AHTari buruz Elorrion eta Atxondon

zuzeu.com

Ostirala, 2009/12/18 @ 14:09 Dot Joseba Derteano

Abiadura Handiko Trenaren Atxondoko eta Elorrioko tramuek erabat nahastuta naukate. Egoera azalduko dizuet ea baten batek logikarik aurkitzen dion. ADIFena da tramu bi horiek gauzatzeko ardura. Oraintsu, bai Atxondoko Udalak bai Elorriokoak tramu bietako hasierako proiektua jaso dute. Aspalditik baztertuta uste zuten hasierako proiektua. Izan ere, azken urteetan eman diren urrats guztiak —lur-jabeekin negoziaketak, desjabetze aktak sinatzea…— bigarren ibilbide alternatibo baten oinarrituta eman dira. Eta orain bat-batean ibilbidea aldatu dute. Zergatik? Zergatik hobetsi dute berriro lehenengo alternatiba? Zergatik dei egin diete hainbeste lur-jaberi desjabetze aktak sinatzera euren lurrik desbajetu beharrik ez badago? Elorrion eta Atxondon ezker abertzaleak osatzen du Gobernu Taldea eta AHTaren kontrako jarrera tinkoa dute: horrek ba ote du zerikusirik?

Atxondon akten sinaketa bertan behera utzi zuten irailean, Kepa Aginako, LGPL

Orain urte dezente diseinatu zuten lehenengo ibilbidea. Proposamen hori ikusitakoan, ekonomikoki, sozialki zein ingurugiroari zegokionez herriari kalte handia eragingo ziola iritzita, Atxondoko Udalakazterketa sakon bat egin eta beste ibilbide bat proposatu zuen. Elorrioko eta Abadiñoko Udalek ere bat egin zuten eskaera horrekin. Proposamen hori ez zieten onartu, baina hirugarren ibilbide alternatibo bat hobetsi zuten, lehenengo bien artean eraikiko zena. Horrela denak gustura geratuko zirela usteko zuten edo… Kontua da azken ibilbide horrekin ibili direla lanean azken urteetan. Ibilbide horrek eragiten zieten lur-jabeekin batu dira, negoziatu dute, eztabaidatu dute…

Atxondon ibilbidea aldatzeak asko eragiten dio Apata auzoari. Trena plazatik oso metro gutxira joango litzateke. Gobernu Taldeak mozio bat aurkeztu zuen urriko udalbatzarrean Oinarrizko Egitasmoa bertan behera uzteko eskatuz. EAJk ez zuen mozio hori onartu, baina Eusko Jaurlaritzako Garraio sailari eta trenbide sareen ADIF erakundeari helarazitako idatzi bat prestatu zuten antzerakoa eskatuz: “Trena Apatako plazatik metro gutxira eraikitzea ekarriko lukeen Egitasmoa martxan ipinteko pausorik ez ematea”. Beraz, Atxondoko EAJ ere ibilbide horren kontra dago.

Sasoi bertsuan desjabetze-aktak sinatu zituzten. Iraileko bigarren deialdia bertan behera geratu zen David Cobos alkatea ez zelako sinaketara agertu. Hirugarren deialdia Bilbon egin zen eta alkatea orduko hartara ere ez zen joan. Baina hirugarren deialdia zenez, desjabatze aktak aurrera eraman zituzten Cobosen sinadura barik, legeak hala ahalbidetzen duelako.

Elorrion ibilbidea aldatzeak, besteak beste, “baserri bi eraitsi beharra” eragingo luke Niko Moreno alkatearen arabera. Abenduaren hasieran 90 bat lur-jabe desjabetze aktak sinatzera deituta zeuden, baina  alkatea ez zen azaldu eta bertan behera geratu ziren. Hurrengo deialdia Bilbon egin daiteke, Atxondon egin moduan.

Baina zertarako hainbeste buruhauste eragindako lur-jabeak beste batzuk badira? Atxondoko eta Elorrioko Udalek AHTaren kontrako jarrera suharra mantendu dutenez, horren kontrako mendekua ote da? Edo Udal biei presioa egiteko modu bat ete da erdibideko alternatiba horri men egin diezaioten? Estrategia bat besterik ez ote da? Beste herriren batean antzerakorik gertatu den badaki norbaitek? Hasieran esandakoa: galdera asko eta erantzunik ez.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: