IX. eta X. mendeetako hilarriak berreskuratu eta ikusgai jarri dituzte Garaiko San Joan Momoitio ermitan
Ibai Maruri.
www.berria.info
Aostarri, Hoitarri, Munnio, Sempronio eta Anterazoni IX. eta X. mendeetan Durangaldeko herrixka batean bizi izan ziren bost euskaldun dira. Momoitio du inguru hark izena, gaur egungo Garai udalerriaren lurretan (Bizkaia). Joan den mendeko 80ko hamarkadan San Joani eskainitako baselizaren lurretan indusketak egin zituzten. Horretan ari zirela, 200 lagun baino gehiagoren hilobiak aurkitu zituzten.
Hilarrietan In dei nomine idazkuna agertzen zen (Jainkoaren izenean). Normalean jarraian hildakoaren izena idazten dela dio Gerediaga Elkarteko kide Jon Irazabalek. «Momoition aurkitu genituen hilarrietan, bost izen horiek agertzen ziren. Horietako bat Aostarriren hilarria da, eta jarraian bere omenez oroitarri hori nork jarri duen ere azaltzen du: Hoitarri. Beste hilarrietan, Munnio, Sempronio eta Anterazoni agertzen dira».
Garaiko Udalak, Gerediaga Elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak iaz adostu zuen aztarna horiek berreskuratu eta ezagutaraztea. IX. eta X. mendeetako bost hilarri horietatik abiatu ziren. Beste bi hilobi ere prestatu dituzte, gaineko harri gabe, bisitariek ikus dezaten nola ehorzten zuten garai hartan. Aurkitutako aztarnak zaharberritu eta berriak egin dituzte. Baselizaren barruan daude garai hartakoak, udalak eta hainbat auzotarrek gordeta izan dituzten hilarriak. Leihotik barrura begiratuz ikus daitezke.
Baselizaren sakristiako bi leihoak ere erakusleiho bihurtu dituzte, eta horietatik barruan atondu duten erakusketa ikusten da. Hau da, auzoaren inguruko informazio historikoa eta beste hainbat aztarna arkeologiko. Besteak beste, hiru hildakoren atzamarretan aurkitu ziren eraztunak ikus daitezke, eguzkiaren irudikatze batekin. Auzoa nolakoa izan zitekeen irudikatzen duten marrazki batzuk ere badirela dio Irazabalek, bai eta sasoi hartakoek jaten zutenaren laginak: gari mereka, adibidez. Hori guztia ikusi ahal izateko, radar sistema bat ezarri dute. Hala, norbait gerturatu dela sumatzen duenean, argiak piztu egiten dira. Beraz, bisitaria nahi duenean joan daiteke Momoitio ezagutzera.
Hilerri kristau bat zen hori, hasierako kristauen hainbat irudi eta gurutzeak agertzen baitira hilerrian. Hilobiek gainean harlauza handi batzuek dituzte. Buruaren parean zulo bat daukate eta barruan ikatz zatiak, sua egin izanaren aztarnak. «Ez dago argi zein garaitan, baina jakin badakigu kristautasuna iritsi aurreko erritu batzuk egiten zirela, eta hildakoen eta bizitzaren arteko lotura adierazten zutela».
Bilakaeraren menpeko
Garain, Berrizen eta Oiz mendiaren beste aldean ere aurkitu izan dira erritu horren aztarnak. «Gaur egun unitate geografikoak haranak direla pentsatzera ohituta gaude. Baina garai hartan ez ziren seguruak eta gizartea mendiaren inguruan kokatzen zen. Mendia ez zen oztopo taldeen arteko harremanetarako. Toki segurua zen». Hala, Oizek bere inguruan hainbat auzo txiki izan zituela ohartarazten du.
Momoition egindako indusketetan aurkitu ziren hilobiak baino gehiago egon zitezkeelakoan dago Irazabal. Baina ez du biztanleen inguruko datu zehatzik. «Hau eta honen antzekoak, familia batek eta haren gertukoek osatutako herrixkak izango zirela uste da».
Inguru honetan, II. mendean jendea bizi zen, nahiz eta orduko aztarna gutxi agertu diren. Irazabalek dioenez, ikertzaileen ustetan Garaiko goiko aldean Tremoitio izeneko gune babestu bat egon zen, eta gizaldi horretan jaitsi ziren Momoitio ingurura. Euskal kostaldetik iritsitako erromatarrekin hartu-emana izan zuten, hori baieztatzen duten portzelana zatiak agertu baitira.
Hurrengo berriak IX. mendekoak dira: «Talde batek lur horiek prestatu zituen lantzeko eta bertan jarri ziren bizitzen. Txabola gisako eraikuntza batzuk eta baseliza jaso zituzten». Gutxi gorabehera, XII. mendera arte bertan bizi izan zirela dio Irazabalek. Garai horretan Euskal Herri osoan gertatu zen fenomeno batek desagerrarazi zuen Momoitio.
Inguruetako auzo nagusiek txikiagoak bildu zituzten, eta erreferente bihurtu ziren. Gero elizate bihurtu ziren auzoak dira. Txikiek funtzio politiko eta erlijiosoak galdu zituzten. Historian kofradia gisa segitu dute, elizate handiago baten barruan. Irazabalen esanetan, Momoitiok nortasun bereizi hori galdu zuen XII. mendetik aurrera, eta auzo bilakatu zen. San Joan parrokia izandakoa ere, baseliza da egun.