia osatzen duten Ertzaintzaren aditu guztiak boluntarioak dira. Noranahiko  bost ibilgailu, noranahiko kamioi bat, argiztapen-dorretxo bi, eta laguntzarako hainbat material daramatzate. Agenteekin batera, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei buru egiteko Zuzendaritzako teknikari batek bidaiatuko du. Konboia Madrilera joango da lehenbizi eta bertan laguntza humanitarioa eramateko Estatuko beste tokietatik heldutako taldeekin bat egingo du.

Ikus EITBren bideoa: klikatu hemen.

Argazkiak: Deia

AHTaren lanak egiten dituen hondeamakina bat erre da Zornotzan

via Berria

Ertzaintzak dio balitekeela nahita egindako erasoa izatea.

Abiadura handiko trenaren (AHT) lanak egiten dituen hondeamakina bat erre da Zornotzan. Tejera auzoan izan da gertaera eta, Ertzaintzaren arabera, baliteke nahita egindako erasoa izatea.

Gaur goizean hasi dira sutea aztertzen, egun argiz.

Kaputxadun talde batek autobus bati su eman dio Durangon

www.eitb.com

Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak adierazi duenez, eraso honetan ez da zauriturik egon.

Kaputxadun talde batek, beisboleko bateak zeramatela, bidaiariak jaistera derrigortu eta autobus bati su eman dio Durangon (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Erasoa 3:45 aldera jazo da Durangoko Magdalena plazan. Kaputxadun talde batek, hamar lagun inguru, autobusera igo eta beisboleko bateekin joko zituztelako mehatxupean, bidaiari guztiak ibilgailutik jaistera derrigortu dituzte.

Bidaiariak kanpoan zeudela, baina gidaria ordea ez, erasotzaileak hainbat molotov koktel jaurti dituzte. Autobusa, 240.000 euro inguru balio dituena, kalte garrantzitsuak pairatu ditu.

Iturri berdinen arabera, eraso honetan ez da zauriturik egon.

Aurreko egunetan Bilbon eta Ondarroan ere antzeko erasoak gertatu dira.

Edukiontziak erre dituztelakoan lau durangar atxilotu dituzte Lekeition

http://www.berria.info

Ertzaintzak lau lagun atxilotu ditu gaur goizean Lekeition (Bizkaia), edukiontziak erre dituztelakoan. Atxilotuak Durangokoak dira (Bizkaia) eta 21 eta 23 urte bitarte dituzte, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

02:30ak inguruan Lekeitioko leku ezberdinetan zeuden edukiontziei su eman dietela adierazi du Herrizaingo Sailak, eta horietako bati su ematen ari zirela “harrapatu” dituztela ertzainek. Suteetako batek argi hornidurari eragin dio eta argi mozketak egon dira herrian.

Ertzaintzaren arabera, atxilotu dituztenean, bi lagun poltsak pilatzen ari ziren edukiontzia erretzeko eta beste biak ingurua zaintzen ari ziren.

Igandean istiluak bizi izan zituzten Lekeition . Ertzaintza eta gazteen arteko liskarretan zortzi lagun atzeman zituzten. Herrizaingo Sailaren arabera, atxiloketak “kale borroka” ekintzak saihesteko Ertzaintzak hartutako neurrien ondorio dira”.

«Europako Nelson Mandela» aske uzteko eskatu dute Zornotzan

Jose Mari Sagardui ‘Gatzak’ 29 urte bete ditu giltzapetuta aste honetan, eta berehala aska dezatela eskatu dute haren jaioterrian.

http://www.berria.info

Herria ertzainez josita egon den arren, ez da liskarrik izan presoaren aldeko ekitaldian.

Espetxean 29 urte egin ditu Jose Maria Sagardui Gatza-k. 51 urte ditu. Bizitza gehiena giltzapetuta eman du, beraz. Europa osoan, kartzelan denbora gehien daraman pertsona da, eta nahikoa dela esan dute haren herrikideek aste osoan egindako ekitaldietan. Bizi osorako zigorrik ez. Lelo hori, eta soil-soilik Gatza askatu dioten kartel, oihal, pankarta eta itsasgarriz josia dago haren herria. Zornotza. Haren aurpegia nonahi ikus daiteke. Atzo, ehunka, pilatuta. Sagardui aska dezatela eskatzeko manifestazio jendetsua egin zuten, presoaren argazkiak eskuetan.

«Gatza askatu!». Horixe izan zen herritarrek gehien oihukatuzuten leloa. «Presoak kalera, amnistia osoa!» eta «euskal presoak etxera!» ere sarri oihukatu zituzten Zornotza zeharkatu zuen ibilbide osoan.

Sagarduiren seniderik gertukoenek eraman zuten Bizi osorako zigorrik ez. Presoak kalera zioen pankarta. Gurasoek, alabak eta neska-lagunak, besteak beste. Zornotzako zanpantzarren taldeak zabaldu zien bidea horiei. Aurretik, ertzainen furgonetek.

Hain zuzen, Sagarduiren argazkiz bezala, ertzainez josia egon zen atzo Bizkaiko herria. Lau furgonetak zaintzen zuten sarrera nagusia. Beste lau zeuden ekitaldia egitekoa zen plazako sarreran. Herri gainean, helikopteroa. Bideoz grabatu ere egin zituzten manifestariak. Hala ere, iaz ez bezala, atzo ez zen liskarrik izan presoaren aldeko ekitaldian. Dignidad y Justicia Espainiako elkarteak ekimena debekatzeko eskatu zuen arren, ezetz esan zuen oraingoan Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak. «Bizi osorako zigorraren aurkako manifestazioa da» arrazoitu zuen debekua baztertzeko kaleratutako autoan. «Hori, berez, ez da delitua, eta debekatzeak biltzeko eskubide konstituzionala urra lezake».

Hala, ertzainen begiradapean, herritar asko bildu ziren Sagardui aske uzteko eskatzeko eta presoari zein bere senideei elkartasuna adierazteko manifestazioan. Txalo zaparrada ozen eta luzea eskainita adierazi zieten babesa amaierako ekitaldian «Europako Nelson Mandelari eta haren senideei», Sagarduiren senideak oholtza gainera igotzen ziren bitartean. Lore sorta ere eman zieten. Ohorezko agurra dantzatu ere bai. Ohiko dantza, eta gitarra eta kantuz lagundutakoa. Bertsolariak, «29 musu» eskaini zizkion presoari, 30 eman beharrik izan ez dadin nahia agertuta.

«Errepresioa eta porrota»

Herriko gazte gehienek herkidea argazki bidez soilik ezagutzen dutenez, Sagardui irudi da askorentzat Zornotzan. Herkideen hitzetan, esanahi handiko irudia, halere. Baita Euskal Herriarentzat ere. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez, «Euskal Herriari ezarritako errepresioaren eta bide horren porrotaren erakusle da Gatza». Azken hilabeteetan gogortu den baina aspaldiko urteetan etengabea izan den «errepresioaren adierazle».

Hain zuzen, azkenaldian Euskal Herria «errepresioaren uholde izugarria» pairatzen ari dela dio AAMk. Horren erakusgarri ditu atxiloketa etengabeak, iheslarien aurkako jazarpena, torturak, legez kanporatzeak eta presoen argazkien harira sortzen ari diren egoerak. Eta bide hori hautatu izanaren arrazoia «beldurra» dela uste du. Euskal Herriak «azken urteetan egindako bidearen beldur direlako» areagotu dutela Frantziak eta Espainiak errepresioa. «Estatuak izutu egiten direnean hitzek ez dute balio eta tresna errepresiboak inoiz baino indar handiagoz jartzen dituzte martxan. Horrela besterik ezin da ulertu egun Euskal Preso Politikoen Kolektiboa bizitzen ari den exterminiozko egoera».

Presoak «muturreko egoeretan» daudela ohartarazi du. Haien bizi baldintzek nabarmen egin dutela okerrera eta «bahitu politiko» gisa erabiltzen ari direla. EAJ eta Nafarroa Bai bide horretan laguntzen ari direla salatu du, gainera. «Ezker abertzalearekin amaitu eta independentziarako aukera erreala betirako ixteko estrategian» PSOErekin bat egiten ari direla horrela.

Bide hori «antzua» dela ohartarazi du, ordea. «Errepresioaren bidez» ez dutela independentziaren aldeko aldarria isilaraztea lortu, eta ez dutela «inoiz» lortuko. Herritarrei, lanean jarraitzeko deia luzatu die, eta presoen egoera «krudelaren» aurrean, salaketak egin, mobilizatu eta elkartasunez erantzutekoa.

19 salaketa jarri dituzte atentatuan kaltetutakoek

http://www.berria.info

ETAk ostiralean Durangoko PSE-EEren egoitzaren aurka egin zuen atentatuaren eraginez kalteak jasan dituzten bizilagunak salaketak jartzen ari dira. Oraingoz, hemeretzi salaketa jarri dituzte, Durango Udaletxean, Ertzaintzaren arabera. Bonbaren eztandak kalte materialak eragin zituen PSE-EEren egoitzan, baita egoitzaren inguruko etxebizitzetan ere.

Ez abisatzea aurpegiratu diote durangarrek Ertzaintzari

Herritar batek udaltzainei deitu zien, norbait PSE-EEren egoitzan pakete bat pausatzen ikusi zuelako.

E.B. http://www.berria.info

PSE-EEren egoitzatik hurbil bizi diren durangarrak haserre ziren atzo, Ertzaintzaren aurka. Alabaina, hurbil-hurbil bizi zirenei salbu, Ertzaintzak ez ziela leherketa gertatuko zelako abisurik eman salatu zuten. Gisa horretan, ez zieten erran etxetik ateratzeko, ez eta ere pertsianak ixteko. Leherketa gertatu zenean baizik ez ziren ohartu bonba mehatxua bazegoela.

Lehergailua bazelako abisua ez zuen ETAk eman. 23:00tik berehala, biztanle batek udaltzainei dei egin zien, burua estalia zuen norbait PSE-EEren egoitzaren aitzinean pakete bat uzten ikusi zuelako. Ondoren, pertsona hori beste norbaitek gidatzen zuen auto batean sartu zen, eta ihes egin zuten biek. Orain bideokamerek grabatu irudiak ikertuko dituzte, egileak identifikatzeko xedearekin.

Ertzainak laster iritsi ziren toki hartara, eta inguru guztia itxi zuten. Halaber, PSE-EEren egoitza dagoen eraikineko bizilagunak etxetik aterarazi zituzten, atez ate txirrina joka ibili ondoan. Garajeko aldetik atera ziren denak, lehergailua beste aldean zegoelako. Beste eraikinetako bizilagunak, aldiz, ez ziren abisatuak izan, eta horregatik haserre ziren atzo.

Etxetik atera behar izan zutenak, ordea, ez ziren berehala itzuli ahal izan. Leherketak kalteak eragin zituen hiriko hodietan, eta gas isurketa gertatu zen. Isurketa hori konpondu bitartean, hango biztanleek etxetik kanpo egon behar izan zuten, orotara hiru oren eta erdiz, batzuk pijama soinean. Arlo horretan bereizitako teknikariek denbora hori eman zuten hodiak konpontzeko, etxeak aireztatzeko eta inon gasik ez zela metatu ziurtatzeko.

Durangoko egoitza sozialistaren kontra erabilitako lehergailua kloratita da

Atentatuan gutxienez bi pertsonak parte hartu dutela uste da.

http://www.ertzaintza.net

Durangoko egoitza sozialistan eta inguruko eraikinetan kalte handiak sortu dituen lehergailua hiru kilo kloratitaz osatuta zegoen. Ertzaintzak egindako ikerketen arabera, atentatuan gutxienez beste pertsona batek parte hartu duela ondorioztatzen da.

Gaueko hamaikak aldera, lekuko batek kaputxadun bat ikusi du, gizon bat antza denez, egoitza sozialistan pakete bat jartzen eta Durangoko udaltzainak ohartarazi ditu. Lehergailua ipini ondoren, beste pertsona batek gidatzen zuen auto batean ihes egin du. Lehergailua kartoizko kutxa batean sartuta zegoen eta azken hau, berriz, poltsa beltz batean.

Berehala Ertzaintza bertara hurbildu, tokia hesitu eta inguruko kale batzuk moztu ditu. Agenteek eraikina eta alboko etxebizitzak hustu dituzte.
Gauerdian bonba lehertu da, aurretiko deirik jaso barik. Leherketak egoitza sozialistan eta inguruko eraikinetan kalte handiak sortzeaz gain, gas ihesa sortu du. Ihesa, teknikari espezializatuek konpondu behar izan dute eta horrek, auzokideak haien etxeetara hirurak arte ez itzultzea eragin du.
Ertzaintzako espezialistek ebidentziak batu dituzte eta momentu honetan, ikerketarekin hasi dira. Ikerketan, egoitzako kamerek hartutako irudiak aztertuko dituzte atentatuaren egileak identifikatzeko eta epailearen esku jartzeko asmoarekin.