Ibon Lizundia abadiñarrak Anboto astekarian eta Berria egunkarian argitaratutako gutuna da honakoa:
“Aurreko Udal Gobernuak ez bezala, oraingoan Abadiñoko Udalak kaleratutako aldizkarian, hizkuntz irizpideek tratamendu egokia jaso dute; hau da, euskara ez dago diskriminatua, erdarazko proportzio berdinean agertzen baita. Alde horretatik, beraien ekimena txalotzekoa iruditzen zaidan arren, gehiago zaindu beharko lukete bai ortografia eta bai idazkera eta espresibitatea, ez baitago artikulu bat bera ere akats gabe. Beraz, artikuluak idatzi ondoren, aldizkaria euskaraz ondo dakien norbaitek ikuskatu beharko luke.
Jakin bezate, adibide bezala, euskaraz alfabetatua dagoen edozeinek (eskolaumeek barne) dakiela euskaraz ez dela C letra existitzen; beraz «Mancomunitatea» hitzaren ordez «Mankomunitatea» izango litzateke hitz zuzena. Horretaz aparte, lotsagarria iruditzen zait diru publikoarekin argitaratutako aldizkari baten berririk ez izatea beste udal ordezkariek, edota zein enpresak argitaratzen duen ez jakitea.
Ea hurrengo alerako akats ortografiko larriak zuzentzen dituzten, eta berau egituratu eta argitaratzeko irizpideen berri ematen diguten”.
2007an Guardia Zibilak egindako miaketa baten harira deitu dituzte deklaratzera. Azaroaren 12an elkarretaratzea burutuko dute auziperatuekin elkartasunez.
Datorren azaroaren 13an, INTXAURRE kultur elkarteko 7 kide Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu dituzte,talde terroristako kide izatea leporatuta.2007 urtean guardia zibilak egindako miaketaren arira deitu dituzte Intxaurreko juntako kideak.
Oraingoan Zein da delitua? Euskal presoekin elkartasuna gauzatzea? Agian Euskal herriko armarria izatea horman eskegita? Edo euskarazko kantaldia antolatzea?
Azken urteetan, errepresioaren judializazioa dela eta, dozenaka durangarrek desfilatu dugu Auzitegi Nazionalaren egoitzetan. Mobilizazio baten parte hartzea, kartel bat ipintzea , ekitaldi bat antolatzea edo gure ideiei atxekitutako jarduera politikoa egitea izan dira epaitu dituztenak.
Espainiar estatu faxistak Euskal Herria oinarri duen edozein ekimen kultural, politiko edo soziala zapaldu nahi du. Ekimen hauek geldiarazteko auzitegi bereziak eta lege bereziak sortu ditu, eta ondorioz, eskubide zibil eta politikoen urraketa legezko bihurtu da . Estatu espainolak Auzitegi Nazionala tribunal faxistaren bitartez salbuezpen egoera itogarria ezarri du.
Ez al ditugu adierazteko, antolatzeko edo batzartzeko eskubiderik?
Demokrazia baten oinarrizko askatasunak diren hauek, behin ta berriro zapaltzen dituzte Euskal Herrian. Horregatik amnistiaren aldeko mugimendutik askatasun demokratikoen defentsan borrokatzeko eta mobilizatzeko deia luzatu nahi diegu durangarroi. Auzitegi Nazionalaren deuseztea ezinbesteko urratsa da, kanpo injerentziarik gabeko prozesu demokratikoa eraikitzeko.
Zentzu horretan datorren azaroaren 12an arratsaldeko 19:30etan auziperatuei elkartasuna adierazteko eta eskubide zibil eta politikoen defentsan INTXAURRE aurrean deitu dugun konzentrazioan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu.
Bukatzeko azpimarratu nahi dugu ,Intxaurre kultur elkartea 20 urte baino gehiago daramatzala herritik eta herriarentzat lanean, euskal kultura bultzatzen, euskeraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen, euskal errepresaliatuekin elkartasuna gauzatzen….eta oztopo guztien gainetik Durangoko ezkertiar eta abertzaleon bilgune izaten jarraituko du.
Euskal gazteok urte luzez sorkuntzarako gaitasun itzela izan dugu. Herri guztietan gure behar sortzaileak asetzeko, kide, lagun eta ezagunekin elkartu eta sorkuntza proiektuak jartzen ditugu martxan. Halaber, bagara bidea bakarrik egiten dugunok. Baina beti ere, gure nahiak, munduko/gure herriko ikuspegian beste kolore bat jarri nahian, merkantilizaziorako helbururik gabe. Gure lana ekoiztu eta zabaltzeko nahia dugulako, besteekin elkarbanatu, gozatu, eztabaidatu, entzun edo ikusi.
Beste urte batez, gazteok autogestionatutako sorkuntzak leku bat izanen du guztiontzat ezaguna den Durangoko azokan. Gazteok sortutakoak zabaltzeko helburua du txoko honek. Editorial, diskoetxe eta feriante handien tartean euskal gazteok tarte bat egin nahi dugu; gu hemen gaudela aldarrikatu eta gure sorkuntzak pisu bat baduela plazaratzeko. Bestela, nola erakutsi Durangoko azokan gure kaleetan, entsegu lokaletan, gaztetxeetan… sortu eta garatzen dugun lana?
Beraz, txoko hau, gazte sorkuntza orori irekia geratzea nahi dugu. Proposamenik baduzue, bertan sorkuntzarik zabaldu nahi baduzue? hemen duzue bidea. Eta noski, esan gabe doa, ez dela diru truk izango, sorkuntzaren truk baino!
Abenduaren 1 baino lehen behean agertzen den emailera mezu bat bidaliz, lekua zuontzat da. Hori bai garrantzitsua da bertaratuko den sorkuntza zer den, nolakoa den, zenbat den eta nork (talde, norbanako, ez izen,?) egin duen zehaztea. Animatu eta erakutsi beraz zuen sorkuntza Gazte Sorkuntza Atarian!
Durangoko Alpino Tabirak mendiko materialarekin bigarren eskuko azoka txikia antolatu du gaurko eta biharko. Elkartearen egoitzan jarriko dute merkatua, Goienkale 9an. Gaur 17:00etatik 21:00etara irekiko dute; bihar, berriz, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Argibideak, 616-63 43 06 telefonoan. Datozen asteetan beste hainbat elkartek ere antolatu dituzte merkatu txikiak. Tolosako (Gipuzkoa) Oargi elkartearena azaroaren 29tik abenduaren 8ra izango da, eta Donostiako Vasco de Campingena azaroaren 23tik 27ra. Plentziako (Bizkaia) Matrako elkarteak abendurako antolatu du. Argazkian, Hernaniko Mendiriz Mendik egindako azoka.
Udalatx mendia zeharkatuko duen abiadura handiko trenaren tunela eraikitzeko lanak hasi zituzten, atzo. Tunela AHTaren Gasteiz-Bilbo adarraren zatia da, eta Gipuzkoa eta Bizkaia lotuko ditu: Arrasate eta Elorrio zehazki. 3.160 metroko luzera izango du, eta abiadura handirako errail bikoitza izango du, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzak jakinarazi duenez. Sarreran nahiz irteeran hamabi metroko luzera izango duten tunel artifizial bana eraikitzea ere espero da.
Arrasate eta Elorrioren arteko zatiak 4.400 metroko luzera izango du, eta horietatik 3.600 metro lurpean eraikiko dituzte: tarterik handiena Udalaitzeko tunelean, eta beste tartea Karraskain tunelean. Ibilbidea Kobate eta Gabaundi zubibideek osatuko dute.
Eraikuntza lanek ingurumenari eragingo dizkioten kalteak gutxitzeko harturiko neurriak nabarmendu ditu Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak. Azaldu duenez, besteak beste, tunelen erdialdean isuriak kanporatzeko sistemak jarriko dituzte, eta isuri guztiak biltegi batera joango dira. Horrez gain, eraikuntza lanak amaitzean, 250.572 metro koadro belar ereingo dituztela, eta 39.852 zuhaitz autoktono landatuko dituztela jakinarazi du.
Lurren desjabetzeak, etenda
Herenegun Itsasondon (Gipuzkoa) gertatu bezala, Legorretako Udalean (Gipuzkoa) atzo sinatzekoak ziren AHTaren lurren desjabetzeen aktak bertan behera geratu ziren. 09:00etan ziren hastekoak, baina Espainiako Sustapen Ministerioko ordezkariak ailegatu zirenean jendetza zegoen udaletxearen atarian nahiz barruan, protestan. Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak jakinarazi duenez, «sartu ezin zutela ikusirik, akten sinaketa bertan behera uztea erabaki zuten» Espainiako Sustapen Ministerioko ordezkariek. Ertzaintzaren jarrera ere salatu dute, eta jakinarazi dute udaletxearen atarian elkarretaratzea egiten ari zirenei ez zietela utzi udaletxera hurbiltzen. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, protestan parte hartu zuten hainbat pertsona identifikatu zituzten.
AHTaren Nafarroako zatiari dagokionez, PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezek esan du Nafarroako tren lasterraren inguruan emandako hitza betetzen ari dela Espainiako Gobernua. Herenegun Espainiako Sustapen ministro Jose Blancok eta Nafarroako presidente Miguel Sanzek egindako bilera «pozgarria» dela adierazi du, «Espainiako Gobernuak, beste behin ere, Nafarroako abiadura handiarekiko eta Nafarroaren aurrerabidearekiko konpromisoa erakutsi baitu».
Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ eta H1 alderdietako kideek ere AHTa izan zuten mintzagai, atzo. Bi taldeak «arduratuta» agertu ziren, «orain arte erakunde guztiek Atlantikoko ardatza jo dutelako garrantzitsutzat, eta orain, aldiz, Patxi Lopezek Mediterraneoko ardatzari eman diolako lehentasuna».
Gaur (2009-11-11) goizeko bederatzietan Renault Megane batek eta Peugeot Partner furgoneta batek aurrez-aurre egin dute talka BI-633 errepidean, Trabakuako mendatean, Mallabian. Furgonetako gidaria hil egin da eta autoko bidaiari bik zauriak jasan dituzte; hildakoa eta zaurituetako bat harrapatuta geratu ostean suhiltzaileek atera behar izan dituzte. Ford Galaxy batek ere hartu du parte ezbeharrean baina barruan zihoazen bidaiariek ez dute inolako kalterik jaso. Errepidea bi norabideetan itxita egon da eta trafikoa BI-3302 eta BI-2301 errepideetatik bideratu dute. Zaurituak Gurutzetako Ospitalera eraman dituzte, bata anbulantziaz eta bestea Osakidetzako helikoptero batean.
Miren Amuriza (Berriz, Bizkaia; 19 urte) izan zen atzo arratsaldean irabazle Gasteizen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako bigarren saioan eta, hala, finalerdietako bigarren itzuliko txartela lortu du. “Oraindik ez dut sinesten”, adierazi du gaur, Euskadi Irratian. “Unai Iturriaga eta Xabi Paya-eta ere ondo ari zirela uste nuen, baina… Egun kontua izaten da hau”.
Hilaren 21ean ariko da hurrena, Gernika-Lumon (Bizkaia). Final-laurdenetan ere bere saioan garaile izan zen Amuriza.
Hala ere, ez du uste abenduaren 13an finaleko partaideetakoa izango denik. “Ez dut neure burua ikusten han”. Xabier Amuriza bertsolariaren alaba da.
Larunbatean Maialen Lujanbio nagusitu zen, eta txapelketan Donostian kantatuko da hurrena, hilaren 29an.
Saioetako irabazleak
Maialen Lujanbio. 708,5 puntu (Bergarako irabazlea). Sailkatuta dago bigarren itzulira.
Miren Amuriza. 655,5 puntu (Gasteizko irabazlea). Sailkatuta dago bigarren itzulira. Besteen puntuazioa
1. Aitor Mendiluze. 680 puntu.
2. Beñat Gaztelumendi. 644,5.
3. Iñaki Zelaia. 643,5.
4. Arkaitz Estiballes. 630,5.
5. Unai Iturriaga. 626.
6. Jon Martin. 619.
7. Xabi Paya. 616.
8. Etxahun Lekue. 608,5.
9. Fredi Paia. 596.
10. Maddalen Arzallus. 588.
Lehen itzuliko azken bi saioak asteburuan
Larunbata, Tolosa. Igor Elortza, Sustrai Colina, Iker Zubeldia, Uxue Alberdi, Iñaki Gurrutxaga, Ainhoa Agirreazaldegi. 17:30, Usabal kiroldegia. Igandea, Hendaia. Amets Arzallus, Jon Maia, Jone Uria, Aitor Sarriegi, Julio Soto, Onintza Enbeita. 17:30, Beltzenia pilotalekua.
Lehen itzuliko azken seiak ez dira sailkatuko bigarrengora
Asteburuon eta datorren astean Tolosan eta Hendaian jokatuko dituzten saioekin bukatuko da finalerdien lehen itzulia. Puntuaketarik baxuena izango duten sei bertsolariak ez dira ariko bigarrengoan.
Bigarren itzulira, lehen itzuliko lau saioetan saioa irabazten dutenak zuzenean pasatuko dira, eta gainontzeko 14ak puntuazioaren arabera. Gernika-Lumon, Iruñean eta Donostian ariko dira bigarren bueltan eta finalera sailkatuko diren zazpi bertsolariak puntuaziorik altuena lortuko dutenak izango dira. Egaña egungo txapelduna denez, finalera zuzenean sailkatuta dago.
Abenduaren 13an izango da finala, Barakaldon, BECen.
Eguerdian izan da gertaera bitxia. Kamioia ordainlekuan zegoen, A8 autobidean zehar. Halako batean, pertsona baten oihuak entzutea iruditu zaie bertakoei, eta ondo asmatu ere. Izan ere, kamioiaren azpialdean pertsona bat zegoen, hotzez dardaraka.
Magrebtarra zen mutila, eta ez dakite oraindik nondik zetorren ez eta nora zihoan. Hoztuta eta bustita, anbulantzian eraman dute gaztea.
20 urteko bi gazte larri zauritu dira gaur goizean Atxondo parean, N-636 errepidean, bi autok elkar jota izan den istripuan.
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 06:45 inguruan jazo da. Zauritutako lagunak neska bat eta mutil bat dira eta Galdakaoko Ospitalera eraman behar izan dituzte.
Ertzaintzak dispositibo berezi bat jarri du inguruan zirkulazioa bideratzeko. Hasiera batean, errepidea erabat itxi dute, ondoren errei bat ireki dute eta 09:20 aldera egoera normaltasunera bueltatu da.
Berrizko biztanleen %55 inguruk sare orokorreko ura edan ezinda jarraitzen du. Joan zen ostegunean jasotako analitiken emaitzek kutsatutako uraren sorburua Betzuenen identifikatu zuten. Udalaren asmoa “hango ur hornidura hori moztea eta urik gabe zeuden berriztarrek sareko beste puntu batzuetatik hornitzea zen”, Jabier Azpitartek azaldu zuenez. Ostiralean jasotako analitiken emaitzek, ordea, asmo hori geldiarazi zuten. Kutsadurak sorburu bat baino gehiago du. Ondorioz, “ezin izan dugu ostegunean aurreikusitako irtenbidea garatu”.
Barikuan jasotako emaitzek erakusten dutenez kutsadura beste sorburu batetik etorrik daiteke edo, bestela, baita ur biltegien arteko tramada batetik ere. Larunbatean jaso eta aztertzera bidalitako laginen emaitzak “astelehen iluntzean edo asterarte goizean jasotzea espero dugu”, azaldu du Azpitartek: “Asteazkenerako nondik norako guztiak ondo zehaztuta izango ditugula itxaroten dugu”. Kutsaduraren sorburu guztiak identifikatu ondoren ekingo diote irtenbideak bilatzeari.
Joan den larunbatean, azaroaren 7an, Juan Jose Zearreta euskaltzain urgazlea eta Euskaltzaindiko kudeatzailea hil zen, auto-istripuz, 62 urte zituela.
Juan Jose Zearreta Urigoitialdekozea Zornotzan jaio zen, 1947ko ekainaren 10ean. 60ko hamarkadaren amaieran hasi zen euskalduntze eta alfabetatze kanpainetan parte hartzen. Hala, 1968-69 ikasturtean Deustuko San Felicisimon euskarazko eskolak sortu ziren, Zearreta talde horretako partaide izan zelarik.
1970ean Lehen Urratsak liburuaren prestaketan jardun zuen, besteak beste, Patxi Elgezabal eta Ricardo Badiolarekin. Urte horietan lanean zebilen Bizkaiko alfabetatze batzordeko kide izan zen. 1975-76an, herrialde guztietako batzordeak batu eta Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea (AEK) sortu zenean, bera izan zen sortzaileetariko bat, idazkari lanak ere bete zituelarik.
1973an hasi zen lanean Euskaltzaindian, Ekonomia arloan, Jose Luis Lizundia orduko idazkariordearen lankiderik hurbilena izan zelarik. 1975eko ekainaren 27an euskaltzain urgazle izendatu zuten.
2003an Euskaltzaindiaren kudeatzaile izendatu zuen Akademiak.
Euskalduntze prozesuarekin loturik beti ere, hainbat lan argitaratu zituen, elkarlanean:
Euskalduntzen (3 liburuki), 1972
Alfabetatzen (1975)
Euskara: Hizkuntza Ariketak (1976)
Euskal Hiztegi Modernoa (1977)
Sortzen – I (1978)
Hiztegia 80 (1980)
Beraren aldeko hileta-elizkizuna gaur, azaroaren 9an, astelehenean, izango da, Zornotzan, Larrako Karmeldarren elizan, iluntzeko 19:00etan.
Hil-kapera Euskaltzaindian egongo da gaur ere, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 17:00ak arte.
Nerea Mujikak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Gerediaga Elkarteko zirrikituak. Lehendakari moduan milaka egun eta gau eman ditu Durangalderako ekimenak sortu eta antolatzen. Gerediaga Elkarteak antolatzen du urtero urtero Euskal Liburu eta Disko Azoka. Elkartea burubelarri dabil gero eta gertuago dagoen Azoka antolatzen.
Nerea Mugika Gerediaga Elkarteko lehendakaria.
diaga ezagutzen ez duen bati, zelan azaldu labur-labur?
Herri elkarte bat da Gerediaga, elkarte kulturala. Durangaldean bizimodu hobe baten alde lan egiten duena. Lehengoari begiratzen diogu; ondarea eta izaerari. Baina funtsean, Durangaldea maite dugulako egiten dugu lan. Eta gure lanetan ezagunena Durangoko Azoka bada ere, eguneroko lana askoz zabalagoa da. Urtaro bakoitzean, ohiko ekintza batzuk ditugu, baina hortik kanpora, kulturan, historian, etnografian, ikerketa munduan.. Gerediaga elkartea erreferentzia nagusia da. Bertan aurkituko du edonork laguntza osoa edonoren eskura.
Azokari ateak parez pare zabaltzen dizkiozue beti. Nobedadeak?
Aipagarria da Kataluniar Herria. Euren kultura ezagutzeko aukera izango dugu. Orain arte urrutiago joan gara, eta aurten urrun baina hurbil dauden kultura bi elkartu nahi izan ditugu: euskal kultura eta katalanena. Gauza askotan eredu dugun herria hemen izango dugu, euren kulturan ere murgiltzeko.
Gauza jakina da Azoka antolatzea lan nekeza dela…
Egia da, bai. Nik neuk ere Azokara hurbiltzen naizenean, lehen egunean, ateak parez pare zabaldu eta errespetuz begiratzen diot Azokari. Eta askotan pentsatzen dut: zenbat lan egin dugun! (barrez). Seguruenik kanpotik imajinatuko dute sekulako lan-taldea dagoela horren atzetik… eta bai, sekulako taldea dago, baina lagun gutxiren artean antolatzen da dena. Sorpresa izan daiteke kanpotar batentzat lau katu garela jakitea; esperientziaz eta emozioz josita. Bazkideen eta bertako langile eta batzordeen lana da guk egun horietan erakusten duguna. Lan talde txiki bat dela azpimarratuko nuke, baina kanpora begira eta irekita dagoen lan talde bat.
44 urteko eskarmentuaren ondoren, Azoka aldatuz joan da.
Desberdintasunak ugari eta sentimendua berbera. 65. urteko Azokan, aurrekontua 300 eurotara eta 20 bat standetara mugatzen zen… Gaur egun, 300 standetik gora batzen gara. Andra Marikoa, azoka txiki bat zen, eta oso maitatua. Egun azoka maitatua ere bada, baina baita azoka komertziala ere, eskolei zuzendutakoa, kolore anitzetako familientzako… Jakina, 44 urte hauek ez dira alferrik joan. Produkzioak gora egin du, kalitateak ere bai… baina azken urteetan ahalegin berezia egin dugu modernizazioan, forma berriak ikertzen.
Gomendiorik bisitarientzat?
Aurten, bereziki, japoniar irakasle bat etorriko da gure Azokara, zer gomendatu? Eraikuntza bera, nobedadeen bitrina, baina, batez ere, giroa, liburu eta diskoen ugaritasuna, Durango herria eta ingurunea. Sentimendu hori bizitzera animatuko nuke.
Durangaldeak zer ematen dio Azokari? Eta zer jaso du?
Kokapen espezifiko bat, erdigunean. Nire geografo senak esaten dit, baina frogatuta dago Durangaldeak kokapen itzela duela Euskal Herrian. Paisaiak, inguruak, herri izaerak, distantziak… izugarri laguntzen diote Azokari. Beste leku batean, beste gauza bat izango litzateke. Durangaldea eta Durango bera aldatu egiten da Azokarekin batera. Bizimodua bera aldatu egiten da.
Zer amets du Gerediaga Elkarteko lehendakariak?
Ametsak asko. Baina nagusia, adin guztietako jendea nahasian ikustea. Bakoitza bere kabuz, iniziatiba propioz, sentsibilitate berezi horrekin… Durangoko Azokara pozik etorriko den jendea batzea. Ziur nago horrek Azokari mesede egingo diola.
44. SEGUNDOTAN
Ordenagailuko pantailan duzun irudia.
Orozketatik ateratako neguko argazki bat. Laneko mahai gainean ez da falta.
Telefonoa. Azken urteetako argazki bat.
Iazko kartelaren aurrean 4 emakume. Gerediagak emandako azken oparia.
Euskal Herriko Ardi-txakurren Saridunari Gerediagak jasotako azken oparia.
Bilboko La Ria del Ocio aldizkariak emandakoa, euskal kultura mundura zabaltzearren, 2007an Eskuartean duzuen proiektua.
Merinoaren ibilbidea. Durangaldeko historian izandako eraikuntza eta erakunde esanguratsuenetan zeharreko ibilbidea. Goiuritik Elorriora.
Durangoko Plateruena kafe antzokiko arduradunek antolaturiko ekimenean parte hartuko du gaur Mikel Urdangarinek, 20:00etan hasita. Juanan Hernandez kazetariak gidatuko du saioa, eta kantuaren inguruan egingo du berba Urdangarinek. Baita kantatu ere, hala egin behar duela iruditzen zaionean. Artistaren atzean dagoen pertsona ezagutaraztea da ekimenaren helburuetako bat.
Iñaki Etxezarraga Etxe kantariak eskua luzatu die entzuleei berarekin bidaia egin dezaten. Hamaika abestiz osatutako bidaia honek hamaika sentimendu utzi ditu agerian: malenkonia, alaitasuna, tristezia, maitasuna…
Heldu eskutik bigarren lan honetan bi mezu kontrajarri lotu nahi izan ditu 25 urteko berriztarrak. Musikaren doinuak bizitasuna eta erritmo bizia baldin badu ere, hitzek tristezia ukitu bat ere ematen diote, sentipen gazi-gozoa utziz.
Baga Biga diskoetxearekin kaleratu du azken disko hau, eta, zalantzarik gabe, Etxeren aurrekoak baino rock kutsu handiagoa du. Aurretik rocka eta popa uztartzeko joera izan du, baina orain rockaren aldeko hautua egin du: «Barrutik irten zaidan zerbait izan da, gorputzak eskatzen zidan. Zuzenekoetan konturatzen hasi ginen giroa lasaiegia zela, eta indar gehiago emateko kantu biziagoak egin ditugu».
Hertzainak, Zarama eta Doctor Deseo taldeak gogoan izan ditu Etxek Heldu eskutik sortzerako orduan. «Musikalki hamar urte berandu jaio naizela iruditzen zait».
Sentimenduz betetako lana proposatu du Etxek, eta lan honen hitzetan nabari da hori. Irailean anaia galdu zuen, eta abesti baten hitzak aldatu zituen, hari eskaintzeko. Berrizko musikariak atzo aurkeztu zuen diskoa, bere anaiaren urtebetetzean, eta hari oparitu zion diskoa.
Iragana ahaztu barik etorkizunari baikortasunez heldu nahi izan dio. Esaterako, mezu hori argi ikusten da Mikel Laboari eskaini dion kantuan: «Alaitasunez gogoratzen dut. Laboak transmititu zidan alaitasuna abestian islatzen saiatu naiz».
Maitasuna izan da lan osoaren ardatza. Etxek aitortu duenez, «abesti gehienetan agertzen da maitasuna, baina modu ezberdinean: anaiaz hitz egitean, Euskal Herriaz, lagunez…».
Moso eta Duhalde
Etxek ez du bakarrik hasi bigarren disko honen bidaia. Roberto Moso Zarama taldeko abeslaria eta Anje Duhalde bakarlaria izan ditu bidelagun. «Plazer handia izan da Roberto Mosorekin lan egitea. Anjerekin ere oso gustura ibili naiz, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko elkarrizketa egin dugu abestian». I Have a Dream abestian Martin Luther King-en borroka ere gogoan izan du bakarlariak.
Azaroaren 21ean emango du Etxek lan berriaren lehenengo kontzertua, bere herriko kultur etxean. Berrizko kontzertuaren ondoren, Donostian eta Durangon ere zuzenekoak egingo ditu, azaroaren 26an eta 27an.
Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Sailak Berrizko edateko eta janaria prestatzeko ura ez erabiltzeko gomendioa egin du. Legeak onartzen duena baino hidrokarburo aromatiko polizikliko maila handiagoa topatu dute uran.
Berrizko Udala arazoa konpontzen ari da Osasun eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin.
Egoera normaltasunera bueltatu arte eutsiko diote ura ez erabiltzeko gomendioari.
Hidrokarburo aromatiko poliziklikoak amaitu gabeko errekuntzatik eratorritako elementu kutsakorrak dira eta brean, alkaternan, olio astunetan eta petroliotik eratorritakoetan topatu daitezke.
Kutsaduraren nondik norakoak ikertzen ari dira eta momentuz ez dakite non gertatu den kutsadura.
Hirugarren alea, aurreko biekin alderatuta, potoloagoa da, 180 orrialde ditu. Zortzi lan berri jasotzen ditu (euskaraz eta gazteleraz) eta sail berria argitaratzen du.
Gerediaga Elkartea da argitalpen honen sustatzailea. Durangaldeko bizitzako arlo ezberdinei buruz egin diren lanen eta artikuluen zabaltzailea izateko helburua dauka Astolak.
Historia, arkeologia, etnografia, folklorea, literatura, musika eta bestelako gaieta zientzia batzuk dute lekua Astolako orrialdeotan. Ikerketa lanak dira. Kasu askotan sekula argitaratu gabeak edota kaxoi batean ahaztuta geratzen diren horietakoak. Historialari eta teknikari adituek idatzitako lanak, baina, gai horiekiko interes handiegirik ez dutenentzat ere erakargarri egiten dira aldizkariak daukan aurkezpen zainduari esker. Argazkiek eta irudiek protagonismo handia hartzen dutelako.
Hirugarren alea, aurreko biekin alderatuta, potoloagoa da, 180 orrialde ditu. Zortzi lan berri jasotzen ditu (euskaraz eta gazteleraz) eta sail berria argitaratzen du. Eskualdeko pertsona ezagunek haurtzaroan zein gaztaroan arrastoa utzi zieten lekuak aurkeztu dituzte “Barruko ibilbideak” izeneko sail berrian.
Astola aldizkariaren aurreko zenbaki biak agortuta daude. Horregatik 3.zenbakiaren tirada handitu egin dute. Guztira 1.200 ale argitaratu dira.
Datorren astetik aurrera, Durangaldeko liburudendatan salgai egongo da (prezioa 5€) eta Durangoko Azokan, Gerediaga Elkartearen erakusmahaiko nobedade nagusia izango da.
Hona hemen Astola aldizkariko lan nagusien zerrenda:
Hegazkinak eta artasoroak: Iurreta eta abiazio eremuak (Egilea: Jose Mari Uriarte) Eskualdean, eta batez ere Iurretan, 1910 eta 1919. urteetan hegazkinak protagonista zirela izan ziren gertaera anekdotiko eta historiko bi gogoratzen ditu egileak. 1910. urtean abiazio jaialdia egin zen, baina matxinada handi batean bihurtu zen. 1919an, berriz, bidaiarien hegazkin baten derrigorrezko lurreratzea bizi izan zuten iurretarrek.
Urkiolak 20 urte. Natur parkearen argi-ilunak Urkiolako Parke Naturala sortu zenetik 20 urte pasatu dira. Gaur egunera arte izan duen bilakaerari buruz teknikari eta eragile sozial batzuek duten iritziak jaso dira. Agerian geratu dira hobekuntzak eta alde onak, baina oraindik natur parkearen arriskuak ere bistan daude.
Durangoko Lurra (Egilea: Gregorio Monreal) Durangaldeak Erdi Arotik izan duen antolaketa, horretan izan duen berezitasuna eta izan dituen gobernu-organoak azaltzen ditu katedratikoak. Besteak beste, Astola eta Gerediagako Batzak zein Durangoko Merinaldearen eta Bizkaiko Jaurerriaren arteko harremana ere azaltzen du.
Etorkinak, auzoko berriak Azken urteetako migrazioak erronka berriak ekarri dizkio gizarteari. Lan honetan etorkinen integrazioari buruzko oharrak eta jarraibideak eskaintzen ditu besteak beste Xabier Aierdi Euskadiko Inmigraziorako Behatokiko zuzendariak.
Astxikiko gaztelua (Egilea: Armando Llamosas) Erdi Aroan Abadiñoko Astxiki gailurrean gaztelu bat egon zen. Asko izan dira tontorrean aurkitutako armak zein aztarnak. Baina sakoneko indusketarik ez da sekula egin, eta Armando Llamosasek Eusko Jaurlaritzako arkeologo teknikoak eta gazteluen ikerlariak Astxikin izan zen gazteluari buruzko hipotesia plazaratzen du.
Gaita dultzaina Durangaldean (Egila: Jon Gaminde) Gaita edota dultzaina musika tresna honen berezitasunak azaltzeaz gain,Durangaldeko gaitero-dultzainero nagusienei erreferentzia egiten die Jon Gaminde Bizkaiko gaiteroak.
Funcor: 1955-1970 (Egilea: Iñigo Agirre) Elorrioko Funcor kooperatiba sortu eta indarrean izan zen urteetan sozialki eredu aurreratua zuen. Euskal gizarteari egokitutako industria-ekoizpeneko eredu berrirako esperientzia izan zen. Baina proiektuaren amaiera bera ere iragarrita zegoan lan honetan Iñigo Agirre egileak zehazten duenez.
Pilotarien Amerikako abentura (Egilea: Jose Mari Etxaniz) Jose Mari Etxaniz kazetaria euskal pilotariek itsasoz bestaldera egindako bidaia askoren lekuko izan da. Itsasoz bestalde pilotariak nola egokitu ziren eta bizi izandako esperientziak kontatzen ditu. Izan eta ohiartzun handia izan zuen grebak eta IJAPAren sorrera ere gogoratzen ditu.
Barruko ibilbideak Astola aldizkariaren atal berria da, Durangaldeko pertsona ezagunek haurtzaro eta gaztaroko leku kutunak aurkezteko. Ale honetan, honek dira gida: Balendin Lasuen, Jasone Agirre, Felix Arkarazo, Eskarne Aroma eta Juanito Gallastegi.
Porfolio – Luis Madina “Elorrio, harrien mintzaira” izeneko argazki-bilduma erakusten du elorriarrak. Beltzetik kolorera, Elorrioko harri adierazgarrienak iruditan bildu ditu.
Anari, Petti, Mikel Urdangarin eta Txuma Murugarrenek berbaldi musikatuak egingo dituzte Plateruenan.
Areto txiki bihurtuko dute Plateruena kafe antzokiko agertokia, eta artista ez ezik publikoa ere bilduko dute bertan, oholtza gainean.Kantuaren kantoia ekimenean abestia izango da ardatz, eta musikariek bakarrik ez, entzuleek ere parte hartuko dute saioan, tarteka galderak eginez, tarteka arretaz entzunez. «Ez dira elkarrizketak izango, ez eta kontzertuak ere, berbaldi musikatuak baizik», adierazi du Asier Iturriagak, Durangoko Plateruena kafe antzokiko arduradunak (Bizkaia).
Anari, Mikel Urdangarin, Txuma Murugarren eta Petti izango dira Kantuaren kantoia-n, bihartik azaroaren 19ra bitartean. Juanan Hernandez kazetariak gidatuko ditu saioak, baina, itxura guztien arabera, bakarrak eta errepikaezinak izango dira emanaldiak. Izan ere, sortzaileak erabakiko du uneoro zein bide hartu, zer abestu, zer kontatu, zer isildu. Musikaz mintzatu edo musika ez beste gaiez jardun.
Anarik eta Urdangarinek disko berria izanagatik, lan horien aurkezpen ekitaldirik ez dutela egingo nabarmendu du Iturriagak. «Kantuaren kantoia deitu diogu ekimen honi, ez Kantugilearen kantoia, protagonista eta ardatza kantua bera baita».
Txuma Murugarren, esate baterako, kantuen sortze prozesuaz mintzatuko da. «Ideia etortzen zaionetik kantu bihurtu arteko prozesua azalduko du». Bide horren berri emango du hitzez eta kantuz.
Artistaren atzean, pertsona
Ahotsa eta gitarra baino ez dutela azalduko dira musikariak jendaurrera. Akustikoan emango dituzte, beraz, abestiak. Batzuetan, berenak; besteetan, bertsioak. Izan ere, kantuarekin berarekin egingo dute bidea, eta, bide horretan, beste artistaren baten erreferentziarik ateratzen bada, haren abestiren bat emateko arazorik ez dute izango musikari gonbidatuek.
Bidean aurrera, emeki-emeki, artistaren atzean dagoen pertsona azaleratuz joango dela uste du Iturriagak. «Biluztuz joango da artistaren atzean dagoen pertsona agertu arte». Emanaldietan horrenbestez artistaren alderdi ezezaguna jorratuko dutelakoan dago. Hartara, artistaren eta publikoaren arteko distantzia txikiagotuko dute. «Musikariak mitifikatuta daude nolabait esatearren, eta ohiko kontzertutik ihes eginez eta bestelako eskaintza bat proposatuz artista eta publikoaren arteko hesia gainditu nahi izan dugu». Ehun bat lagunentzako tokia egokitu dute, eta sarrera doakoa izango da.
Kantuaren kantoia ekimeneko lehen saioak ondo ateraz gero, halako gehiago egingo dituztela aurreratu du Iturriagak.
EGITARAUA
Anari. Bihar.
Mikel Urdangarin. Azaroak 5.
Txuma Murugarren. Azaroak 12.
Petti. Azaroak 19.
Emanaldi guztiak Durangoko Plateruena kafe antzokian izango dira, 20:00etan hasita.
Errumaniako Transilvania eskualdetik Bilbora heldu zen emakume eleaniztuna duela hamairu urte, euskaldun batekin maiteminduta. Errumaniarren aurkako aurreiritziez mintzatuko da gaur Iurretan.
Oana Tampanariu Transilvaniako Targu-Mures hirian jaio zen, 1971. urtean (Errumania). Hiriko populazioaren erdia bulgarieraz mintzo da, eta beste erdia errumanieraz. Etniarik handienetan hirugarrena ijitoak dira. Aniztasun horren ondorioz sei hizkuntza dakizki. Euskal herrian bizi da 1996. urtetik, eta urte askotan itzultzaile lanetan aritu da. Errumania ezagutu hitzaldia emango du gaur, 18:30ean, Iurretako Ibarretxe kultur etxean (Bizkaia). Euskal Herrian Errumaniaren eta errumaniarren inguruko topiko, aurreiritzi eta ezjakintasunaren kontra egunero egin behar izaten duen borroka kontatuko du. Lehen ere salatu izan duzu hemengo hedabideek Errumaniaz ematen duten irudia. Hor ez da aurrera egin? Hemengo telebista batek «errumaniar behartsuak» eskatu zizkidan duela hiru bat urte, saio batean agertzeko. Hitzez hitz. Auskalo nola ulertu behar den «behartsu» hori. Kategoria horretan ez nintzela sartzen erantzun nien; ez nintzela behartsua, alegia. Barkamena eskatu zidaten gero. Ikasle bati galdetu nion aurreko egun batean zer ote zekien Errumaniaz: pobrezia, langabezia, ezjakintasuna eta…, nola ez, Drakula. Egia da, Drakularen gaztelutik 60 kilometrora jaio nintzen. Errumaniaz ezer ez dakitela erantzuten didatenean, ‘gaitzerdi!’ pentsatzen dut. Baina Euskal Herrian azken urteotan gauzak aldatzen ari direla uste dut. Duela 30 urte arte Errumanian jendea oso ondo bizi zela esan ohi duzu. Nire gurasoek esan izan didate jendea oso ondo bizi zela 1980ko hamarkadara arte. Italiarrak etortzen ziren bizitzera 1960ko hamarkadan, atera kontuak! Orduan Ceaucescu kamarada Txinara joan zen, eta maitemindu egin zen desfile eta eraikin erraldoiekin eta txaloekin. Ondorioz, sozialismoa alde batera utzi eta komunismo gogor eta itxusia ezarri zuen orduan Errumanian, eta gainbehera hasi zen. Europako Batasunean sartuta, ordea, ez dira gauzak asko hobetu. Asko aldatu da egoera, onerako zein txarrerako. Lehen, dirua bazegoen, baina zer erosi ez. Orain, badago zer erosi, baina dirurik ez. Lehen, Polizia etortzen zen etxera, ezer esan ez bazenuen ere. Orain, esaten baduzu ere, inork ez dizu kasurik egiten. Baina lan munduari eta baldintzei dagokienez, Euskal Herriak antza handia du Errumaniarekin. Hori ez al da gehiegi esatea? Errumanian, esaterako, haurra erditzean ordaindutako bi urteko oporrak ditu amak. Hemen eszedentzia eskatu nuen, eta lanposturik gabe geratu nintzen. Sei hizkuntza eta bi lizentzia ditut, eta tarteka sortzen zaizkidan lanetan aritzen naiz, haurra zaindu nahi izan dudalako. Euskaldunok errumaniarrekiko aldatzen ari garela esan duzu. Zertan? Lana ukatu zidaten behin errumaniarra izateagatik, baina kalean ez naute inoiz diskriminatu. Belaunaldi gazteek gehiago ikusten dute munduaren aniztasuna. Hona heldu nintzenean, nire adineko asko inoiz hemendik atera gabeak ziren. Ez zekiten ezer. Orain, berriz, igartzen da gazteek gehiago bidaiatzen dutela. Espero dut gaur behintzat jakin-mina piztea. Errumanieraz esaten dugun bezala, jaten egiten da gosea.
Errumania ezagutzeko ariketa proposatuko du Ibarretxe Kultur Etxeak datozen egunetarako. Bihartik azaroaren 5a arte, Europako ekialdeko herrialdeko artelan, liburu, film eta musika erakusketa jarriko dute. Asteartean, hitzaldia emango du Oana Tampanariuk, 18:30ean. Hurrengo egunean Euro 1, 3,5 Lei filma emango dute, ordu berean, eta solasaldia egingo da. Ipuinak, Errumaniako erlijioak eta gastronomia jorratuko dituzte, hurrengo astera arte.
Azpeitian abiatuta, Durangorainoko bidea egiten ari dira Euskal Herriko baserritar gazteak asteburu honetan. Martxa hau gazte batek nekazari izatea erabakitzen duenean hasten duen ibilbidearen ispilu izan daiteke: atsegina baina malkartsua tarteka, beti ere lagunartean leunagoa eta eramangarriagoa gertatzen dena.
Baserria da etorkizuna». Sinplea, zuzena bezain esanguratsua. Hauxe da Akuilu elkarteak antolatuta egunotan egiten ari diren Baserritar Gazteen Martxaren leloa.
2005. urtean sortu zen Akuilu, Gazte Mugi jardunaldietan elkar ezagutu eta lanerako prest agertu zen talde baten eskutik. Lehenengo aldiz bultzatu dute ekimena, indarrak batzeko helburuz. Baserriaren aldeko apustua egiten duten gazteek ateak zabalik dituzte elkartean: «Orain arte Akuilura etorri ez direnak batzea da gure nahia. Nekazaritza sektore txikia da eta askotan bakoitza bere baserrian dago. Inportantea da elkarren berri izatea bidean aurkitzen dituzten zailtasunak gainditu ahal izateko», diote.
Mezu baikorra du Akuiluk, gero eta laino beltz handiagoen itzalpean dagoen lehen sektorea eguzki izpiz argitu nahian. «Hainbeste aldiz entzun dugu baserritik ezin dela bizi, azkenerako jendeak sinetsi ere egin duela. Elkartean `honek egin dik’ ikusi eta agian beste bat animatzeko balio izan dezake», adierazi dute. Ez dute zalantzarik egiten: «Denon indarrak batuta posible da nekazaritzaren egoera beltzari buelta ematea», gaineratu du Josu Gil-ek.
Akuilu taldeko kidea da bera. Azpeitian elkartu gara. Alboan beste hiru ditu: Aritz Katarain, Judit Garzia eta Pedro Alberdi. Azken hau ez da nekazaria, kaletarra baizik. Ekoizleak zein kontsumitzaileak, biak, biltzen ditu elkarteak, eta salerosketa soilean baino elkarlanean eta euren aliantzan oinarritutako eredu baten alde ari dira lanean. «Beharrezkoak gara baserritarrak, baina baita kaletarrak ere. Horregatik ari gara kontsumitzaileen kooperatibekin elkarlanean. Ez da baserritarren ardura bakarrik egoerari buelta ematea. Kaletar batek asko aporta dezake, bai baserriko produktuak erosiz edo baserriko baloreak hartuz. Kontsumitzailea ez da kontsumitzen duen pertsona bakarrrik», argitu dute.
xaren harira, elkarteko kideen kezkak, erronkak eta pozak, denak otar barruan sartu, eta mataza askatzen hasi gara.
Baserria al da etorkizuna?
Judit Garzia. Azken boladan ari da zabaltzen baserrian ez dagoela zer eginik, sektore guztiak porrot egin duela. Horren kontra egin nahi dugu. Benetan egoera oso zaila da. Kopuru handiak ekoiztea bultzatu da eta mundu globalizatuan, eredu honetan sartuz gero, Txinan edo Brasilen ekoizten diren produktuekin aritu behar duzu lehian… Hori ezinezkoa da. Bertako baserritarrak, eredu horretan sartuz gero, ez dauka zer eginik. Beste eredurik badago eta posible eta beharrezkoa da bertako nekazaritza.
Aritz Katarain. Gaur egungo egoerara Juditek esan duenagatik iritsi gara. Administrazioaren aldetik produkzioan oinarritutako eredua bultzatu da: zenbat eta gehiago, zenbat eta handiagoa, zenbat eta esne litro gehiago ekoiztu… Hemengo baserrian hori ez da erreala. Baserri txikiak dira, lur kopuru mugatu batekin, inguruan aldapa besterik ez dago… Beste eredu bat eskatzen du, produkzioa txikiagoa izango duena. Era honetan lanean ari denak askoz atentzio handiagoa jartzen dio egiten ari denari. Kalitatea bermatzen du, ingurua garbi mantentzen du eta horri eutsiz gero, jendeak aukera du kalitatezkoak eta bertakoak diren produktuak jateko. Kanpotik denetarik etortzen zaigu, baina ez dakigu ez zein jatorri duen, ez nola produzitu diren. Hau prezioan garbi ikusten da. Kanpotik sartzen dira produktuak eta hemen askotan kostuaren azpitik ordaintzen digute. Honi buelta eman nahi diogu.
Behi azienda duten baserritarrek ekoiztutako esnea enpresa handiei saltzea beste irtenbiderik ez dute ikusi.
Josu Gil. Lehen etxez etxeko salmenta egiten zen, esnearen kasuan, adibidez. Osasun arloa sartu eta baldintza oso zorrotzak jarri zituen. Ondorioz, etxez etxeko banaketa desagertu egin zen eta orduan hasi zen baserritarra esnea zentralera saltzen. Gauza guztiekin berdin gertatu da: ogia, gazta… egiteko, esnea banatzeko… inbertsioak egitera behartzen zaituzte. Globalizazioan enpresa handiekin lehiatu behar dugu. Gu baserri txikiak gara eta baldintza berdinak ezin dira izan eurentzako eta guretzako. Honekin oso gogorrak dira hemen. Europako beste herri batzuetan, aldiz, ez da gauza bera gertatzen. Gu ados gaude gauzak zaindu eta ondo egitearekin, baina nire ustez administrazioak halako paranoia dauka eta horrek asko mugatzen gaitu.
J. Garzia. Jarri dituzten irizpideak agroindustriarenak dira, kalitatearen kontzeptuarekin gertatu den bezala. Kalitatea da zerbait polita eta tamainu homogeneokoa izatea. Hori da justu industria indartsu horri komeni zaiona, ez ekoizle txikioi.
Pedro Alberdi. Ezta kontsumitzaileoi ere.
J. Garzia. Sektore horien interesak lehenetsi dira. Osasun eta kalitateko arauak bide berera doaz: txiki guztiak tartetik kendu besteen mesedetan. Baina ekoizle txikien beharrik ez izatea zalantzan jartzekoa da, paisaiaren ikuspegitik eta beste mila arlotik erabat beharrezkoak direlako. Orain arte hau ez da behar bezala baloratu.
Zelaiak garbi mantentzea ere inor gutxik baloratzen du.
J. Garzia. Bai, garbi dauden bitartean. Badirudi berez horrelakoa dela hemengo paisaia.
J. Gil. Gure agintariek turistak erakartzeko erabiltzen dute: `Euskal Herria ze polita, zelai berdeak…’ baina turistek utzitako dirua guregana ez da ailegatzen. Nik uste baserritarrek egiten duten lana denon onerako dela, bai kaletarrentzat, mendizaleentzat, suterik egon ez dadin, esaterako, eta horren truke ordain bat jaso behar du.
Nekazaritza jarduera indibidual bezala hartu izan, nor bere negozioan.
J. Garzia. Bai, gizartearentzat dituen onurak ez dira kontuan hartu.
Auzolana bultzatzen duzue Akuilu elkartean, ezta?
A. Katarain. Bai, baserritar gazteon etxeetan lana pilatzen denean elkarri esan eta laguntzera joaten gara. Eguna jarri, jende mordoxka bat elkartu eta lanak aurreratzen joateko balio digu. Egunerokoak norberak egin behar ditu, baina momentu jakin batuzetan, karga kentzeko balio dizu. Hesia egin behar duzula… Baserrian ari den gazteari beste animo bat ematen dio. Lagun mordoxka bat etorri eta kontu batzuk esanez lanean aritzeak morala altzatzen dio bati.
J. Gil. Guk ez dugu ezer asmatu, auzolana beti egin da baina galtzear dago. Oso interesgarria da berreskuratzea.
Gipuzkoarrak zarete nagusi elkartean. Beste herrialdeetan baino baserritar gehiago al zaudete?
J. Garzia. Helburua Euskal Herriko mailako elkartea sortzea izan zen. Asmo horrekin, herrialde desberdinetan egin ditugu bilerak eta jendeak parte-hartzen du baina jenderik dinamikoena Gipuzkoan dago. Zaila ere bada elkartea Euskal Herrikoa izatea, Iruñetik Azpeitiara bilera batera etortzea ez baita beti erraza.
Gazte bat hutsetik has al daiteke nekazaritzan?
J. Gil. Bi bide daude, hutsetik hastea edo baserritar bati erreleboa hartzea. Mekanismoak ipini behar dira kaletar batek baserrian instalatu nahi badu bidea errazteko, nahiz kaletarra izan eta ez izan familiakoa. Oso polita da lekukoa hartzea, era horretan baserritarren jakinduria hartzen duzu eta.
A. Katarain. Zerotik hastea baino askoz praktikoagoa da. Baserria erosi egin behar baduzu, behintzat, oso zaila da. Lurra erosi eta han beste inbertsioren bat egin behar baduzu…
J. Garzia. Hori ezinezkoa da.
J. Gil. Hemen daukagun arazo handiena da ia dena pribatua dela. Kasu gehienetan lurra norbaitena da eta arazo asko dakartza. Lurra herriarena izatea aldarrikatzen dugu guk. Udalek, nik uste dut, proiektu interesgarriak egin ditzakete, lursailak erosi eta gazteei edo behar dutenei utziz. Badaude lur bankuak deitutakoak, Etorlur adibidez, gazteei alokairu merke batean eman edo saltzeko izan beharko luketenak. Baina Etorlur-ek bitartekari lana egiten du erosle eta saltzailearen artean. Ez du gauza askorik errazten.
J. Garzia. Irizpide batzuk jar litezke. Nahiz eta lurrak pribatuak izan, Frantzian adibidez, baserritarren lurrak, neurri batean behintzat, nekazaritzarako mantentzen dira. Hemen ez dago horrelakorik. Letxugak landatu nahi dituenak lur batengatik pisuak eraiki nahi dituenarekin lehiatu behar du. Eta beti galtzen du letxugak jarri nahi dituenak. Hori argi dago. Ez dago irizpide bat esateko `hemen interbenitu behar da, honek baserritarren esku gelditu behar du, espekulaziotik kanpo’… Hemen dena librea da.
J. Gil. Instituzien ardurapean dago mendien kudeaketa eta haiek garbi mantentzea. Erakundeek ez badute egiten herriak egin beharko du. Badaukagu eskarmenturik kontu honekin. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian lur erosketa kolektiboak egiten dituzte. 2.000 pertsona inguruko elkarteak dira. Kaletar batek baserrian instalatzeko asmoa badu, eta elkarteko kideek begi onez ikusten badute proiektua, kuota bat ipintzen dute eta diru horregaz lursailak erosten dira eta batzutan baserria ere bai. Bertan instalatu eta urtero alokairua -sinbolikoa- ordaintzen du. Modu honetan 20 urtean 15 gazte edo instalatu dira. Baserria elkartearena da eta oso zaila da saltzea, denen adostasuna behar da eta.
P. Alberdi. Eta arduradunak badu aukerarik subastara ateratzen denean baserria erosteko.
J. Gil. Hezkuntza oso bat aldatu beharko litzateke eta beharrezkoa da, bestela urte batzutan baserria desagertzera doa.
Lurra eskuratzea al da gaur egun oztopo nagusia?
J. Garzia. Oztopo ugari daude. Baserritik datorren batentzat izan daiteke inbertsio ekonomikoari aurre egin ezin izana; beste baten kasuan izan daiteke beste era batean ekoiztu nahi izan eta Osasun arloarekin topo egitea, araudia bera da eta sekulako enpresa duenarentzat eta egunean lau gazta egin nahi dituenarentzat. Honen aurrean baserritar sarea sortzea onerako da, baita baserritarrek eta kontsumitzaileek elkarren berri izatea ere, elkar ulertzea.
P. Alberdi. Kontsumitzaileen aldetik beharrezkoa da aliantzak sortzea, osasunari eta kalitateari dagokionez produktu ona eta segurua edukitzeko. Osasun arauak oso gogorrak izan arren txerri gripea berdin berdin ailegatu da hona. Ondorioz, eredu honek ez digu segurtatzen produktu osasungarri bat. Alderantziz, neurriz kanpo intentsifikatu diren tokietan sortzen dira honelako pandemiak, nahiz ez dakidan txerri gripea hala den benetan. Guretzat beharrezkoa da baserritara ezagutu eta konfiantza berreskuratzea. Kontsumitzaileok ere oso galduta gaude, supermerkatu batera joan eta ez dakizu zer jaten ari zaren. Bientzat da onerako: kontsumitzaileak produktua nondik datorren eta nola ekoiztu den jakiteko beharra dauka, kalitatearen berme horren bila. Eta erosleak kontsumo jakin bat ziurtatuz gero, horrek baserritarrari segurantzia ematen dio. Gainera prezioak adostuta izaten dira, prezio justua da.
J. Garzia. Garrantzitsua da kontsumitzaileek begiratzea produktu bakoitzaren atzean zer dagoen: garaikoa izatea, ekoizlea ezagutzen badute hobeto eta ekologikoa bada are gehiago. Erosten dugun bakoitzean zer ereduren alde ari garen kontuan izan behar dugu.
Zein da kontsumitzaile kooperatiben funtsa?
P. Alberdi. Uztaro kooperatibak bi ekoizle ditu lanean Beizamako lur batzutan. Lurrak kooperatiba osatzen dugun guztionak dira, ekoizle zein kontsumitzaileonak. Ekoiztu, banatu, eta kontsumitu, zirkulu osoa osatzen da bertan. Ardurak ere partekatu egiten dira. Garai bateko auzolana bultzatzen dugu. Produktuak etxean jasotzeko otar sistema daukagu, baina esango nuke antzeko beste ekimen batzutan baino inplikazio eta kontzienziazio maila altuagoa dela kontsumitzaileen aldetik.
Zer moduzko bizimodua da baserritarrarena?
J. Garzia. Beste langile autonomo askori gertatzen zaion bezala, gustukoa izan behar duzu. Bestela…
A. Katarain. Tailerretik etxera zoazenean ahaztu egiten zara hango kontuetan. Gu ez.
Baserriko baloreak hartu beharra nabarmentzen duzue. Zeintzuk dira balore horiek?
J. Gil. Batetik, gure nagusia natura bera da. Udan lan dezente egin dugu eta orain, neguan atsedenaldia dator, eguna laburtzearekin bat. Honekin batera, sasoiko produktuak zein diren jakitea garrantzitsua da. Kultura hau galtzen ari da kalean. Iraultza baserritik dator.
P. Alberdi. Lehen behar zituzten gauza guztiak baserritik lortzen zituzte, ez erabat, baina moldatzeko adina. Orain, krisia dela eta ez dela gabiltzan garai honetan, zuk zeure baserrian jateko adina duzu. Orain dena kanpotik datorkigu eta erabat menpekoak gara, bai elikadura, bai energia alorrean.
Hor dago elikadura subirautza.
P. Alberdi. Hori da. Zentzu horretan, baserritarrari poza eman behar dio bere bizia ateratzeak inongo menpekotasunik gabe, neurri txikian behintzat.
J. Gil. Bada besterik. Bizimodu kapitalistaren eraginez ez dugu denborarik hartzen ganoraz jatordua prestatu eta lasai jateko, naturak markatzen duen erritmora.
Horren harira, «slow food» filosofiak gure aiton-amonek baserrian egiten zutena aldarrikatzen du.
P. Alberdi. Edonork dauka elikagai osatuntsuak jateko eskubidea, ez jatetxe garestietara doazenek bakarrik. Honi dagokionez, slow food ez doa bide onetik, nire ustez. Urrutitik ekarritako produktuak dira askotan, garestiak; puntu elitista ikusten diot.
Azken mezurik?
J. Garzia. Ez dago Euskal Herririk baserririk gabe.
Baserria etorkizuna dela aldarrikatzeko, hamabost bat gaztek hiru eguneko ibilaldia abiatu dute Azpeititik Durangora, Akuiluren deiari erantzunez. Taldea ezagutaraztea eta jende berria biltzea da asmoa.
Hamarretakoa eginez hasi dute eguna Azpeitiko plazan bildutako hamabosten bat gaztek. Gazta, irasagarra eta intxaurrak, ardo trago batekin lagunduta, benetako baserritarren modura. Sega, aitzurra eta eskuarea bizkarrean hartu, Baserritar gazteen martxadioen pankarta zabaldu, eta ibilaldiari ekin diote. Hiru eguneko martxa dute aurretik, kilometro eta ekintza mordoa. Azkoititik, Elgoibartik, Eibartik eta Mallabitik pasatuko dira, igandean Durangora iritsi arte.
Adin, jatorri eta bizimodu ugaritako jendea elkartu du Akuiluren martxak. Baserrian eta baserritik bizitzea nahi duten gazteak guztiak. Ondarroako Enaitz Olarreagak eta Pasai Donibaneko Eneko Seinek, esaterako, 18 eta 17 urte dituzte, eta Fraisoro nekazaritza eskolako ikasleak dira biak. Kaletarrak dira jaiotzez, eta baserri mundua maite duten arren, zaila ikusten dute jauzia egitea. Duela urte batzuk, lursail bat erosi zuen Seinen aitak, eta orain ganaduak dituzte han. Gaztearen ametsa lur horietan baserri bat eraikitzea da, baina Udalera baimen eske joanda ohartu da oztopoz beteriko bidea duela egiteko.
Maider Zubikarai, berriz, Debakoa da eta 33 urte ditu. Ez da baserritarra, nahiz eta gustuko duen mundu hori. Garai batean tentatuta egon zela dio. «Lagun batzuekin batera baserri bat hartzekotan ibili nintzen, baina ez zitzaigun aukerarik suertatu». Etorkizunean zer egingo duen ez daki, baina egun ideia hori baztertuta ei dauka, ez duelako bideragarri ikusten. Kalean bizi den arren, baratza bat dauka Zubikaraik. Bere kontsumorako produktuak ekoizten ditu, batez ere, baina lagunekin trukea egiteko lain ere ateratzen du. Egun, Lurgintza nekazaritza kooperatibako teknikaria da, eta lankideekin batera joan da baserritar gazteen martxara, «uste dugulako, baserria etorkizuna izan daitekeela gazteentzat, beste bide bat dela etorkizunari heltzeko».
Izan nahi dutenak, eta direnak
Guztiz bestelakoa da Aritz Katarainen egoera. Ziurrenik, martxan parte hartzen ari direnetako askok hartuko lukete eurentzat. Izan ere, 26 urteko idiazabaldarra baserrian jaio eta baserrian bizi da. Hiru arreba ditu, baina haietako inor ez dago baserriko bizimoduari eusteko prest. «Bat sarri etortzen da laguntzera, baina nik hartuko diet erreleboa gurasoei». Bizitarako ganaduak hazten dituzte, eta esnea saltzen diote herriko beste baserritar bati, hark gazta egin dezan. Baditu lurrak eta badu baserria, «baina ez pentsa aurrera egiteko zailtasunik ez dudanik». Katarainek ez du ulertzen Euskal Herririk baserrik gabe, eta segida eman ahal izateko indarrak batzea ezinbestekoa dela deritzo.
Josu Gilek, berriz, 30 urte ditu eta Eibarkoa da. Jaiotzez kaletarra izanagatik, baserrian bizi da azken zortzi urteotan. «Azkenean, nik uste, norberak bere gorputzari kasu egitea dela garrantzitsuena, eta nik ez nuen nire tokirik aurkitzen kalean». Baserritar bat ezagutzea egokitu zitzaion, haren bizimodua gustatu, eta hari laguntzen hasi zen. «Orain Eibarko baserri batean bizi naiz, beste familia batekin, lehengo morroien antzera». Ogia banatzen hasi zen lehendabizi. Ogia egiten ikasi zuen gero. Eta azkenaldian, artzain lanetan dihardu. Orain, bere kontura hasteko asmoa dauka. «Baina, trabak baino ez naiz topatzen ari. Oso zaila da lur sail bat erostea; baserri bat erostea are zailagoa». Lur zati bat erosi eta ahuntzentzat txabola bat egitea du buruan. Eta Akuiluren egitasmoek aurrera egiten badute, litekeena da, egunen batean, Gilek baserri bat gobernatzea.
Izan ere, martxa, hasiera baino ez da, taldea ezagutarazi eta jende berria biltzeko tresna bat. Akuiluko kideak bi helbururen bueltan ariko dira datozen hilabeteotan: batetik, baserritarrei erreleboa eman nahi diete; eta, bestetik, gazte bati baserrian bizitzen jartzen lagundu. Horretarako, Euskal Herri osorako kanpaina bat jarriko dute abian, dirua biltzeko. Baserri bat eta lur sailak erostea da beren asmoa, eta, behin hura martxan jarrita, mugimendua indarra hartuz joango dela uste dute. «ikastolekin gertatu zen moduan». Gilen hitzetan, «azkenean, ikastolak ere herriak egin zituen, eta baserriekin gauza bera egitea nahi dugu guk».
MARTXAKO EGITARAUA
Gaur: 12:00etan, Baserria da etorkizuna lelopean, manifestazio nazionala egingo dute Eibarren. Arratsaldean, Mallabian, haurrentzako jolasak egingo dituzte; Txorixak galduta egozanian filma emango dute; eta talo jana eta trikitixa egongo dira gero.
Bihar: Azoka egingo dute Durangon, 10:00etan hasita. Ondoren, herri bazkaria egingo dute Andramariko arkupeetan.
Azken urteotan, euskal gazteria etengabeko talkan bizi da, bai estatuekin bai honek bultzatutako sistema kapitalistarekin. Eredu inposatu horrek eragin zuzena daukie gure baliabide ekonomikoetan, aisialdian, pentsamoldean, harreman kolektibo zein pertsonaletan, lan baldintzetan eta laburbilduz, egunerokotasunean izatera bultzatzen gaituen jarreretan.
Hauetan guztietan, kapitalismoak eta berak darabilen logikak negatiboki eragiten dauela ulertzen dogu. Diru irabazien logikak agintzen dau; pertsona, gazte eta herri legez kaltetu eta zapaltzen gaituelarik.
Baina ez gagoz konforme! Espazio askeak sortu eta bestelako ereduak eraikitzeko antolatzen gabiltz Euskal Herri osoan.
Durangaldean be (nahiz eta batzuek kontrakoa ikustarazi gura daben), gazteriaren sektore zabal batek gure aurreko belaunaldiek ereindakoa lantzen jarraitzeko asmoa dauka; nork bere esparruan ekarpenak eginez, eredu alternatiboak eraikitzera bidean.
Ibilbide horretan aurrera egiteko, ezinbestekoa da herririk herri, eremurik hurbilenak lantzen hastea; horrexek izango doguz eta etorkizuneko oinarri.
Norabidea guztion artean zehaztu ahal izateko, eskualdeko gazte mugimenduko eragileok datorren urriaren 30etik azaroaren 1era Abadiñon burutuko diren Topaketetan parte hartzeko deiladia luzatzen deutsuegu.
Bertan hitzaldi, eztabaida eta tailerren bitartez aisialdi ereduak, sorkuntza proiektuak, sexualitatea, ikasleen eskubideak, AHTaren eraginak edo feminismoa jorratuko doguz, besteak beste. Gaur egungo sistemari buruz hausnartu eta hordagoa botatzeko aukera paregabea! Zatoze Abadiñora eta ekin daiogun batera!
David Cobos alkateak eta gainerako hautetsiek eskatu dute AHTa egiteko desjabetzeak geratzeko.
AHT abiadura handiko trena egiteko beste urrats bat egin zen atzo, Atxondon (Bizkaia) lurrak desjabetzeko agiriak sinatu baitzituzten Bilbon. David Cobos alkateak, ezker abertzalekoa, uko egin zion ekitaldira agertzeari, eta hori ikusirik, Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkariorde Miguel Angel Fernandezek eman zuen sinadura agiriak izenpetzeko. Atxondoko Udalean desjabetzeak bertan behera lagatzeko eskatu zuten. Eusko Legebiltzarrak, bestalde, Bergarako (Gipuzkoa) kaltetuei desjabetzeak egin aurretik azalpenak emateko eskatu zuen atzo.
AHT Gelditu! Elkarlanak Donostian protesta egin zuen, Itsasondo (Gipuzkoa) inguruan egindako zuhaitz mozketen inguruan.
2009ko urriaren 23an DURANGO 1936 KULTUR ELKARTEAK gorazarrea egingo die 1936ko estatu-kolpe faxistari aurre eginez, eta Errepublikarekin eta Euskadiko Gobernuarekin bat eginez, euren bizitza askatasunaren, justiziaren eta Euskal Herriko nazio-eskubideen alde eman zuten durangarrei eta iurretarrei. Ekitaldi hau fusilatuen, frentean hildakoen edo frentean jasotako zauriengatik hil zirenen, kartzelan edo preso zeudela hil zirenen eta bide-bazterretan desagertu arazitakoen omenaldia izango da.
Horretarako ekitaldia antolatuko da Plateruena Kafe Antzokian eta Landakoko Tximiniaren inguruan iluntzean, 20:00etan. Durangon euren omenez jendaurrean egingo den bigarren ekitaldia izango da, eta euren duintasuna, borrokaren balioa eta kemena aldarrikatuko dira.
Ekitaldian parte hartu dezazuen eskatzen dizuegu. Mezu hau zabaldu dezazuen ere eskatzen dizuegu, baita DURANGO 1936 KULTUR ELKARTEARI lagundu diezaiozuen, gizarte libreagoa eta justuagoa eraikitzen ahalegindu ziren durangarren eta iurretarren identifikazioan.
Azpeititik hasi eta Durangora arteko ibilbidea egingo dute, bihartik igandera bitartean.
«Erreleboa emateko gogoz gaude». Hala diote Akuilu elkartean bildu diren nekazari gazteek. Eta euren berri eman eta baserriaren geroa aldarrikatzeko martxa egingo dute asteburuan. Ostiralean abiatuko dira Azpeititik eta igandean iritsiko dira Durangora. Ibilbidean zehar hainbat ekintza antolatu dituzte; horietan nagusia larunbat eguerdian izango da, manifestazioa egingo baitute Eibarren.
Ekimena aurkezteko egindako agerraldian, Akuiluko kideak ez ezik nekazaritzan urteak daramatzatenak ere izan ziren. Hain zuzen, belaunaldi aldaketa izan zuten mintzagai. «Baserritar izatea apustu bat da, apustu gogor eta zaila», zioen Antton Dorronsoro baserritarrak. Eta nekazari helduak apustu hori egiten dutenei laguntzeko prest daudela azaldu zuen.
Haren iritziz, nekazaritza eredu berriak bilatzea da lehen sektoretik bizi nahi duten gazteen erronka nagusia. «Gaurko gizarte industrializatu eta globalizatu honetan, zoritxarrez, elikadurak ez du herririk. Herrialdez herrialde hara eta hona dabilen espekulazio tresna da», adierazi zuen.
Sistema horren hutsez baliatzea da gakoa Dorronsororen esanetan. «Merkataritza globalizatu honek huts gehiegi ditu, eta horien artean zuen zirrikitua aurkitu behar duzue: kalitatezko janaria egin, bertatik bertarako janaria eskaini eta kontsumitzaileengana zuzenean iritsita. Horiek dira zuen lanerako tresnak», azaldu zien baserritik bizi nahi duten gazteei.
«Gizarte osoaren ardura»
Haren aholkuak eskertu zituzten Akuiluko gazteek. «Instalatu nahi dugun gazteok asko daukagu ikasteko haiengandik». Hala eta guztiz ere, beharrezkotzat jo zuten bestelako laguntza ere. «Akuilutik indarra egingo dugu, baina baserritarrok bakarrik ez gara nahikoa, gizarte osoarena da ardura». Lehen sektorearekin zerikusirik ez dutenei ere martxan parte hartzeko eskatu die.
Ur hornidura eta saneamendu hoditeriak berritzeko lanen eraginez itxi egingo dute Intxaurrondo kalea; Balbino Garitaonandia plazaren eta Laubideta kalearen arteko zatian. Urriaren 27tik abenduaren 24ra (biak barne) egongo da itxita, udal arduradunek jakin eragin dutenez.
Horretara, Balbino Garitaonandiatik Alde Zaharrera sartzeko, San Frantzisko kaletik jeitsi eta kontrako norabidea hartu beharko dute gidariek, lanak amaitu arte ezingo dute Laubidetatik sartu-eta.
Bestalde, garaje kaltetuetako administratzaileek, denpora tarte horretan, TAOaren 1 gunean aparkatzeko txartel berezia izango dute, TAOaren bulegoan (Txatxiena kalean) bertan kaltetutako auto-marka eta matrikula zerrenda aurkeztu ondoren. Gaineratu dutenez, kalearen zati hori asteburuetan bakarrik zabalduko dute, kaltetutako garajeetara sartzeko; San Frantzisko kaletik sartuko dira horiek ere.
Datozen egunotan, aurtengo udagoieneko berbaldi zikloa izango da Durangon Gerediaga Alkarteak antolatuta. ‘Ekitaldi honeek antolatzerakoan gure iganagaz zerikusia daben jazoerak kontuan hartzen doguz’ adierazo dabe antolatzaileek. Aurten hitzaldi ziklo honetan, 1609. urteko abuztuaren 14an, Durango Uriko udaletxean udalbatzarra lehen aldiz batu zaneko 400. urteurrena gogoratu nahi da. Hori dala eta, jarraian aitatutako berbaldiak, Durangoko udaletxeko Batzar Areto Nagusian izango dira arratsaldeko 19:30ean hasita: – Urriak 21. ‘Génesis y formación de una villa medieval. La evolución del paisaje urbano de la Villa de Durango’. Hizlaria: Belén Bengoetxea, Historian lizentziatua, EHU-UPV-ko arkeologiako irakaslea; hainbat indusketa arkeologiko egin ditu Durangoko alde zaharrean. Azpimarratzekoak dira Lariz jauregian eta, oraintsu, Santa Anako plazan egindakoak. Hainbat artikulu eta liburu idatzi ditu euren artean, gaiagaz lotura zuzena dabelako, merezidu dau gogoratzea ‘Durango. Transformaciones históricas de su configuración urbana’. – Urriak 27. ‘Durangoko kontzejua’. Hizlaria: Jaione Agirre, Historian lizentziatua, Erdi Aroan aditua. Zenbait ikerketa egin ditu Durangoko Uriari buruzkoak eta pare bat azpimarratzekotan: alde batetik, ‘El incendio de 1554: consecuencias de una catástrofe en la sociedad y economía duranguesa’ eta, bestetik, ‘La vida social urbana en el País Vasco, el ejemplo de la villa de Durango’ izenburukoak. – Urriak 28. ‘Casa Consistorial de Durango: historia, arte y arquitectura’. Hizlariak: Ana Leis eta Iñaki Madariaga. Ana Leis, Historian lizentziatua da eta arte eta arkitekturearen historian aditua. Gure kultur ondarearen hainbat elementuren historia ikertu izan dau. Zenbait artikulu eta liburu idatziak ditu eta euren artean azpimarratuko geunke Bizkaiko eleizate eta urietako udaletxeei buruz idatzitako lanak. Lanokaz, beste batzuen artean, Durango Uriko udaletxeari buruz ohar historikoak ezagutzera emon ditu. Iñaki Madariaga, barriz, Historian lizentziatua eta irakaslea da. Beste gai batzuen artean durangaldeagaz lotura zuzena dauen Durangaldeko klasikozalearen arte sakratuari buruzko ikerketea egin eban. Gerediaga Alkarteak, Durangoko Udalaren laguntzinoagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren babesagaz antolatu dau berbaldi ziklo hau.
Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak adierazi duenez, eraso honetan ez da zauriturik egon.
Kaputxadun talde batek, beisboleko bateak zeramatela, bidaiariak jaistera derrigortu eta autobus bati su eman dio Durangon (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
Erasoa 3:45 aldera jazo da Durangoko Magdalena plazan. Kaputxadun talde batek, hamar lagun inguru, autobusera igo eta beisboleko bateekin joko zituztelako mehatxupean, bidaiari guztiak ibilgailutik jaistera derrigortu dituzte.
Bidaiariak kanpoan zeudela, baina gidaria ordea ez, erasotzaileak hainbat molotov koktel jaurti dituzte. Autobusa, 240.000 euro inguru balio dituena, kalte garrantzitsuak pairatu ditu.
Iturri berdinen arabera, eraso honetan ez da zauriturik egon.
Aurreko egunetan Bilbon eta Ondarroan ere antzeko erasoak gertatu dira.
Prentsa ohar honen bitartez, Markel Ganboak, Gaztehgam-eko kideak, bere etxeko buzoian mehatxu faxistak jaso izana gogorki salatu nahi du EHGAM-ek, Eskutitz horietan maritxu izatea modu despektiboan idazten zioten, bestelako irain eta mehatxuen artean.
Ez da lehenengo aldia gure erakundeko militanteon kontra aritzen direna. Talde faxistek gure kideak beldurtu, jipoitu edota mehatxatu egin dituzte lanean hasi ginen lehen momentutik. Gaurkoan sekulan amaitu ez den faxismo horren berpiztea da, eguneroko berri txarra bilakatzen ari da gaur salatatzen ari garena.
Kezkatuta gaude egoera zahar-berri honekin. Kezkatuta azken asteotan beraien gorroto guztiarekin aipatu gaituztelako euren komunikazio ezberdinetan, bai komunikatuetan eta, baita ere, astelehenean Iruñean burutu zuten baimendutako manifestazio horretan; ze, gezurra badirudi ere, faxistek askatasun osoz dihardute heterosexual zuri eta “espainol” ez garenon kontra, politikari, epaile eta poliziaren begionez.
33 urte daramatzagu kalean, lanean, askatasun sexualaren aldeko borrokan, eta horrela jarraituko dugu EHGAMeko militanteok, faxismoaren aurrean STOP seinale erraldoi bat eraikitzen, lesbofobia, homofobia eta transfobiarik gabeko gizarterantz.
Azkenik, gure besarkadarik haundiena Markelentzat. Bere lana eta borroka, bere gaztetasuna eta freskotasuna ezinbestekoa zaizkigu eguneroko lanean. Eraso guztien gainetik, zurekin dago EHGAM, eta gurekin batera milaka eta milaka herritar.
Aralarreko eta Iratzarriko kide Markel Ganboak hainbat mehatxu jaso dituela salatzeko, prentsaurrekoa egin dute gaur Aralarreko eta Iratzarriko ordezkariek. Durangon izan da prentsaurrekoa, Markel Ganboaren herrian, eta bertan parte hartu dute, bsteak beste, Dani Maeztu eta Iker Urkiza Durangoko Aralarreko zinegotziek eta Fabio Gonzalez Iratzarriko koordinatzaile nagusiak.
Azaldu dutenez, Ganboak idatzizko hainbat mehatxu jaso ditu bere etxeko postontzian eta atean, Durangon. Bi gutun ezberdin jaso ditu Ganboak, momentu ezberdinetan. Besteak beste, “comunista de mierda”, “maricón de mierda”, “ándate con cuidado” bere izena eta Aralarren zein Iratzarriren izenak diana batean sartuta ikus daitezke.
“Erasotzaileen helburua argi utziz: Markelek bere militantzia eta bere borroka guztiak utz ditzala, beldurraren ondorioz. Ezaguna da Durangaldean zer nolako lan militantea egiten duen Markelek: gazte mugimenduan, sexu askapenerako borrokan, ezkerreko mobilizazioetan, arlo ekologistan, etab.”.
Horegatik guztiagatik, Markel Ganboari eta haren familiari babesa erakusteaz gainera, Aralarreko eta Iratzarriko ordezkariek Ganboaren lan militantea babestu dute. “Pertsona guztiek eskubide zibil eta politiko berak izan beharko lituzkete, salbuespenik gabe”, azpimarratu dute.
Era berean, Ganboak jaso dituen “mehatxu faxista eta homofoboak” salatu dituzte, “azken baten, bere oinarrizko eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak urratu dituztelako. Kontuan izan gabe honen atzean zein izan daitekeen, ez guk eta ez gizarteak ezin du onartu gazte batek bere ideia eta konpromisoengatik mehatxuak jasotzea. Onartezina da San Fausto jaietan durangar bat mehatxatua eta beldurtua ibili behar izatea”.
“Beldurra eta mehatxuen gainetik, elkarrekin gaude borroka honetan eta elkarrekin jarraituko dugu. Gure ideien defentsan jarraituko dugu, ez dute inoiz lortuko mehatxatzaileek duten helburua: beldurtzea, txikitzea, ezkutatzea. Ez gaituzte isilduko”, azpimarratu dute.
Horregatik guztiagatik, hurrengo larunbatean, arratsaldeko 18:30ean, elkarretaratzea egingo dute, Durangoko Andra Mariko elizpean, ‘Eraso faxisten aurrean ez gara isiltzen’ lelopean.
Aralarrek eta Iratzarrik prentsaurrekoa egingo dute gaur, asteazkena, urriak 14, goizeko 11:30ean, Durangoko Pinondo etxean. Durangoko Aralarreko zinegotzi Dani Maeztuk eta Iker Urkizak eta Iratzarriko koordinatzaile Fabio Gonzalezek Aralarreko eta Iratzarriko militante batek jaso dituen mehatxuak salatuko dituzte.
Gaur 10:50 inguruan 44 urteko gizon bat zendu da Abadiñon, ibilgailu batek harrapatuta. BI-3333 errepidean gertatu da ezbeharra eta itxi egin dute istripua jazo den parean. Lekeitiokoa zen hildakoa.
Ertzaintza istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da.
Egun berezia da durangarrentzat San Fausto eguna, eta goizean goizetik igarriko dute hori bertaratzen diren guztiek. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte, baina aipagarrienak urteen poderioz tradizioa bilakatu diren paella txapelketa, herri bazkaria edo arratsaldeko Mañaria errekaren jaitsiera dira. Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Xabi Paya bertsolariek eskainiko duten balkoitik balkoirako ikuskizuna ere ez galtzeko modukoa izango da.
Durangarrentzako jai egunik bereziena da gaurkoa, San Fausto eguna, hain zuzen ere. Asteburua luzea izan den arren, festei izena ematen dien patroiaren eguna gogotsu eta ekitaldiz gainezka ospatuko dute. Atzo Gazte Eguna antolatu zuten urriaren 12a zela kontuan hartuta prestatutako egitarauarekin. Hala ere, ondo pasatzeko aukera izango da gaur ere.
Goizean goiz hasiko da festa giroa, eta bertaratzen direnek kaleko mugimenduan igarriko dute, batez ere. Jai egun guztietan bezala, diana eta zezenak izango dira, txistulari eta dultzaineroek lagunduta, 7.00etatik aurrera. Umeentzako unea helduko da ondoren, goiz osoan zehar haur parkea egongo baita Ezkurdin -euria egiten badu San-Antonio-Santa Rita ikastetxeko patioan izango da-.
Herriko gune batean zein bestean egiten dituzten bazkariak bihurtzen dute San Fausto eguna durangarrentzat berezi. 12.00etatik aurrera San Fausto auzoko paella txapelketarekin hasiko da. Herritar guztiek parte har dezakete, baina kontuan izatekoa da erabili beharreko tresna eta osagaiak beraiek eraman beharko dituztela, arroza izan ezik, antolatzaileek banatuko baitute.
Adineko durangarrek ere janariaz gozatzeko aukera izango dute, Landako gunean beraientzat antolatutako bazkarian. Pinondon bestalde, txosnen batzordeak herri bazkaria egingo du. Beraz, ez da gosez geratzeko aitzakiarik izango.
Bazkaldu aurretik, ohorezko aurreskua eta artopilen banaketa izango dira Udaletxeko plazan, eta horren ondoren «Dantzari Dantza» eskainiko dute Kriskitin taldeko kideek.
Arratsaldeko ekimenik arrakastatsuena Mañaria errekaren jaitsiera izan ohi da. Herrian erroturik dagoen ekitaldia da, eta Pinondora hurbiltzea besterik ez dago hala dela ikusteko, erreka inguruak jendez gainezka egoten baitira.
Umeentzako ekitaldi ugari izango dira: potokak, trapezio ikuskizuna, zirku tailerra eta txokolate jana, esaterako.
Bestalde, 19.00etan balkoitik balkoira arituko dira bertsotan Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Xabi Paya. Ordu erdi geroago berriz, poteoa egingo dute Alde Zaharretik Orkestraren doinuekin lagunduta.
Atsedena, ostiralera arte
Lau egunetan zehar luzatutako asteburua jai giro betean igaro ondoren, atsedena hartuko dute Durangon, urriaren 16an indarrak berrituta bueltatzeko. Festetako bigarren eta azken asteburua izango den horrek ere ondo pasatzeko hainbat aukera eskainiko ditu.
Ezkurdin erromeria doinuak zabalduko ditu Aiko taldeak ostiralean, hilak 16, eta txosnetan The Riff Truckers eta Tres 41 taldeek eta Lor elorrioarrek kontzertua joko dute. Emanaldi aipagarriena ostera, Andra Mari elizpean egitekoa den Bertso Jazz emanaldia izango da. Andoni Egaña, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak hainbat musikari alboan dituztela hitzak eta doinuak inprobisatzen arituko dira.
Urriaren 17an bukatuko dira festak, Mozorro Egunarekin. Jaietako ekarpen ekonomiko handiena eskatu duen ekitaldia izango da larunbatean, El Sueño de Morfeo talde asturiarrak joko baitu Landako gunean, Nahixan taldearekin batera.
Txosnetan berriz, Kiki, Koko eta Moko pailazoen ikuskizuna izango da arratsaldean, eta gauean Brankan, Banda Batxoki eta Kop talde kataluniarraren kontzertua izango dira.
Igandea jaien bukaera eguna izango da, eta 19.30etik aurrera Patxikotxuri agur esango diote, hurrengo urtera arte.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, Kirolene kirol-irakaskuntzetako ikastetxe publikoa sortu eta funtzionamenduan jartzen duen dekretua onartu du.
Ikastetxe honek Durangoko San Inazio kaleko 5 zenbakiko behean du egoitza eta kirol-modalitate hauek irakatsi ahal izango ditu: futbola, saskibaloia, eskubaloia, atletismoa, neguko kirolak, mendi-kirolak eta eskalada.
Erdi mailako irakaskuntzek emango dute Kirol Teknikariaren titulua lortzeko eskubidea eta goi mailakoek Goi Mailako Kirol Teknikariarena, behar den kirol-modalitate edo espezialitatean.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen EuskoTren Sozietate Publikoak gaueko tren zerbitzu berezia eskainiko du larunbat eta igande hauetan, urriaren 10ean eta 11n, Durangoko jaiak direla eta. Horrez gain, EuskoTrenek asteburu arratsaldeetako ohiko zirkulazioak indartuko ditu.
URRIAK 10 ZAPATUA
- Durangora joateko
• Bilbotik: ohiko zerbitzua osatuz, bi tren zerbitzu eskainiko dira 19:35etan eta 21:35etan. Ondoren, zirkulazioak 30 minutuz behin 22:20etatik 23:50etara. Geroago, trenak 60 minutuz behin 23:50etatik 05:50etara. Azken zerbitzuak 06:20etan eta 07:20etan abiatuko dira.
• Zornotza/Amorebietatik: tren bereziak 20:02etan eta 22:02etan. Ondoren, zerbitzuak 60 minutuz behin 23:18etatik 06:18etara. Horrez gain, zirkulazioak egongo dira 22:47etan, 23:47etan, 06:47etan eta 07:47etan.
• Zaldibartik: zerbitzuak 60 minutuz behin 22:20etatik 07:20etara. Horrez gain, beste zirkulazio bat eskainiko da 07:44etan.
• Elgoibartik: trenak 60 minutuz behin 23:55etatik 06:55etara. Horrez gain, beste zirkulazio bat eskainiko da 07:19etan.
• Debatik: trenak 120 minutuz behin 01:35etatik 05:35etara.
- Durangotik irteteko
• Zornotza/Amorebietarantz eta Bilborantz: arratsaldez, zerbitzu bereziak 18:22etan, 20:22etan, 21:22etan eta 22:22etan. Gauez, zirkulazioak 60 minutuz behin 00:33etatik 06:33etara. Horrez gain, trenak 05:00etan, 06:00etan eta 08:12etan.
• Zaldibarrerantz eta Elgoibarrerantz: trenak 60 minutuz behin 01:33etatik 06:33etara. Horrez gain, zerbitzu bat eskainiko da 23:43etan.
• Debarantz: trenak 120 minutuz behin 00:33etatik 04:33etara.
URRIAK 11 DOMEKA
- Durangora joateko
• Bilbotik: bi zirkulazio berezi eskainiko dira arratsaldez, 19:35etan eta 21:35etan abiatuz, jaiegunetako ohiko zerbitzua osatuz. Gauez, trenak 30 minutuz behin 22:20etatik 23:50etara. Ondoren, zirkulazioak ordubetez behin 05:50ak arte. Azken zerbitzuak 06:20etan eta 07:20etan abiatuko dira Bilbotik.
• Zornotza/Amorebietatik: ohiko tren zerbitzuez gain, zirkulazioak eskainiko dira 20:02etan eta 22:02etan. Ondoren, 23:18etatik 06:18etara, zerbitzuak 60 minutuz behin. Azken trenak 06:47etan eta 07:47etan abiatuko dira. Horrez gain, zirkulazioak eskainiko dira 22:47etan eta 23:47etan.
• Zaldibartik: trenak 60 minutuz behin 22:20etatik 07:20etara. Azken zerbitzua 07:44etan abiatuko da.
• Elgoibartik: zirkulazioak 60 minutuz behin 23:55etatik 06:55etara. Azken trena 07:19etan abiatuko da.
• Debatik: zerbitzuak 01:35etan, 03:35etan eta 05:35etan.
- Durangotik irteteko:
• Zornotza/Amorebietarantz eta Bilborantz: arratsaldez, zerbitzu bereziak 18:22etan, 20:22etan, 21:22etan eta 22:22etan. Gauez, zirkulazioak 60 minutuz behin 00:33etatik 06:33etara. Horrez gain, trenak 05:00etan, 06:00etan eta 08:12etan.
• Zaldibarrerantz eta Elgoibarrerantz: trenak 60 minutuz behin 00:33etatik 06:33etara. Horrez gain, zerbitzu bat eskainiko da 23:43etan.
• Debarantz: zirkulazioak 00:33etan, 02:33etan eta 04:33etan.
Informazio gehiago behar duten erabiltzaileek geltokietan eta geralekuetan, Bezeroen Arretarako Atxuriko Bulegoan, 902 5 4 3 2 1 0 telefono zenbakian eta www.euskotren.es web gunean jaso dezakete.
Geografia aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko erdigunean gaude. Hementxe batzen dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako komunikazio-bideak. LZEk horiei zuzenean eragiten die, eta arduratuta gaude LZEk aurreikusi dituen planak direla eta (Abiadura Handiko Trena, A-8 autopistako 3. erraila, geltoki intermodalak, harrobiak…). Izan ere, gure inguruko ekonomian, ekologian eta gizartean eragin handia izango dute. Oinarrian hau da horiek egiteko emandako justifikazioa: beharrezkoak dira Durangaldetik kanpora komunikazioa azkarragoa izan dadin. Durangaldeko herrien arteko komunikazioa, ostera, eskasa da kasu askotan.
LZE honekin, eskualdea igarobide bat izango da, geraleku barik, geltoki barik. Mugikortasun-azpiegitura handien igarobidea izango da. Beraz, beharrezko dugu Durangaldea batzeko eta egituratzeko proposamenak lantzea, eta horien alde egitea. Zertarako? Bada, gehiegi erabiltzen den garraio pribatua alde batera utzita eta garraio publikoan oinarrituta, eskualdeko herriak euren artean komunikatzeko, eta industrialdeekin, aisialdirako eta jolaserako eremuekin batzeko. Eta, horretaz gain, inguruko eskualdeekin eta industrialdeekin ere batzeko, haietara egunero joaten gara eta.
Zelan izan liteke AHT eraikitzea lehentasunezkoa izatea, gure zergak xahutzearen truke herritarroi ingurune fisikoa suntsitzen badigute eta herriotako paisaia hondatzen badigute? Zelan izan liteke Debagoienarekin garraio publiko duinik ez izatea, eskualdeko milaka pertsona egunero lan egiten hara joaten badira? Zelan izan liteke Durangotik Ermura denbora gehiago behar izatea, Bilbora baino?
Bizkai osoan, gainera, Durangaldeko herritarrok bakarrik ordaintzen dugu eskualdeko herrietara eta Bilbora joateko.
Mugikortasun-arazo handia dugu, eta jasan ere egiten dugu arazo hori. Horrek ingurumenean, ekonomian eta pertsonen osasunean kontrako inpaktuak ditu. Arazoa konpondu beharrean, arazoa larriagoa izango da datozen urteetan, planteatzen diren azpiegitura batzuekin, batetik, eta garraio publikoko politika ezin txarragoarekin, bestetik. Ba al du horrek guztiorrek logikarik?
Eneko Atxa Azurmendi Jatetxeko sukaldariaren ‘Errazetak’, umeakaz jolasean egiteko errezetak liburua salgai dago honezkero. Andoni Lupiañezegaz (Publizistea, irakaslea, umeakaz eta umeentzako telebista saioak be egin izan ditu) batera umeentzako liburua atondu dabe, umeak suetera erakarri, suetea jolastoki eta familiaren topagune bihurtu, guraso eta seme-alaben arteko hartu-emonak hobetu eta, bidebatez bertoko kalidadeko produktuak sustatzeko asmoz sortutako liburua. Danetara, 21 errezeta dira eta horreetako 18k ipuina dakarre. Era berean, koloretako 200 argazkiz be hornidu dabe liburua.
‘Eneko Atxak eta Andoni Lupiañezek errezetak jolas bihurtu ditue, jolasa ipuin egin eta ipuinak janari erakargarriz aurkeztu’, Martin Berasategi sukaldariak liburuaren berbaurrean idatzi dauenez.
Hona hemen, Ibaizabal argitaletxeak banatu eta 20 euroan salgai dagoan ‘Errazetak’ liburuaren ganeko gorabeherak Eneko Atxa eta Andoni Lupiañezegaz:
1.- Andonik proiektua aurkeztu eta beragaz kolaboretako proposamena egin eutsunean, zelan hartu zenduan?
Ideia zoragarria begitandu jatan. Ganera, aspaldiko lagunak gara eta ondo baino hobeto ezagutzen neban Andoniren sentsibilidadea mundu honetan.
Beraz, ‘Errazetak’ proiektuan kolaboretako baietza berehala emon neutsan Andoniri.
2.- Zelako esperientzia izan da zuretzako umeakaz ezkaratzean ibiltea?
Esperientzia ederra izan da, asko disfrutau dot. Lana didaktikoa izan da eta norberak dakiana besteei erakustea, kasu honetan, etxeetako txikienei erakustea, esperientzia polita izan da. Jatetxeko eguneroko beharra baztertu barik, umeakaz errezetak preparetea beharra baino gozamena izan da gehiago, jolas entretenigarria eta osasungarria benetan oso gustora ibili naz.
3.- Andoni, Betizu saioan be umeeek preparetako moduko errezetak porposatzen zenduzan. Hori izan al da ‘Errazetak’ liburuaren sorburua?
Datu bi aitatuko neuskizu liburuaren sorburu moduan. Batetik, umeak gero eta lodiago dagozala dieta eskasaren ondorioz eta, bestetik, beharraren eta egungo bizimoduaren eta gizartean bizi izan doguzan aldaketen eraginez, guraso askok denpora gitxi dabela umeakaz egoteko, komunikazino falta handia dagoala.
Baina egia da, Betizu saioaren barruan egiten genduan atal berezi harek be zeozelan eragina izan dau. Dana dala, atal haretan egiten genduanak eta oraingo proiektu honek zerikusia izan arren, sano desbardinak dirala esango neuke.
4.- Umeak suetera erakarri, suetea jolastoki eta familiaren topagune bihurtzea da helburua. Egungo prisa, bizimodu zoroagaz posible izango ete da helburu horreek betetea?
Bai. Lehen ez deutsut esan baina liburua jaio aurreko gogoeta prozesuan nengoala, urteakaz ezkaratzeen neurria murrizten joan dala konturatu nintzan. Holan da, gure etxeetako ezkaratzak gero eta txikiagoak dira. Umeek gero eta arrotzago iksten dabe ezkaratza, helduok be holan ikusten dogulako eta, beraz, liburuaren helburuetako bat da, ondo pasatuz, ezkaratzak lehen eukan guraso eta seme-alaben arteko komunikazinorako eta hartu-emonetarako balioa berreskuratzea.
Kontuak kontu, errezetak jolas moduan planteauta umeek ondo pasauko dabe eta ondo pasetan badabe, elikadura orekatuaren aldeko jarrera errazago sortuko dala pentsetan dot.
5.- Eneko, ezkaratza sano garrantzitsua izan da gure bizitzetan, gure ohituretan baina gaur egun gure etxeetan, gero eta txikiagoak dira ezkaratzak eta orain urte batzuetako eskola hori, sutondoko kontu horreek galdu egin dira. Zelan bizi izan dozu zeuk aldaketa hori?
Gaur egun bizi dogun bizimodu zoroaren eraginez galdu da hori. Nik neuk umetan eta ez hain umetan bizi izan dodazan momenturik ederrenak ezkaratzean edo ezkaratzearen inguruan bizi izan dodaz eta gaur egun holakorik ez dago. Beti gabilz prisaz eta ezkaratzean denpora gitxi egiten dogu.
Arduratzeko moduko egoerea da ze konturatu ez arren, gure kulturearen zati inportantea da galtzen gagozana. Esangura horretan, ‘Errazetak’ liburua gure ahalegina, ekarpena da ohitura on horreek berreskuratzeko bidean. Beharrezkoa dan sentsibilizazino prozesuan, maila apalean baino ez bada be, zeozelan eragiten badogu, gu pozik.
6.- Andoni, zein edadetako umeei zuzendutako dago liburua?
Nik uste dot umeak bi urtegaz edo hasi daitekezala gauza errazak egiten. Dana dala, ume bakotxa desbardina da, batzuk helduagoak dira eta edade bat zehaztea ez da gomendagarria. Zehaztasun handirik barik, behetik bi urteko muga hori aitatuko neukizu eta gotik ez dogu mugarik jarri. Kontaun hartu, errezetak ez dirala errezeta infantilak, errezeta normalak dira baina erraz egiteko moduan propopsatutakoak. Beraz, edozein lagunek etxean konbidatuak daukazanean be preparetako modukoak dira.
7.- Liburura 21 errezeta eta 18 ipuin batu dozuez. Errezetak aukeratzeko erispideak zeintzuk izan dira? Erraz preparetako modukoak izatea izan al da lehentasuna?
Eneko: dibertigarriak, umeentzako erakargarriak izatea gura izan dogu eta, bai, erraz preparetako moduko errezetak aukeratu doguz. Hori bai, nutrizionisten aholkuak be entzun doguz, asmoa dieta orekatua eta osasungarria bultzatzea dalako. Esangura horretan, era guztietako errezetak sartu doguz, entsaladak, pasta, barazkiak, arraina, okelea eta postreak, zelan ez.
8.- Liburuaren diseinua deigarria da. Zeharretara barik, orrialdeak goitik behera zabaltzen dira, suetean erosoago eta garbiago ibilteko…
Andoni: liburuari formato bertikala emon gura izan deutsagu, ze ohiko sukalde-liburuak, ganerako ia liburu guztiak bezela, zeharretara irakurten dira eta, jakina, ezkaratzean liburua aurrean daukazula kozinetan zabilzanean, normala da galtzea, orrialdeak aurrera edo atzera egitea. Ganera, eskuak be lohi daukazuzanez, liburua be lohitzeko arrisku handia dago. Hori guztia ebitetako emon deutsagu formato bertikala. Piramide itxurea dauka eta mahai gainean ipini daiteke, kasuan kasuko orrialdea denpora guztian bistan daukazula.
Horrezaz gan, kozinan erabilteko liburua dala kontuan hartuta, zikindu barik ibiltea ez dala erraza izango kontuan hartuta, orrialdeei plastikotasun edo inpermabilidade puntu bat emon deutsegu zapi bategaz erraz garbitu ahal izateko.
Funtzionalidadearen harian, errezetak zenbat pausutan planteau eztabaidatzen ibili ginan eta azkenean lau pausu zehaztea erabagi genduan. Errazak eta erakargarria izatea lehenetsi genduan baina kasuren batean zailtasun puntua ikusi badogu, argazkia erantsi deutsagu.
9.- Datozen urteotan elikadura orekatua izango ei da erronka. Bide onetik goaz?
Eneko: Alderdi edo arlo batzuk kontuan hartuta ondo gabilzala esango neuke baina beste arlo batzuetan, barriz, asko dago egiteko. Sentsibilizazino eta kontzientziazino prozesuan aurrera egin behar da eta gurean ugari doguzan kalidadeko eta labeldun produktuen aldeko jarrereari eutsi behar deutsagu. Denporadako produktuen kontsumoa suspertzea be nahitaezkoa iruditzen jat eta danetarik jatearen aldeko apustua sendotzea.
Osasuna eta kulturea dagoz tartean eta seme-alaba eta gurasoen arteko hartu-emonak be bai. Beraz, baztertu behar ez dan gaia da, bape duda barik.
Andoni: pozik geldituko nintzateke liburuari esker familia batzuetan ezkaratza ikusteko erea aldatzea lortzen badogu. Ezkaratzean disfrutetea lortzen badogu, janaria beste modu batean ikusiko dogu eta dieta orekatua, orain arte euki doguna lortzea errazagoa izango da.
10.- Amaitzeko, Eneko, Michelin izar baten jaube izanik, zelan ikusten dozu euskal sukaldaritza barriaren etorkizuna? Krisia igarriko zenduen zuok be, ezta?
Euskal sukaldaritza barriaren etorkizuna ondo ikusten dot. Jente gaztea be badator eta polito gabilzala uste dot. Ganera, suberte handia daukagu, gure produktoreei esker gero eta jateko hobeak, kalidade handiagokoak daukaguz, bizi garen lekuan bizitea pribilegio handia da, ortuko produktuak zein itsasokoak esku-eskura daukaguz eta lehengai horreekaz kozinetea eta jateko osasungarriak eskaintzea beti da errazagoa.
Edozelan be, betiko sukaldaritzea, tradizionala da arduratzen nauena, izan be, zeozelan galtzen dagoala igarten dot, belaunaldi aldaketearen eta egungo bizimodu zoroak dakarren jateko estiloaren eraginez. Kultura gastronomikoari ez deutsagu galtzen itxi behar eta, esangura horretan, Foccus azoka gastronomikoaren barruan, egunotan ‘Bizkaiko Sukaldaritza’ proiektua aurkeztu dogu Llona-Badiola Fundazinoak, Artxandako Ostalaritza Eskoleak eta nik neuk, batez be, Bizkaiko sukaldaritza tradizionalari eusteko asmoagaz.
Krisiarena be hortxe dago, igarri igarten da, baina ni neu pribilegiatua sentiduten naz. Larrabetzuko Arzurmendi Jatetxea bere ibilbidea egiten dago eta aurten, beste bi jatetxe zabaldu doguz, bata Bilbon, ‘Kalaka’ eta bestea Madrilen, Villamagna Hotelean.
Umeak suetera erakarri, suetea jolastoki eta familiaren topagune bihurtu, guraso eta seme-alaben arteko hartu-emonak hobetu eta, bidebatez bertoko kalidadeko produktuak sustatzeko asmoz sortutako liburua da gaur BECen, Foccus azokearen barruan aurkeztu dabena. Andoni Lupiañezen jatorrizko ideiagaz bat egin eta proiektuan nahastautako lagunak ugari dira, besteak beste, Eneko Atxa, Azurmendi Jatetxeko sukaldaria, Kalitatea Fundazioa etadi-da Komunikazioa.
Danetara, 21 errezeta batu ditue, erraz-errazak danak, umeakaz egiteko sano aproposak, eurekaz egiteko berenberegi sortutakoak baitira. Barazkiak, entsaladak, arraina, okelea eta postreak zelan egin topauko dogu liburuan. Gainera 21 errazeta horreetatik 18k ipuina dakarre alboan prozesua dibertigarriagoa izan daiten.
Diseinuari jagokonez, liburua kozinan erabilteko oso aproposa da eta zeharretara barik, goitik behera, bertikalean erabilteko atondu dabe, orrialdeak ahalik eta gitxien zikintzeko eta errazetea preparetan, produktuak erabilten gagozala, kasuan kasuko orrialdea galdu ez daiten.
‘Errazetak‘ liburua Ibaizabal argitaletzeak banatuko dau eta salneurria 20 eurokoa izango da.
41 urteko gizon bat atxilotu dute gaur Durangon (Bizkaia), labana batekin bikotekide ohiari eta haren bikotekideari eraso egitea egotzita. Durangoko Alde Zaharreko etxebizitza batean gertatu da ustezko erasoa.
Atxilotua bikotekide ohiaren logelan sartu da labana batekin eta mehatxu egin dio, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Mugikor bat eta dirua ere lapurtu diola adierazi du ustezko biktimak.
Urte bi disko barririk atara barik egon ostean -tartean hainbat ekimen egin izan dituan arren-, Mikel Urdangarin zornotzarra ‘Zubia’ izeneko lan barriagaz jatorku, ’sentimentu barea’ transmitidu guran. Askok, orain arteko diskoak baino poperoagoa dala dinoe baina nor hobeto protagonistea bera baino disko barriaz berba egiteko.
1.- ‘Zubia’ izenburua jarri deutsazu lan barriari. Ze bi puntu alkartzen edo urruntzen ditu zubi horrek?
Nahiko neuke zu eta ni hurreratzea, zeozelan esatearren. Zubia da kanta bategaz norberak lortu gura dauena. Niretzat, kanta batek ez dauka zentzurik norberak egin eta inora ailegetan ez bada. Beti ikusten dozu edo pentsetan dozu horixe dala politena. Imajinau kantea zubi bat dala, ez dakizu nora doan zubi hori, baina zubirik ez badago, kantea umezurtz geratzen da.
2.- Oraingoan, aurreko lanei baino pop ikutu nabarmenagoa igarten jake kantei. Bizi dogun krisi sasoian, komertzialtasuna bilatu dozu estilo horregaz?
Ez. Esango neuke beste diskoetan be, ez danetan bainoa inoiz be agiri da poparen ikutua ze nire musikeak ikutu asko ditu. Egia esateko, nire musikea hainbat eskuk eta hainbat musika-estilok ikututakoa da. Pasetan dana da single-a poperoa dala eta badira ikutu batzuk poperoak diranak baina rocketik euki leikienak be badagoz, atmosferikoak, suabeak…
Helburu komertziala… zure musikea zabaldu dagien gura dozu baina oinarrian kantak dagoz, eta kanta horregaz zuretzat egokiena dan moduan kontau gura dozu zeozer. Batzuetan, horrek ikutu poperoa eukiko dau eta beste batzuetan ez, baina ez da bilatutako ezer.
3.- Zein da ‘Zubia’ eta aurreko diskoen arteko desbardintasun edo barrikuntza nabarmenena?
Nik soinu aldetik beste soinu-mueta bat igarten deutsat, garbia, instrumentuak eta ahotsak ondo definiduta. Kontetan diran kontuak aspaldikoak izan daitekezan arren, niretzat kanta barriak dira, hamar kanta barri. Beraz, hori da barrikuntzea.
4.- Berbatan, betiko lagunak kolaboratzaile legez aritu izan dira: Kirmen Uribe, Unai Iturriaga eta Karmele Jaio. Ingurukoen laguntzinoa ezinbestekoa dozu kantak egiteko?
Kolaborazino horreek berenberegi eskatutakoak dira eta musikea emonda. Gatx egin jatan kanta horreei letrak jartea. Banituan ideia batzuk, berba batzuk, baina ezin abiatuta nengoan. Unaieri be gauza bera pasau jakon, ez ekian zelan hasi; beraz, uste dot melodia horrek baeukala zeozer. Hirurek egindako lana oso azpimarragarria da, kanta onak egin doguz alkarregaz.
Kontua da nire lagunak dirala eta idazle finak; alboan ditudala aprobetxau gura izan dot ze baleiteke aurrerantzean ez egotea bategaitik edo besteagaitik. Niretzat suberte handia da eurekaz lan egin ahal izatea.
5.- Zeintzuk diran landu dozuezan -zeuk eta lagunek- gai nagusiak?
Esango neuke diskoaren gai nuklearra maitasuna dala. Norbera inportanteena dala uste izan arren, alboan ez badaukazu inor ez dauka zentzurik. Badago irudi bat, eta kanta bat, diskoari izena emoten deutson ‘Zubia’ izenekoa, ni asko inspirau nauena. Kanta horretan pertsona bi agiri dira, bata zubiaren alde batean eta bestea bestaldean. Alkar ikusi arren, ez dakigu zergaitik, ez dira gai zubia pasau eta alkarregaz egoteko. Ikusia dabe alkar, sentidu egiten dabe, ia ikutu, baina, kanteak zubia pasetera bultzatu arren, ez dabe pausurik emoten. Irudi hori presente dago diskoan.
Herriaren irudia be jorratzen dot Unai Iturriagak eta Kirmen Uribek egindako berbakaz, herri honetako hartu-emon gatazkatsuak lantzeko. Memoria historikoagaz zerikusia daukan kantarik be badago, omenaldia fusilatu anonimoei… Gatxa da norberaren kezka guztiak disko batean sartzea baina batzuk, behintzat, agiri dira.
6.- ‘Anek idatzi dit zutaz’ diskoa 2007an argitaratu zenduan eta urte bi geroago dator disko barri hau. Luze egin jatzu urte biko prozesu hori? Zaletuei, akaso, luzeegi egingo jaken…
Luze ez… Egun, luze ez da ezer egiten, denporea di-da pasetan jatala esango neuke! Luze ez, baina azken hilabeteotan diskoa eskuan izateko irrikitan nengoan eta hori egin jat luze.
Beste proiektu batzuekaz lanpetuta ibili naz eta lanpetuta zagozanean denporea aurrera doa. Kirmen Uribegaz egiten dodan ‘Internet Café’ ekimenak oraindino be aurrera segiduten dau eta Traspasos jantza-taldeagaz be proiektu bat egin neban eta barriro errepikatuko dogu. Ganera, diskoaren hainbat zuzeneko be eskaintzen egon naz eta uda honetan be jo izan dogu, beraz, ez gara ezer egin barik egon. Ezer egin barik egon izan bagina, orduan bai, ez baitago gauza gogorragorik sei hilabetez ezer egin barik egotea. Tartetxu bat ondo etorten da, baina lan egin eta gero.
7.- Noiz hasiko zara disko barriaren zuzenekoakaz?
Bilboko eta Donostiako FNAC dendetan jo behar dot baina aurkezpen-kontzertu ofiziala Bilboko Arriaga antzokian izango da zemendiaren 30ean. Ohiko bandeagaz joko dot, Rafa Rueda gitarra elektrikoan, akustikoan eta banjoan; Bingen Mendizabal eta Nika Bitchiashvili bibolinetan, Saihela baterian eta Koldo Uriarte tekladuan eta pianoan, baina nobedade bat be izango da, Josu Zabala be gugaz egongo dalako. Durangoko Azokearen harian be beste kontzertu bat eskainiko dogu eta hor be Zabala egongo da.
8.- ‘Mikel Urdangarinen musikeak zerura begiratu eta hodei zurien ibilbidea begiratzeko gogoa emoten deusku’, dinoe Baga-biga diskoetxeko iturriek. ‘Lo dagoanaren ganean botatako izara leuna da Mikel Urdangarinen musikea’, Karmele Jaiok. Zer deritxazu definizino horreei? Zuk zelan definiduko zeunke disko hau?
Nik ezingo neuke holan berba egin nire musikaz, kursi hutsa edo harroputza izango nintzateke ze norberak ezin dau bere musikeaz holan berba egin. Baina beste inor topetea holan idazten dauela… Ganera, Karmelena badakit sentidua dana, bihotzez idatzita dagoana. Niretzat, idazki hori opari bat da eta batzuetan lotsagorritu egiten nau. Eskertzekoa da ze nik disko honetan hainbeste gogo, ilusino, sentipen… jarri dodaz eta pozten nau ingurukoek holan ikustea.
9.- Eta zuk, zelan definiduko zeunke diskoa?
Zubian bestaldera heltzeko gogoa. Kantetan igarten da ez daukadala prisarik ezertarako bereziki eta uste dot diskoan hori igarten dala, ez daukat presinorik kantarik egiteko ez gauzak jazoarazoteko… Disko honegaz sentimentu barea transmitidu gura dot.
10.- Aurreko diskoa, ‘Anek idatzi dit zutaz’, zeure kontura plazaratu zenduan. Oraingoan, barriz, Baga-bigadiskoetxea daukazu atzean. Damutu egin jatzun esperientzia ha?
Orain urte bi ikusi genduan aukerarik onena autoproduzinoa zala, beste aukerak ez zirala onak sentiduten gendualako eta edizino propioan sinistuta gengozalako. Aurtengo proiektuak be autoprodukzinoa izan behar eban hasiera batean baina Baga-bigakoak interes handiagaz hurreratu jakuzan hasieratik eta eskaintza duina egin euskuen zentzu guztietan.
Disko bat ataratea lan handia da eta arriskuak hor dagoz. Bakarrik atarateak askatasun handia emoten deutsu… bere alde on eta txarrak ditu autoprodukzinoak. Halanda be, nik ez deutsat uko egiten.
Orain, Baga-bigak apustu sendoa egin dau eta aukera honek arrazoi onak dituala sinistu behar dot orain.
Egoera hain jasangaitza da, ezen gazteak ostiral honetan (urriak 2) atzetik zituen jarraitzaileei aurre egin diela.
Ia bi urtez jazarpen polizial itogarria sufritzen ari dela salatu du auzitegian Durangaldeko gazte independentista batek.
Lehendabiziko jarraipenak 2008ko urtarriletik 2009ko maiatza bitartean eman ziren. Aipatu lagunaz gain, bere lagun eta herrikide bat ere jazarri zuten orduan poliziek. Epaitegietara jo eta bi salaketa jarri zituzten, 19 ibilgailuren datuak (matrikula eta modeloa) eta hainbat pertsonen deskribapenak emanda. Zantzu guztien arabera, polizia espainolak ziren gau eta egun atzetik zituztenak.
Informazio zehatza eman arren, epaileak ez du auzia aurrera eramateko borondaterik erakutsi. Hori bai, “intimidazio eta koakzio” kasu baten aurrean geundela onartu zuen.
Gazteen abokatuak, Alfonso Zenonek, helegitea jarri zuen eta egun errekurtso horren inguruko erabakiaren zain daude.
2009ko maiatzetik aurrera, hau da, salaketa jarri ostean, egoera apur bat baretu egin zen, baina gazteetako bat laster ohartu zen beste pertsona batzuk eta beste ibilgailu batzuk zituela jarraika. Dena den, handik gutxira jazarpena bukatu egin zen eta azken bi-hiru hilabeteotan gazte horrek bere bizimodua normaltasunez egin ahal izan du.
Hala eta guztiz ere, irailaren erdialdeaz geroztik, gazte hori jarraipen polizial itogarria ari da sufritzen berriro. Goizean goizetik 6-8 pertsona eta hiru auto ditu atzetik, edonora doala ere. Arratsaldean, berriz, beste 6-8 pertsona eta beste hiru auto. Etxeko atarian, lantokian, kalean barrena, kirola egiterakoan nahiz tabernetan ematen dira jarraipen horiek. Argiago esanda: etxetik ateratzen den unetik ditu atzetik jarraika eta etxean dagoenean ere kanpoan izaten ditu zain.
Gauzak horrela, Durangaldeko gazte honek epaitegira berriro jotzea erabaki du. Oraingo honetan beste 15 autoren datuak (matrikula eta modeloa) eman ditu, baita atzetik dituen hainbat pertsonen deskribapenak ere. Gainera, Zornotzako taberna batean, bere herrikoa den ertzain bat antzeman zuen beste bi jarraitzailerekin batera zegoela. Zantzu guztien arabera, Ertzaintza dago jazarpen honen atzean.
GAZTEAK JARRAITZAILEEI AURRE EGIN DIE
Egoera hain jasangaitza da, ezen gazteak ostiral honetan (urriak 2) atzetik zituen jarraitzaileei aurre egin diela. Goizean autoan zihoala, beste behin ere hiru auto atzetik zituela ohartu da. Orduan, errepidean buelta eman, ertzainen atzean jarri eta minutu batzuz bera izan da haien atzetik joan dena. Gauzak horrela, poliziak Lemoako gasolindegi batean geratu dira eta gazteak ere gauza bera egin du.
“Aski da! Nazkatuta nago! Mertzenario batzuk baino ez zarete!”, oihukatu die. Ertzainetako batek “nor zara zu? Osti batzuk emango dizkizut!”, erantzun dio. Gazteak orduan Lander Fernandezi egin zioten gauza bera egingo ote zioten galdetu die. Jarraian euren kontrako salaketa jarri duela ohartarazi die gazteak eta alde egin du.
Gaztearen abokatuak, Alfonso Zenonek, salaketa bat jarri berri du (hirugarrena jada, jarraipenak 2008ko urtarrilean hasi zirenetik), baina epaileak neurririk hartzen ez badu edota jazarpenarekin jarraitzen badute, Arartekoarengana ere joko dute. Zenbait lagun jarraipen horien lekuko izan dira eta jazarpena izugarria dela baieztatu dute.
IRAKURKETA POLITIKOA
Egoera honen aurrean, Durangaldeko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ondokoa esan nahi ditu:
1-Gure elkartasuna adierazi nahi diogu gazte honi eta gure laguntza eta babes osoa dituela jakinarazi.
2-Euskal Herrian jazarpena pairatzen duten lagunak asko eta asko dira eta kasu hau, tamalez, izebergaren punta baino ez da; hori dela eta, jazarpen mota guztiak salatzeko deia egiten dugu. Salaketarik ez badago, errepresioa ere ez, eta orduan Estatu terrorista hau ezingo dugu nazioartean agerian utzi.
3-Frantziak eta Espainiak eta euren menpe dauden polizia ezberdinek hamarkada luzeak daramatzate errepresioa erabiltzen. Konponbidea ez da bide horretatik helduko. Errepresioaren bidetik gatazka politikoa elikatzea, luzatzea baino ez dute lortuko.
ASKI DA! UTZI BAKEAN DURANGALDEA!
Berrizko udal kiroldegiak bi irteera antolatu ditu urrirako. Alde batetik, Santiagoko Bidearen etapa berri bi egiteko aukera izango da urriaren 17an eta 18an, eta bestetik, Berriz-Oiz ibilbidearen hamargarren edizioa egingo da urriaren 25ean.
Santiagoko Bideari dagokionez, maiatzean hasi ziren berriztarrak Donejakue Bidea egiten, frantses bidea, alegia. Orreagan hasi eta Iruñera arteko etapa bi egin zituzten. Orain, urrirako, hurrengo etapa biak egiteko irteera antolatu dute, eta Iruñea-Gares Lizarra arteko bidea egingo dute urriaren 17an eta 18an.
Aurreko irteeran bezala, ostatua eta gosaria izango dute partaideek. Horrez gain, ardo upategi bat bisitatzeko aukera ere izango da eta botila bat opari izango dute. Bidaia eta gau bateko ostatu-gosariaren prezioa 65 eurokoa da. Interesatuek urriaren 9a baino lehen eman behar dute izena Berrizburu kiroldegian.
Bestalde, dagoeneko hamargarren edizioa bete du Berriz-Oiz mendi ibilbideak, eta urriaren 25ean egingo da aurtengoa. Elizondon goizeko 9:00etan izango da irteera. Hiru euroko izen-ematearekin jasotako dirua esklerosi anizkoitzaz arduratzen den fundazioari emango zaio. Izena aurrez Berrizburu kiroldegian zein egunean bertan abiapuntuan eman daiteke.
Gau, urriak 3, goizeko 12:30ak inguru bi lagun Durangoko Ezkurdi plazan, Batzokiaren aurrean dauden bi zuhaitzetara igo eta bertan lotu dira. Bitartean jende multzo bat eskuorriak banatzen aritu da eta beste batzuk amalurraren suntsiketaren aurkako pankarta eta oihuen bidez babestu dute ekintza hau.
Ekintza honen bidez, irailaren 29tik, Itsasondo-Legorretan hasi diren AHTren obrak gelditu eta zuhaitzen mozketa ekidinez, zuhaitz gainean zintzilikaturik dauden ekintzaileekiko elkartasuna adierazi nahi izan da. Gainera AHTren eta mehatxatxen gaituzten beste hainbat proiektu txikitzaileen aurkako ekintza zuzena bultzatzea da gure helburua.
Honez gain, eraikuntza enpresen eta politikarien hipokresia salatzen dugu. Adibide garbi bat, Durangoko udaletxeak, etxebizitzak eraikitzeko Magdalenako ermitan dauden ehun urte baino gehiagoko zuhaitzak moztu izana da, itsurakeria zikinaz ondoren zuhaitxo bat landatu dutelarik.
Ordu laurden beranduago, Ertzainen patruila batzuk agertu dira ekintza burutzen ari zen lekura, bertan babesa eskeintzen ari ziren pertsonak identifikatuz eta zuhaitzetan igota zeudenei jaisteko esanez. Ordurako jende ugari hurbildua zen bertara, bai harridurak erakarrita edota babesa eskaini nahian. 30 minutu pasatxo zirela, suhiltzaileen kamioi batek etorri behar izan du zuhaitzetan loturik zeuden `pertsonak jaisteko, guztia AHTren, kapitalismoaren , desarrollismoaren,…aurkako ohiuen artean eman delarik. Azkenik, suhiltzaileek zuhaitzetik 2 pertsonak jaitsi ostean, poliziak identifikatu egin ditu.
Ekintzak iraun duen bitartean banaturiko testua ondorengoa izan da:
ZUHAITZEI SUSTRAIETATIK EUTSIZ, AHTrik EZ!
Gaur, urriak 3, Ezkurdiko zuhaitzetan burutzen ari den ekintzari buruzko zergaitiak adierazi nahi ditugu eskuhorri honen bidez.
Zuhaitz hauetatik zintzilikatu gara, ekintza sinboliko honen bitartez, Itsasondo eta Legorreta artean (Gipuzkoa) dagoen Zubin ibaiaren inguruan, Abiadura Handiko Trenaren Ordizi-Legorreta zatiaren obrak hasi direla salatu eta bertako zuhaitzetan zintzilik dauden AHTren aurkako ekintzaileei elkartasuna adierazteko.
Irailaren 29az geroztik, hainbat lagun, AHTren obrek Itsasondon kalteturiko lur eremuan dauden zuhaitzetatik zintzilikaturik daude, lur hauetan egin nahi den triskantza eta zuhaitzen mozketa ekidin ahal izateko. Horretarako, 120 urte inguru dituzten hiru pagotan plataformak muntatu dira eta ekintzaileak 20mko altueran daude, jeisteko asmorik gabe eta zuhaitzak defendatzeko prest.
Gaur, ekintzaileen jarrerak tinko dihardu, zuhaitzetatik zintzilik jarraitzen dute, beraz, ekintza zuzen honen bitartez beraiekiko elkartasuna adierazi nahi dugu eta batzuen irabazi ekonomikoen arabera eta progresuaren izenean burutzen ari diren gure amalurraren suntsiketa salatu nahi dugu berriro ere.
Guztiagatik, zuhaitzei sustraietatik eutsiz, Itsasondoko baso kaltetua defendatzeko asmoz zuhaitzetara igota dauden zenbait lagunek eta Durangoko Ezkurdiko zuhaitzetara igotakoek, AHTren aurkako desobedientzi ekimen honi babesa emateko deia egiten dugu, leku kaltetura hurbilduz, edota bakoitzak bere inguruan ekinez.
Zuhaitzei sustraietatik eutsiz, AHTrik EZ!!
Ekintza zuzena denon betebeharra da!!
Bizkaiko Batzar Nagusietako Ezker Abertzaleko taldea
Mallabiko Udal Gobernuko kideak
Atzo bertan, Batzar Nagusietako Ingurumen batzordean, Zabalgarbiko errauskailuak Orduntetik datorren ur hobian eragiten dituen kalteen harira, berriro ere gure herrialdean zaborren kudeaketaren inguruan Foru Aldundiak harturiko okerreko bidea salatzeko aukera izan genuen, bere garaian ere, eta urte guzti hauetan zehar ezker abertzaleak egindako alegazio, kritika eta irakurketetan adierazitako arriskuak zein herritarren osasunean eragin zezakeen kalteak berretsi direlarik.
Aski ezaguna da Gipuzkoako lurraldeak duen arazoa zaborraren kudeaketarekin. Gipuzkoatik Bizkaira urtero 25.000 tona zabor garraiatzen dira gutxi gora behera eta datorren urteetan posible da zabor garraio hau ugaritzea.
Gipuzkoako zaborrak Bizkaiko Igorre, Jata eta Ortuellako zabortegietara garraiatzen dira. Gaur eguneko martxan Igorrekoa bi urtetan lepo egongo da eta Bizkaian ere arazoa areagotuz joango da. Egoera hauen erantzule bakarrak zaborren kudeaketaren eredu hau lehenetsi dituzten Foru Aldundiak ditugu, bestelako ereduen aldeko politikak proposatu eta aurkeztu direnean, baztertuak izan direlarik, adibidez, atez-ateko bilketaren inguruko proposamenak. Denak baztertuak izan dira, Zabalgarbi II-ren aldeko hautua argia da. Halaber, Bizkaira zabor gehiago ekartzeko dauden saiakerak salatu nahi ditugu, eta datuak eman emango ditugu, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zenbait enpresekin ezkutuko negoziaketak egiten diharduelaren susmo argiak ditugulako.
Mallabian “hondakin ez arriskutsuak” isurtzeko baimena duen Iruatxetako zabortegia eraiki da azken urte hauetan Areitioko mendatean BETEARTEk bultzaturik -gerora ABGk xurgaturikoa-. Hasieratik Mallabiko herrian egonezina sortu izan duen isurtegia da hau, bertako baimen eta lizentzia guztiak lortu bai zituen – udalean ezker abertzalea ez zegoenean ordezkaturik apartheida medio- eta proiektu guztia isiltasuna eta datu ezkutaketarekin inguratuta egin zelako. Irailaren 8an, jaso genuen udalean Gipuzkoako hiri hondakinak bertan isurtzeko proposamena ia onartuko genuen EKONOR (FCC) enpresako ordezkari ezagun baten ahotik. BETEARTEn hiru bazkide daude: EKONOR, URBASER (ACS) eta BEFESA.
Elkarrizketan EKONOReko bitartekari honek esan zuen honetarako ez dagoela inolako arazo teknikorik ez legalik. Hainbat gestio egin izan direla Jaurlaritzarekin eta baimena emango liokeela Betearteri zabor horiek bertan botatzeko. Iruatxetan hiri hondakinak isurtzeko jadanik lau urtetarako akordioa ere egina dagoela, aipatu zigun, Gipuzkoak hiru lau urtetan bere problema konponduko zuelako. Aurreakordioa dagoela bi Foru Aldundien eta Betearteren artean hau burutzeko eta hondakin hauek hemen, Igorren eta Jatako isurtegien artean banantzeko.
Irailaren 22an BETEARTEko zuzendariaren eskutitz bat jasotzen dugu non jakin arazten diguten ukatuko egingo direla isurtegi hau moldatzera Hiri hondakinak jaso ditzan.
URBASER enpresatik, isurtegi horretan Hiri Hondakin Solidorik ez direla joango berretsi ziguten ahoz bertako zuzendarietariko batek irailaren 18an. Konpromiso idatzirik oraindik ez dugu lortu. Ez gara fio, eta badirudi lehen aipatu gainontzeko enpresetako bat negoziaketetan jarraitzen duela Foru Aldundi biekin.
Atzoko udaleko osoko bilkuran berretsi bezala, gure mezua ozen eta garbi adierazten dugu alde batetik EKONOR, URBASER eta BEFESA enpresei: krisia dela eta, orain hondakin industrialak gutxitzen ari direnean ez dugu onartuko Mallabiko isurtegian hiri hondakinak sartzerik, orain hau delako negozioa. Eta ez dugu onartzen, bertako lizentzia hondakin industrialetarako emanda dagoelako, osasun arazoak egon daitezkeelako bere kokapenagaitik (herri gunetik 500 metro eskasetara dago), eta gure bizi kalitatea zeharo kaltetuta izango zelako. Beraz enpresa pribatua denez exijitzen diegu Betearte osatzen duten hiru enpresa hauei (HIRUREI !!!) esateko argi eta garbi euren isurtegi honetan ez dela hiri hondakinik onartuko. Eta guri, udalari, konpromiso idatzi eman diezagutela non garbi eta argi jarriko duen ez orain eta ez hurrengo urteetan ez dela onartuko isurtegi horretan hiri hondakinik. Mallabitar guztion osasuna gutxi batzuen negozioen gainetik daude eta hartara herritar guztiak gaur arratsalderako deitua dagoen herri asanbladara hurbiltzea eskatzen diegu gai honen berri emateko eta herritarren erantzuna zein izan behar duen adosteko.
Bestalde, Foru Aldundiari eta Jaurlaritzari adierazi nahi diogu badakigula zer arazo dagoen hiri hondakinekin Gipuzkoako lurraldean batez ere. Kontuan har dezatela zaborrarena bai dela guztioi ukitzen gaituen arazoa. Beraz hainbeste diru gastatzen ari direnean gutxi batzuei mesede egingo dieten makroproiektu erraldoi batzuetan AHT bezalakoan adibidez, dirurik ez dagoenean ez udalean, ez Diputazioan eta ezta Jaurlaritzan ere; gastatu dezatela dirua benetan guztioi afektatzen gaituen benetako arazoak konpontzen. Bultzatu ditzala eta lagundu dezala Usurbilen burutzen ari diren bezalako atez ateko bilketa beste udalerrietan ere, herri honetan izandako emaitzak benetan arrakastatsuak direlako, datu bat aipatzearren 2008ko apirilean 173.200 kilo eraman ziren zabortegira, eta 2009ko apirilean, berriz, 25.380 kilo. Hau da, aurtengo apirilean iazkoan baino 148.000 kilo zabor gutxiago bota da zabortegira, %85,35 gutxiago, alegia. Halaber, zabortegietara doazen kilo horietan ia ez dago materia organikorik.
Gure aldetik, Ezker Abertzaleko taldetik Foru Aldundiari berehala erantzuteko itauna egin diogu, gai honen inguruko argipenak eskatzeko.
Hiri hondakinek badutelako errauste planta eraikitzeaz aparteko beste alternatiba. Eta Usurbilgo ekimenaren arrakasta ikusita, beste herri batzuk ere atez ateko bilketaren aldeko apustua egin berri dute, Oiartzun, Hernani edo Debagoieneko Mankomunitateak kasu. Errauskailuek ez dutelako desagerraraziko bestelako isurtegiak. Merezi duelako benetako hondakin kudeaketan inbertitzea guztion onerako, guztion osasunaren onerako.
Euskara, gazteak eta parte-hartzea. Horiek izango dira “EuskaraGAZ parTE hartuz” jardunaldiko hiru ardatzak. Elhuyar Aholkularitzarekin lan egin duten eragileek bere esperientziak partekatuko dituzte.
Urriaren 8an izango da hitzordua, Durangoko Elkartegian, 09:00etan hasi eta eguerdia bitartean.
Debako hausnarketa
Esaterako, euskararekiko dituzten jarreren eta aurreiritzien inguruan hausnartzen lagundu die Elhuyar Aholkularitzak Debako gazteei, horrela euskararen erabileran eragiteko; jardunaldian gazte horietako zenbaitek eta Udaleko euskara-teknikariak azalduko dute nola egin duten lan eta parte hartzeko prozesuak zertan lagundu dien.
Berrizko gazteen jarrerak aktibatzeko prozesua
Berrizko alkate Javier Azpitartek ere hartuko du parte Durangoko hitzorduan. Izan ere, Berrizen gazteen jarrerak aktibatzeko prozesua gidatu du Elhuyar Aholkularitzak eta Udalak horrelakoetan duen arduraz eta hartu beharreko jokabideaz hausnartuko du Azpitartek.
Euskara erabiltzeko eragina duten faktoreak
Bestetik, gazteek euskara erabiltzeko orduan eragina duten faktoreak aztertu dituzte hainbat eragilek eta Topaguneko Sonia Perezek horren berri emango du. Eta, azkenik, Elhuyar Aholkularitzak bere lan metodologia azalduko du, parte-hartzean oinarritutako eredua.
Entzundakoaz eztabaidatzeko aukera izango dute jardunaldian parte hartu dutenek.
Iurreta prest dago jada sanmigeletako azken txanpari heltzeko. Atzoko egun lasaiaren ondoren, ekitaldiek berriro hartuko dute gaur herria. 16:45ean haurrentzat poney festa izango da, herriko plazan. Eta 19:00etan Cruzadas cotidianas antzerkia aurkeztuko dute Ibarretxe kultur etxean. Hala ere, asteburuarekin batera itzuliko dira jaiak bete-betean, batik bat, larunbatean mozorro egunarekin.
Tribu urbanoak hartuko dituzte aurten mozorrotzeko gai, eta goizean goizetik ikusi ahal izango dira mozorroak; eta mozorrotzen ez denak ezin izango du herri bazkarian bazkaldu. Urteen poderioz mozorrotzea ohitura handia bihurtu da Iurretan, eta kanpotarrek ere ederki asko gozatu ahal izango dute herritarren irudimenarekin.
Igandean, artisau azoka
Jaiak igandean amaituko dira. Nekazaritza eta artisau azoka izango dira goizean, eta arratsaldean herriko dantzariek eta Galdakaoko Andra Mari taldekoek hartuko dituzte kaleak. Festa 22:00etan amaituko da ohiko bertsoekin eta gauerdira arteko erromeriarekin.
Aulablog gunean argitaratu denez, Zornotzako Orue Eskolako zuzendaritzak kaleratu egin du irakasle bat, ikasgai bat zehaztutako kurrikulumera lotu gabe irakasteagatik, zehazki blog bat erabiltzeagatik ikasketa prozesuan. IKA Ikastola Katolikoen Alkarteko partaide da Orue Eskola. Aulablogek kaleratze-oharraren eskanerra ere argitaratu du, gazteleraz idatzitako gutuna.
Aulablogek kontatzen duenez, lanegun baten hereneko dedikazioarekin lan egiten zuen irakasleak, eta Garapen kognitibo eta psikomotorra zen bere ikasgaia. Estekan klikatzen baduzu, horixe da irakaslearen bloga, kaleratzearen motiboa. Hamazortzi ikasle zituen 2008-2009 ikasturtean irakasle honek, eta irakasleari puntuaketa ona eman omen zioten (7.8 puntu 10eko eskalan). Ikasleek ere parte hartzen zuten ikasgaian, bakoitzak blog batekin: horien batuketa Netvibesen antolatu zuen irakasleak.
Zuzendaritzak zera adierazi dio irailean bidalitako gutunean irakasleari:
La metodología que usted ha utilizado para dar sus clases no se ajusta a los parámetros establecidos por la normativa en vigor (Diseño Curricular Base del Ciclo de Educación Infantil), ya que usted la ha basado en el uso del blog como elemento motor de la asignatura.
Mikel Urdangarinek ‘Zubia’ atera du, «disko atmosferiko, lurruntsu baina dinamikoa»
Ohiko musikariekin grabatu du, eta aurreko lanen itzal handia duen arren «betiko gaiei egungo ikuspegitik» heldu diela azaldu du
Bakarka zortzi disko osatu ondoren ezer berririk esatea zaila dela uste du Mikel Urdangarinek (Zornotza, Bizkaia, 1971). Ondorio batera iritsi da musikaria: «Disko honetan abesten ditudan kontuek, gaiek, itzal handia dute aurreko lanetan ere». Alabaina, bada aldaketarik. «Ez naiz lehengo berbera, denok aldatzen gara, eta aldatzean bestela heltzen diegu gaiei». Beste begirada batez.
Halaxe landu ditu Zubia disko berriko hamar kantuak, indarberriturik eta begirada gaurkoturik. «Betiko gauzei bestela begiratu diet, eta, beraz, diskoan batez ere hori nabaritzen dela uste dut, begirada aldatu egin dela», adierazi du Urdangarinek.
Maitemina da kantu gehienen ardatza, baina landu ditu bestelako gaiak ere, tartean herria eta memoria historikoa. Azken batean, pertsonen arteko harremanek ematen diote atentzioa Urdangarini, eta diskoan, kezkak eta alaitasunak tartekatu ditu, kantarik kanta. Helburu bat ere izan duela esan du, intentzio bat: «Zauriak sendatzeko ahalegina dago diskoan».
Izena ematen dion abestiak, Zubia-k, esaterako, zubi baten alde banatan dauden bi pertsonaz hitz egiten du. Elkar ukitzen dute ia, elkar sentitu, baina ez dira gai zubia zeharkatzeko, nahiz eta kantuak zubia igarotzera eramaten dituen. «Diskoan zubia pasatu behar dela esaten da». Igarotzearen aldeko mezua zabaltzen dute Urdangarinen abestiek.
Ohikoa duen bandarekin grabatu du diskoa; alegia, Fernando Sayela (bateria), Bingen Mendizabal (biolina), Rafa Rueda (gitarrak eta banjoa), Nika Bitxiasvili (biolina) eta Koldo Uriarterekin (pianoa eta teklatua). Elkarren Donostiako estudioan grabatu dute, ekainean eta uztailean. «Sekulako harreman polita lortu dugu beste behin ere, eta diskoan oso presente daude», azpimarratu du Urdangarinek. «Nik sinatu dudan arren, lana denona da».
Zubia disko atmosferikoa dela azaldu du Ritxi Aizpuru Baga-Biga diskoetxeko editoreak, baina tarteka-marteka ere lurra ukitzen duela nabarmendu du. Urdangarin bat dator Aizpururekin. «Disko atmosferikoa da, lurruntsua, baina dinamikoa ere bai, atmosfera leunetan indarra hartzen baitu». Horren meritua Mikel Fernandez Krutzaga teknikariari aitortu dio Urdangarinek. «Hainbat intentsitatetan sakontzen du diskoak, batetik bestera egiten du, paisaia desberdi- nak iradokiz», azaldu du musikariak.
Melodiak konposatzeko batere trabarik ez du izan. Haatik, abesti batzuen letrak idazteko ezinean ibili dela aitortu du. «Halakoetan sekulako zortea da ondoan lagunak izatea». Lagunak ez ezik idazle ere bai baitira Karmele Jaio, Kirmen Uribe eta Unai Iturriaga. Haiek idatzi dituzte zenbait abestiren hitzak, Urdangarinek emandako melodien gainean. «Barruan banuen zailtasun moduko bat, ezin abiaturik nengoen. Melodia batzuk ez ziren errazak nonbait, Unaik berak ere esan baitzidan ‘ari naiz, baina ez dakit nola hasi’».
‘Beautiful Girls’-en omenez
Diskoaren aurkezpen kantu bihurtu dena, Karoline, Urdangarinek berak idatzi du, Neil Diamonden Sweet Caroline gogoan hartuta. Izan ere, Beautiful Girls Ted Demme zenaren filmari gorazarre egin nahi izan dio musikariak. «30 urteko lagun taldearen krisi existentziala kontatzen du, bizi dituzten amodio eta desamodio istorioei buruzkoa da, eta, film horri omenalditxo bat egiteko, abesti bat sortu dut, fikzioa eta errealitatea uztartuta».
«Zeure burua film horretan islatuta ikusten duzu?», galdetu diote. «Gustatuko litzaidake pelikula horren eszenaren batean parte hartu izana; baina, diskoan jasotako zenbait abestitan bezala, ezinezkoak dira gauza batzuk. Pelikulako pertsonaien aldartea diskoko zenbait abestitan badagoela esango nuke. Nik ere 30 urte pasatxo ditut, eta, gustura eta pozik bizi naizen arren, badakit zer sentitzen duten krisian diren 30 urtekoek. Bakoitzak berea bizi du, egokitutako garaia, eta hori igarri egiten da abestietan». Beñat Fontanedak egin du Beautiful Girls-en arrastoari segitzen dion bideoklipa.
Baga-Bigarekin argitaratu du Urdangarinek Zubia, Anek idatzi dit zutaz bere kabuz ekoitzi ondoren. «Oraingoan ere autoekoizpenera jo behar nuen, baina eskaintza duina egin zidan Baga-Bigak».
Bilboko Arriaga antzokian aurkeztuko du, azaroaren 30ean.
Urtero jendetza biltzen da Urkiolako santutegiaren inguruan, San Anton eta San Antonio festetan (Abadiño, Bizkaia). Batez ere bigarren santu horren egunean -ekainaren 13a- eta hurrengo igandean. Sekulako jai giroa egoten da, eta aurrenekoz gerturatzen direnei arreta erakartzen die harri handi baten inguruan jendea bueltak ematen ikusteak. Bikoterik aurkitu ezin dutenentzako azken aukeretako bat izaten da. Harri xelebre horrek ahalmen hori duela oso zabalduta dago, nahiz eta gehienek ez duten horretan sinesten.
Hainbat kondaira sortu dira harriaren inguruan. Azkenean, baina, zehatz jakin ahal izan da zer egiten duen santutegiaren aurreko aldean. «1929ko azaroaren 29an jarri zuten, Benito Bizkarra garai hartako erretoreak eskatuta», dio Jon Irazabal historialariak. Hala, bada, argi geratu da ez dela gurditik eroritako harritzar bat. Are gutxiago, auskalo nondik etorritako meteoritoa. Santutegiari buruzko ikerketa bat egiten ari zela, garai hartako egunkari zati baten aurkitu zuen berria. «Inguruko baso batean aurkitu zuen. Arreta eman zion, eta santutegi aurrera ekartzea erabaki zuen», laburtu du Irazabalek La Gaceta del Norte-n irakurri duena.
Garai hartan berria jaso zuen kazetariak harriaren deskribapen osatua egin zuen. «Harri, harritxo eta fosilen konglomeratua da, zenbatu ere ezin diren motatakoak. Porlan naturalarekin nahastu ziren, forma bitxi hau hartu arte». Hain zuzen ere, itxura berezi horrek zeresana eman zuela nabarmendu du Irazabalek. Artikuluak jasotzen duenez, batzuek triku baten antza duela zioten. Beste batzuentzat, satorra zen. «Lotan dagoen usoa, nekatuta dagoen hartza… Kazetariak berak dortoka handi baten itxura hartu zion, albistearen izenburuan irakur daitekeenez: Una fenomenal tortuga (egundoko dortoka)».
Bizkarraren asmoa harria ikertzea zen. Irazabalek dio garai hartan hainbat geologo, ingeniari eta ikertzaile igarotzen zirela Urkiolatik, eta haien begi bistan jarri nahi izan zuen errektoreak basoan aurkitutakoa. «Hor dute zer aztertua megalitoak, aerolitoak eta meteoritoak ikertzen dituztenek», dio testuak. Hala, badirudi hortik sortu zela meteoritoa izan zitekeelako ustea.
Irazabalen esanetan, ingurukoek bazekiten harria nola iritsi zen leku horretara. Orain gertaera noiz izan zen jakin da. Santutegian dagoen agiritegiaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Irazabalek: «Bizkarrak berak eta Joseba Legarzak, urte askoan erretore izandakoak, sekulako lana egin zuten Urkiolari buruzko dokumentuak gordeta».
Santu mirarigileak
Harri honi bikotea aurkitzeko dohaina nola aitortu zitzaion ez dago argi. Irazabalen ustetan, tenplu barruko ohitura kaleratu zen. Santutegian eskaintzak egiteko ohitura egon da beti, santuek eskatutakoa betetzearen truke. «Tapiz handi bat zegoen. Mutil bila zebiltzan emakumeek orratzak jartzen zizkioten. Mutil ilehoria nahi zuenak orratz buruzuria jartzen zuen, eta mutil beltzarana nahi zuenak orratz burubeltza».
Jendetza erakarri dute beti Urkiolako erromeriek. Irazabalen esanetan, hainbeste lagun biltzen den tokian normala da bikoteak sortzea. Gutxieneko hartu-eman batetik sor daiteke maitasun istorio bat. Nahiz eta harriak magikotik gutxi izan, geroan ere inguruan bueltaka jarraituko du askok, badaezpada.
Urriaren 2an, barikua, arratsaldeko 19:30etan, Elorrioko udaletxean Iñaki Irigoien ikerlariak uri hartako Errebonbilloen ganean idatzi dauen liburua aurkeztuko da. Argitalpen barri honetan egileak ohitura honen eta Durangaldeko eta Bizkaiko beste arma-erakustaldi batzuetan sorreran sakontzen dau eta Lepantoko bataila eta Amandotar anaien legendaren inguruan ezaupideak be emoten ditu. Ikerketeagaz batera, liburuak 1900 eta 1965. urteen artean Errebonbiloei egindako argazki batzuk batzen ditu.
Aurkezpenean honako honeek parte hartuko dabe: liburuaren idazle Iñaki Irigoenek, Niko Morenok, Elorrioko alkateak eta Gerediaga Alkarteko lehendakari Nerea Mujikak.
Argitalpen hau gure eskualdeko folkloreagaz eta, batez be, Errebonbiloakaz izan dogun zorra kentzera dator. Jantzari jantzari buruz hainbat liburu kaleratu dira, baina, Errebonbiloen ganean hau da plazaratzen dan lehenengo liburua. XIX. mendetik aurrera, prentsan, aldizkarietan, folkloreari buruzko liburu zabalagoen barruan hainbat artikulu argitaratu dira, baina zor genduan Errebonbiloei eskainitako liburu bat, sorrerea, esanahia eta abar batuko zituan liburu bat.
Irailean bederatzi langile hil dira lanean ari zirela, zortzi Euskal Herrian eta bat Madrilen zegoela.
Iraila beltza izan da. Euskal Herrian bederatzi langile hil dira lanean zirela. Azkena herenegun, Berrizen (Bizkaia). 30 urteko langilea tornuak harrapatuta hil zen, buruan jasotako kolpe larriengatik. Istripua 16:30 aldera gertatu zen, Berrizko Mecanizados Mizar enpresan, Eitua industrialdean.
Osalanek zehaztu du langileak duela bi urte ingurutik lan egiten zuela Mecanizados Mizarren. Mizarrek motor ibilgailuentzako piezak egiten ditu. Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea, lan istripua ikertzen ari da, arrazoiak argitzeko eta lan istripuak saihesteko neurriak hartzen zituzten ziurtatzeko.
CCOOk nabarmendu du makinek eragindako istripu gehienak saihestu daitezkeela, bai makinek beharrezko segurtasun gailu homologatuak badituzte, bai beharrezko ebaluazio eta ikuskapenak egiten bazaizkie.
Kontzentrazioak
Sindikatuek, ohi bezala, bakoitzak bere aldetik salatuko dute herenegun gertatutako lan istripua: ELAk gaur egingo du kontzentrazioa, 12:30ean, Mecanizados Mizar enpresaren aurrean; CCOOk ere gaur egingo du elkarretaratzea, 12:00etan, Eitua gasolina zerbitzugunearen ondoan (Berrizera bidean).
IRAILEAN HILDAKOAK
Irailaren 1a: Kamioi gidari bat hil zen, Amezketan (Gipuzkoa).
Irailaren 7a: Langile bat hil zen Altsasun (Nafarroa), istripuan.
Irailaren 9a: Bobinagailu batek harrapatu eta langile bat hil zen Abadiñon (Bizkaia).
Irailaren 11: Langile bat hil zen Tuteran (Nafarroa), deskarga elektrikoa jasota.
Irailaren 16a: Euskal Herriko langile bat hil zen garabi bat konpontzen ari zela, Madrilen.
Irailaren 17a: Karga altxagailu bat erori eta langile bat hil zen Eibarren (Gipuzkoa).
Irailaren 7a: Autobus enpresa bateko langilea hilda topatu zuten, Hernanin (Gipuzkoa).
Irailaren 24a: Langile bat hil zen Derion (Bizkaia), zazpi metrotik erorita.
Guztira 55 lan aurkeztu dituzte lehiaketara, eta horien artean Lur Merino diseinatzailearen “Zeure eskura dago” lana aukeratu dute. Merino Astrabuduakoa da, Arte Ederretan lizentziatua eta zenbait komunikabide zein publizitate agentziatan lan egin du.
Euskera, gazteak eta parte-hartzea, horrexek izango dira ‘EuskaraGAZ parTE hartuz’ jardunaldiko hiru ardatzak. Izan be, Elhuyar Aholkularitzak alor horreetan izandako bizipenak partekatu nahi ditu ganerako eragileakaz.
Urriaren 8an izango da hitzordua, Durangoko Elkartegian, 09:00etan hasi eta eguerdia bitartean. Elhuyar Aholkularitzeagaz lan egin daben eragileek hartuko dabe berbea, euren esperientzien barri emoteko. Esaterako, euskereagazko dituen jarrera eta aurreretxien inguruan hausnartzen lagundu deutsee Elhuyar Aholkularitzeak Debako gazteei, holan euskerearen erabileran eragiteko; jardunaldian gazte horreetako zenbaitek eta Udaleko euskera-teknikariek azalduko dabe zelan egin daben lan eta parte hartzeko prozesuak zertan lagundu deutsien.
Horregaz batera, Berrizko alkate Javier Azpitartek be hartuko dau parte Durangoko hitzorduan. Izan be, Berrizen gazteen jarrerak aktibetako prozesua gidatu dau Elhuyar Aholkularitzeak eta Udalak holakoetan dauen arduraz eta hartu beharreko jokabideaz hausnartuko dau Azpitartek.
Bestetik, gazteek euskerea erabilteko orduan eragina daben faktoreak aztertu ditue hainbat eragilek eta Topaguneko Sonia Perezek horren barri emongo dau. Eta, azkenik, Elhuyar Aholkularitzeak bere lan metodologia azalduko dau, parte-hartzean oinarritutako eredua.
Ondoren, entzundakoaz eztabaidatzeko aukerea izango dabe jardunaldian parte hartu dabenek. Horretarako, barriz, izena emon behar da aurrez, aholkularitza@elhuyar.com helbide elektronikora mezu bat bialduta edo 94 466 88 16 telefono zenbakira deituta. Izena emoteko azken eguna urriaren 2a, eguena izango da.
Mikel Urdangarin kantautore bizkaitarrak zortzigarren diskoa atara barri dau bakarlari legez (bederatzi disko ditu ‘Zaharregia, txikiegia agian’ lana kontau ezkero) ‘Zubia’ izenburupean. ‘Betikoa esatera gatoz, disko honen ezaugarriak oso presente baitagoz aurreko lanetan. Halanda be, gu aldatzen goaz eta gure begiradea be bai; hori da disko honetan nabarmendu daitekena’, azaldu dau Urdangarinek Arriaga Antzokian egindako aurkezpenean. Aurreko lana berak produzidu ostean, oraingoan Baga-biga diskoetxearen eskutik dator zornotzarra.
Hamar kantak osatzen dabe lana, bederatzi barrik eta ‘Munduari begiratzeko modu bat’ bertsinoak. Musikea Urdangarinek sortu dau baina, letrakaz, laguntzinoa izan dau: Unai Iturriaga (‘Itzi geuntsan’), Karmele Jaio (‘Infinitua’) eta Kirmen Uribe (‘Munduari begiratzeko modu bat’).
Disko barriaren aurkezpen-kontzertua Arriaga Antzokian izango da zemendiaren 30ean iluntzeko zortziretan. Taula ganean, Urdangarinegaz batera, Rafa Rueda -gitarra elektrikoa eta akustikoa-, Bingen Mendizabal eta Nika Bitchiasvili -bibolinak-, Saihela -bateria- eta Koldo Uriarte -tekladuak eta pianoa- izango dira.
Iurreta herriari irudi modernoa emateaz gain hirugunea eta inguruaren kalitatea hobetzeko asmoaz, Iurretako udalak paisaia egokitzeko proiektu (aisialdi eta kirol guneak sortu) bat landu du, atsedenleku bat eratuz.
Arriandi auzunean dagoen Beresi Hariztian atsedenleku bat eratu da, oinez, bizikletaz zein ibilgailluz erraz joateko modukoa.
Proiektua burutu dan zonaldea 25.000 m karratu ditu. Parkeak 5 zonalde erabilgarriz osatuta dago. Lehenengoan, eta Hariztiko hutsuneak aprobetxatuz, piknik guneak eta erretegiak jarri dira. Bigarrenean kirol gunea jarri da, ingurune hobezin batean kirola praktikatzeko toki aproposa.
Hariztiaren barruan urtaroko urmael bat dago. Euriaren arabera, Hariztiko zonalde batzuk uraz bete daitezke, eta horren ondorioz ura kanalizatuz eta metatuz lurpeko drainatze sistema baten bidez, urmael artifizial bat eman ahal izango zaio inguruari.
Beste zonalde batean umeendako toki bat jarriko da. Haur jolasen gunea kirol gunearen eta piknik gunearen artean kokatuta dago. Era askotako jolasak daude, adin desberdineko umeen beharrak kontutan hartuz.
Azken gunea erabilera anitzeko landa handi batek osatuko du. Leku libre bat izango da jardute desberdinak burutu ahal izateko.
Lanak 292.644,80 € tako kostua izan du. Aurrekontu honi esker eta herritarren beharrak bete asmoz, Iurretak aisialdirako zonalde barri bat izango du, aisialdia eta kirolaz gozatu ahal izateko kalitatezko toki batekin.
Durangoko Azokako arduradunek aurtengo ediziorako aukeratu den kartela ezagutzera emango dute irailaren 30ean, 11:30ean Landako Gunean hasiko den prentsaurrekoan.
Guztira 55 proposamen jaso dira, iaz baino 20 gehiago. Aukeraketa prozesua burutzeko, diseinua, komunikazioa eta arte plastikoetako profesionalez osatutako epaimahaia sortu da, eta lehiaketaren irabazleak 1.300 euroko saria jasoko du.
Azokak, abenduaren 5etik 8ra burutuko denak, aurten 44. edizioa beteko du.
Antolatzailea: Gerediaga elkartea
Gerediaga Elkartea 1965ean sortu zen. Durangaldearen etorkizunaz kezkatuta, gizon-emakume talde bat elkartu zen kontzientzia komun hau berreskuratu eta indartzeko. Honela, Durango Merinaldeko Adiskideen Gerediaga Elkartea sortu zen. Azken 40 urteotan, 1965. urtetik hona, Gerediaga Elkarteak eta bere kideek presentzia nabarmena izan dute Durangaldeko esparru kultural eta sozialean.
Elkarteko kideen lanari esker, Gerediagak jarduera oso ezberdinak jorratu izan ditu, esaterako: eskualdeko ondare historiko, artistiko eta dokumentala berreskuratzen, folklorea errekuperatzen, Durangaldeko iragana ikertzen, Durangaldeari buruzko ikerketak laguntzen eta sustatzen, Durangaldearekin lotura estua duten instituzio eta erakundeen gobernu-organoei laguntzen eta, inoiz, berauetan parte hartzen, eta eskualdeko jendeari gure inguruneari buruzko informazio ahalik eta zabalena ematen.
Eskualdeko eta probintzia mailako mugak gaindituz, Gerediaga Elkarteak arrakasta handia lortu du euskal kulturaren munduan. Jarduera bat gailendu da guztien gainetik: Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka, Elkartearen erreferente nagusia bilakatu dena. Ekimen hau Euskal Herriko kultur ekintzarik garrantzitsuetarikoa bihurtu da urteen joanean.
Honez gain, Gerediaga Elkarteak jarraitu egin du hamarkadetan zehar ohikoak bihurtu diren bere ekintza-egutegiko ekitaldiak antolatzen, esaterako: Merinaldeko Ezpatadantzari Eguna eta Ardi Txakurren Euskal Herriko Txapelketa.
Rothenberger S.A. enpresako LABeko Sail Sindikalak BIHAR, IRAILAK 26, 12:00etan lantegiaren sarreran prentsaurrekoa eskainiko du, gose greba baten hasieraren berri emateko. Pasa den uztailean zuzendaritzak bertako langile bat kaleratu izana salatu eta berriro hartzea eskatzeko helburuz ekingo diote grebari kaleratuak berak eta bere lankide batek. Lankide hau enpresa komiteko kide eta LABeko sail sindikaleko kide da.
Muturreko protesta neurri honen helburua argia da: zuzendaritzak kaleratutako langilea berriro lanera itzultzea. Irailaren 16az geroztik gau eta egun enpresa sarreran akanpatzen du berak, protesta gisa.
Rothenberger S.A. lantegia Abadiñoko Astola industrialdean dago. Uztailean, oporrak hartu baino egun bi lehenago, 5 langile kaleratu zituzten (4 Abadiño bertako lantegian eta bat Gasteizko lantegian). Kanporatuetako batek ez zuen zuzendaritzaren erabakia onartu eta oporretatik bueltan langileen asanbladan erabaki zen errelebo eta aste bakoitzeko bi ordu geratzea (mobilizazio horiek asteazkenetan izaten dira), protesta gisa, lankidea berriro eurekin nahi dutela aldarrikatuz. Hori horrela izan artean kaleratutako lagunak enpresa aurrean akanpatzen jarraitzeko erabakia hartua du.
Aiko taldeak, dantza eta musika maisuz osaturiko elkarteak, Bizkaiko bazter guztietara iritsi den Dantzaldi Ibiltariari jarraipena emango dioten dantzaldi-erromeriak antolatu ditu datozen hilabeteetarako. Ikasitakoa praktikatu edota zure zaletasun bera duen jende gehiago ezagutzeko aukera paregabea da. Dantzaldi herrikoiak Durangoko Plateruena Kafe Antzokian izango dira, hilean behin (larunbatez) arratsaldeko 19:00etan. Hurrengoa: urriaren 24an.
Aurtengoan ere, euskal dantzen maitale diren Aiko taldeko kideek ordu pare bateko tailer errazak egin dituzte herririk herri, dantzaren mundura hurbildu nahi dutenei ate bat zabaldu nahian. Polka, jota, porrusalda, jauziak eta baltsa moduko dantza irakatsi dizkiote hurbildu den orori. Dantzan irakasteko beste modu bat da beraiena; erraza eta dibertigarria.
Harrera ona izan dute tailerrek eta, horregatik, ikasturte osoko ikastaroa hasi nahi ez baina ikasitakoari eutsi nahi diotenentzako erromeriak antolatuko dituzte; 10 dantzaldi herrikoi irailetik ekainera bitarte; bat hileko, larunbatez eta arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Durangoko hitzorduekin interesaturik bazaude, edota eskoletan izena eman nahi baduzu, kontsulta ezazu Aiko taldearen webgunea.
EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabe utzi du Berrizko Udalak AAMko bi auzipetu diruz laguntzeko hartua zuen erabakia. Auzipetuei epaiketaren eta bidaien gastuak arintzeko 3.000 euro ematea onartua zuen Udalak. Bilboko Epaitegiak baliogabetu zuen lehenik neurria, eta EAEko Auzitegiak berretsi du erabakia.
Zeu, zeu, zeu! kantearen bideoklipa be aurkeztu dabe
Aurkezpen bikotxa egin dau gaur Gatibuk Bilbon: ‘Zeu, Zeu, Zeu!’ kantearen bideoklipa batetik eta zapatuan, irailak 26, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian eskaini eta grabauko daben kontzertua, bestetik. Baina ez hori bakarrik: aurrerapen legez, Baga-bigadiskoetxeko ordezkari Ritxi Aizpuruk jakinarazo dau datorren urtean Gatibuk disko barria atarako dauela, ‘zuzenean grabautako kantakaz eta kanta barriakaz’.
Plateruenean
Kontzertuaren grabazinoak ez dau birearen amaierea ekarriko, baina Bilbon, Donostian eta Gernikan emondako kontzertuetan grabautakoakaz batera, Gatibuk munarri bat ipini gura dau bere ibilbidearen punturik gorenetarikoan. ‘Disko honegaz eskaini genduan lehenengo kontzertua Durangon izan zan eta kontzertu haren amaieran sentidutakoak errepetiduezinak dirala esango neuke; horregaitik, han zeozer berezia egiteko gogoa geunkan ze, ganera, aretoa, berez, bikaina da sonoridade aldetik eta tamainuari jagokonean be, publikoagaz sortzen dan loturea oso berezia da’, azaldu dau taldeko buru Alex Sarduik. Beragaz batera, Haimar Arejita -gitarrea-, Mikel Caballero -bajua- eta Gaizka Salazar -bateria- egon dira. Arejita be bat dator Alexegaz: ‘aurtengo udako birea gure birarik onena izan da, hasi ginanetik kontzertuetara jente ugari hurreratu da eta horregaitik erabagi dogu orain egitea, bestela baleitekelako inoiz ez egitea’. Antzokiaren ezaugarri egokiak be azpimarratu ditu gernikar gitarra-joleak.
Sorpresarik egongo ete dan itauntzerakoan, ’sorpresa nagusia orduan hasiko dala izango da, hau da, hamarrak puntu-puntuan’, erantzun dau umoretsu Arejitak. Gainontzeko taldekideek jakinarazo dabe baleitekela kontzertu amaieran zeozer berezia egotea. Alexek azpimarratu dau jaia izango dala nagusi, ‘jenteak disfrutau dagiala gura dogu’.
Ekitaldia 22:00etan izango da eta sarrerak txarteldegian eskura daitekez 10 euroan (aurresalmentan, 8 eurotan).
‘Zeu, zeu, zeu!’ bideoklipa
Orain dala sei hilabete kalean egon beharko leuken ‘Zeu, zeu, zeu!’ kantearen bideoklipak gaur ikusi dau argia eta taldekideek kazetariek baino minutu batzuk lehentxuago izan dabe aukera hori. Disko honetatik jaioten dan bigarren bideoklipa da, ‘Bang-bang txik-txiki bang-bang’ jantzagarriaren ostean.
Eusko Jaurlaritzatik Durangoko Udalari jakinarazi dionez, baliteke Zaha Hadidek Euskotrenen egoitza berria izan dadin diseinatutako proiektua bertan behera geratzea. Beste bide batetik ere azaleratu dute aukera hori: Aralarrek Jaurlaritzari idatziz bidalitako galdera sortan, horietako batean galdetu zuten hain proiektu handia Durango erdian kokatzea egokia ote den, 396 aparkaleku bakarrik aurreikusi dituztela kontuan hartuta; Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak emandako erantzuna honako hau izan da: “EuskoTrenen eta Euskal Trenbide Sarearen egoitzak hor kokatzeko aukerari buruz, gaur egun bizi dugun egoera ekonomiko zaila kontuan izanda, erabaki bat hartu baino lehenago horri buruzko gogoeta egiten gabiltza”.
EAJk osatutako Gobernu Taldeak obrak egiten jarraitzeko eskatuko dio Jaurlaritzari. Durangoko garapen ekonomiko eta turistikorako egitasmo hori “oso garrantzitsua” dela deritze. Gaur egungo egoera ekonomikoa dela-eta, “ulergarria da obrak egiteko arazoak izatea eta, ondorioz, atzeratu edo luzatu behar izatea”, diote, “baina ez genuke ulertuko egitasmoa ez gauzatzea”.
Horrez gainera, trena lurperatzeko egitasmoa orain hiru legegintzaldi sortu zela gogoratu dute, eta Durangoko Udala “hasieratik inplikatu” zela durangarren “bizi-kalitatea hobe egingo” zuelakoan.
Lurperatze-lanak aurrera
Proiektua kudeatzeko ardura daukan Euskal Trenbide Saretik jakinarazi dutenez, proiektua geratzea erabakitzen badute ere, “lur gaineko eraikinari edo zatiari bakarrik eragingo dio”. Beraz, “trena lurperatzeko proiektuari ez lioke eragingo; ezta lur azpitik aurreikusita dagoen tren geltokiari eta zentro komertzialari ere”.
Zaha Hadiden proiektua 2004an aukeratu zuen. Proiektu osoak, egoitzaz gainera, inguruan bost etxibitza eraikin eta parke bat ere aurreikusten ditu.
Durangaldeko ezker abertzaleak Durangaldea maite dugulako kanpaina aurkeztu du. Helburu dute Lurralde Plan Partzialari (LPP) ekarpenak egitea, «herritarrek erabaki dezaten, eta ez erakunde eta enpresa pribatuek, isilpean, gainera». Ezker abertzaleak salatu du LPPk natur ondareari kalte egingo diola, eta adierazi du «gutxi batzuen interesen mende» egongo dela. Kanpainarekin «benetako garapen iraunkorra» bilatzeko asmoa azaldu dute.
Kilometro bat luze eta 85 metro koadroko ebakidura izango du AHTarentzako Mendigaingo tunelak.
Bere horretan jarraitzen dute Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian abiadura handiko trenaren (AHT) lanek. Abadiño eta Durango (Bizkaia) arteko bigarren tunela eraikitzen hasi dira dagoeneko, Mendigaingo ibilbidea, hain zuzen. Tarte horretan egingo den bigarren tunela da hori. Izan ere, ekainean Eguskitzako lurpeko bidea -723 metro luze- zulatzeari ekin zioten. Mendigaingo tunela 1.066 metro luze izango da, eta N-634 errepidearen ibilbidea paraleloan egingo du. Horrez gain, AHTarentzako joan-etorriko trenbidea izango duen tunelak 85 metro koadroko ebakidura izango du.
Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak jakinarazi du ingurumenean lanek izango duten eragina murrizteko neurriak hartuko dituela. Hala, behin lana amaituta, sasi, belar eta bertako zuhaitzak landatuko dituzte. Emandako datuen arabera, 164.646 metro koadrotan -hamasei futbol zelai inguru- haziko dira landare eta zuhaitzak. Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak azaldu du Mendigain inguruan dagoen hariztia ez dela kaltetuko.
Trena ezkutuan
Abadiño eta Durango arteko bidea ez da salbuespena izango. Izan ere, tarte horrek dituen 3.520 metrotatik erdia lur azpitik izango da. Eguskitza eta Mendigaineko tunelez gain, bi zubibide luze izango ditu ibilbideak. Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administraziorako enpresa publikoa da tarte horretan lanak aurrera eramaten dituena.
Cabiecesek azaldu duenez, «lanetan izaten ari diren etengabeko aurrerapenek pozteko arrazoi nahikoa» ematen dute. AHTa euskal gizartearen «gehiengo handiaren nahia» dela argudiatu du, eta «EAEren garapenerako» tresna ezinbestekotzat jo du trenbide sare berria. Bestetik, Gasteiz eta Bilbo lotuko dituzten 90,8 kilometroetatik 54 kilometrotan lanak hasita daudela jakinarazi du Cabiecesek. Bi hiriak lotuta, batetik bestera joateko %60 denbora gutxiago beharko dela adierazi du.
Presoen senideei laguntzeko 2007an sortutako batzordea «terroristei laguntzeko» izan daitekeela dio.
Bilboko Administrazio Auzitegiak baliogabetu egin du Elorrioko Udalak presoen senideei laguntzeko 2007. urtean sortu zuen batzordea. Espainiako Estatuko abokatuaren eskaerari erantzunez Auzitegiak kaleratutako autoak dioenez, presoen beharrei «zentzu guztietan laguntzeko» helburuz sortu zuen batzordea Elorrioko Udalak.
Gainera, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Mikel Cabiecesen esanetan, Auzitegiak ebatzi du instituzioek ezin dutela bere eskumenetik kanpoko gaietan esku hartu, «eta askoz gutxiago erabaki horiek espetxeratutako terroristen bozgorailu eta lagungarri izan daitezkeenean».
Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketearen 43. edizinoa egingo da domeka honetan Atxondo udalerri bizkaitarreko Axpe elizatean, Elizaburu landatan. Edizino honetan, BBKren ohiko laguntzinoaz gan, Atxondoko Udalaren babesa eta laguntzinoa izan dau Durangaldeko Adiskideen Gerediaga Elkarteak.
Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketea, 1967. urtean egindako lehenengo edizinotik, urtero Durangaldeko elizate edo udalerri batean egin izan da da, 1977an izan ezik, urte horretan Araian (Araba) izan zalako, artzain bati egindako omenaldiaren barruan. Durangaldeko Adiskideen Gerediaga Elkarteak antolatzen dau txapelketa.
Lehiaketan Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko txapeldunek eta txapeldunordeek parte hartzen dabe, baita aurreko urteko txapeldunek be.
Txapelketeaz gan, euskal elikagaien dastaketea izango da aurten be. Kalitatea Fundazinoak eskainitako euskal baserriko oilaskoa Gernikako piperrakaz, Errioxako El Villarreko Perez Irauzu eta Lapueblako Covilaren ardaoak eta Abadiñoko ‘Atxarte gaztaiak’ Idiazabal izentapenagaz egongo dira doban txapelketara hurreratzen diran guztientzat. Eguerdian, lagun arteko bazkaria izango da Atxazpi alkartean, Miren Amuriza eta Eneko Abasolo ‘Abarkas’ bertsolarien partaidetzeagaz.
Txapelketan, ohiko lanak egingo ditue txakurrek. Lehenengo, banderakaz finkatutako bide batetik eroan behar ditue ardiak; gero, landan finkatutako hezietatik ardiak pasatzea da helburua; eta azkenik, azkortan sartzea ardiak.
Txapelketan euskal artzain txakur mueta desbardinek parte hartuko dabe. Uda sasoian Euskal Herri osoan egiten diran eskualde eta lurralde desbardinetako txapelketen ondoren izan behar dau txapelketa honek. Txapelketearen berezitasun teknikoak, epaimahaiaren izentapena eta abar, Gerediaga Elkartea partaide dan Euskal Herriko Artzain Txakurren Txapelketen Antolatzaileen Alkarteak finkatzen ditu.
EAJk eta bere alkate guztiek Biktimen Legea beteko dutela esan du Joseba Aurrekoetxea EAJko EBBko kideak. Durangoko EAJko zinegotzi Natxo Martinezek esan du euskal presoen argazkiak ez azaltzeko neurririk ez duela hartuko herriko jaietan. Haren iritziz, herriko jaietan presoen argazkiak jartzeak gogorarazten du ezin dutela jaietan bere jaioterrian egon. Gainera, EAJ sakabanaketaren kontra dagoela gogorarazi du. Espresuki Gora ETA dioten pintaketak gorazarrea direla, eta horiek ezabatuko dituztela esan du Martinezek, baina ez argazkiak edo bestelako leloak. Aurrekoetxeak aldiz esan du jaiak iristean irudiak edo kartelak badaude «egin behar dena egingo dela».
Durangoko jaietan euskal presoen argazkiak erakustea ez duela debekatuko jakinarazi du Natxo Martinezek, herri horretako jaiez arduratzen den zinegotziak (EAJ). «Zigorra betetzen ari den preso baten argazkia, nire ustez, preso hura jaietan ez dagoela gogora ekartzeko da», esan du. Hark dioenez, EAJren ustez argazkiak erakustea ez da «terrorismoa goratzea». Gainera, jeltzaleak euskal presoen Euskal Herriratzearen alde daudela dio.
Nolanahi ere, mehatxu egiten duten edo erakunde armatua goresten duten pankarta eta kartelak kendu egingo dituztela esan du; adibidez, «Gora ETA» jartzen dutenak.
Herriko jaietan egitekoak ziren zenbait ekimen legez kanpokoak direla esanez idatzi bat iritsi da Elorriora. Elorriotik jaso dugun mezua:
Elkartasunaren kontrako oldarrraldia Elorriora ere heldu da.
“Gaur, irailak 13, domeka, presoen alde egitekoa zen enkartelada legez kanpokoa dela dioen idatzia ailegatu da udaletxera Entzutegi Nazionaletik. Idatzi horretan, jaietan presoen alde eginiko hainbat ekimen ilegalak izan direla aipatzen da, hala nola, pasa den domekako enkartelada (80 pertsona) eta pasa den zapatuko kalejira. Kalejira honetan 1000tik gora lagun batu ginen, eta presoen argazki eta guzti egin genuen, inongo arazorik gabe azken hogeita piku urteetan bezala. Ertzaintza herrian egon da; hala ere ez dira herriko plazara sartu. Debeku honen aurrean pankarta zuri batekin eta ahoa cinta de carrocero-rekin itxita geneukala batu gara plaza beteta zegoela. Jendea harrituta gelditu da”.
Atzo gauean Dur&Go Masterreko finalerako sailkatze fasea jokatu zen Durangon egokitutako rokodromo ikusgarrian. Faboritoek ez zuten hutsik egin, baina Patxi Usobiagak eta Thomas Mrazec-ek, esaterako, gogor lan egin behar izan zuten Ekaitz Maiz eta Gorka Karapeto menderatzeko. Gaur 22:00etan jokatuko da Masterreko finala.
Fresko egiten zuten kalean begira eta geldi egoteko, baina Landako Erakustazokara batu ziren ehundaka zaleek ez zuten hotzik sentitu aurrez aurre halako ikuskizuna izanda. Rokodromoan gora zebiltzanak munduko eskalatzailerik onenak ziren, zuten guztia ematen.
Guztira 24 eskalatzaile batu ziren: 10 emakume eta 14 gizon. Sailkatze fasea ulertzea ez da konplikatua. Rokodromoa eskalatzeko bide bi zeuden. Binaka irteten ziren lanera (bost bikote emakumeetan eta zazpi gizonetan) eta, aldi berean, bakoitza bide batetik abiatzen zen. Ondoren, tokiz aldatu eta berriro gorantz. Bide biak igotzen denbora gutxien erabili zuena finalerako sailkatzen zen; bestea, aldiz, kalera. Eskalatzaileek adierazi zutenez, bideak espero baino errazagoak izan dira.
Sailkapenei dagokienez, Emakumeetan Natalija Gros (Europako Boulder Txapelduna iaz) izan zen denetan azkarrena 2.10eko denborarekin. 24 urteko esloveniarrak erakustaldi handia eman zuen. Maja Vidmar herrikidea sei segundora geratu zen. Goraipatzekoa da Johanna Ernsten hirugarren postua; 16 urterekin etorkizun itzeleko eskalatzailea dela erakutsi zuen. Hiru hauekin batera, Mina Markovic, Angela Eiter, Elena Aleman, Helena Lipenska eta Andrea Cartas sailkatu ziren finalerako. Lesio baten ondorioz, Irati Andak ez zuen Masterrean parte hartu antolatzaileen argitu zutenez.
Gizonetan lehia batzuek emozioa gainezka izan zuten. Thomas Mrazec-en (iaz Diman garaile geratu zen) eta Gorka Karapetoren artekoa azken metroetan erabaki zen. Txekiarra bost segundogatik bakarrik nagusitu zitzaion. “Badakigu Mrazec nor den, baina denok gizakiak gara eta sekula ez da jakiten”, zioen azpeitiarrak lehiaren amaieran, penatan baina gustura egindako lanagatik. Patxi Usobiagak eta Ekaitz Maizek ere lehia ederra elikatu zuten. Usobiagak bigarren igoeran segurtatu zuen finalerako pasea.
Kuriosoa da sailkatze fasearen egitura. Denetan hirugarren denborarik onena egin zuen Gorka Karapeto Masterretik kanpora geratu zen, Mrazek-en kontrako lehia galtzeagatik. Alderantziz, Mikel Ziarrusta hamaikagarren denborarik onenarekin sartu zen lehen zortziren artean. Bestalde, Chris Sharmak azken aurreko egin zuen Mraze-cen denbora ia bikoitzarekin (4.11), baina antolakuntzak finalerako pasea erregalatu zion Wild Card-aren bidez.
‘Euskeraz bizi garenon eta euskerea bultzatzen dogunon bilgunea da Berbaro. Hizkuntzea eta kulturea osotasun baten bi adartzat hartu doguz beti, hizkuntzearen bidez kulturea indartzeko eta kulturearen bidez hizkuntzea indartzeko. Bide horretan aurrera eroan dogun lan egiteko modua euskaldunontzako baikorra eta erdaldunentzako erakargarria gertatu daiten saiatu gara eta saiatzen gara.
Berbaron eregiteko jarrerea dogu, behar dan lekuan presinoa egitea albo batera itxi barik, euskerearen aldeko jarrerea piztu eta aktibetako. Gure guraria herri ekimen dinamikoa, ideia zein finantziazino aldetik geure buruaren jaube eta durangarren artean onarpen eta babes zabalekoa izatea da’.
Bart, 20. urtemugako ospakizunen aurkezpenagaz batera, alkartearen ibilbidea gogoratu eta etorkizuneko erronkak plazaratu ditue.
Datozen urteetarako norabidea zehazteko eta, holan erabagi ezkero, erronka barriei ekiteko Berbaroko Zuzendaritza Batzordeak gogoeta jardun bat bideratu dau aurten. Aitatu gogoeta prozesu horretatik ondoko ondorioak azpimarra daitekez:
Berbarok, euskerearen inguruko sentsibilizazinoan era zuzenagoan jardun behar dau: kalean presentzia handiagoa izan, kanpainak burutu, jarduerak sustatu… Eta jarrera zirikatzaileagoa izan behar dau.
Anbotogaz, di-dagaz eta Plateruenagaz dagoan loturea landu eta era esplizituan zabaldu behar da.
Berbaro alkarteak egun dituan 400 bazkideek eretxiak emoteko eta trukatzeko gogoa eta beharra dabe. Berbaroren lana gero eta eraginkorragoa dala eta Durangora ez eze alkartearen jarduerea Durangaldeko beste udalerri batzuetara be zabaldu dala eta batzuetan Berbaroren lanak ez dauela behar bezelako oihartzuna izaten gogoan hartuta, Berbarok aparteko ahalegina egingo dau bazkideakazko eta, oro har, gizarteagazko komunikazinoan, izan be, lan egitea ez da nahikoa, ezinbestekoa da egindako lanaren barri behar dan moduan zabaltzea.
Berbaroko Zuzendaritza Batzordea bat dator oro har gogoeta saioan laburbildutako ondorio nagusiakaz. Beraz, bideak jorratuko ditu (egungo baliabideek zer eskaintzen daben aztertzen ari gara), nahi eta behar horreei era egokian erantzuteko. Esangura horretan, ondoko proposamenak luzatu ditue:
Eztabaida gunea
Aitatu komunikazino hutsunea neurri batean behintzat beteteko asmoz, eztabaida gunea zabalduko dau Berbarok Interneten. Euskaltzale guztiek izango dabe sarbidea bertara, eta jorratuko diran gaietan eskarmentua daben adituei be konbita egingo jake. Eztabaida eraginkorra nahi da eta, beraz, administrari bat izango dau guneak, gaiak antolatzeko, eztabaidak bideratzeko eta esandakoak laburbiltzeko. Interneten bidez, halere, herritarren zati batengana heltzeko modua izango da, ez guztiengana. Beraz, beste bide batzuk be jorratuko dira. Gainera, bazkideakaz zuzenean hartu-emonetan egoteko asmoa dago, euren kezkak, eretxiak, nahiak eta zaletasunak ezagutzeko.
Azpitaldeak
Bazkideak Berbaroren eguneroko jardunean sartzea litzateke erronkarik eta lorpenik handiena. ‘Bazkideak Berbarora ekarri nahi doguz eta, horretarako, alkartearen hasierako urteetan bezela, azpitaldeak jarri nahi doguz martxan. Hasteko, bi lan talde proposatuko doguz: batetik, gazte arloaren nondik norakoak jorratuko dituana eta, bestetik, herritarren nahiak, interesak eta zaletasunak jasoteaz eta proposamen zehatzetara ekarteaz arduratuko den azpitaldea.
Berbaro taldea
Plateruena, di-da eta Anboto Komunikazio Taldeagaz batera Berbaro taldearen marka sortzea da asmoa. ‘Talde izaera emongo leuskigu, proiektuak aurkeztu eta proposamenak egiteko orduan sendotasun handiagoa erakutsiko geunke eta beste erakunde eta taldeakazko hartu-emonak erraztuko leukez’.
Baina hori baino garrantzitsuagoa da Berbaro taldea osotzen dogunon benetako alkarlana gauzatzea. Urteakaz, eta arrazoi bat baino gehiago tartean dirala, Berbaro taldea osotzen dogunon arteko eguneroko hartu-emon eraginkorra moteldu egin da. Horrek alkarrengandik urruntzea ekarri dau ezinbestean, eta sarritan, batzuok eta besteok, arrotz sentidu gara geure etxean. Egoera horri bueltea emon behar jako. Nork bere autonomia zainduta eta bakotxak bere jardun eremu propioa dauela autortuta, bateko eta besteko arduradunek eta kudeatzaileek alkarregaz lan egiten hasi beharko geunke, lan egiteko moduak konpartiduz, alkarren arteko konfidantzea irabazi arte. Proiektu zehatzakaz has gaitekez, apurka-apurka alkarlan hori ohitura bihurtu beharko litzateke eta taldea osotzen dogunon kudeaketa planaren zati bihurtu.
Gogoeta saio hau, hausnarketa prozesuaren lehen saioa da eta hemendik aurrera proposatutako ekintzetan sakontzen jarraitzeko asmoa dauka Berbarok.
XX. urteurreneko ekitaldiak
Irailaren 17an, Durangaldeko azken hogei urteetako euskerearen egoerea izango dabe berbagai Plateruena Kafe Antzokian, 20:00etan. Gaueko 22:00etan, barriz, Bikoteatroa konpainiako Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek ‘Euskarazetamol’ antzezlana eskainiko dabe Plateruenan bertan.
Irailaren 18an, barikuan, Terry Lee Halek eta Pettik kontzertua emongo dabe Plateruenan 22:00etatik aurrera.
Zapatuan, hilaren 19an, Kantutrikipoteo bategaz hasiko dira ekitaldiak. Ondoren, bazkaria (14:30etan) eta AIKO taldearen erromeria ibiltaria (19:00etan) hartuko dau Kafe Antzokiak.
Umeei eskainiko deutsee ospakizunen azken eguna. Holan, umeentzako tailerrak, jolasak eta tarta banaketea izango dira domeka goizean Ezkurdin. Arratsaldean, barriz, bertsotxongiloen txandea izango da Plateruenan; 17:30etatik aurrera, ‘Hitzen lapurrak’ lana eskainiko dabe doban.
Hamabostero epaitegian aurkezteko baldintza jarri diete Durangoko lau lagunei. Ertzaintzak atzeman zituen, edukiontziei su eman zietelakoan. Gazteek diote gezurra dela hori.
Astearte goizean ertzainek Lekeition (Bizkaia) atxilotu zituzten Durangoko (Bizkaia) lau gazteak aske geratu dira gaur, epailearen aurretik pasatu ostean. Atxilotuen abokatuak Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ri jakinarazi dionez, hamabost egunero epaitegian aurkezteko baldintzagaz askatu dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak esandakoaren arabera, herenegun edukiontziak erre zituzten lau haiek Lekeition, eta edukiontzi bati su ematen ari zirela harrapatu zituzten.
Defentsa abokatuak azaldu duenez, aldiz, gazteen deklarazioa bestelakoa izan da. “Gu parrandan joan ginen eta, etxera gindoazela, autoan sartu eta ertzainak zuzenean guregana etorri ziren. Ez dugu edukiontzirik erre”, adierazi dute gazteek.
Igandean eta astelehen goizean istilu handiak izan ziren Lekeition ertzainen eta hainbat lagunen artean, eta poliziak zortzi lagun atzeman zituzten; horien libre geratu ziren.
Gaur herriko adinekoak omenduko dituzte, eta bihar erregosia prestatzeko aukera izango dute Elorrion.
Gaur zortzi hasi ziren Elorrion Ferixa Nagusikoak. Astebetez etengabeko parranda izan dute. Hala ere, oraindik ere indar nahikoa dute azken asteburuari heltzeko. Atzo Gazte Eguna izan zen, eta hainbat ekintza izan ziren egun osoan gaztetxeko kideek antolatuta. Gaurkoa, ordea, adinekoei eskainitako egun berezia izango da. Izan ere, Elorrioko jaietan guztiek dute zer egin eta zerekin gozatu.
Sortzez Garbiaren elizan meza santua ospatuko dute, azken urte honetan Elorrion hil diren erretiratuak gogoan hartuta. 12:00etan hasiko da omenaldi elizkizuna. Amaitutakoan, mahaiaren inguruan bilduko dira guztiak, Aldatzelekuan hamaiketakoa izango baitute. Erromeria eta dantza txapelketa ere izango dituzte, leku berean. Baina hori 19:00etan izango da. Musika jartzeaz Oihergi taldea arduratuko da. Ordu berean eta errugbi zelaian jaietako errugbi partida berezia jokatuko da.
Plazan euskal erromeria izango da 20:00etatik aurrera, Zeina taldearekin. 22:00etan, berriz, XLVI. idi proba txapelketako saioa jokatuko da, probalekuan. Gauean musika eskaintza zabala izango dute elorriarrek. 23:00etan berbena izango da Urarkan, eta kontzertua gaztetxean. Gauerdian, ostera, disko festa zuzenduko du DJ Budikek, Ateneoan. Musika beltz doinuekin dantzan jarriko ditu bertaratutako guztiak.
Biharkoa ere egun biribila izango da Elorrion. Sukalki txapelketa izango dute goizean. Urtero bezala, sukaldaritza jai horrek jende asko erakarriko du, eta lagun dezente bilduko da Aldatzalekuan erregosia prestatzera. Usain gozoa nagusituko da, ezbairik gabe, herriko bazter guztietan.
Arratsalderako denak bapo bazkalduta izango dira. Hala, seguruenik nagituta sentituko dira. Horrelakorik, ordea, ezingo dute esan 16:30ean kiroldegian jokatuko diren futbol partidetan parte hartuko dutenek. 17:30erako ere komeni da festarako gogoz egotea. Bentazaharreko Mutilak taldearekin euskal kantak eta erromeria izango dira Aldatzekuan.
Iluntzean La Rustic Arland Band eta Tandarika Orquestra taldeek ikuskizun bana eskainiko dute. Txosnetan, berriz, kontzertu gaua izango da bihar. Namek Planet eta Su Ta Gar taldeak igoko dira oholtza gainera, hurrenez hurren. 23:00etan hasiko da aurrenekoaren emanaldia. Ateneoan, azkenik, aurtengo jaietako azken disko festarekin gozatzeko aukera izango da: DJ Teo eta Rojo izango dira musika elektronikoa zabaltzen.
Igandea da jaietako azken eguna. Hala, behar bezala aprobetxatzeko asmoa dute elorriarrek. Goiz osoan Amets daigun izeneko elkartasun jaialdia izango da plazan. Arratsaldea, berriz, umeen danborradarekin hasiko da. Aldatzekuan, ostera, erretiratuentzat berbena izango da, Irusta taldearen eskutik. 21:30ean zezensuzkoa ibiliko da, errugbi taldeko gazteek lagunduta. 22:00etan, azkenik, suzko gurpilak piztuko ditu Astondoa su etxeak, errugbi zelaian, jaiak agurtzeko.
Ertzaintzak lau lagun atxilotu ditu gaur goizean Lekeition (Bizkaia), edukiontziak erre dituztelakoan. Atxilotuak Durangokoak dira (Bizkaia) eta 21 eta 23 urte bitarte dituzte, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
02:30ak inguruan Lekeitioko leku ezberdinetan zeuden edukiontziei su eman dietela adierazi du Herrizaingo Sailak, eta horietako bati su ematen ari zirela “harrapatu” dituztela ertzainek. Suteetako batek argi hornidurari eragin dio eta argi mozketak egon dira herrian.
Ertzaintzaren arabera, atxilotu dituztenean, bi lagun poltsak pilatzen ari ziren edukiontzia erretzeko eta beste biak ingurua zaintzen ari ziren.
Igandean istiluak bizi izan zituzten Lekeition . Ertzaintza eta gazteen arteko liskarretan zortzi lagun atzeman zituzten. Herrizaingo Sailaren arabera, atxiloketak “kale borroka” ekintzak saihesteko Ertzaintzak hartutako neurrien ondorio dira”.
Anbotoko Mari ez da Elorrio eta inguruak sorgintzen dituen bakarra. Izan ere, atzotik, festa eta gustu guztiak asetzeko moduko ekimenek magiaz bete baitute herria, jaien izenean, makilarik astindu gabe.
Gaur Ferixa Eguna da, eta, abere eta nekazaritza produktuen 26. azokaz gain, kirolaz, dantzaz eta kantaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Besteak beste, mariatxiak, bertsolariak eta Anje Duhalderen kontzertua izango dira, eta kanpotik jende asko etortzea espero dute.
Goizean feria izango da kaleen jaun eta jabe, eta arratsaldean, kantua. Izan ere, Senegalgo Ballet Jammu konpainiak hango musika eta dantza erakustaldia egingo du 18:00etan. Euskal Herriko ordezkari gisa, bertsolariak eta Anje Duhalde arituko dira, eta Mexikotik etorrita, Viva Mexico eta Guadalupano eta Garibaldi mariatxiak ariko dira.
Bihar, astelehena, jai ondorena bai, baina alferrik ez da izango. Izan ere, koadrilen bazkaria egingo dute 14:00etan, Aldatzekuan. Arratsa Sienta La Cabeza animazio eta koadrilen arteko jokoen artean igaroko dute. Eta gauean, Amaiur erromeriaren doinuak izango dira txosnagunean.
Aste bukaerarako indarra hartzeko, atsedenerako astia izango dute Elorrion, baina aspertzeko betarik ez. Astearte lasai bat igaro nahi duenarentzat, adibidez, perkusio tailerra eta Athletic-Eibar emakumeen futbol partida antolatu dute.
Asteazkenean, berriz,umeentzako tailerrak eta Zaldia Lagun ekimena prestatu dute, Txintxirri ikastolaren bitartez. 15:30ean jinkana proba egongo da, eta 18:15ean, erorketak gozatzeko txokolate jatea.
Ostegunean, gazteak ez dira kalean egongo diren bakarrak. Gazteen Eguna izan arren, erretiratuek ere igel txapelketa izango dute Aldatzekuan, duten indarra erakusteko. Gaztetxean, berriz, bazkaria eta rokodromoa izango da, eta gauean Elorrioko zenbait musika taldek kontzertuak egingo dituzte.
Asteburua gerturatu ahala, ekitaldiak ere ugaritu egingo dira. Ostiralean, adin nagusikoak izango dira nagusi, baina, Erretiratuen Eguna izanagatik, gainontzekoek ere izango dute zer egin. 11:00etan, meza izango da Sortzez Garbiaren basilikan, eta, ondoren, Aldatzekuan erretiratuentzako hamaiketakoa. 18:30ean, Musika tresnen fabrika izeneko animazioak umeak bilduko ditu. Eta erretiratuek erromeria eta dantza txapelketa izango dute, Oihergi taldeak lagunduta.
Su festen antzera, azken txanpa izango da biziena. Larunbatean, Sukalki Egunaren aitzakiarekin, goizean goizetik beteko dira kaleak festaz. Aldatzekuan, Bentazaharreko mutilen erromeria egongo da. Gauean, La Rustic Arland Band, Tandarica Orkesta, DJak eta Joselu Anaiak ariko dira herrian zehar. Txosnagunean, berriz, Su Ta Gar eta Namek Planet taldeek joko dute.
Igandean amaituko dira jaiak, eta Kainaberaren elkartasun jaialdiarekin agurtuko dituzte aurtengo jaiak.
1899ko irailaren 3an Errose Bustintza jaio zen Mañarian. Euskal Herriko ipuinak bildu, idatzi eta argitaratu zituen. Baserrietan zehar ibiltzen zen ipuin zaharrak jasotzen gero kontatzeko. Euskal kultura eta etnologia aldetik, balio handiko lana egin zuen. Olerkiak eta kantu letrak ere idatzi zituen.
AHTaren aurkako XIV. kanpaldia egiten ari dira Izurtzan. Datorren igandera arte ekitaldi ugari antolatu dituzte, eta abuztuaren 1eko manifestazioan parte-hartzera deitu dute.
www.berria.info
Abiadura handiko trenaren kontrako autoantolaketak eta borrokak beste geltoki bat du: Izurtza (Bizkaia). Uztailaren 24tik abuztuaren 2a arte makina bat ekitaldi antolatu dute, «jendarteak eredu kapitalistaren aurrean ikuspegi kritikoa garatu eta ama lurra defendatzeko asmoz». Superportuak, parke eolikoak, AHTa… «Sistema inposatzailerik» egongo ez den «bizitza orekatu eta askea» dute helburu. Iaz, Zaldibia (Gipuzkoa) izan zuten bilgune, eta aurten, Izurtzak hartu du lekukoa. Bederatzi egunean «inposaketak» salatu eta «herriak bizirik nahi ez dituzten makinak» gelditzeko makina izatea nahi dute aurten.
Bertsolariak, antzerkiak, jolasak… Herenegun hasita, aldarrikapenak ez du etenik Izurtzan. Atzo, esaterako, bizikleta martxa egin zuten kanpalekutik Elorriora. Bizikletak eskuetan eta «txikitzaileak txikitu» oihuen artean, txalapartariek egin zieten ongietorria. Ondoren, herriko plazan kantu eta txalo artean, indarrak hartzeko, luncha egin zuten, eta gauean La Banda del Abuelo taldearen kontzertua izan zuten, Durangoko gaztetxean, besteak beste.
Hamalaugarren kanpaldia antolatu dute aurten, eta leku eta adin guztietako jendea bildu da. Ilargi Etxebarria, kanpaldian parte hartzen ari den Castelloko (Herrialde Katalanak) gaztea da. Ez da AHTaren Aurkako Asanbladako kidea, baina partaide sentitzen da: «Hemen ez dago antolatzailerik, denok gara antolatzaile. Asanblada bidez horizontalki erabakitzen dugu egitaraua, nola hobetu hurrengo eguna… dena». Ostiralean iritsi zen Izurtzara, beste ehun lagunekin batera. «Jantoki gunea, kanpalekua eta ekitaldiak egiteko gunea bereiztu ditugu, eta, bigarren eguna izateko, jendea deialdietan parte hartzen ari da. 5 eta 50 urtera arteko toki guztietako jendea gaude».
Edonorentzako ateak zabalik ditu kanpalekuak, Etxabarriaren esanetan: «Gogoa, animoa eta AHTa eta proiektu txikitzaileak gelditzeko ilusioa baino ez da behar». Sartzea zein irtetea erabat libre da. Batzuk egun-pasa joaten dira, Joseba Elustondo elgoibartarra (Gipuzkoa) adibidez. Herenegun joan zen Durangora, AHTaren izenean amen! obra antzeztera. «Eguraldia lagun, egun polit batzuk pasatzera etorri gara, eta, bide batez, AHTrik ez dugula nahi aldarrikatzera.Bihar joango gara etxera, baina datorren larunbatean itzuliko gara, manifestaziorako».
Bertan geratuko direnek umeentzako pailazoez, mendi ibilaldiez zein hitzaldiez gozatzeko aukera izango dute. Gaur, esaterako, proiektu txikitzaileen aurkako taldeen topaketak egingo dituzte Jaizkibel Bizirik, Mendiak Aske, Coke Plantaren aurkako plataformak eta Errausketaren Aurkako Koordinadorak.
Bestalde, abuztuaren 1ean, Durangon egingo den manifestazioari atxikimendua adierazi dio AHTaren Aurkako Asanbladak, eta «era aktiboan parte hartzera» deitu du. Eguerdiko hamabietan abiatuko dira, Andra Maria plazatik Iurretako AHTaren lanetara arte.
Abuztuaren 1ean manifestazioa egingo dute Durangon, Gasteiz eta Bilbo arteko bidearen «inposizioa» salatzeko.
www.berria.info
Heldu den uztailaren 24tik abuztuaren 2ra egingo du AHTaren Aurkako Asanbladak abiadura handiko trenaren aurkako XIV. kanpaldia, Izurtzan (Bizkaia). Asanbladak antolatutako ekitaldien bitartez, Euskal Y-ari buruzko ideiak partekatzeko eta eztabaidatzeko aukera izango da. Kanpaldiko ekimenen artean, abuztuaren 1ean Durangoko AHTko obretara manifestazioa egingo dute. Manifestazioaren bitartez, «Espainiako Sustapen Ministerioak AHTko obrak Gasteiz-Bilbo ibilbide osoan hedatzeko eta inposatzeko hartu duen erabaki larriari erantzun indartsua» eman nahi diote Asanbladako kideek.
Manifestazioaz gain, hitzaldiak, eztabaidak, mendi martxak, askotariko protesta ekintzak eta umeentzako jokoak ere izango dira kanpaldian. Ekimen horien guztien bidez, AHTaren aurka dagoen jendeak «energiaz eta berrindartuta borrokari heltzeko aukera ezin hobea» izango duela adierazi du Asanbladak.
Azken finean, Asanbladaren helburu nagusia «erresistentziarentzat eremu bat osatzea, eta garapenari eta zapalkuntzari aurre egitea» dela adierazi dute.
Elorrio, Abadiño eta Zornotza inguruko errepideak itxi dituzte, eta auto ilara handiak sortu dira.
www.berria.info
Durangaldeko (Bizkaia) hainbat herritan AHTaren aurkako ekintzaileek errepideak itxita izan zituzten atzo egindako protesta ekimenen ondorioz. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, «zortzi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, desordena publikoa delitua egotzita». AHTaren aurkako protestak 07:40an hasi ziren, bi lagunek Zornotzako N-634 errepidea itxi zutenean. Herrizaingo Sailaren arabera, «Ertzaintzak errepidea itxi behar izan zuen autoek ekintzaileak harrapatu ez zitzaten».
Handik minutu gutxira, beste ekintzaile batzuk N-634 errepidea itxi zuten, Abadiño eta Elorrio artean, beren besoak zementuz betetako bidoietan sartuz. Gainera, lagun talde batek elkarretaratzea egin zuen errepidea itxi zuten tokian bertan, abiadura handiko trenaren aurka protesta egiteko. Auto ilara handiak sortu ziren ekimenen ondorioz.
AHT Gelditu! Elkarlanak adierazi duenez, «Zornotza, Abadiño eta Elorrion egindako ekintzen xedea Durangaldean argi gorria piztu dela ezagutaraztea da». Izan ere, Elkarlanak jakinarazi duenez, «Durangaldean abiadura handiko trena eraikitzeko lanak hasi dira». Egungo krisi ekonomikoaren gainetik ere Jaurlaritzak AHTa eraikitzen jarraitzen duela salatu dute. Tren lasterra eraikitzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar bakoitzak 4.859 euro inguru ordaindu beharko dituela jakinarazi dute.
AHTaren aurkako taldeak adierazi duenez, «krisi ekonomikoa Durangaldea gogor» kolpatzen ari bada ere, eskualde horretan egoerari aurre egiteko ez da politika ekonomiko «eraginkorrik» martxan jarri. Hala, herritarrak hausnarketa egitera eta eraikitzaileak lanak gelditzera deitu ditu Elkarlanak.
Jose Mari Sagardui ‘Gatzak’ 29 urte bete ditu giltzapetuta aste honetan, eta berehala aska dezatela eskatu dute haren jaioterrian.
www.berria.info
Herria ertzainez josita egon den arren, ez da liskarrik izan presoaren aldeko ekitaldian.
Espetxean 29 urte egin ditu Jose Maria Sagardui Gatza-k. 51 urte ditu. Bizitza gehiena giltzapetuta eman du, beraz. Europa osoan, kartzelan denbora gehien daraman pertsona da, eta nahikoa dela esan dute haren herrikideek aste osoan egindako ekitaldietan. Bizi osorako zigorrik ez. Lelo hori, eta soil-soilik Gatza askatu dioten kartel, oihal, pankarta eta itsasgarriz josia dago haren herria. Zornotza. Haren aurpegia nonahi ikus daiteke. Atzo, ehunka, pilatuta. Sagardui aska dezatela eskatzeko manifestazio jendetsua egin zuten, presoaren argazkiak eskuetan.
«Gatza askatu!». Horixe izan zen herritarrek gehien oihukatuzuten leloa. «Presoak kalera, amnistia osoa!» eta «euskal presoak etxera!» ere sarri oihukatu zituzten Zornotza zeharkatu zuen ibilbide osoan.
Sagarduiren seniderik gertukoenek eraman zuten Bizi osorako zigorrik ez. Presoak kalera zioen pankarta. Gurasoek, alabak eta neska-lagunak, besteak beste. Zornotzako zanpantzarren taldeak zabaldu zien bidea horiei. Aurretik, ertzainen furgonetek.
Hain zuzen, Sagarduiren argazkiz bezala, ertzainez josia egon zen atzo Bizkaiko herria. Lau furgonetak zaintzen zuten sarrera nagusia. Beste lau zeuden ekitaldia egitekoa zen plazako sarreran. Herri gainean, helikopteroa. Bideoz grabatu ere egin zituzten manifestariak. Hala ere, iaz ez bezala, atzo ez zen liskarrik izan presoaren aldeko ekitaldian. Dignidad y Justicia Espainiako elkarteak ekimena debekatzeko eskatu zuen arren, ezetz esan zuen oraingoan Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak. «Bizi osorako zigorraren aurkako manifestazioa da» arrazoitu zuen debekua baztertzeko kaleratutako autoan. «Hori, berez, ez da delitua, eta debekatzeak biltzeko eskubide konstituzionala urra lezake».
Hala, ertzainen begiradapean, herritar asko bildu ziren Sagardui aske uzteko eskatzeko eta presoari zein bere senideei elkartasuna adierazteko manifestazioan. Txalo zaparrada ozen eta luzea eskainita adierazi zieten babesa amaierako ekitaldian «Europako Nelson Mandelari eta haren senideei», Sagarduiren senideak oholtza gainera igotzen ziren bitartean. Lore sorta ere eman zieten. Ohorezko agurra dantzatu ere bai. Ohiko dantza, eta gitarra eta kantuz lagundutakoa. Bertsolariak, «29 musu» eskaini zizkion presoari, 30 eman beharrik izan ez dadin nahia agertuta.
«Errepresioa eta porrota»
Herriko gazte gehienek herkidea argazki bidez soilik ezagutzen dutenez, Sagardui irudi da askorentzat Zornotzan. Herkideen hitzetan, esanahi handiko irudia, halere. Baita Euskal Herriarentzat ere. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez, «Euskal Herriari ezarritako errepresioaren eta bide horren porrotaren erakusle da Gatza». Azken hilabeteetan gogortu den baina aspaldiko urteetan etengabea izan den «errepresioaren adierazle».
Hain zuzen, azkenaldian Euskal Herria «errepresioaren uholde izugarria» pairatzen ari dela dio AAMk. Horren erakusgarri ditu atxiloketa etengabeak, iheslarien aurkako jazarpena, torturak, legez kanporatzeak eta presoen argazkien harira sortzen ari diren egoerak. Eta bide hori hautatu izanaren arrazoia «beldurra» dela uste du. Euskal Herriak «azken urteetan egindako bidearen beldur direlako» areagotu dutela Frantziak eta Espainiak errepresioa. «Estatuak izutu egiten direnean hitzek ez dute balio eta tresna errepresiboak inoiz baino indar handiagoz jartzen dituzte martxan. Horrela besterik ezin da ulertu egun Euskal Preso Politikoen Kolektiboa bizitzen ari den exterminiozko egoera».
Presoak «muturreko egoeretan» daudela ohartarazi du. Haien bizi baldintzek nabarmen egin dutela okerrera eta «bahitu politiko» gisa erabiltzen ari direla. EAJ eta Nafarroa Bai bide horretan laguntzen ari direla salatu du, gainera. «Ezker abertzalearekin amaitu eta independentziarako aukera erreala betirako ixteko estrategian» PSOErekin bat egiten ari direla horrela.
Bide hori «antzua» dela ohartarazi du, ordea. «Errepresioaren bidez» ez dutela independentziaren aldeko aldarria isilaraztea lortu, eta ez dutela «inoiz» lortuko. Herritarrei, lanean jarraitzeko deia luzatu die, eta presoen egoera «krudelaren» aurrean, salaketak egin, mobilizatu eta elkartasunez erantzutekoa.
IX. eta X. mendeetako hilarriak berreskuratu eta ikusgai jarri dituzte Garaiko San Joan Momoitio ermitan
Ibai Maruri.
www.berria.info
Aostarri, Hoitarri, Munnio, Sempronio eta Anterazoni IX. eta X. mendeetan Durangaldeko herrixka batean bizi izan ziren bost euskaldun dira. Momoitio du inguru hark izena, gaur egungo Garai udalerriaren lurretan (Bizkaia). Joan den mendeko 80ko hamarkadan San Joani eskainitako baselizaren lurretan indusketak egin zituzten. Horretan ari zirela, 200 lagun baino gehiagoren hilobiak aurkitu zituzten.
Hilarrietan In dei nomine idazkuna agertzen zen (Jainkoaren izenean). Normalean jarraian hildakoaren izena idazten dela dio Gerediaga Elkarteko kide Jon Irazabalek. «Momoition aurkitu genituen hilarrietan, bost izen horiek agertzen ziren. Horietako bat Aostarriren hilarria da, eta jarraian bere omenez oroitarri hori nork jarri duen ere azaltzen du: Hoitarri. Beste hilarrietan, Munnio, Sempronio eta Anterazoni agertzen dira».
Garaiko Udalak, Gerediaga Elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak iaz adostu zuen aztarna horiek berreskuratu eta ezagutaraztea. IX. eta X. mendeetako bost hilarri horietatik abiatu ziren. Beste bi hilobi ere prestatu dituzte, gaineko harri gabe, bisitariek ikus dezaten nola ehorzten zuten garai hartan. Aurkitutako aztarnak zaharberritu eta berriak egin dituzte. Baselizaren barruan daude garai hartakoak, udalak eta hainbat auzotarrek gordeta izan dituzten hilarriak. Leihotik barrura begiratuz ikus daitezke.
Baselizaren sakristiako bi leihoak ere erakusleiho bihurtu dituzte, eta horietatik barruan atondu duten erakusketa ikusten da. Hau da, auzoaren inguruko informazio historikoa eta beste hainbat aztarna arkeologiko. Besteak beste, hiru hildakoren atzamarretan aurkitu ziren eraztunak ikus daitezke, eguzkiaren irudikatze batekin. Auzoa nolakoa izan zitekeen irudikatzen duten marrazki batzuk ere badirela dio Irazabalek, bai eta sasoi hartakoek jaten zutenaren laginak: gari mereka, adibidez. Hori guztia ikusi ahal izateko, radar sistema bat ezarri dute. Hala, norbait gerturatu dela sumatzen duenean, argiak piztu egiten dira. Beraz, bisitaria nahi duenean joan daiteke Momoitio ezagutzera.
Hilerri kristau bat zen hori, hasierako kristauen hainbat irudi eta gurutzeak agertzen baitira hilerrian. Hilobiek gainean harlauza handi batzuek dituzte. Buruaren parean zulo bat daukate eta barruan ikatz zatiak, sua egin izanaren aztarnak. «Ez dago argi zein garaitan, baina jakin badakigu kristautasuna iritsi aurreko erritu batzuk egiten zirela, eta hildakoen eta bizitzaren arteko lotura adierazten zutela».
Bilakaeraren menpeko
Garain, Berrizen eta Oiz mendiaren beste aldean ere aurkitu izan dira erritu horren aztarnak. «Gaur egun unitate geografikoak haranak direla pentsatzera ohituta gaude. Baina garai hartan ez ziren seguruak eta gizartea mendiaren inguruan kokatzen zen. Mendia ez zen oztopo taldeen arteko harremanetarako. Toki segurua zen». Hala, Oizek bere inguruan hainbat auzo txiki izan zituela ohartarazten du.
Momoition egindako indusketetan aurkitu ziren hilobiak baino gehiago egon zitezkeelakoan dago Irazabal. Baina ez du biztanleen inguruko datu zehatzik. «Hau eta honen antzekoak, familia batek eta haren gertukoek osatutako herrixkak izango zirela uste da».
Inguru honetan, II. mendean jendea bizi zen, nahiz eta orduko aztarna gutxi agertu diren. Irazabalek dioenez, ikertzaileen ustetan Garaiko goiko aldean Tremoitio izeneko gune babestu bat egon zen, eta gizaldi horretan jaitsi ziren Momoitio ingurura. Euskal kostaldetik iritsitako erromatarrekin hartu-emana izan zuten, hori baieztatzen duten portzelana zatiak agertu baitira.
Hurrengo berriak IX. mendekoak dira: «Talde batek lur horiek prestatu zituen lantzeko eta bertan jarri ziren bizitzen. Txabola gisako eraikuntza batzuk eta baseliza jaso zituzten». Gutxi gorabehera, XII. mendera arte bertan bizi izan zirela dio Irazabalek. Garai horretan Euskal Herri osoan gertatu zen fenomeno batek desagerrarazi zuen Momoitio.
Inguruetako auzo nagusiek txikiagoak bildu zituzten, eta erreferente bihurtu ziren. Gero elizate bihurtu ziren auzoak dira. Txikiek funtzio politiko eta erlijiosoak galdu zituzten. Historian kofradia gisa segitu dute, elizate handiago baten barruan. Irazabalen esanetan, Momoitiok nortasun bereizi hori galdu zuen XII. mendetik aurrera, eta auzo bilakatu zen. San Joan parrokia izandakoa ere, baseliza da egun.
ETAk ostiralean Durangoko PSE-EEren egoitzaren aurka egin zuen atentatuaren eraginez kalteak jasan dituzten bizilagunak salaketak jartzen ari dira. Oraingoz, hemeretzi salaketa jarri dituzte, Durango Udaletxean, Ertzaintzaren arabera. Bonbaren eztandak kalte materialak eragin zituen PSE-EEren egoitzan, baita egoitzaren inguruko etxebizitzetan ere.
Herritar batek udaltzainei deitu zien, norbait PSE-EEren egoitzan pakete bat pausatzen ikusi zuelako.
E.B. www.berria.info
PSE-EEren egoitzatik hurbil bizi diren durangarrak haserre ziren atzo, Ertzaintzaren aurka. Alabaina, hurbil-hurbil bizi zirenei salbu, Ertzaintzak ez ziela leherketa gertatuko zelako abisurik eman salatu zuten. Gisa horretan, ez zieten erran etxetik ateratzeko, ez eta ere pertsianak ixteko. Leherketa gertatu zenean baizik ez ziren ohartu bonba mehatxua bazegoela.
Lehergailua bazelako abisua ez zuen ETAk eman. 23:00tik berehala, biztanle batek udaltzainei dei egin zien, burua estalia zuen norbait PSE-EEren egoitzaren aitzinean pakete bat uzten ikusi zuelako. Ondoren, pertsona hori beste norbaitek gidatzen zuen auto batean sartu zen, eta ihes egin zuten biek. Orain bideokamerek grabatu irudiak ikertuko dituzte, egileak identifikatzeko xedearekin.
Ertzainak laster iritsi ziren toki hartara, eta inguru guztia itxi zuten. Halaber, PSE-EEren egoitza dagoen eraikineko bizilagunak etxetik aterarazi zituzten, atez ate txirrina joka ibili ondoan. Garajeko aldetik atera ziren denak, lehergailua beste aldean zegoelako. Beste eraikinetako bizilagunak, aldiz, ez ziren abisatuak izan, eta horregatik haserre ziren atzo.
Etxetik atera behar izan zutenak, ordea, ez ziren berehala itzuli ahal izan. Leherketak kalteak eragin zituen hiriko hodietan, eta gas isurketa gertatu zen. Isurketa hori konpondu bitartean, hango biztanleek etxetik kanpo egon behar izan zuten, orotara hiru oren eta erdiz, batzuk pijama soinean. Arlo horretan bereizitako teknikariek denbora hori eman zuten hodiak konpontzeko, etxeak aireztatzeko eta inon gasik ez zela metatu ziurtatzeko.
Atentatuan gutxienez bi pertsonak parte hartu dutela uste da.
www.ertzaintza.net
Durangoko egoitza sozialistan eta inguruko eraikinetan kalte handiak sortu dituen lehergailua hiru kilo kloratitaz osatuta zegoen. Ertzaintzak egindako ikerketen arabera, atentatuan gutxienez beste pertsona batek parte hartu duela ondorioztatzen da.
Gaueko hamaikak aldera, lekuko batek kaputxadun bat ikusi du, gizon bat antza denez, egoitza sozialistan pakete bat jartzen eta Durangoko udaltzainak ohartarazi ditu. Lehergailua ipini ondoren, beste pertsona batek gidatzen zuen auto batean ihes egin du. Lehergailua kartoizko kutxa batean sartuta zegoen eta azken hau, berriz, poltsa beltz batean.
Berehala Ertzaintza bertara hurbildu, tokia hesitu eta inguruko kale batzuk moztu ditu. Agenteek eraikina eta alboko etxebizitzak hustu dituzte.
Gauerdian bonba lehertu da, aurretiko deirik jaso barik. Leherketak egoitza sozialistan eta inguruko eraikinetan kalte handiak sortzeaz gain, gas ihesa sortu du. Ihesa, teknikari espezializatuek konpondu behar izan dute eta horrek, auzokideak haien etxeetara hirurak arte ez itzultzea eragin du.
Ertzaintzako espezialistek ebidentziak batu dituzte eta momentu honetan, ikerketarekin hasi dira. Ikerketan, egoitzako kamerek hartutako irudiak aztertuko dituzte atentatuaren egileak identifikatzeko eta epailearen esku jartzeko asmoarekin.
Bizilagun batek pakete susmagarri bat ikusi eta Ertzaintzari abisua eman dio. Azkenik, lehergailuak eztanda egin du gaueko hamabiak aldera.
Euskadiko Alderdi Sozialistaren egoitzaren alboan jarritako lehergailu batek eztanda egin du gaueko hamabiak aldera Durangon, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Bizilagun batek pakete susmagarri bat ikusi eta Ertzaintzari abisua eman dio 11:00ak aldera, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Ertzaintzak zona sokaz inguratu du (sic) eta etxebizitzak hustu ditu.
Ertzainak bertaratu eta lehergailua bilatzen hasi dira, baina azkenik eztanda egin du gauerdian.
Erdi Aroko hilobi bat aurkitu dute AHTaren Zornotzako zatiko lanetan (Bizkaia), eta lanak eten egin dituzte aurkikuntza aztertu bitartean. Adifeko iturriek esan dute inguruko lur mugimenduak soilik geratu dituztela, ez zati osoarenak. Zornotzako zatiak 5,3 kilometro ditu, eta 68 milioi euroko aurrekontua. AHT Gelditu! Elkarlanak iragan ekainaren erdialdean salatu zuen lanak hasi zirela. Adifek ziurtatu du hilobia aurkitzeak ez duela eraginik izango lanaren gastuetan eta hura amaitzeko ezarritako datan.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumena da hilobiarekin zer egin erabakitzea. Aralarrek Kultura diputatu Josune Ariztondok Bizkaiko Batzar Nagusietan agerraldia egin dezala eskatu du. Aurkikuntzaren inguruko datuak eskatu dizkiote Ariztondori, eta galdetu zer garrantzi duten eta zer ondorio sortuko dituen AHTaren lanetan.
Gaur goizean gazte bat zauritu da Zornotzan egon den istripu batean. Ezbeharrak auto-ilarak sortu ditu Bilboko noranzkoan.
ERTZAINTZAREN PRENTSA BULEGOA
www.ertzaintza.net
Istripua goizeko zortzietan gertatu da N-634ko 93,200 kilometroan, Boroa parean. Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiak direla eta, Durangoko noranzkoan zihoan furgoneta bat bidetik irten da. Errepideko erdibitzailearen kontra talka egin ondoren, Bilboko noranzkoan zihoan Scania kamioi baten kontra jo du. Furgoneta guztiz iraulita geratu da.
Ezbeharraren ondorioz, Citroen furgonetaren gidaria, 21 urteko gazte bat, zauritu egin da eta Galdakaoko ospitalera eraman dute. Errepidea itxi egin da Bilboko noranzkoan eta Ertzaintzak inguru horretan trafikoa arautu du. Goizeko hamaikak hamar gutxi inguruan errepide-zirkulazioa normaltasunera itzuli da, garabiak furgoneta eta kamioia errepidetik kendu dituenean.
Erakunde armatuko informazio taldeko kide izatea egotzi diete. Gaur goizean atzeman ditu Frantziako Poliziak Charenton le Ponten, Guardia Zibilarekin elkarlanean.
www.berria.info
Frantziako Poliziak Xabier Arruabarrena Carlos (Elorrio, Bizkaia; 37 urte) eta Oihana Garmendia Marin (Santurtzi, Bizkaia; 32 urte) atxilotu ditu Paristik gertu gaur goizean, Charenton le Pont herriko etxe batean, ETArekin zerikusia dutelakoan. Erakunde armatuko informazio taldeko kide izatea egotzi diete: Arruabarrenari talde horretako buru izatea eta Garmendiari ondokoa.
Guardia Zibilarekin batera egin du operazioa Frantziako Poliziak. Haien etxea miatzen ari dira.
Val de Marne departamenduan dago Charenton le Pont, Paristik hego-ekialdera, hogei kilometrora.
Arruabarrenari 1999an eta 2000n ETAren Bizkaia komandako kidea izan zela ere leporatzen diote. Ihes eginda zela epaitu egin zuten iaz Frantzian. Garmendia ere epaitu zuten 2007an han, ihes eginda zegoela.
Eguskitzan hasi dira tunela zulatzen, AHTaren Abadiño-Durango zatian
723 metro eta bi bide izango ditu, eta lanak Espainiako Gobernuak ordainduko ditu osorik, hari baitagokio zati hura
Erredakzioa.
Bilbo
Hasi dira AHT abiadura handiko trenaren bidea egiteko lanetan Abadiño eta Durango arteko Eguskitza mendian (Bizkaia). Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak jakinarazi du dagoeneko hasiak direla tunela egiteko zulaketak, hegoaldeko ahoan. Goialdetik zulatuko dute lehenbizi, eta hura amaitutakoan zabalduko dute zulo osoa. Zulaketak egindakoan, tunela drainatzeko eta iragaitz egiteko lanei ekingo diete. Guztira, 723 metroko luzera izango du Eguskitzako tunelak, eta bi bide izango ditu. Gainera, 95 metro koadroko gune libre bat utzi dute.
Abadiño eta Durango arteko zatiko bi tuneletako bat izango da Eguskitzakoa -bestea Mendigaingoa da, 1.010 metrokoa-. Haiez gain, bi zubi egitekoak dira zati hartan: Untxillan bata (300 metro), eta Mañarian bestea (516 metro). Iazko udaberrian hasi zituzten lanak zati hartan, eta, guztira, 3,5 kilometroko ibilbidea 21 hilabete baino lehen egitea espero dute. 51 milioi euroko aurrekontua dute Abadiño-Durango zatiko eraikuntza lanek. Espainiako Gobernuari dagokio oso-osorik lan horiek ordaintzea, zatia hari dagokiolako.
«Albiste bikaina»
Eguskitzako tunelean lanak hastea «albiste bikaina» dela esan du Mikel Cabiecesek, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak. «Argi erakusten du EAEko AHTaren lanak aurrera egiten ari direla egunez egun». Haren arabera, herritarrak AHTa eskatzen ari dira, eta trena ezinbestekoa da ekonomia eta gizartea garatzeko. Adierazi du tramiteak era egokian ari direla egiten, eta «zehatz-mehatz» ari direla betetzen ingurumena babesteko ezarritako neurriak.
Gaur, maiatzak 28, Durangoko Udaleko osoko bilkura bertan behera geratu da Aitziber Irigoras alkateak ez duelako AHTren inguruko ezertaz hitz egin nahi izan. Urte hasieran AHTren lanak hasi ziren Durangon, Tabira auzoan, eta duela aste batzuk Larrinagatxu auzoan ere hasi dituzte. Hala ere, Udala isilik dago horren aurrean eta gaur jarrera hori salatzera joan gara osoko bilkurara. Testu bat irakurtzen hasi gara (testua amaieran dago) baina alkateak ez digu jaramonik egin eta EAJko, PSOEko eta PPko zinegotziak aretotik irten dira. Azkenean, bertan behera utzi dute gaurko osoko bilkura. Gure herria txikitzen ari dira eta alkateari eta zinegotzi gehienei ez die ardura, ez baitaukate azalpenak emateko asmorik. Jakin dezatela gu ez garela isilduko eta AHTren aurkako borrokarekin aurrera jarraituko dugula munstroa gelditu arte!
“Barkatu momentu bat. Badakigu agian hau ez dela modurik egokiena, baina ez diguzue beste biderik uzten.
Orain dela hilabete batzuk, Abiadura Handiko Trenaren obrak Durango txikitzen hasi ziren eta gure Udalak ez du ezer esan. Lehen Tabiran hasi ziren eta orain Larrinagatxun. Gure herria suntsitzen hasi dira eta bitartean Udala eta alkatesa isilik zaudete. Ez daukagu eskubiderik gure herrian gertatzen dena jakiteko ala?
Zu zeu ere, Aitziber Idigoras, noizbait kexatu egin zara ADIFekoek ez diotelako Udalari abisatu obrak hasi direla. Baina ze eskubide daukazu zuk horretaz kexatzeko, gero zuk herritar guztiokin berdin jokatzen baduzu? Zuri ADIFekoek ez dizute ezer esan, ados, baina zuk ere ez diozu herriari esan obrak hasi direla, zuk eta zure alderdiak ere ezkutuan jokatzen duzue durangar guztiokin.
Ondo baino hobeto dakizue zuen tren horrek ez digula inolako onurarik ekarriko durangarroi. Esango diguzue mesedez, EAJko, PSOEko eta PPko zinegotziok, zergatik den ona AHT durangarrontzat? Guk obrak eta txikizioa jasan beharko ditugu, guk dirua eta lurrak ipini beharko ditugu munstro hori eraikitzeko,eta trukean ez dugu ezer jasoko. Txikizioa alde guztietatik; hori da jasoko dugun bakarra.
Nahikoa da justifikaziorik ez daukana justifikatzen ahalegintzeaz. Oraintxe bertan, Durangaldeko hamarnaka enpresatan lan erregulaziorako txostenak onartu dituzte, enpresaren bat edo beste itxi dute edo ixtekotan daude, eta eskualdean 7.000 langabetutik gora ditugu. Eta horren aurrean, zuen sistemak sortu duen krisiaren aurrean, guk ordaintzen ditugun milioika euro gastatuko dituzue behar ez dugun zerbaitetan. Ez dugu AHTrik nahi eta ez dugu behar. Inbertitu ezazue zergetan kentzen diguzuen dirua gizartea hobetzen, eta ez erabili diru hori hormigoiaren enpresak gure kontura gehiago aberastu daitezen.
Herritarren lurrak lapurtzen ari zarete; durangar bati etxea bota behar diozue, ehunka urte dituen etxea, gainera; herria eta inguruak poliziaz bete dituzue; protesta egiten dugunean bortizkeriaz erasotzen diguzue, Urbinan egin zenuten moduan… Zenbat gauza gehiago egin behar dituzue zuen alderdien enpresek diru gehiago irabazi dezaten?
Ez esan hau gizartean egindako inbertsioa denik, badakizue-eta gezurra dela. Gizarteak ez du horrelakorik behar. Gizarteak beste beharrizan larriago batzuk dauzka, eta zuei ez dizue ardura.
Ez pentsatu obrak hasi dituzuelako isildu eta etxean geratuko garenik. Ez dago AHT justifikatzen duen inolako arrazoirik; ez zegoen lehen, eta orain ere, obrak hasita egon arren, ez dago inolako arrazoirik. Beraz, guk jarraitu egingo dugu. Jarraitu egingo dugu zuen jokaera makurra salatzen eta jarraitu egingo dugu herritarrei informazioa ematen, zuek herriari ezkutatzen diozuen informazioa guk emango diogu. Ez gara isilduko eta ez gara geldi geratuko!
Azkenean, gure arrazoiaren indarrak irabaziko du, eta ez zuek inposatu nahi diguzuen indarraren arrazoiak. EZ DUGU NAHI ETA EZ DUGU BEHAR, AHT GELDITU ORAIN!”
Abadiñoko Udalak mozio bat onartu du euskal presoen eskubideak errespetatzeko. Frantziako eta Espainiako estatuek indarrean daukaten espetxe politika aldatzeko eskatu du, baita sakabanaketa bukatzeko ere. Eneko Zarrabeitia herriko presoaren jarraipena egiteko konpromisoa hartu du, baita udaletxeko balkoian presoen aldeko bandera jartzearena ere.
Durangaldeko gazte mugimenduak adierazi du AHTren eraikuntzarekin agintariek eskualdea eta Euskal Herria zementoz bete nahi dutela, eta hori guztia diruaren kontura egin nahi dutela salatu dute. Gainera, makroproietu honen eraikuntzak kalte ekologikoak ez ezik kalte sozialak ekarriko dituela azpimarratu dute, besteak beste Durangaldea deslokalizazioarekin itoz. Horren aurrean gazte mugimenduak AHTren aurkako manifestaldia deitu du datorren maiatzaren 28an.
Oharra:
Uztailean hasi ziren AHTaren obrak Durangaldean, Abadiñoko mendialdean. Durangon ere orain hilabete batzuk hasi ziren, eta aste honetan jakin dugu Larrinagatxu auzoan ere obretan daudela. Ezinbesteko obrak omen dira, lehentasunezkoak. Hori diote korbatadun engominatuek.
Durangaldean jaio garenok, Anbotoko mendikatearen eta bertako kondairen babespean hazi gara. Eta orain, munstro horren eraikuntzarekin guzti hori kendu nahi digute. Ez dute barkamenik!
Krisi garaian gaudela-eta, AHTak onura ekarriko omen du, proyecto de pais omen da. Argi eta garbi: eurek sortutako zuloak porlanez estali nahi dituzte, Durangaldea eta Euskal Herria zementoz bete nahi dituzte. Eta gainera gure diruaren kontura! Hori da hori proiektua!
AHTak kaltea besterik ez digu ekarriko. Kalte ekologikoa, baina baita soziala ere. Durangaldea itoko dute deslokalizazioa eta beste mila eraginen ondorioz. Guk, herritarrok, aspalditik esan diogu ezetz inposaketa honi; eskualdean egindako mobilizazio jendetsuak eta Herri galdeketa arrakastatsuak horren lekuko dira.
Eta ezetz esaten jarraituko dugu gazteok ere, zentzugabeko tren hau gelditu arte! Horregatik, gazteria osoari manifestatzeko deia egiten diogu Durangaldeko gazte mugimendu zabaletik, maiatzaren 29rako. Arratsaldeko 18:30ean izango da Landakotik irtenda.
Eusko Jaurlaritzak, Durangoko Udalaren babesarekin, aurrera jarraitzen du txikizioarekin gure herrian eta eskualdean. Durangon, otsailean salatu genuen obrak hasi zirela. Orduko hartan Tabirako igerilekuen ondoan hasi ziren. Hainbat astez zuhaitzak bota, lurra mugitu eta pistaren bat zabaldu zuten eta ondoren bertan behera utzi zuten guztia. Orain, Durangoko beste auzo batean hasi dira: Larrinagatxun. Eta otsailean salatu genuen moduan, gure herriko Udalak isilik jarraitzen du. Noiz demontre esan behar digute durangarroi gure bizimodua baldintzatu eta gure ingurua izorratuko duen txikizioa hasi dutela? Hainbeste lotsatzen ote dira Aitziber Irigoras gure herriko alkatea eta EAJ bere alderdia egiten dabiltzanaz eta horregatik ez dira ausartzen ezer esaten? Zergatik hainbeste ezkutukeria eta isiltasun beste behin ere?
Inposizioaren bidetik jarraitzen dute, hasiera-hasieratik egin duten bezala, baina argi izan dezatela herritar asko eta asko horren aurka gaudela eta ez garela isilik eta geldi geratuko, eurek hala nahi gaituzten arren. Beti bezala, euren erantzuna errepresioa baino ez da, eta horren haritik aspaldi bete zuten leporaino gure eskualdea poliziaz eta segurtasun-zaindariz eta hainbat isun jarri dizkigute, azkena aste honetan bertan heldu zaio Durangoko gazte bati.
Hori da bidea, Aitziber Irigoras? Hain argi badaukazue gizartea proiektu ustel horren alde dagoela, zergatik beldurtzen gaituzue zuen poliziekin? Hain demokratikoak bazarete eta herritarrotaz hainbeste arduratzen bazarete, zergatik ezkutatzen diguzue egiten zabiltzatena? Zuen arabera AHTk herritar guztioi hainbeste onura ekarriko badizkigu, zergatik ez duzue aurpegia ematen hain harro omen zaudeten hori aldarrikatzeko?
Guk argi dugu zeintzuk diren gure arrazoiak eta zein den gure bidea, eta horretan jarraituko dugu etsi gabe.
EZ DUGULAKO NAHI ETA EZ DUGULAKO BEHAR, AHT GELDITUKO DUGU!
Frankismoaren garaiko beste biktimak. Haien sexu joeraren ondorioz laidoztatuak, baztertuak, espetxeratuak, torturatuak, hilak; ondoren, ahaztuak, ikusezin bihurtuak. Francisco Francoren diktaduran zapaldutako lesbiana, gay, transexual eta bisexualen omenez, Kantu isila izeneko oroitarria inauguratu zuen atzo Durangon (Bizkaia) EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak.
Milaka izan ziren frankismoaren garaian «beren duintasunaren alde» borrokatu ziren emakumeak eta gizonak, Imanol Alvarez EHGAMeko kideak azaldu duenez. «Era guztietako irainak eta zapalkuntzak jasan zituzten, bakarrik beraiek hautatutako pertsonak maitatu eta haiekin larrua jo nahi izateagatik». Emakume eta gizon haiek gogoan izateko, Koldobika Jauregik egindako eskultura jarri dute Landako gunearen ondoan. Kantu isila da artelanaren izena, baina Jon Maiaren bertso bat bertan grabatu ostean, isiltasunari hitzak jarriko dizkiote.
Frankismoaren «beste» biktimak dira, hain zuzen, «bestelakoak» izateagatik jazarri zietelako. «Bene-benetan ahaztuak, gehienak anonimoak, baina gure aitortza merezi dutenak», gaineratu du Imanol Alvarezek. Izan ere, frankismoaren biktimen artean, lesbiana, gay, transexual eta bisexualak izan dira isilduenak. Hala onartu du Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak : «Tristea da, baina esan egin behar da: frankismoak ez ezik, frankismoaren aurka borrokatu zirenek ere zapaldu zituzten gay eta lesbianak. Garai hartako ezkerreko errepresaliatu politikoen artean ere jokabide homofoboak egon ziren».
Baina justiziari begira, oroitarriaren atzean «izen-abizen zehatzak» daudela esan du Alvarezek, eta hildakoak omentzea egoki jo arren, ekintzetara igarotzeko beharra nabarmendu du, «zoritxarrez, izen-abizen horiek jardunean jarraitzen dutelako egun». Elizak ere lesbiana, gay, transexual eta bisexualen inguruan izandako jarrerari buruz hausnartu beharko lukeela gaineratu du Ahaztuak 1936-77 elkarteko kideak. Horregatik, hain justu, Durangoko Andra Maria elizaren aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo.
76ko azaroko egun batean
Durango hautatu du EHGAMek oroitarria jartzeko, besteak beste, bertan sortu zelako elkartea. «1976ko azaroko egun batean, Antonio Quintanak eta biok topo egin genuen hemen» , azaldu du Imanol Alvarezek, EHGAMeko sortzaileetako bat izandakoak. «Bertan hasi ginen berbetan, Europako beste leku askotan bezala, Euskal Herrian ere gay mugimendua antolatzeaz. Beste inork egiten ez bazuen, guk egin behar genuela zioen Antoniok. Ni nahiko eszeptikoa nintzen, baina haren gogoa ikusita, ezin izan nion ezetz esan».
Ordutik, aurrerapausoak eman dira, baina oraindik herrialde batzuetan sexu joeragatik pertsonei jazartzen dietela eta hil egiten dituztela gogorarazi du Gema Zabaletak, Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak. Gurean ere «homofobia ekintzak» daudela eta «berdintasunaren alde borrokatzea beharrezkoa» dela gaineratu du, frankismoaren biktimek isuritako odola ez zelako alferrik izan: «Memoria eta justizia ekitaldia da hau, ez ahaztera konprometitzen gaituena».
“Zapalkuntza jasan zuten, beraiek hautatutako pertsonak maitatu nahi izateagatik»
IMANOL ALVAREZ
EHGAM
«Frankismoak ez ezik, hura borrokatu zutenek ere zapaldu zituzten gay eta lesbianak»
Martitzenean zabalduko ditu ateak jendaurrera Kalebarriko Udal Liburutegi berriak. Bezperan, 19:00etan, inaugurazio ekitaldia egingo dute eta udal arduradunak ez eze herriko elkarte, kolektiboak eta ikastetxeak gonbidatu dituzte.
Biharamunean, erabiltzaile guztiei zabalik izango da 1.785 metro koadro erabilgarri batzen dituen kultur azpiegitura: 09:00etatik 21:00etarako ordutegia izango du. Hiru milioi euro inguru erabili dituzte, aldi berean 300 lagun batzeko aukera ematen duen liburutegia atontzeko.
Uriko eskola, liburutegia eta Udal Musika Bandaren entsegu lekua izandako Kalebarriko XVIII. mendeko eraikinari Komentukalen altxatutako berria gehituta osatu dute azpiegitura; kristalezko pasabidearekin lotu dituzte biak. Bai Kalebarritik bai Komentukaletik sarrera izango du, Garai Jauregiaren lekua hirukoiztuz.
Irakurketarako espazioa izango da Kalebarriko gunea, eta beheko solairuan egunkari eta aldizkariak irakurri edo musika entzuteko aukera eskainiko du. Horrekin lotutako irakur-gunea batuko du Komentukalekoak, ikus-entzunezko gela eta taldean lan egiteko lekua ez eze; tailerrak, erakusketak, ikasteko gunea… sortzeko aukera eskainiz. Sotoan Artxibo Historikoa gordeko du, besteak beste.
Euskal Herrian gay askapen erakundea sortzeko ideia 1976an jaio zen, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren giroan. Horrela gogoratu du Euskal Herriko Gay Askapen Mugimenduak (EHGAM). Hori aintzat hartuz, gay oroitarria jarriko dute Landakon, “nahiagotasun homosexualagatik jazarpena jasan duten edo euren afektibitatea askatasunez bizitzeko borrokatu direnen omenez”.
Gogoratu dutenez, frankismoaren biktimen artean “euren homosexualitateagatik kartzelaratuak, torturatuak edo besterik gabe erailak izan ziren milaka eta milaka” ez dira aitatzen. Landakoko parkean jarriko dute oroitarria, eta inaugurazio ekitaldia 12:30ean hasiko da (Elkartegian batuko dira, 10:30ean). Bazkaria izango da 14:30ean, eta 16:00etan El sendero de las baldositas rosas (Ortzain) ikuskizuna hasiko da; gero, Las Fellinik jardungo dute. Elkarretaratzea ere deitu dute, 18:30ean Andra Marin.
2008ko azaroan jarri zuten lehenengo salaketa eta ondorioz jarraipenak lasaitu egin ziren. Baina azken asteotan berriz sekulako presentzia poliziala somatzen dute eta berriz jo dute epaitegira.
Durangoko Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:
Durangaldeko bi gaztek azken urte eta erdian pairatzen ari diren jazarpen poliziala salatu dute. 2008ko azaroan salaketa bat jarri zuten Durangoko Instrukzio Auzitegian egoera jada jasanezina zelako. Etxeko atarian, lanean, kalean, oporretan… gau eta egun zituzten kalez jantzitako poliziak atzetik, autoz nahiz oinez. Salaketa judizial hartan jarraika izan dituzten bederatzi ibilgailuren datuak (modeloa, kolorea eta matrikula) eman zituzten eta hilabete luze horietan atzetik izan dituzten 25 pertsona inguru identifikatzeko gai izango zirela adierazi zuten.
Salaketa hura jarri ostean, egoera nolabait baretu egin zen gazte horientzat, nahiz eta jarraitzeak inoiz ez ziren guztiz eten. 2008ko azaroa eta 2009ko maiatza bitartean jarraitzeak intentsitate ezberdinarekin eman dira. Alabaina, azken hilabetean jazarpena berriro areagotu da: egunero lau auto dituzte atzetik.
Gauzak horrela, 2008ko azaroan jarritako salaketari datu berriak erantsi (‘ampliación de denuncia’ delakoa) dizkiote orain: beste 10 ibilgailuren informazioa (modeloa, kolorea eta matrikula) eta beste zenbait pertsonen identifikazioak. Beraz, urte eta erdi honetan 19 ibilgailuren datuak eman dituzte eta hamarnaka pertsona identifikatzeko gai dira. Hasieran Durangoko Instrukzio Auzitegiko epaileak auzia artxibatu nahi zuen, baina azpimarratzekoa da “intimidazio eta koakzio” kasu baten aurrean aurkitzen garela onartu duela. Une honetan, errekurtsoaren zain daude.
Durangaldeko Amnistiaren Aldeko Mugimendua elkartasuna eta babesa adierazi nahi die aipatu bi gazteei, azken urte eta erdian sufritzen ari diren jazarpenagatik. Tamalez, Durangaldeko bi gazte hauek, izebergaren punta baino ez dira; izan ere, Euskal Herrian ehunka eta ehunka dira antzeko egoera itogarrian aurkitzen diren lagunak. Espainia eta Frantziako estatuei nahiz EAEko Jaurlaritzari edota Nafarroako Gobernuari “tolerantzia”, “talantea”, “giza-eskubideen errespetua”, “indarkeria-eza”, “elkarrizketa”, “bakea”, “askatasuna” eta antzeko hitz potoloekin betetzen zaizkie euren aho zabalak. Baina, egunerokoan, kontzeptu horiekin bat ez datozen bitartekoak erabiltzen dituzte euskal herritarren kontra. Bitarteko horietako bat polizia-jazarpena da, komunikabide handiek ezkutatzen dutena, gizartearen aurrean existitzen ez dena eta ehunka eta ehunka gaztek egunero isilpean sufritzen dutena.
Durangaldeko Amnistiaren Aldeko Mugimendua ondoko eskaera luzatzen die Espainiako eta Frantziako gobernuei: arduraz joka dezatela, bitarteko errepresiboak (ilegalizazioak, dispertsioa, bizi-osorako kartzela-zigorrak, gazteen kontrako jarraipenak…) albo batean utzi ditzatela eta Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbide politikoa eman diezaiotela behingoz, benetako bakea eta askatasuna ezagutu ditzagun.
Erreskate taldeek hilda topatu zuten atzo goizean Anboton (Bizkaia) desagertu zen mendizalea. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak berri eman duenez, 11:30ak aldera aurkitu zuten 37 urteko gizonaren gorpua, Frailea inguruko ertz batean. Ortuellan (Bizkaia) bizi zen. Ertzaintzaren lehenengo hipotesien arabera, gizona hamabost metroan behera erori zen, eta bertan hil. Gorpua helikopteroz atera behar izan zuten, erreskatea egiteko inguru zailean baitzegoen.
Familiak astelehen goizean salatu zuen Ertzaintzaren aurrean gizonaren desagertzea. Igandean joan zen mendi ibilaldi bat egitera, eta ez zen gehiago etxera itzuli. Harrezkero, 80 bat lagun aritu dira haren bila, larrialdi zerbitzuetako kideak eta boluntarioak.
Ertzaintza 37 urteko mendizale baten bila dabil Anboton (Bizkaia) eta inguruetan. Ortuellakoa da (Bizkaia) da hura eta igandean joan zen mendira. Ez zen, ordea, etxera itzuli, eta familiak atzo goizean goiz abisua eman zion Ertzaintzari.
Atzo ertzainak eta Mendi Federazioko boluntarioak bilatze lanetan aritu ziren eta gaur zortzi eta erdietan ekin diote berriro.
Orain dala sei urte Abadiñon sortutako taldeak Inox izeneko hirugarren diskoa kaleratu dau Baga-biga diskoetxearen eskutik. Metal estiloari melodia ganeratu eta erabateko indarra emoten deutse kantei, rap-ikutu eta, tartean, pop kutsuagaz be bai, jantzarako estiloak be nahastauta. ‘Ahots melodikoei garrantzi handiagoa emotea erabagi dogu’, dinoe taldekideek.
Gai horrekin ez duela eztabaidarik sortuko adierazi du, baina izenari eusteko lanik ere ez duela hartuko
www.berria.info
Antonio Castellet Zornotzako PSE-EEren bozeramaileak adierazi duenez, ez du «kezkatzen» Txiki eta Otaegi plazak frankismo garaian fusilatu zituzten bi etakideen izenarekin jarraitzeak. 1975. urtean fusilatu zituztela eta bizi izan balira 1977ko Amnistia Legearekin kaleratzeko aukera izango zutela ohartarazi du. «Ez litzateke gauza bera izango herriko kale bati Artapalo edo beste etakide batzuen izena jartzea», zehaztu du. Hortaz, Txiki eta Otaegi plazaren izenaren inguruan ez duela eztabaidarik sortuko jakinarazi du.
Hala ere, auzitegien erabakiak errespetatuko dituela esan du zinegotzi sozialistak. Eta izena aldatzeko erabakia iristekotan ez duela horren aurkako helegiterik aurkeztuko, ez duela horretan udal gobernuarekin bat egingo.
Izan ere, Txiki eta Otaegi plaza izen horrekin mantentzearen alde ahal duen guztia egingo duela esana du Dabid Latxagak, alkate jeltzaleak, izena alda ez dadin «auzitegietako instantzia guztietara» joko duela. Hori bai, epai irmoa iristen bazaio agindua bete egingo duela eta plazari izena aldatuko diola azaldu du.
Zornotzako PPk, berriz, bi etakideen izena duen plazaren izena berehala ezaba dezatela nahi du. Horretarako, hurrengo udalbatzarrera proposamen zehatza eramango duela ere jakinarazi du. Auzitegien epaiaren zain egon gabe, Txiki eta Otaegi izena kentzea eta Terrorismoaren biktimak jartzea proposatuko du. Halaber, aldaketa hori egiten den egunean ETAk eragindako biktima guztiei Zornotzan omenaldia egiteko eskatuko du.
Durangon eta Etxebarrin bezala, Txiki eta Otaegi plazari izena aldatzeko agindu dute auzitegiek Bizkaiko beste herri batean. Frankismo garaian fusilatu zituzten bi herritarren izenekin terrorismoa goratzen dela argudiatuta, plazari izena aldatu beharko diote Zornotzan. Dabid Latxaga alkateak epaiari helegitea jarriko diola jakinarazi du, baina agindua beteko duela.
Bi ibilgailuk istripua izan zuten atzo Berriz (Bizkaia) parean, N-634 errepidean. 07:30ean gertatu zen ezbeharra, eta autoan zihoan pertsonetako bat zauritu egin zen. Galdakaoko ospitalean dago. Bestalde, Foruzaingoak abiadura kontrolatzeko kanpaina berezia du abian atzoz geroztik, bihar arte. A-15 eta AP-15 errepideak behatuko dituzte batik bat.
(“Zuzendariari” atalean Jose Andres Etxebarria zornotzarrak idatzitakoa)
“Horra, gure gizarte honetan agertzen zaigun paradoxetako bat. Baina, kasu honetan, paradoxa mingarria, tragikoa, heriotza bera dena.
Ahaleginak egiten dira gure gizartean adimenezko minusbaliotasunak dituztenak gizarteratzeko eta, aldi berean, gainerako herritarrekin, ahal denik eta gehien berdintzeko. Laneratzea dugu, horretan, oso alderdi garrantzizkoa.
Denbora gutxi dela aukera izan nuen Down deitzen ditugun adimenezko minusbaliatuak laneratzeko zenbait ekimen irakurtzeko, interesgarriak benetan.
Baina goazen errealitatearen beste alderdi batera. Egia esan, ez hain alderdi positiboa. Emakume haurdun bati amiozentesia izeneko aukera eskaintzen zaio, erdituko duen umea era bateko edo besteko minusbaliotasunik izango duen jakin ahal izateko. Eta azterbide horren emaitza Down sindromedun ume bat izango dela ondorioztatuz gero, besterik gabe aholkatzen diote (edo liezaiokete) amari abortatzea, arazoa konpontzeko.
Gaur egun, sindrome hori izango omen dutenen umeen arteko %5era ere ez dira ailegatzen jaiotzen direnak. Hil egiten dituzte kalitatezko kontrola ez gainditzeagatik.
Horra, bada, kontraesana: lanean jarduteko bai dute eskubidea; bizitzeko, ordea, ez. Zein eskubide da, bien artean, garrantzizkoena?”
“Bi urte beteko dira laster udal legegintzaldi hau hasi genuenetik, eta oraindik ere Talde Independentea ez da gai izan Abadiñoko udalerako aurrekontu proiektu bat adostu eta onartzeko.
Arrazoia nabarmena da gure ikuspuntutik: agintzen ari dira, ez gobernatzen. Alkatea, alkate ordeak, gobernu batzordeko bost kideak eta arloz arloko batzorde informatiboetako bederatzi presidentziak zinegotzi independenteek hartu dituzte eurontzat. Bost udal ordezkari dira, baina ez dute inongo lotsarik gainontzeko zortzi zinegotzion ordezkaritza baztertzeko.
Hainbeste urtetan kritikatu dutena egiten ari dira orain eurok, eta aurrekoei gertatu zitzaiena gertatzen ari zaie, ezin dute herriko sektore, arlo eta sentsibilitate ezberdinengana heldu. Ezinean ari dira herri proiektu zabala osatu barik.
Hasieratik ahalegindu ginen egoera oker hau bideratzen, eta oraintsu egin dugu beste ahalegin bat Abadiñoko Independenteei gobernu akordiorako eta udal arduren banaketarako aukera zintzo eskainiz. Ezetz esan digute. Udal ardura guztiak eurontzat gura dituzte, eta ez daude prest udal gobernu akordiorik negoziatu eta adosteko. Ez dute nahi eta kito.
Guretzat lehentasunezko gaia da hau. Abadiñok ez du horrelako udal gobernurik merezi. Abadiñarrek bozkatu zutenari jaramon eginda, akordioa eta ardura banaketa beharko litzateke udalean. Horixe izan da gure asmoa, eta ezetza jaso dugu autoritarismoan gotortu diren Abadiñoko Independenteak taldeko ordezkarien aldetik.
Guk ezin diogu horrelako jarrerari zilegitasunik eman. 2009ko udal aurrekontuen proiektua onartzea, bazterketa, autoritarismoa eta norberekoikeria babestea litzateke. Behean sinatzen dugun zinegotziok bestelako udal bat gura dugu. Udal gobernu honek ez die biderik ematen guk ordezkatzen ditugun 1.122 bozka abertzale eta ezkertiarrei.
Beste udal eredu baten alde gaudelako, aurrekontu autoritario hauei ezetz esango diegu”.
Araitz Basauri, Igor Arkarazo, Maite Frades, Ramon Zarrabeitia.
Zinegotziak (Abadiño).
Musikaz eta jendez beteko dira gauak Traña-Matienako jaietan, lehengo eta oraingo doinuekin.
www.berria.info
Durangaldean, sanprudentzio festek urtez urte irabazitako indarra dute. Abadiñoko (Bizkaia) Traña-Matiena auzoko festak dira. Abadiñoko Udaleko festa zinegotzi Marisa Vazquezek nabarmentzen duenez, «jendea gogaitu egin ohi da neguan, eta, noski, festarako gogotsu dago; horrenbestez, eskualdeko jendea etengabe etortzen da Traña-Matienako festetara». Jendetsuak dira Traña-Matienako festak, eta, egutegiari jarraituta, urteko lehendabiziko jai nagusiak dira Durangaldean. Mugarri bat markatzen dute festa horiek, hortik aurrera, eskuz eskuko lekukoa balitz bezala, eskualdeko gainontzeko herrietako jaiak ospatzen baitira.
Musika izan ohi da festa ororen zati garrantzitsu bat, eta Traña-Matienan ere, horren aldeko apustua nabaria da aurten. Hori dela-eta hainbat dira, batez ere, gaueko musikari loturiko ekintzak, eta tartean, helduen gozamenerako doinuak ere ez dira faltako. «Kontuan hartu behar da Traña-Matiena auzoko biztanleen %60-70 inguru 30 eta 60 urte bitartekoak direla. Jakina, gazteentzako ekintzak antolatu behar dira festetan. Baina gazteek asteburuetan irteteko ohitura dute, eta ez dute festa giroa aurkitzeko arazorik izaten. Aitzitik, helduek soilik herriko jaietan irteteko ohitura dute, beraz, haiengan ere pentsatu behar da», adierazi du Vazquezek.
Gogoeta horrek izan du fruiturik, 1960ko eta 1970eko hamarkadak aintzat hartuta ospatuko den gau ikuskizunak ikusmira eta zeresan handia sortu baitu. Hain zuzen ere, garai hartan Espainian horrenbesteko sona izan zuten Karina, Micki eta Tony Ronald taula gainera igoko dira Traña-Matienan. «40 eta 60 urte bitarteko jendearentzako ikuskizuna antolatu dugu, garai hartako doinuekin hazi baitira horiek. Kantariek bi ordu inguruko emankizuna eskainiko dute, eta horren ondotik diskoteka erraldoia etorriko da. Guztira sei orduko ikuskizuna izango da». Halere, aipatutako ekimena egungo gazteentzat aspergarria edota desegokia izatea pentsa daiteke. Emankizuna lasai hasiko da, zenbait hamarkada atzeragoko musikarekin, eta tarte horretan helduak izango dira nagusi, gautxori bihurtuko direnak. Ondoren, hirukotearen kantaldia etorriko da, eta, azkenik, goizaldera arte luzatuko den diskoteka erraldoia, «goizaldeko ordu txikietan gazteria baita nagusi». Maiatzaren 1ean izango da hori guztia.
Rock kontzertuak ez dira faltako, ordea. Gazteak izango dira orduan nagusi. Tximak jira-biraka astinduko ditu batek baino gehiagok. Edota zerura altxatutako eskuek eta hatzapar tenteek deabruaren adarrak irudikatuko dituzte. Horretaz arduratuko dira bederen doinu gogorrak maite dituztenak. Madrilgo Savia taldeak, Galdakaoko Kalterekin partekatuko du agertokia. Haurrek ere izango dute musika entzuteko aukera, gaur bertan hasita, San Prudentzio egunez.
Egitaraua
GAUR
16:00. Umeentzako jolasak Traña plazan, eta Afrikako tailerrak eskoletako gimnasioan.
23:00. Kalte eta Salvia taldeen kontzertua Traña plazan.
BARIKUA
Elkarteen azoka.
13:30. Perretxiko pintxoak Traña plazan.
17:00. San Prudentzio pilota txapelketaren finala.
17:30. Xake erakustaldia Pino plazan.
21:00. 1970eko hamarkadan girotutako jaialdia Trañabarren etorbidean; 23:00etan Tony Ronald, Karina eta Mickiren kontzertua. Ondoren, Onda Futura diskoteka.
ZAPATUA
12:00. Paella txapelketa merkatu plazan. 18:00etan tortilla txapelketa.
17:00. Frontenis txapelketaren finala frontoian.
23:00. Irisen kontzertua Trañabarren etorbidean.
DOMEKA
Txistularien kalejira. Traña plazan txahal bat erreko dute.
10:00. Umeentzako margo txapelketa Traña plazan. Eguerdian, herri kirolak.
- 19:00 San Prudentzio kartel lehiaketaren sari banaketa, Errota kultur etxean. Aurkeztutako obrekin erakusketa bat egingo da Errota kultur etxean apirilaren 24tik maiatzaren 3ra arte.
- 22:30. Musika jaialdia Traña plazan, tabernek, txoznek eta Udalak antolatuta:
* Disorders
* KOP
Apirilak 25, zapatua:
* 10:30. Eskola arteko benjamin mailako aretoko futbol partidoa: Matiena Herri Estola vs. Gernikako Mertzede Ikastola.
* 11:30. 6-7 urteko futbito txapelketa eskoletan: Traña-Matiena H.E., Zelaieta H.E. eta Berriz.
* 14:30. Bazkari herritarra TRaña Plazan; tabernek, txosnek eta udalak antolatuta. Euria bada, frontoian izango da. Txartelak salgai txozna eta tabernetan 15 eurotan.
* 16:00. Tute txapelketa gimnasioan.
* 22:00. Bertsolariak Errota Kultur Etxean: Gregorio Larrañaga “Mañukorta”, Igor Elortza, Sustrai Colina, Xabi Paia. Gai jartzaile: Maite Berriozar. Gonbitea beharko da sartzeko, eta gonbiteak eskura egongo dira apirilaren 20tik aurrera Errota Kultur Etxean (sarrera bi pertsonako, goitik jota).
* 23:00 Jaialdia Trañabarren etorbidean: Africa.
Apirilak 26, domeka:
* 11:00. Junior mailako txirrindulari lasterketa, San Prudentzio Saria.
* 18:00 Hortzmuga taldeak eskainitako “Super Plast” kale antzerkia Traña plazan. Euria balitz, frontoian.
Apirilak 27, Donien Atxa Eguna:
* 19:00. Kuadrila guztien bilera Trañako zubian.
* 20:00. Donien Atxa landatu. Giroa alaitzen, Kessenge txaranga, Iluntze taldearen dantza saioa eta urteko lagun ospetsuena saritzeko ekitaldia
Apirilak 28, San Prudentzio Eguna:
* 11:00.Meza Nagusia.
* 16:00-19:00. Umeendako jolastokia Traña plazan. Euria bada, frontoian.
* 16:00 Afrikako tailerrak eskoletako gimnasioan.
* 18:00 Umeen jaialdia Atxikistan taldeagaz Traña plazan.
Apirilak 29:
* 18:30 Angel Alvarez “Campurriano” eskultore abadiñarraren lanaren aurkezpena eta poesia errezitaldia Errota Kultur Etxean. Lanen erakusketa maiatzaren 9ra arte zabalik.
Apirilak 30, eguena:
* 19:00 Play Back txapelketa Errota Kultur Etxean. Gonbitea beharko da sartzeko, eta gonbiteak eskura egongo dira apirilaren 20tik aurrera Errota Kultur Etxean (sarrera bi pertsonako, goitik jota).
* 22:30 Su artifizialak
* 23:00. Jaialdia Traña Plazan:
o Kalte
o Savia
Maiatzak 1 barikua:
Elkarteen azoka.
* 13:00 iluntze taldearen dantza ekitaldia
* 13:30 Perretxiko pintxoak Traña plazan, Geredixa Mikologi Elkarteak antolatua.
* 17:00. San Prudentzio pilota txapelketaren finala.
* 17:30. Xake erakusketa Pino plazan
* 18:00 Matienako eskoletako neskatoen koreografia jaialdia Errota Kultur Etxean. Gonbitea beharko da sartzeko, eta gonbiteak eskura egongo dira apirilaren 20tik aurrera Errota Kultur Etxean (sarrera bi pertsonako, goitik jota).
* 21:00. 70.eko hamarkadan girotutako jaialdia Trañabarren etorbidean. Mozorro txapelketako sari banaketa.
* 22:30. Su artifizialak.
* 23:00. Musika jaialdia Trañabarren etorbidean: Los míticos 70 “Tony Ronald, Karina y Micki”.
* 1:00 Onda Futura diskoteka Trañabarren etorbidean.
Maiatzak 2, zapatua:
* 11:00. Benjamin mailako futbol partidoa eskoletan: Traña-Matiena H.E. B eta Zornotzako Andra Mari I
* 12:00. Paella txapelketa merkatu plazan.
* 16:00. Ugasixo txapelketa merkatu plazan.
* 17:00. Frontenis txapelketaren finala frontoian.
* 18:00. Tortilla txapelketa merkatu plazan.
* 22:00 Su artifizialak.
* 23:00. Jaialdia Trañabarren etorbidean: Iris.
Maiatzak 3, domeka:
* Txistularien kalejira
* Goizean Geube-k txal bat erreko dau Traña plazan.
* 10:00. Nekazari, artisau eta abeltzainen azoka Traña plazan.
* 10:00-13:00. Umeendako margo txapelketa Traña plazan. Euria bada, frontoian.
* 12:00. Herri kirolak Traña plazan.
* 12:00 Sokatira Traña plazan.
* 12:00. Futbito partidoa eskoletako amen eta neska ikasleen artean.
* 16:00. Idi-probak Trañabarren etorbidean.
* 18:30. IV.danborrada, “De Norte a Sur” taldeak antolatuta eta Sugarri txarangak alaituta
* 20:30. Donien Atxa bota.
Izenez nahiz kokalekuz eraberrituta dator aurtengo eskaladaren festa; irailaren 7tik 13a bitartean, Durangok hartuko du Dimaren lekukoa, eta Dima Rockmaster irekia zena Dur&go izango da.
www.berria.info
Munduko eskalatzaile onenak bildu eta kirol eskaladari bultzada ematea helburu hartuta antolatu zuten estreinakoz Dima Rockmaster irekia, 2005. urtean. Kirol eskaladari lotutako denetariko jarduerak antolatu dituzte Diman lau urtez, Dimarock eskalatzaile askoren ezinbesteko erreferente bihurtzeraino. Dimako plazan jarritako rokodromo handia, eskalatzaile onenen arteko lehiak, herri izaerako Herriblock txapelketa, azoka, ikus-entzunezko eta proiekzioak… eskalatzaile orok zuen lekua jaialdian. Dima Rockmasterrak, gainera, bazuen munduan antolatzen diren gainerako masterrekin alderatuta bereizgarri bat: ohikoak diren rokodromoko eta eskalada oholetan antolatzen diren lehiaketak ez ezik, Baltzolako koban harkaitzean lehiatzen ziren eskalatzailerik onenak.
Irailaren 7tik 13ra bitartean antolatu dute eskalada irekiaren bosgarren aldia, aldaketa askorekin antolatu ere; izenetik hasi, kokalekuarekin jarraitu eta egitarauarekin bukatu. Dima Rockmasterra zena Dur&go izango da aurten, eta izen aldaketa bigarren berrikuntza baten ondorioa da: Durangon antolatuko dute, Diman beharrean. Zazpi egunez Landako gunea -Durangoko liburu eta disko azoka antolatzen den eraikina- eta inguruko parkea izango dira eskalatzaileen bilgune. Bertan jarriko dituzte boulderrak eta rokodromoa, eta, aldaketaren ondorioz, urteroko Baltzolako desafio eta txapelketa ez dira jokatuko aurten. «Iaz gainditu egin gintuen jende kopuruak, eta Dima txiki geratu zitzaigun. Beharrei erantzuteko azpiegitura aproposagoa du Durangok». Halaxe azaldu du kokalekua aldatu izana Iñaki Erdoiza antolakuntzako kideak.
Jendearen parte-hartzea
Lehiaketari dagokionez, urteroko legean espezialistarik onenak bilduko dituzte. Zazpi egunez sei txapelketa antolatu dituzte, tartean espezialistarik onenei bideratutako Block&go izenekoa -zailtasuneko blokeak eskalatuko dituzte zortzi espezialistarik onenek- eta Climb&go izenekoa -orain arte bezala, zailtasun eskaladako txapelketa izango da-. Durangon Euskadiko Txapelketa ere jokatuko dute.
Eliteko eskalatzaileen parte hartzea ez ezik, kirol eskalada ahalik eta jende gehienari zabaltzea dute helburu antolatzaileek. Horretarako herri izaerako Herriblock txapelketa indartuko dute, eta haurrentzat zazpi egunez egitarau berezia ere prestatuko dute.
«Durango Europako eskalatzaile bilkurarik handiena izatea nahi dugu», esan du Erdoizak. Dur&go eskalada irekiaren inguruko albiste, argibide eta berrikuntzak, www.durangomaster.com webgunean jarriko dituzte datozen aste eta hilabeteetan.
Guerrari bihar arte luzatu dio atxiloaldia Garzonek. Asteburuan atzeman zituzten, ETArekin zerikusia dutelakoan. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu du poliziek Martitegi, Uriarte eta Azpitarteren atxiloketan “bortizkeria handia” erabili zutela.
www.berria.info (2009-04-23)
Laurence Le Vert Frantziako epaileak espetxera bidali ditu Jurdan Martitegi, Alex Uriarte eta Gorka Azpitarte ustezko etakideak bart, atzo hartu eta gero. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez, Martitegi Nanterren sartu dute, Uriarte Meauxen eta Azpitarte Osnyn. Larunbatean atzeman zituen Frantziako Poliziak, Ipar Katalunian, Montoriolen.
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, berriz, Igor Garcia Otxoa, Asier Ortiz de Ginea, Sergio Bravo Saez eta Gorka Iriarte bidali ditu espetxera, bart, ETArekin zerikusia dutelakoan. Lehengo asteburuan atzeman zituzten Hego Euskal Herrian, Ipar Kataluniako operazioaren ondoren. Garcia Otxandion (Bizkaia) atzeman zuten, Ortiz de Ginea Gasteizen, Bravo Bilbon eta Iriarte Errenterian (Gipuzkoa).
Jonathan Guerra Tejero ere atzeman zuten Gasteizen, eta Garzonek atxiloaldia bihar 12:30ak arte luzatzea erabaki du. Olaritz Arakama igandean utzi zuten libre -Gasteizen atxilotu zuten-.
AAMk salatu du Martitegi, Uriarte eta Azpitarteren atxiloketan “bortizkeria handia” erabili zutela poliziek. “Azpitarte eta Martitegi lurrera bota zituzten, eskuburdinak zituztela aurpegia zapaldu zieten eta ostikoz jo zituzten behin eta berriz. Azpitartek medikuen beharra behar izan zuen ondoren. Aurpegian ubeldura ugari du, eta puntuak ditu eskuin bekainean eta ezkerreko masailean. Aurpegia lurraren aurka zuela, harri bat sartu zitzaion azalean, eta harria atera behar izan diote. Uriartek, berriz, ezpaina zauritua du eta kolpeak ditu gorputzean”.
Atxiloketa hori poliziek telefono mugikorren bidez grabatu zutela ikusi ahal izan zuten atxilotuek, AAMk dioenez.
Ikerketaren iturriek diote Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian atxilotutako lagunek Uriarte buru zuen komando bat osatzen zutela. Ipar Katalunian atxilotuei dagokienez, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak adierazi du lehergai “pixka bat”, hiru pistola, dokumentazioa eta material informatikoa harrapatu zietela.
Montorioleko operazioan aurkitutako dokumentazioan oinarrituta, Rubalcabak adierazi du ustezko komandoak Patxi Lopezen inbestiduratik hurbil egin nahi zuela atentatua.
Zazpi urte pasatu dira Zornotzan (Bizkaia) zentral termikoaren inguruko herri galdeketa egin zutenetik. Herritarren %98,3k ezetz esan zioten zentrala ezartzeari. Baina erabaki hori ez zutela errespetatu eta herritarrei erabakitzeko eskubidea ostu zietela salatu zuen atzo Zornotza Bizirik taldeak, elkarretaratzea eginez. Erreferendumean erabakitakoa errespetatzeko eta zentrala ixteko exijitzen jarraituko duela adierazi zuen taldeak.
Ustez, talde armatuarekin zerikusia duten beste hiru pertsona atxilotu dituzte Gasteizen eta Otxandion.
Frantziako Poliziak Jurdan Martitegi Lizaso atxilotu du Perpinyan, ETAren ustezko burua, Mikel Garikoitz Azpiazu ‘Txeroki’ eta Aitzol Iriondo atxilotu zituztenetik.
Poliziaren arabera, Martitegik joan den abenduaren 8an atxilotu zuten Iriondo ordezkatu zuen talde armatuaren burua bilakatuz.
Operazioaren xehetasunak
Atxiloketa burutu da Martitegi zita batera zihoanean. Antza denez, Martitegi Perpinyan hitzartuta zegoen Alex Uriarterekin. Hau ‘Señor Robles’, talde armatuaren kide historikoaren iloba da. Martitegi autoa gidatzen zuen beste gizon batekin heldu da hitzartutako lekura. Hirurak atxilotu dituzte erresistentzia azaldu gabe.
Uriarte Espainiatik zetorren auto batean azaldu da. Martitegik eta berarekin zihoan gizona berriz, matrikula faltsuak zeramaten autotan heldu dira.
Abenduan izan zen bezalaxe, Polizia Nazionalak eta Frantziako Poliziak aurretiaz kontrolatua zuen gaurko hitzordua eta hiru gizonezkoen zain egon dira atxilotu ahal izateko.
Martitegik bilatzeko eta atxilotzeko agindua zuen, Baltasar Garzon epaileak ezarrita, joan den uztailan ‘komando Bizkaia’ desegin ondoren.
Atxilotu gehiago
Polizia-operazio honekinbatera, beste hiru pertsona atxilotu dituzte Gasteizen eta Otxandion.
Arabako hiriburuan Asier Ortiz de Guinea eta Olaritz Arakama atxilotu dituzte taberna batetik irteten ziren bitartean. Bestalde, Otxandion Igor Garcia preso hartu dute, ‘Motri’ ezizenez ezaguna.
Momentu honetan, Polizia honen etxebizitza miatzen ari da.
Leporatutako atentatuak
Azken urte hauetan ETAk egin dituen hainbat ekintza egozten dizkiete Martitegi eta Goikoetxeari. Besteak beste Getxoko epaitegien aurka egindako atentatu saiakera eta Legutioko Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindakoa. Azken honetan Juan Manuel Piñuel guardia zibilak bizitza galdu zuen.
Martitegi Durangon jaio zen 1980an eta Europar Batasunaren terroristen zerrendan agertzen zen.
Bizkaiko Foru Aldundiak Urkiolako Parke Naturalaren barruan dagoen harrobia ixteko konpromisoa hartu du, baina hura kudeatzen duen enpresak baimen berria eskura dezake.
www.berria.info
Urtetan aurkako epaiak eta xedapen politikoak pilatu dituen arren, Urkiolako Parke Naturaleko Zallobentako harrobian ustiatze lanak aurrera doaz. Eusko Jaurlaritzak 1989ko abenduaren 29an naturgune izendatu zuen Urkiola. Ordutik, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatu du Parkea, eta bere gain hartu du haren oparotasunari eusteko ardura. Haatik, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak Zallobentako harrobiaren ustiatze lanak baimendu zituen, 1998ko martxoan.
Gezurra badirudi ere, hamaika urte igaro ostean, harrobia behin betiko baimen administratiborik gabe ari da lanean. 2001ean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen harrobia kudeatzen duen enpresak ustiatzeko zeukan A mailako baimena. Zallobentak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Auzitegiak lau urte eman zituen auzia berraztertzeko, baina 2005ean berretsi egin zuen EAEko Justizia Auzitegiaren epaia. Hala, Zallobentak lau urtez ekin zion Eskubaratz mendiaren berezko orografia kaltetzeari.
Errekurtsoa aurrera zihoan heinean, enpresak estrategia berria abiatu zuen 2003an. Zallobentak A mailatik C mailarako jauzia aurrez ikusi zuen. Izan ere, C mailak aurkako epaia saihestu ez ezik ustiatze lanak Urkiola barruan hedatzeko aukera ere ekar zezakeen. Hala, Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko Meategien Zuzendaritzak baimena eman zien 2004an. Mañaria Bizirik herri plataformak errekurtsoa aurkeztu zuen, eta Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Jaurlaritzaren sailkatze aldaketa 2007an. Izan ere, elkarteak aurkeztutako txostenaren arabera, mendian egindako kaltea ustiatzeari utziz konpon daiteke. Dena den, enpresak Auzitegi Gorenera jo du, eta horrek gatazka beste lau urtez luza dezake gutxienez.
Izan ere, gaur egun indarrean dagoen Urkiolako Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko Planak (EKAP) zabalik uzten du harrobia ustiatzeko aukera. Hori dela eta, araudia aldatzeko eskaria egin zion Urkiolako Patronatuak Aldundiari, martxoaren 25ean egindako osoko bilkuran. Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Eusko Legebiltzarrak gauza bera egin dute dagoeneko. Erakundeok tramiteak arintzeko eskaerak onartu dituzte azken urteotan. Nolanahi ere, Aldundiak abiatzeke duen prozesua «urte eta erdiz edo bi urtez luza daiteke», ezker abertzaleko Atxondoko zinegotzi Onintze Oleagak azaldu duenez.
Urkiolako Patronatuak Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza diputatu Irene Pardo du buru. Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Aldundiko nekazaritza saileko ordezkariak bertan ari dira, baita ingurumen eta lurralde antolakuntza sailekoak ere. Gainera, aholkularitza organo horretan herri ordezkariak, sindikatuak eta elkarte kulturalek parte hartzen dute.
Patronatua aho batez ados jarri arren, iradokizun hutsa da martxoan esandakoa. «Gureak kontsulta organotzat dihardu, beraz, han esandakoa ez da erabakigarria», Oleagaren esanetan. Gainera, Pardok eguneko aztergaien zerrendatik kanpo utzi zuen gaia, eta adostutako proposamena bozkatu barik utzi zuen Patronatuak.
Nolanahi ere, Patronatuko kideek «aurrerapausotzat» jo dute Aldundiak EKAP aldatzeko erakutsi duen konpromisoa. «Oso erabaki garrantzitsua dela azpimarratu behar dugu, eta are gehiago kasu honetan. Erakundeek borondate politiko argia izan behar dute harrobia behin betiko ixteko», azaldu du Patronatuko eta Mañaria Bizirik-eko kide Izaskun Gorostizak.
Berandu heltzearen arriskua
Enpresak, bestalde, bide administratiboari ekin zion 2007ko uztailean: Jaurlaritzan tramiteak hasi zituen baimen berria eskatzeko. «Berria eta zabalagoa». Zallobentak 4 milioi tona kareharri gehiago atera nahi ditu Eskubaratzetik. «Mota honetako tramiteetan, informazioa isilpean gorde ohi du Jaurlaritzak. Beraz, ezinezko dugu asmatzea tramiteak zein fasetan dauden», azaldu du Gorostizak.
Zuhur ibiltzeko unea heldu da, horrenbestez. Bestela, gerta liteke EKAParen aldaketa onartzean neurriak praktikan eraginkortasunik ez izatea. Baimenak bidean gurutza daitezke. «Enpresak egitatez bere jarduerarekin jarraitu ahalko luke EKAP onartu orduko Jaurlaritzak baimena ematen badio enpresari», azaldu du Oleagak. «Patronatuak zera eskatu dio Aldundiari: tramitazioaren nondik norakoen berri izatea ezinezko den heinean, harrobiaren handitzeari ezezko biribila emateko; alegia, baimena neurriak baino arinago helduz gero bertan behera utz dezaten», gaineratu du Gorostizak.
Hamaika urte luzeko borrokaren ostean, zuhur azaldu da, halabeharrez, Gorostiza: «Diru asko dago jokoan, eta enpresak aukera guztiak agortuko ditu, orain arte egin duen bezala. Urrezko meategia omen dute esku artean».
Oier Casado mekanikari abadiñarrak Errusiako Katusha talde aberatsean lan egiten du egun. Hamalau denboraldi egin ditu zeregin horretan; Caisse d’Epargne, Orbea, Kaiku eta LPR taldeetan, besteak beste.
www.berria.info
Txirrindulariak segituan aterako dira Eibartik, eta berak Errusiako Katusha talde aberatsaren autoan behar du laster. Halere, elkarrizketa egiteko eskatu, eta Oier Casadok (Abadiño, Bizkaia, 1977) ez du inolako trabarik jarri. Mahai baten bueltan jarri, eta gustura azaldu ditu azaldu beharrekoak. Katusha taldeko mekanikarietako bat da. Txirrindularien luzimendurako ezinbestekoak diren tresnak, bizikletak, puntu-puntuan jartzen ditu; lan zikina, ezkutukoa egiten duela, alegia. Baina berak gustukoa du. Gozatu egiten du; eta nabari zaio, bai, gaiari buruz hitz egitean. Jada hamalau denboraldi daramatza mekanikari lanetan. Lan zikinaz arduratzen da, beraz.
Caisse d’Epargne, Orbea, Kaiku eta LPR taldeetan ibili da, besteak beste, eta egun Katusha talde sortu berriarentzat lan egiten du. «Amateurretako Seguros Bilbao taldearekin nenbilen, eta Espainiako Vueltarako Tinkoff taldetik deitu zidaten iaz. Hurrengo urtean, aurten, talde berri bat sortu behar zutela esan zidaten, eta hor nabil», azaldu du Casadok. Sei mekanikari dira taldean, eta itzuli bakoitzera bi joaten dira. «Pare bat asteko lasterketa tokatzen bazaigu, hurrengo astean jai egiten dugu. Gutxi gorabehera horrela egiten dugu lan». Denboraldia amaitu bitartean, Romandiako Tourra, Kataluniko Volta, Suitzako Itzulia eta Espainaiko Vuelta egin beharko dituela esan diote.
Eta Frantziako Tourra ere bai. «Sekula ez dut Tourrean lan egin, eta ilusioa egiten dit». Halere, Italiako Giroa maite du, leku aldaketak «oso luzeak eta gogaikarriak» izaten diren arren. Katusha Pro Tour Ligako taldea da, eta uztailean egutegiko lasterketa garrantzitsuenean ariko da. «Euskaltelen modukoa da Katusha, baina Errusian. Izena sinbolikoa da; neska baten izena da». Errusiako Txirrindularitza Ekimen Baterakoiak bultzatutako taldea da, eta hiru enpresak babesten dute: Gazpromek, Iterak eta Rostechnologik. Andrei Txmil klasikomano bikaina izandakoa da taldeko kirol zuzendari nagusia. Itzulian, baina, Dmitri Konishev handia dabil zuzendari lanetan. 15 milioi euroko aurrekontua du, Gert Steegmans, Filippo Pozzato, Robbie McEwen, Toni Colom eta Vladimir Karpets dauzka txirrindularien artean, eta aurreko abenduan egindako aurkezpenera Vladimir Putin Errusiako lehen ministroa gonbidatu zuten.
Dirua errusiarrek jartzen dute, «baina azpiegitura Italiakoa da». Hortaz, herrialde askotako jendea biltzen da taldearen bueltan. «Bai, hamabi herrialdetako jendea». Eta euren artean italieraz mintzatzen dira, gehienbat. «Moldatzen naiz», aitortu du. Bizikleta puntuan jartzerakoan, ordea, eskuak dira hitz egiten dutenak. «Goizean, irteerara joan baino lehenago gurpilak puzten ditugu, autoak garbitu, ordezko piezak hartu… Gero, lasterketan, hor gaude, autoan, edozein matxura konpontzeko prest; eta behin bukatutakoan, hotelean, bizikletak garbitu, gainbegiratu…». Afaldu eta gero Interneten sartzen da, «bizikletaren inguruko berrikuntzen berri edukitzeko». Eta harritu duen bat aipatu du: «Campagnolo etxeak hamar pinoi atera zituen orain bost bat urte, eta bizikleta batean gehiago ezin zirela jarri esan zuten. Bada, aurten 11 atera dituzte». Egunez egun «mordoa» ikasten du: «Begira, orain hegazkinak egiteko erabiltzen den karbonoa erabiltzen dute bizikletetarako».
Petrov petrala
Pasioz hitz egiten du, mundua deskubritzen ari den haur baten gisa. Txirrindulariekin ere oso harreman ona du, ez zaizkiolako txirrindulari sinotiak tokatu. Katushan, ordea, bada bat: Eugeni Petrov. «Harekin beti bada zerbait. Egunero-egunero, milimetroekin gora eta behera. Azkenean nekatu ere egiten zaitu».
Lanak, ordea, ez du nekatzen. Eta badaki etorkizunean ere ez zaiola beharrik falta izango. «Katusha hiru urterako ekimena da. Gainera, mekanikariena eremu itxia da. Zaila da horretan sartzea; baina, aldi berean, zaila da hortik ateratzea». Hortaz… Lan zikina egiten jarraituko du Casadok.
Araitz Basauri, Igor Arkarazo, Maite Frades eta Ramon Zarrabeitia Abadiñoko Udaleko zinegotziak (2009-03-28)
Bi urte joan dira, ia, udal agintaldi hau hasi genuenetik. Nahikoa denbora talde independenteak bakarrik eta inongo gobernu akordio barik agintzeko erabakia hartu zuenetik, eta tarte hori argigarria izan da euron jokabide horrekin udal dinamika zenbateraino mugatu duten ikusi ahal izateko. Independenteen ordezkariek eurontzat hartu dituzte Alkatetza, bi Alkateordetzak, Gobernu Batzordeko kide guztiak eta Udalean dauden bederatzi batzorde informatiboetako Presidentetzak, hau da, udal erabakigune guztiak talde bakarraren esku, azken hogeita hamar urteetan Abadiñon gertatu ez dena.
Jakina, udal jarduera egon badago (gero eta lorategi eta Gabonetako argi gehiago ditugu), gauza batzuk egin egiten dira (kale garbiketa, konponketaren batzuk…), baina gauza asko eta asko, garrantzi handiko gauzak gainera, geratu dira egin barik. Hainbat dira funtzionatzen ez duten arloak. Herri proiektu partekatua falta da. Urte eta erdi honetan ez da udal aurrekonturik onartu, bigarren urtez jarraian luzatu behar izan dituzte. Indarrean dauden aurrekontuak aurreko legegintzaldian EAJ, EA, EB hirukoteak onartu eta oinordetzan utzitakoak dira. Aurreko legegintzaldian onartzen ez zituzten kontusailak eta zenbakiak kudeatzen ari dira independenteak, bada tristea.
Euren jardun horretan hamahiru zinegotzitik zortzi baztertuz ari dira talde independenteko ordezkariak. Gehiengoa behar dutenean baino ez dira zuzentzen gainontzeko udal ordezkariengana, eta horrela jokatuta, bada… gauzak ez doaz aurrera. Guk ez diogu dinamika baztertzaile honi zilegitasunik eskainiko. Guk egoera hau gainditu eta gauzak bideratu gura ditugu. Horretan ari gara.
Hauteskunde osteko lehen unetik ahalegindu ginen negoziatzen. Ardura banaketa nahi genuen eta zehaztasun, diskrezio eta malgutasunari helduta zuzendu ginen Abadiñoko Independenteengana. Malgutasunez eta zabal zuzendu ginen eurongana, baina ezetz esan eta ate guzti-guztiak itxi zizkiguten. Bakarrik eta baztertuz ekin zioten agintaldiari eta horrela jokatzea erabaki zutelako daude orain dauden egoeran. Horregatik dago Udala dagoen moduan.
Guk, gogoa eta gaitasuna dugulako, elkarlanerako deia egin gura diegu talde independentearen ordezkariei, alkateari, zinegotzi guztiei eta euron erabakiguneetan parte hartzen duten kideei, baina oraingoan gure eskaintza modu publikoan egitea erabaki dugu. Abadiñarrek gure gogo eta borondatearen berri izan dezaten egin dugu modu ireki eta publikoan.
Egungo udal egoera gainditzeko asmo eta erabakia daukagu eta datozen bi urteetan parte-hartzaileagoa, aktiboagoa eta ordezkaritza zabalagoa izango duen herri dinamika berria ahalbidetu gura dugu. Horretarako, udal arduren banaketa bideratuko duen gobernu akordio baten alde gaude etaAraitz Basauri, Igor Arkarazo, Maite Frades eta Ramon Zarrabeitia Abadiñoko Udaleko zinegotziak Abadiñoko Independenteei, modu publiko eta irekian, elkarlanerako aukera eskaintzen diegu.
Europako bost herrialdetako bederatzi musika banda ariko dira Zornotzako kaleetan Haizeetara jaialdian. Besteak beste, Festicultores Troupe, La Fanfare Belgistan, Express Brass Band, La Fanfare en Petard eta Desbundixie ariko dira datorren ekainaren 19tik 21era Zornotzan. Jazz, brass band, dixieland, funk eta beste hainbat ildoren ordezkari dira banda horiek.
Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Araban faxismoak hildako pertsonak omendu zituen atzo Otazun, El Salvador hilerrian. Azazeta mendatekoa frankistek zibilen aurka Araban egindako hilketarik handiena izan zen; guztira 16 lagun hil zituzten. Durangon, berriz, Udaleko eta Bizkaiko Aldundiko ordezkariek duela 72 urte izandako bonbardaketan hildakoak omendu zituzten. 1937ko gerran, Italiako hegazkinek Durango bonbardatu zuten, eta 300 lagun baino gehiago hil zituzten.
Eztandak kalte material txikiak egin ditu eta ez da inor zauritu. Etxearen jabea Juan Manuel Arana, herriko enpresa inportanteenaren presidentea, da. Bonbak bi kilo lehergai zituen.
Bonbak kalte txikiak egin ditu txaleta inguratzen duen harresian eta lanabesak gordetzeko etxola batean, baina Poliziak ez du etxebizitza hustu behar izan.
Lehen ikerketen arabera, lehergailuak bi kilo lehergai zituen, baina oraindik ez dakite zerez osatuta zegoen.
Eztanda 01:00etan jazo da, Betarragane kalean, eta egileek ez dute abisurik eman aldez aurretik. Atentatua izan den unean, enpresaburuaren sendia etxearen barruan zegoen.
Aranaren enpresa, Astilleros Murueta, duela 66 urte jaio zen eta hiru euskal ontziola pribatuetako bat da.
Konpainiak Murueta herrian (Bizkaia) dauka egoitza, Urdaibaiko itsasadarrean, Bilbotik 40 kilometrora, eta 1943tik 170 ontzi baino gehiago egin ditu. Lehena, Punta Begoña izenekoa, bere jaiotzaren urtean bertan egin zuen. Egindako azkenen artean Txori Gorri atunontzi izoztailea eta Ekuadorretik eskatutako bi draga daude.
2006an, Construcciones Navales del Norte (CNN) enpresako akzioen %25 zituen.
Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko patronalaren gaitzespenak
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramaileak atentatua gaitzetsi du eta mezu zuzena helarazi dio ETAri: “Proiektuak ez dira beldurrarekin defendatu behar, hitzekin eta argudioekin baizik”.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Azkaratek adierazi du gaurko atentatuak “sendi baten lasaitasuna” hautsi duela. Hori dela eta, desegiteko eskatu dio ETAri, “Batasunaren munduak ere gero eta gehiago eskatzen baitio”.
“Inork ez luke arrisku talde batean egon behar garapena eta ongizatea ekarriko duten proiektuetan murgilduta egoteagatik”, salatu du.
Bart gauean hasi da sutea eta argindarrean izandako arazo batek eragin duela uste dute
www.berria.info
Durangoko Arriluzea kalean izandako sutean 43 urteko emakume bat zauritu da. Sutea 01:20ak aldera hasi zen etxebizitzako egongelan eta argindarrean izandako arazo batek eragin duela uste du Ertzaintzak. Emakumeak hanka puskatuta izan dezakeelako, Galdakaoko ospitalera eraman dute.
Unax Sagredo, Nerea Basauri eta Elisabet Puiggros. (Abadiñoko guraso taldearen izenean)
WWW.BERRIA.INFO
WWW.ANBOTO.ORG
“Aurten 27 familia saiatu gara matrikulatzen gure umeak urte bikoen gelan, Abadiñoko Zelaieta Herri Eskolan, 2009-2010 ikasturterako.
Eusko Jaurlaritzak, aitzakiatzat harturik ume guztientzako plazarik ez dagoela, erabaki du ume batzuk beste eskola batera bidaltzea, gure auzotik hiru kilometrora, oso ezaugarri soziolinguistiko ezberdinak dituen beste gune batera.
Behean sinatzen dugun gurasook uste dugu gure umeak euren auzotik kanpo matrikulatzeak ume horien deserrotzea ekarriko duela. Uste dugu gure umeek eskubide osoa dutela euren ingurune hurbileko beste umeekin batera hazi, ikasi eta gizarteratzeko. Eskolako bizikidetza funtsezko gauza da adin horretako umeen integrazio eta prestakuntza prozesurako, eta talde hau osatzen duten 27 umeak dagoeneko lokarri sendoz elkartuta daude, orainaldi eta etorkizun komun bat partekatzen dutelako. Lokarri horiek utzikeria burokratiko hutsez haustea onartezina da.
Ez dugu ulertzen nola Eusko Jaurlaritzak jaiotza-tasa bultzatzeko kanpainak egiten dituen, eta gero, ume gehiago egoteagatik eskoletan plaza gehiago behar direnean, ume ugaritasun hori arazo bihurtzen den. Gure ume guztiak geure auzoko eskola publikoan nahi ditugu, bakoitza bere eskola-plazaren jabe.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak entzungor egin dio gure eskariari, eta orain arte ez digu onartu ezta eurekin batzartzea ere gaia elkarrekin aztertu eta konponbideak bilatzeko, nahiz eta Zelaietako Herri Eskola eta Abadiñoko Udala osorik eta erabat geure alde dauden.
Gurasoontzat garrantzi handiko pausoa da gure umeak eskolara lehen aldiz eramatea euren kabuz ibiltzen eta gizarteratzen has daitezen, eta ez dugu nahi momentu eder hori trauma bihurtzea umeentzat.
Horregatik prest gaude behar den indar guztia egiteko, gure ume guztiek aukera izan dezaten euren auzoko Herri Eskolan ikasteko. Oinarrizko eskubide demokratikoa da, eta ezerk ez inork ez du lortuko eskubide horri uko egin diezaiogun.
Onartu gure umeak zelaietako herri eskolan orain! Inor kanpoan utzi barik!”
Astelehenetik Peña Telera (Huesca, Espainia) mendian galdu ziren Durangoko eta Abadiñoko (Bizkaia) mendizaleak onik agertu ziren atzo. Astelehen arratsaldetik zeuden galduta, eta bilaketa lanetan zebiltzan. Huescako Gobernuak azaldu duenez, bi mendizaleak euren kabuz eta onik azaldu ziren Piedrafita de Jaca (Huesca) herrira.
Lesioak direla tarteko, aurrera beharrean atzera egin du Ustaritzek denboraldi honetan, hamaikakotik eta ordezkoen aulkitik kanpo geratu baita. Taldean galdutako postua berreskuratzeko ari da lanean, jokalari garrantzitsua izan daitekeela erakusteko.
«Partidak jarraian jokatzea behar dut berriro konfiantza izateko»
www.berria.info
Lesioek erabat baldintzatu dute Ustaritz Aldekoaotaloraren kirol ibilbidea (Abadiño, Bizkaia, 1983). Abadiñarrak erdiko atzelari batek izan behar dituen dohain gehienak ditu: indartsua da, azkarra da oso eta konfiantzarekin dagoenean ausarta da baloia oinetan duenean. Baina aspaldian bere buruarengan sinesteko behar duen partida kopurua jokatu ezinda dabil. Lesioek eta Joaquin Caparrosen erabakiek ez diote aukerarik eman. Lehen ordezko postua galdu du. Deialdietan ere ez du lekurik. Ondorioz, ez dago gustura. Baina Ustaritz ez dago luzaroan aukeraren zain egoteko prest. Futbolari sentitzeko premia dauka. Athleticen bada, oso ondo, eta ezin bada, beste talde batean.
Denboraldi gaitza ari da izaten zuretzat. Nola zaude?
Ondo esan beharko. Sasoi gozoagoak izan ditut. Orain estutu egin beharko dut, morala hartu eta berriz konfiantza izateko.
Ligako azken partidak gauza asko erakutsi zituen Caparrosen lehentasunei dagokienez. Ocio min hartuta zegoen, gasteiztarraren partez Gurpegi aritu zen eta Etxeita egon zen aulkian. Zu, berriz, etxean.
Nire aurretik beste jokalari batzuk daudela erakutsi zuen entrenatzaileak. Lanean jarraitzea da nik egin dezakedan gauza bakarra. Orain arte erakutsi dudan gogoari eutsi behar diot, eta gero teknikariak hartu beharko ditu erabakiak.
Zenbatgarren erdiko atzelaria zarela uste duzu?
Memento honetan ez naiz hirugarren aukera. Nire aurretik beste batzuk daude.
Egoera hau zure jarraitutasun ezak eragindakoa dela uste duzu?
Eragin zuzena dauka. Partida asko jarraian jokatzeko aukera ez izateak beste aukera batzuen aldeko apustua egitera behartu dute entrenatzailea. Arlo horretan ezin dezaket gauza handirik egin. Ilunean behar eginda berreskuratu behar dut nire lekua.
Valladoliden aurka min hartu ostean, Caparrosek ez zuen oso ondo hitz egin zure lesioaren inguruan. Min eman al zizun entrenatzaileak haserrea jendaurrean agertu izanak?
Ez diot aparteko garrantzirik eman behar Zorrillan esan zuenari. Beroaldi bat izango zen. Ez dut uste asmatu zuenik, baina ez diot aparteko garrantzirik eman.
Zure lesioen gainean asko egiten da berba. Buelta asko ematen al diozu kontu horri?
Baliteke.
Behar baino gehiago?
Ez larregi. Bere neurrian. Sasoian nagoenean konfiantza handiarekin egoten naiz, baina arazoak ditudanean bueltak ematen dizkiot buruari. Normala da.
Lesio asko izan dituzu. Hala ere, Lehen Mailan jokatzeko gaitasuna duzula erakutsi duzu. Egoera zailetan alde ona ere ikus daiteke.
Bai. Nik adina lesio izan duen beste jokalari bat beharbada ez zen Lehen Mailara ailegatuko. Lezamako entrenatzaile askok sinetsi egin dute nigan.
Arlo pertsonalean ez daukazu gustura egoteko arrazoi handirik. Hala ere, Espainiako Kopan neurketa bat baino gehiago jokatu duzu. Beraz, zuk ere lagundu diozu taldeari finalerako bidean.
Taldeko kide gisa, futbolari guztiok gara une gozoen eta latzen erantzule. Beraz, gauza onen partaide ere bagara, eta ez txarrena bakarrik.
Zer emango zenuke maiatzaren 13ko finala jokatzearren?
Ezin daiteke hitzekin adierazi. Jokalari guztiontzat da berezia Athleticekin final bat jokatzea. Poz handia hartuko nuke.
Zenbat sarrera eskatu dizkizute?
Asko. Gure aitari, anaiari… Inguruko guztiei eskatu dizkiete sarrerak. Gaitza izango da sarrera bat edo beste eskuratzea; beraz, segurura jo dute.
Garaiezina al da Bartzelona?
Neurketa batean edozer gauza gerta daiteke. Gainera, ez da ohiko partida. Berezia izango da. Harmailetan babes handia izango dugu. Nire ustez, ezin da Ligako norgehiagoka batekin alderatu.
Eta Real Madril? Jota egongo da?
Talde indartsua da oso. Nazioarteko jokalari garrantzitsuak ditu, eta une latzei aurre egiteko erraztasuna du. Irabaztera etorriko da. Neurketa polita izango da.
Real Madrilek Liga dauka jokoan, baina Athleticek ere ezin du lo hartu. Ez zaudete partida botatzeko moduan.
Ligan ez dugu gure helburua lortu. Beraz, larunbatean jokoan dauden puntuak oso garrantzitsuak dira guretzat.
Abadiñoko ezker abertzaleko zinegotziek idatzitako gutuna.
www.berria.info
“Abadiñoko Zelaieta herri ikastetxean 2009-2010 ikasturteari begira, bi urteko geletarako izena eman duten 27 umeetatik 23 baino ez ditu onartuko Hezkuntza Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak. Abadiñoko lau ume, gehi aurrerantzean adin horretarako izena eman dezaketen guztiak, kanpoan geratuko lirateke, beraz. Erantzukizun nagusiak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailean daudela badakigun arren, Abadiñoko Udaleko gobernu taldea (Jose Luis Navarro alkatea bera eta Abadiñoko Independenteak taldeko beste lau zinegotzi) erakusten ari den irizpide zein proiektu gabezia eta epelkeria salatu gura dugu.
Ez da nahikoa, horrelako arazo larri baten aurrean, Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzari gutun bat bidaltzea. Ez da nahikoa eskolako guraso eta zuzendaritzari euron eskarietan laguntzeko prest daudela adieraztea. Abadiñoko Udalari dagokio arazo honetan lidergoa hartu, Hezkuntza Saileko arduradunen aurrera agertu eta Udalerriarentzat arazo larria dena konpontzeko eskatzea. Udal gobernuak inork baino hobeto jakin beharko luke, aurrerantzeko urteetan egun dauden biztanleak kontuan hartuta, jaiotze kopuruei begiratuta eta martxan dauden etxebizitza proiektuak burutzen direnean etorriko diren biztanle berriei erreparatuta, Zelaieta herri ikastetxean bi lerro behar beharrezkoak direla eta etorkizunean ere izango direla.
Udalak izan behar du, alkateak eta hezkuntza zinegotziak izan behar dute, honen lidergoa hartu eta Hezkuntza Sailari konponbiderako bideak eskaini eta soluzioak exijitu behar dizkietenak. Horretan, eskola eta gurasoak lagun izango dituzte, eta gu ere bai.
Oso kezkatuta gaude. Lidergo falta hau ez da kasualitatea. Abadiñoko Independenteak taldekoak proiektu falta eta ezintasun ikaragarria erakusten ari dira, eta hezkuntza arloa horren adierazle nabarmena da. Azaldu dugun arazoaren aurrean erreakzionatu ezinik ikusten ditugu, eta hartu izan dituzten beste zenbait erabaki garrantzitsutan ere ipar falta berbera nabarmendu dute.
-Matienako eskola eremua, adibidez, guztiz baldintzatuta geratu da urte eta erdi honetan Abadiñoko Independenteek udal gobernuan hartutako erabakien eraginez. Lehen futbol zelaia zena, egun, autoendako aparkalekua da. Eurok behin-behinekoa dela diote, baina errealitateak dio aparkalekua dela eta denbora batean izaten jarraituko duela.
-Eskola eremuan dagoen eta berriztatu ondoren hezkuntza jardueretarako erabil zitekeen eskola zaharren eraikina ere hezkuntzarekin zerikusik ez duen jarduera baterako bideratu dute, zahar etxerako. Hau ere behin-behineko erabakia omen.
-Haurreskolak haurtzaindegi ekimenerako erabiltzen diren barrakoiak txiki geratzen ari direla-eta barrakoi berriren bat hartu gura dute, baina oraindik inork ez digu esan zein egitasmo dagoen behin-behineko egoera horretatik behin betiko eraikin batera eramateko.
Aurreikuspen falta ikaragarri horren erakusle da martxan dauden etxebizitza egitasmo handien inguruan (UR 8 eremua) ez direla pentsatzen ari nola erantzun hezkuntzak izango duen eskari berriari, edo osasun arloan etorriko denari. Ur hornidura nondik lortuko dugun…
Gobernu ardura guztiak eurontzat hartzea erabaki zuten Abadiñoko Independenteek, eta orain proiektu barik eta gainera heldu ezinik ari dira. Euron jokabide arduragabearekin Abadiñarron etorkizuna baldintzatzen ari dira”.
Igor Arkarazo, Araitz Basauri, Maite Frades eta Ramon Zarrabeitia. (Abadiñoko Udaleko zinegotziak).
Enpresa zuzendaritzak 55 langile kaleratzeko mehatxua egin duela-eta protestak antolatu dituzte
www.berria.info
Kalera irtengo dira gaur Durangoko Corus-Laydeko laminazio enpresako langileak. Enpresa zuzendaritzak 182 behargineko lan taldetik 55 kaleratzeko mehatxua egin du, eta hori salatzeko, manifestazioa egingo dute 12:00etan herriko kaleetan.
Aurretik, 08:00etan, Herbehereetako multinazionaleko ordezkariekin bilduko dira Bilbon. Hala ere, printzipioz eutsi egin diete iragarritako mobilizazioei. Marieli Urriolabeitia LABeko ordezkariak ez du espero behin betiko akordiorik lortuko dutenik batzar horretan. Datorren asterako, berriz, bi orduko lanuzteak antolatu dituzte.
Gaurko bilerara hiru eskaera nagusi eramango ditu enpresa batzordeak: Durangoko lantegiaren iraupena ziurtatzea, kaleratzerik ez egitea, eta, azkenik, kaleratze horiek aurrera aterako balira ere, langileen borondatez izatea.
Protestak txosten baten filtrazioaren harira hasi ziren. Aurretik aurkeztutako enplegu erregulazio dosier baten negoziazioan, enpresak 2009an kaleratzerik ez egiteko konpromisoa hartu zuen. Baina emandako hitza «ez du bete», ziurtatu du Urriolabeitiak. Ondoren, kaleratzeak boluntarioak izatea hitzartu zuten, baina langileen izenak agertzen ziren txosten bat iritsi zen haien eskuetara. Enpresak kaleratzeak justifikatzeko 200.000 tona altzairu ekoizteko langileak soberan dituela adierazi du.
Mundu osoan ere kaleratze gehiago egiteko asmoa dauka Corusek, eta guztira, 3.500 lanpostu kenduko dituela iragarri du.
Gaur [martxoak 2] gauerdian Ertzaintzaren agenteek 28 urteko gizonezko bat atxilotu dute, genero indarkeriaren delitu bat egotzita. Atxilotuak bikotekidea lurrera bota du eta, bertan, ostikoak eman dizkio gorputz osoan.
www.ertzaintza.net
Gertakariak gaur [martxoak 2] gauerdiko hamabiak aldera jazo dira Durangon (Bizkaia), biak bizi diren etxebizitzan. Biktimaren esanetan, hilabete gutxiko haurra besoetan zuela bikotekidea atzetik hurbildu zaio eta hormaren kontra bultzatu du; ondorioz, biktimak oreka galdu du eta haurrarekin lurrera erori da. Gainera, lurrean zegoela bikotekideak ostikoak eman dizkio gorputz osoan.
Egoera horren aurrean, pisukide batek Ertzaintza ohartarazi du. Bertaratutako agenteek negar egiten ari zen eta gorputz osoan ubeldurak zituen emakumezko bat aurkitu dute eta, biktimak salatu duenez, bikotekideak eraso egin dio eta 350 euro ostu dizkio; dirua noizbehinkako lanak egiten irabazi omen du. Gertakari horiek ikusita, agenteek gizonezkoa atxilotu dute genero indarkeriaren delitu bat egotzita.
Gasteizko udaltzainek 29 urteko gizonezko bat -H.O.- atxilotu zuten ostiralean, neska-laguna jo egin zuelakoan. Biktima erietxera eraman behar izan zuten. Gaueko hamarrak aldera atzeman zuten. Ordu batzuk lehenago egin zuen ustezko erasoa, Armentiako etxe batean. Ertzaintzak bart 28 urteko gizonezko bat atxilotu du Durangon (Bizkaia), neska-laguna lurrera bota eta jo egin duelako ustez.
Emaitzok interpretatzean kontuan hartu behar da ezker abertzale ofizial delakoak ezin izan duela parte hartu, eta beraz, herritarren zati handi bat ez dela datuotan ordezkaturik agertzen.
Ezezagun batzuek Abadiñoko (Bizkaia) batzokiaren kontrako erasoa egin dute bart. Beirak hautsi dituzte eta ondoren margo gorria eta horia bota dute, EAJko iturriek esan dutenez.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan hainbat batzokik jaso dute erasoa.
Manifestazioa egin dute, AHTren lanak geldi ditzaten eskatzeko, eta protesta gehiago iragarri dituzte
www.berria.info
Duela hilabete inguru Durangon bertan, Tabirako igerilekuen ondoan, AHT abiadura handiko trenaren lanak hasi zirela jakinarazi du Durangaldeko AHT Gelditu! Elkarlana plataformak. Atzo manifestazioa egin zuten Durangon (Bizkaia). Laurehun pertsona inguru elkartu ziren, eta Durangoko Udalak ez duela lanen hasieraren berri eman salatu zuten.
Landako guneko plazatik abiatu zen manifestazioa, eta handik Andra Mari elizako aterperainoko bidea egin zuten, Obrak gelditu! AHTrik ez! zioen pankartaren atzetik. AHTren lanak gelditzeko eskatzeko oihuak egin zituzten, besteak beste, manifestariek. Euskotren konpainiaren aurkako salaketarik ere egin zuten -Euskotren, txikitzaile!-, manifestazioak trenbidea gurutzatu zuenean. Ertzainak ere agertu ziren, EAJren batzokiaren aurrean, eta manifestazioa amaitu bitartean bertan egon ziren. EAJren aurkako oihuak egin zituzten AHTren aurkariek: EAJ txikitzaile! eta EAJ diruzale! maizenik.
Manifestazio bukaeran, Durangaldeko AHT Gelditu! Elkarlana taldeko kide batek hartu zuen hitza, eta Durangoko Udalaren eta Arantza Idigoras alkatearen jarrera gaitzetsi zuen. Plataformako kidearen esanetan, «dagoeneko hilabete-edo izango da Tabirako igerilekuen aldamenean makinak eta zaindariak sartu zituztenetik». Hala ere, Udalak eta Idigorasek ez diete «ezer esan» herritarrei, AHT Gelditu!-ren arabera, eta «ezkutuan jokatzea» leporatu diete: «Ez dugu ulertzen, haien arabera AHT guztiontzat hain ona izango bada, zergatik ez diren ausartzen herritar guztion aurrean hori esaten».
Tabira inguruan lanak hasi zirenean, bertan egingo duten biribilgune baterako ote zen zalantza egin zuten AHT Gelditu!-ko kideek. Idigorasek adierazi omen zien Udalak ere ez zuela informaziorik, baina azkenean jakin zuten biribilgunea eta AHTren lanak, biak batera hasi zituztela. Aurreko astean salatu zuten, lehen aldiz: «Lotsagarria bada ere, guk, herritarrok, jakinarazi behar dugu lanak hasi direla». Tabiran egin behar duten zubibidearen egitasmoa ez dagoela zehaztua adierazi du AHT Gelditu! plataformak. Durangoko Udala eta Adif «negoziatzen» ari dira, taldearen esanetan. «Beraz, zelan hasi dituzte lanak, oraindik ezaugarriak guztiz argi ez badaude?», galdetu dute.
Horrez gain, Durangoko Larrinagatxu eta Tabira auzoetan eta Iurretako San Andres auzoan Poliziaren «kontrola» handitzen ari dela salatu du Durangaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak: «Gero eta ertzain eta guardia zibil gehiago, zaindari pribatuak alde guztietatik bueltaka, eta kaleko jantzitako ertzainak». AHTren proiektua «indarrez inposatu» nahi dute, plataformako kideen ustez.
Protestak batzoki aurrean
Martxoaren 5ean hasita, hilero lehen ostegunean elkarretaratzeak egingo ditu AHT Gelditu!-k Durangoko EAJren batzokiaren aurrean. Horrekin batera, datorren larunbatean mendi ibilaldia egingo dutela ere jakinarazi dute. Andra Maria elizaren aurretik irtengo dira, goizeko hamarretan, eta AHTk igaroko dituen lurretara joango dira. Plataformak ohartarazi du lanean jarraituko dutela: «Ez dezatela pentsatu, makinak sartu dituztelako, borroka hau galdutzat emango dugunik».
Durangaldeko 24 enpresatan enplegua erregulatzeko dosierrak onartu dituztela eta, eskualdean 7.000 langabe daudela oroitarazi du AHT Gelditu! Elkarlanak. «Eta horren aurrean, zer? Milioika euro gastatzen dituzte AHT egiteko», salatu dute plataformako kideek.
Etxean ez geratzeko eta botoa beste alderdi bati ez emateko eskatu diete D3Mren alde bozkatu behar zutenei
www.berria.info
Preso politikoen eskubideak bermatzeko. AHT Abiadura Handiko Trenaren «txikizioari» ezetz esateko. Ilegalizazioen kontra eta Euskal Herriaren independentziaren alde egiteko. Euskararen biziraupenerako. Mehatxu eta atxiloketen gainetik jarduteko. Hori guztia lortzeko bide bakarra «urrezko botoa» dela aldarrikatu zuen atzo arratsaldean ezker abertzaleak, Durangon (Bizkaia) egindako ekitaldi politikoan. D3Mren eta Askatasunaren zerrendak legez kanporatzeak ez duela «ezertarako» balio adierazteko, martxoaren 1ean hautestontziak «urrezko botoz betetzeko» deia egin zuen Unai Urruzuno ezker abertzaleko kideak.
«Atzo, gaur eta beti», Euskal Herriarekiko konpromisoa «errepresio eta eraso guztien gainetik» mantenduko duela berretsi du: «Ez dago aldaketa politiko eta sozialik ezker abertzalerik gabe». Hortaz, D3Mri botoa eman behar ziotenei etxean ez geratzeko eta botoa beste alderdi batzuei ez emateko eskatu die; hala, ezker abertzale «sendoa» dagoela adieraziko diote Espainiako Gobernuari: «Aurretik ere, Estatua konturatu da legez kanporatze hutsak ez diola balio, gero milaka pertsonak bat egiten badute ezker abertzalearen ideia politikoekin».
«Gurea da urrezko botoa, Euskal Herria demokrazia zerotik demokrazia hiru milioira eramateko». Gainerako alderdi politikoek Espainiako Gobernuak agindutako esparruan dihardutela uste du Urruzunok: «Jokoaren arauak Madrilek ezartzen ditu; Madrilek dio nor den legezkoa eta nor ez, eta beste guztiek horri men egitea izan dute xede».
Hartara, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopezen arteko «dikotomia faltsutik» atera beharra ere nabarmendu du ezker abertzaleak. Urruzunoren arabera, egungo marko juridikoa indartzeko asmoa du PSE-EEk, eta EAJ haiei laguntzeko prest dago: «Behin eta berriro esan digute espainolistak datozela, otsoaren ipuina irudikatuz. Badirudi herri honek espainolistekin duela arazo nagusia; gogo onez kolaborazioa eta morrontza eskaintzen dizkietenekin ere badu herri honek arazoa. EAJk badaki zerbait horretaz».
Ildo horretan, Hemen Ibarretxe plataformaren kritika egin du Urruzunok, EAJren «benetako aurpegia» erakusten duelakoan: «Klientelismoaren aurpegia, alderdiak emandako postu eta diru-laguntzez eroso bizi den jendearen aurpegia; Ibarretxerentzako boto eske etorri dira, harekin batera etxera joatearen beldur».
EAJ eta PSE-EE Lizarra-Garaziko akordioaren eta Loiolako negoziazioaren bidez lortutakoa «lurperatzen» saiatuko direla gaineratu du. Hauteskundeetan bi aukera daude jokoan, bere ustez: «Erreformaren erreforma ala benetako marko demokratikoa».
«Kalea gurea da», aldarrikatu du ezker abertzaleak, bere hautagaitzak legez kanporatu arren. Hala, Bermeoko (Bizkaia) kaleak ere hartu zituzten hainbat militantek atzo, auto ilara baten bidez. Ertzaintzak, ordea, batzokiaren aurrean geldiarazi zituen, eta mobilizazioan parte hartzen ari zirenak identifikatu; haien aurkako salaketa jarriko dutela jakinarazi zieten.
Bestalde, atzo Milanon Euskal Herriarekiko elkartasun manifestazioa egin zuten mila lagun inguruk. Euskal Herriari ez ezik, Kurdistani eta Palestinari ere agertu zioten elkartasuna, Hamaika herri borroka bakarra lelopean. Manifestazioan D3Mren aldeko kartelak eta boto-paperak erakutsi zituzten. Milano erdigunea zeharkatu zuen mobilizazioan poliziaren presentzia nabarmena izan zen.
Aldaketa Aralarren «ezker abertzale berritik» helduko dela esan du Durangon egindako ekitaldian
www.berria.info
«Ez da nahikoa eskatutakoa justua izatea, eskatzeko moduak ere justua izan behar du». Euskal Herriko gatazka bide politikotik baino ez daitekeela konpondu adierazi du Mikel Basabe Aralarreko Arabako zerrendaburuak, Durangon (Bizkaia) egindako kanpaina ekitaldian. Aralar helburu horrekin sortu zela gogoratu du, halaber, Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzaile nagusiak, eta, Euskal Herriak Aralar «behar» duela gaineratu du.
Kanpaina garaian ohikoa den bezala, berandu hasi da Aralarren ekitaldia. Landako gunearen kanpoaldean bildutakoak agurtzen dabil Bizkaiko zerrendaburu Dani Maeztu, alde batetik bestera. Ezagunak ditu gehienak, Durangokoa baita Maeztu, bertako Udaleko zinegotzia, besteak beste. Haren berben zain daude herritarrak, baina Basabek hartu du hitza lehenbizi, telebistarako prestatutako iragarkiaren ondoren; txantxetan, hiru zerrendaburuen aurpegi serioen harira. «Ez da batere gaitza izango hor baino irribarretsuago agertzea».
Kanpainaren erdira heldutakoan, «ia-ia oharkabean» igarotako urteurrenaz jardun du Basabek: «Duela 20 urte hasi ginen Euskal Herriko gazteok intsumisioa aldarrikatzen eta gobernu militarretan geure burua entregatzen; esaten ‘Gu ez goaz; ez da gure armada, eta gainera, armadak ez ditugu maite’». Erabilitako desobedientzia baketsuaren estrategiak emandako fruituak nabarmendu ditu: «Eskatzen genuenaz gain, borroka moldea ere justua zen, eta horregatik lortu genuen indar metaketa, horrela konbentzitu genuen Euskal Herriko gazteria hura zela bidea».
Basaberen ustez, egun ere intsumisioaren ereduak gatazka politikoa gainditzeko balio du. Mugimenduaren oinarri sendoena «zintzotasuna» izan zela dio: «Pentsatzen genuena egiten genuen, eta pentsatzen genuena esan egiten genuen». Jokamolde hori egungo abagunera ekartzeko deia egin du Arabako zerrendaburuak: «Bidezkoa ez den borroka galbidea da, eta hori buruan sartzen ez dugun bitartean, hori esateko ausardia ez dugun bitartean, ez dago aurrerabiderik».
Argudiookin bat etorri da Patxi Zabaleta, «printzipioek» hala agintzen diotelako, baita «eraginkortasunak» ere. «Euskal Herriari ez zaizkio oparituko askatasuna eta bakea; guk lortu behar ditugu, eta presa daukagu, guk, biktimek, presoek eta presoen senideek», esan du. Krisiaz ere mintzatu da, «zuhurtasun politikotik, austeritatetik, eta korrupzioaren aurka eginez» erantzun behar zaiola esan du. «Frogatu dugu serioak garela, lan egiten dugula ia lagunik ez dugun esparruetan, koherentziak emandako indarraz», gaineratu du Gipuzkoako zerrendaburu eta lehendakarigai Aintzane Ezenarrok.
Eta, nola ez, aldaketaz hitz egin dute denek. «Aldaketa da hauteskunde hauetako hitza; guk ere hor daukagu, uste dugulako beharrezkoa dela, baina zehaztu behar da zer den aldaketa», esan du Dani Maeztuk. Durangoko zinegotzi jardunean, hurbiletik ezagututakoaz mintzatu da. Haren hitzetan, aldaketa ez du PPk ekarriko. Izan ere, gogora ekarri du alderdi horrek «aurrerapena-AHT binomioa» erabiltzen duela «kapitalismoaren egitasmo den» abiadura handiko trena defendatzeko; «jende horrentzat, lau urtean behingo boto bat baino ez gara».
PSE-EEk ere ez ditu garapen eredua, zerga politika eta eredu energetikoa aldatuko, Maezturen ustez: «Oso ondo dago Euskara askatasunez manifestua, baina hizkuntzak elkar ulertzeko tresnak dira, ez arma politiko moduan erabiltzekoak. Hemen oso ondo ezagutzen ditugu PSEko ziregotziak: ez dute sekula euskara erabili, eta erabiltzen dugunoi gaztelera erabiltzeko eskatzen lehenak dira». Eta EAJk boterean jarraitzea duela helburu esan du: «Ibarretxe kudeatzaile ona dela esaten dute, haientzat hau enpresa bat delako, baina hemen ez dira kudeatzaileak behar, iraultzaileak baizik».
EAk eta EBk, bestalde, «sinesgarritasunik» ez dutela nabarmendu du, zortzi urtez egon baitira «eredu kapitalista ezarri duen gobernua babesten». Ezker abertzaleari, berriz, «instituzioetatik eragin» behar dela esan dio; «horregatik sortu zen Aralar, ezker abertzale berria eratzeko».
Ekitaldiaren ondoren, jendea agurtzen dabiltza berriro hautagaiak. Bide batez, Udaleko kontuak eguneratzeko aprobetxatu du Maeztuk; «zinegotzi izaten jarraituko dut, hori ez dut galduko, baina kanpaina garaian, alde batetik bestera, herriko gauzez deskonektatzen gara». Segituan, AHTren aurkako manifestazioarekin bat egitera joan da.
Ertzaintzak bi gazte atxilotu ditu PPko ekitaldi batean Durangon. Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Kongresuko diputatuak PPko alderdi kideekin batera propaganda banatzen zuen bitartean, herritar talde bat hurbildu zaizkie protesta egiteko. Politikarien segurtasunaz arduratzen ziren Ertzainek kargatu dituzte eta bi lagun atxilotu. «Istiluetan» parte hartu izana leporatu zaie, Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailak jakinarazi duenez.
Liskarrak izan dira gaur Durangon (Bizkaia) PPren ekitaldian, Ertzaintzak lagun bat atxilotu eta beste batzuk identifikatu egin dituelako, horiek ekitaldia trabatu nahi izan dutela egotzita. Ertzainen arabera, PPkoak iraindu egin dituzte eta kartelak erakutsi dizkiete, Faxistak eta Terroristak bezalako leloekin.
12:15 pasatxo izan da gertaera eta PPtik, besteak beste, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Kongresuko bozeramailea zegoen.
PSE-EEk Elorrion (Bizkaia) duen egoitzari (Herriko Etxea) eraso egin diote bart. Iturri ofizialen esanetan, erasotzaileak leihotik sartu dira, eta “txikizioa” egin dute barruan. Euskadi Irratiaren arabera, erasotzaileek PSOEren aurkako eta D3Mren aldeko tindaketak egin dituzte hormetan.
Horren aurrean, PSE-EEren buru eta hautagai Patxi Lopezek Gasteizen galdera hau pausatu du: “Non egon behar dute egoitzei eraso egiten dietenak, atxilotuta ala Parlamentuan?”. Lopezek ekitaldi politikoa egin du goizean Gasteizen, Espainiako Gobernuko presidente (eta alderdikide) Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Arabako zerrendaburu Txarli Prietorekin.
Lopezek ukatu egin du bere alderdiak “hauteskunde kalkuluak” egiten dituenik, ezker abertzalearen zerrendak baliogabetuta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza handiagoa eta lehendakaritza lortzeko.
Bideragarritasun azterketako neurrien aurkako manifestazioa antolatu du biharko langile batzordeak Eibarren
www.berria.info
Mendiguren y Zarraua taldeak (Grupo MZ) Bizkaian dituen lantegietako 44 behargin kaleratu nahi ditu, Berrizen eta Abadiñon. Enpresak, gainera, aurkeztu duen bideragarritasun planean, langile guztien soldatak %15 jaistea proposatzen du.
Grupo MZk Mercedes-Benz autogilearen Gasteizko lantegirako osagaiak ekoizten ditu, bestek beste. Auto salmenta erori egin dela eta, Abadiñoko eta Berrizko 300 langileetatik %15 kaleratzeko asmoa dauka.
Langile batzordea bideragarritasun azterketan proposatutako neurrien kontra azaldu da. Horregatik, enpresaren asmoen aurkako manifestazioa egingo du bihar Eibarren, hangoa baita jatorriz MZ taldea. Eguerdiko hamabietan abiatuko da martxa, Unzaga plazatik.
Iurretako gaztetxea okupatzeagatik usurpazio delitua egotzita atzo epaitutako gaztea aske utzi du Bilboko epaitegiak. Iurretako Gazte Asanbladak adierazi du epaitegiak arrazoia eman diola, eta oztopoen gainetik okupazioa eta autogestioren bidetik jarraituko dutela azpimarratu dute.
Gaur goizaldean 27 urteko gazte bat atxilotu dute Abadiñon, bere bikote kide ohiari tratu txarrak eragin eta sexu abusuak egitea leporatuta. Biktimak salatu zuenez, asteartean eta asteazkenean eman ziren tratu txarrak.
Biktimak atzo –eguenean- jarri zuen salaketa. Abusuak asteartean eta asteazkenean izan ziren Abadiñoko etxebizitza batean. Lehenengo bere bikotekide izanaren partetik tratu txarrak jaso zituela salatu zuen eta, ondoren, sexu abusuak jasan zituela. Bikotea banatze tramiteetan zegoen.
Ertzaintzaren agenteek 19 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo Berrizen, poltsa bat tirakada eginez ostea egotzita. Lapurreta Durangon jazo zen hilaren 18an, eta biktima Galdakaoko Ospitalean artatu behar izan zuten.
Urtarrilaren 18an, adineko emakumezko bati lapurreta egin zioten Durangon, bere etxeko atarian sartzera zihoanean. Biktimak salatu zuenaren arabera, pertsona batek poltsatik heldu zion eta zenbait metro arrastaka eraman zuen espaloitik, poltsa eskuratzea lortu eta alde egin zuen arte. Gertakari horien aurrean, anbulantzia bat bertaratu zen eta biktima Galdakaoko Ospitalera eraman zuen, zenbait ubeldura eta buruan zauri bat zituelako.
Durangoko ertzain-etxeko agenteek gertakaria ezagutu zutenean, ikerketa abiatu eta lapurretaren egilea identifikatu zuten. Hortaz, atzo (astelehena) Berrizen atzeman eta atxilotu zuten. Atxiloketaren unean gazteak aurka egin zien ertzainei eta, ondorioz,agenteetako batek hainbat ubeldura izan zituen.
Atxilotua (delitu aurrekariak dituen 19 urteko gizon bat) epailearen esku jarri dute gaur goizean.
BERRIZ. San Anton jaiak asteburu honetan bukatuko dira Berrizen (Bizkaia). Igandean egingo den nekazaritza eta artisautza azoka izango da azken ekitaldietako bat. 11:00etan hasiko dira eskualdeko baserritarrak eta eskulangileak euren produktuak saltzen. Festa giro horren barruan, okelaren jaia ere egingo dute, Urtiaga plazan. 12:00etan, haragia dastatzeko aukera egongo da.