durangaldea

Archive for Uztaila, 2009

Makinak gelditzeko makina

In Uncategorized on 2009/07/26 at 12:02 pm

AHTaren aurkako XIV. kanpaldia egiten ari dira Izurtzan. Datorren igandera arte ekitaldi ugari antolatu dituzte, eta abuztuaren 1eko manifestazioan parte-hartzera deitu dute.

www.berria.info

Abiadura handiko trenaren kontrako autoantolaketak eta borrokak beste geltoki bat du: Izurtza (Bizkaia). Uztailaren 24tik abuztuaren 2a arte makina bat ekitaldi antolatu dute, «jendarteak eredu kapitalistaren aurrean ikuspegi kritikoa garatu eta ama lurra defendatzeko asmoz». Superportuak, parke eolikoak, AHTa… «Sistema inposatzailerik» egongo ez den «bizitza orekatu eta askea» dute helburu. Iaz, Zaldibia (Gipuzkoa) izan zuten bilgune, eta aurten, Izurtzak hartu du lekukoa. Bederatzi egunean «inposaketak» salatu eta «herriak bizirik nahi ez dituzten makinak» gelditzeko makina izatea nahi dute aurten.

Bertsolariak, antzerkiak, jolasak… Herenegun hasita, aldarrikapenak ez du etenik Izurtzan. Atzo, esaterako, bizikleta martxa egin zuten kanpalekutik Elorriora. Bizikletak eskuetan eta «txikitzaileak txikitu» oihuen artean, txalapartariek egin zieten ongietorria. Ondoren, herriko plazan kantu eta txalo artean, indarrak hartzeko, luncha egin zuten, eta gauean La Banda del Abuelo taldearen kontzertua izan zuten, Durangoko gaztetxean, besteak beste.

Hamalaugarren kanpaldia antolatu dute aurten, eta leku eta adin guztietako jendea bildu da. Ilargi Etxebarria, kanpaldian parte hartzen ari den Castelloko (Herrialde Katalanak) gaztea da. Ez da AHTaren Aurkako Asanbladako kidea, baina partaide sentitzen da: «Hemen ez dago antolatzailerik, denok gara antolatzaile. Asanblada bidez horizontalki erabakitzen dugu egitaraua, nola hobetu hurrengo eguna… dena». Ostiralean iritsi zen Izurtzara, beste ehun lagunekin batera. «Jantoki gunea, kanpalekua eta ekitaldiak egiteko gunea bereiztu ditugu, eta, bigarren eguna izateko, jendea deialdietan parte hartzen ari da. 5 eta 50 urtera arteko toki guztietako jendea gaude».

Edonorentzako ateak zabalik ditu kanpalekuak, Etxabarriaren esanetan: «Gogoa, animoa eta AHTa eta proiektu txikitzaileak gelditzeko ilusioa baino ez da behar». Sartzea zein irtetea erabat libre da. Batzuk egun-pasa joaten dira, Joseba Elustondo elgoibartarra (Gipuzkoa) adibidez. Herenegun joan zen Durangora, AHTaren izenean amen! obra antzeztera. «Eguraldia lagun, egun polit batzuk pasatzera etorri gara, eta, bide batez, AHTrik ez dugula nahi aldarrikatzera.Bihar joango gara etxera, baina datorren larunbatean itzuliko gara, manifestaziorako».

Bertan geratuko direnek umeentzako pailazoez, mendi ibilaldiez zein hitzaldiez gozatzeko aukera izango dute. Gaur, esaterako, proiektu txikitzaileen aurkako taldeen topaketak egingo dituzte Jaizkibel Bizirik, Mendiak Aske, Coke Plantaren aurkako plataformak eta Errausketaren Aurkako Koordinadorak.

Bestalde, abuztuaren 1ean, Durangon egingo den manifestazioari atxikimendua adierazi dio AHTaren Aurkako Asanbladak, eta «era aktiboan parte hartzera» deitu du. Eguerdiko hamabietan abiatuko dira, Andra Maria plazatik Iurretako AHTaren lanetara arte.

Izurtzan egingo du kanpaldia aurten AHTaren Aurkako Asanbladak

In Uncategorized on 2009/07/19 at 1:09 am

Abuztuaren 1ean manifestazioa egingo dute Durangon, Gasteiz eta Bilbo arteko bidearen «inposizioa» salatzeko.

www.berria.info

Heldu den uztailaren 24tik abuztuaren 2ra egingo du AHTaren Aurkako Asanbladak abiadura handiko trenaren aurkako XIV. kanpaldia, Izurtzan (Bizkaia). Asanbladak antolatutako ekitaldien bitartez, Euskal Y-ari buruzko ideiak partekatzeko eta eztabaidatzeko aukera izango da. Kanpaldiko ekimenen artean, abuztuaren 1ean Durangoko AHTko obretara manifestazioa egingo dute. Manifestazioaren bitartez, «Espainiako Sustapen Ministerioak AHTko obrak Gasteiz-Bilbo ibilbide osoan hedatzeko eta inposatzeko hartu duen erabaki larriari erantzun indartsua» eman nahi diote Asanbladako kideek.

Manifestazioaz gain, hitzaldiak, eztabaidak, mendi martxak, askotariko protesta ekintzak eta umeentzako jokoak ere izango dira kanpaldian. Ekimen horien guztien bidez, AHTaren aurka dagoen jendeak «energiaz eta berrindartuta borrokari heltzeko aukera ezin hobea» izango duela adierazi du Asanbladak.

Azken finean, Asanbladaren helburu nagusia «erresistentziarentzat eremu bat osatzea, eta garapenari eta zapalkuntzari aurre egitea» dela adierazi dute.

AHTaren aurkako zortzi ekintzaile atxilotu dituzte desordena publikoa egotzita

In Uncategorized on 2009/07/19 at 1:04 am

Elorrio, Abadiño eta Zornotza inguruko errepideak itxi dituzte, eta auto ilara handiak sortu dira.

www.berria.info

Durangaldeko (Bizkaia) hainbat herritan AHTaren aurkako ekintzaileek errepideak itxita izan zituzten atzo egindako protesta ekimenen ondorioz. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, «zortzi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, desordena publikoa delitua egotzita». AHTaren aurkako protestak 07:40an hasi ziren, bi lagunek Zornotzako N-634 errepidea itxi zutenean. Herrizaingo Sailaren arabera, «Ertzaintzak errepidea itxi behar izan zuen autoek ekintzaileak harrapatu ez zitzaten».

Handik minutu gutxira, beste ekintzaile batzuk N-634 errepidea itxi zuten, Abadiño eta Elorrio artean, beren besoak zementuz betetako bidoietan sartuz. Gainera, lagun talde batek elkarretaratzea egin zuen errepidea itxi zuten tokian bertan, abiadura handiko trenaren aurka protesta egiteko. Auto ilara handiak sortu ziren ekimenen ondorioz.

AHT Gelditu! Elkarlanak adierazi duenez, «Zornotza, Abadiño eta Elorrion egindako ekintzen xedea Durangaldean argi gorria piztu dela ezagutaraztea da». Izan ere, Elkarlanak jakinarazi duenez, «Durangaldean abiadura handiko trena eraikitzeko lanak hasi dira». Egungo krisi ekonomikoaren gainetik ere Jaurlaritzak AHTa eraikitzen jarraitzen duela salatu dute. Tren lasterra eraikitzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar bakoitzak 4.859 euro inguru ordaindu beharko dituela jakinarazi dute.

AHTaren aurkako taldeak adierazi duenez, «krisi ekonomikoa Durangaldea gogor» kolpatzen ari bada ere, eskualde horretan egoerari aurre egiteko ez da politika ekonomiko «eraginkorrik» martxan jarri. Hala, herritarrak hausnarketa egitera eta eraikitzaileak lanak gelditzera deitu ditu Elkarlanak.

«Europako Nelson Mandela» aske uzteko eskatu dute Zornotzan

In Uncategorized on 2009/07/12 at 8:38 pm

Jose Mari Sagardui ‘Gatzak’ 29 urte bete ditu giltzapetuta aste honetan, eta berehala aska dezatela eskatu dute haren jaioterrian.

www.berria.info

Herria ertzainez josita egon den arren, ez da liskarrik izan presoaren aldeko ekitaldian.

Espetxean 29 urte egin ditu Jose Maria Sagardui Gatza-k. 51 urte ditu. Bizitza gehiena giltzapetuta eman du, beraz. Europa osoan, kartzelan denbora gehien daraman pertsona da, eta nahikoa dela esan dute haren herrikideek aste osoan egindako ekitaldietan. Bizi osorako zigorrik ez. Lelo hori, eta soil-soilik Gatza askatu dioten kartel, oihal, pankarta eta itsasgarriz josia dago haren herria. Zornotza. Haren aurpegia nonahi ikus daiteke. Atzo, ehunka, pilatuta. Sagardui aska dezatela eskatzeko manifestazio jendetsua egin zuten, presoaren argazkiak eskuetan.

«Gatza askatu!». Horixe izan zen herritarrek gehien oihukatuzuten leloa. «Presoak kalera, amnistia osoa!» eta «euskal presoak etxera!» ere sarri oihukatu zituzten Zornotza zeharkatu zuen ibilbide osoan.

Sagarduiren seniderik gertukoenek eraman zuten Bizi osorako zigorrik ez. Presoak kalera zioen pankarta. Gurasoek, alabak eta neska-lagunak, besteak beste. Zornotzako zanpantzarren taldeak zabaldu zien bidea horiei. Aurretik, ertzainen furgonetek.

Hain zuzen, Sagarduiren argazkiz bezala, ertzainez josia egon zen atzo Bizkaiko herria. Lau furgonetak zaintzen zuten sarrera nagusia. Beste lau zeuden ekitaldia egitekoa zen plazako sarreran. Herri gainean, helikopteroa. Bideoz grabatu ere egin zituzten manifestariak. Hala ere, iaz ez bezala, atzo ez zen liskarrik izan presoaren aldeko ekitaldian. Dignidad y Justicia Espainiako elkarteak ekimena debekatzeko eskatu zuen arren, ezetz esan zuen oraingoan Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak. «Bizi osorako zigorraren aurkako manifestazioa da» arrazoitu zuen debekua baztertzeko kaleratutako autoan. «Hori, berez, ez da delitua, eta debekatzeak biltzeko eskubide konstituzionala urra lezake».

Hala, ertzainen begiradapean, herritar asko bildu ziren Sagardui aske uzteko eskatzeko eta presoari zein bere senideei elkartasuna adierazteko manifestazioan. Txalo zaparrada ozen eta luzea eskainita adierazi zieten babesa amaierako ekitaldian «Europako Nelson Mandelari eta haren senideei», Sagarduiren senideak oholtza gainera igotzen ziren bitartean. Lore sorta ere eman zieten. Ohorezko agurra dantzatu ere bai. Ohiko dantza, eta gitarra eta kantuz lagundutakoa. Bertsolariak, «29 musu» eskaini zizkion presoari, 30 eman beharrik izan ez dadin nahia agertuta.

«Errepresioa eta porrota»

Herriko gazte gehienek herkidea argazki bidez soilik ezagutzen dutenez, Sagardui irudi da askorentzat Zornotzan. Herkideen hitzetan, esanahi handiko irudia, halere. Baita Euskal Herriarentzat ere. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez, «Euskal Herriari ezarritako errepresioaren eta bide horren porrotaren erakusle da Gatza». Azken hilabeteetan gogortu den baina aspaldiko urteetan etengabea izan den «errepresioaren adierazle».

Hain zuzen, azkenaldian Euskal Herria «errepresioaren uholde izugarria» pairatzen ari dela dio AAMk. Horren erakusgarri ditu atxiloketa etengabeak, iheslarien aurkako jazarpena, torturak, legez kanporatzeak eta presoen argazkien harira sortzen ari diren egoerak. Eta bide hori hautatu izanaren arrazoia «beldurra» dela uste du. Euskal Herriak «azken urteetan egindako bidearen beldur direlako» areagotu dutela Frantziak eta Espainiak errepresioa. «Estatuak izutu egiten direnean hitzek ez dute balio eta tresna errepresiboak inoiz baino indar handiagoz jartzen dituzte martxan. Horrela besterik ezin da ulertu egun Euskal Preso Politikoen Kolektiboa bizitzen ari den exterminiozko egoera».

Presoak «muturreko egoeretan» daudela ohartarazi du. Haien bizi baldintzek nabarmen egin dutela okerrera eta «bahitu politiko» gisa erabiltzen ari direla. EAJ eta Nafarroa Bai bide horretan laguntzen ari direla salatu du, gainera. «Ezker abertzalearekin amaitu eta independentziarako aukera erreala betirako ixteko estrategian» PSOErekin bat egiten ari direla horrela.

Bide hori «antzua» dela ohartarazi du, ordea. «Errepresioaren bidez» ez dutela independentziaren aldeko aldarria isilaraztea lortu, eta ez dutela «inoiz» lortuko. Herritarrei, lanean jarraitzeko deia luzatu die, eta presoen egoera «krudelaren» aurrean, salaketak egin, mobilizatu eta elkartasunez erantzutekoa.

Duela mila urte lurperatutakoak

In Uncategorized on 2009/07/12 at 7:57 pm

IX. eta X. mendeetako hilarriak berreskuratu eta ikusgai jarri dituzte Garaiko San Joan Momoitio ermitan

Ibai Maruri.

www.berria.info

Aostarri, Hoitarri, Munnio, Sempronio eta Anterazoni IX. eta X. mendeetan Durangaldeko herrixka batean bizi izan ziren bost euskaldun dira. Momoitio du inguru hark izena, gaur egungo Garai udalerriaren lurretan (Bizkaia). Joan den mendeko 80ko hamarkadan San Joani eskainitako baselizaren lurretan indusketak egin zituzten. Horretan ari zirela, 200 lagun baino gehiagoren hilobiak aurkitu zituzten.

Hilarrietan In dei nomine idazkuna agertzen zen (Jainkoaren izenean). Normalean jarraian hildakoaren izena idazten dela dio Gerediaga Elkarteko kide Jon Irazabalek. «Momoition aurkitu genituen hilarrietan, bost izen horiek agertzen ziren. Horietako bat Aostarriren hilarria da, eta jarraian bere omenez oroitarri hori nork jarri duen ere azaltzen du: Hoitarri. Beste hilarrietan, Munnio, Sempronio eta Anterazoni agertzen dira».

Garaiko Udalak, Gerediaga Elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak iaz adostu zuen aztarna horiek berreskuratu eta ezagutaraztea. IX. eta X. mendeetako bost hilarri horietatik abiatu ziren. Beste bi hilobi ere prestatu dituzte, gaineko harri gabe, bisitariek ikus dezaten nola ehorzten zuten garai hartan. Aurkitutako aztarnak zaharberritu eta berriak egin dituzte. Baselizaren barruan daude garai hartakoak, udalak eta hainbat auzotarrek gordeta izan dituzten hilarriak. Leihotik barrura begiratuz ikus daitezke.

Baselizaren sakristiako bi leihoak ere erakusleiho bihurtu dituzte, eta horietatik barruan atondu duten erakusketa ikusten da. Hau da, auzoaren inguruko informazio historikoa eta beste hainbat aztarna arkeologiko. Besteak beste, hiru hildakoren atzamarretan aurkitu ziren eraztunak ikus daitezke, eguzkiaren irudikatze batekin. Auzoa nolakoa izan zitekeen irudikatzen duten marrazki batzuk ere badirela dio Irazabalek, bai eta sasoi hartakoek jaten zutenaren laginak: gari mereka, adibidez. Hori guztia ikusi ahal izateko, radar sistema bat ezarri dute. Hala, norbait gerturatu dela sumatzen duenean, argiak piztu egiten dira. Beraz, bisitaria nahi duenean joan daiteke Momoitio ezagutzera.

Hilerri kristau bat zen hori, hasierako kristauen hainbat irudi eta gurutzeak agertzen baitira hilerrian. Hilobiek gainean harlauza handi batzuek dituzte. Buruaren parean zulo bat daukate eta barruan ikatz zatiak, sua egin izanaren aztarnak. «Ez dago argi zein garaitan, baina jakin badakigu kristautasuna iritsi aurreko erritu batzuk egiten zirela, eta hildakoen eta bizitzaren arteko lotura adierazten zutela».

Bilakaeraren menpeko

Garain, Berrizen eta Oiz mendiaren beste aldean ere aurkitu izan dira erritu horren aztarnak. «Gaur egun unitate geografikoak haranak direla pentsatzera ohituta gaude. Baina garai hartan ez ziren seguruak eta gizartea mendiaren inguruan kokatzen zen. Mendia ez zen oztopo taldeen arteko harremanetarako. Toki segurua zen». Hala, Oizek bere inguruan hainbat auzo txiki izan zituela ohartarazten du.

Momoition egindako indusketetan aurkitu ziren hilobiak baino gehiago egon zitezkeelakoan dago Irazabal. Baina ez du biztanleen inguruko datu zehatzik. «Hau eta honen antzekoak, familia batek eta haren gertukoek osatutako herrixkak izango zirela uste da».

Inguru honetan, II. mendean jendea bizi zen, nahiz eta orduko aztarna gutxi agertu diren. Irazabalek dioenez, ikertzaileen ustetan Garaiko goiko aldean Tremoitio izeneko gune babestu bat egon zen, eta gizaldi horretan jaitsi ziren Momoitio ingurura. Euskal kostaldetik iritsitako erromatarrekin hartu-emana izan zuten, hori baieztatzen duten portzelana zatiak agertu baitira.

Hurrengo berriak IX. mendekoak dira: «Talde batek lur horiek prestatu zituen lantzeko eta bertan jarri ziren bizitzen. Txabola gisako eraikuntza batzuk eta baseliza jaso zituzten». Gutxi gorabehera, XII. mendera arte bertan bizi izan zirela dio Irazabalek. Garai horretan Euskal Herri osoan gertatu zen fenomeno batek desagerrarazi zuen Momoitio.

Inguruetako auzo nagusiek txikiagoak bildu zituzten, eta erreferente bihurtu ziren. Gero elizate bihurtu ziren auzoak dira. Txikiek funtzio politiko eta erlijiosoak galdu zituzten. Historian kofradia gisa segitu dute, elizate handiago baten barruan. Irazabalen esanetan, Momoitiok nortasun bereizi hori galdu zuen XII. mendetik aurrera, eta auzo bilakatu zen. San Joan parrokia izandakoa ere, baseliza da egun.

19 salaketa jarri dituzte atentatuan kaltetutakoek

In Uncategorized on 2009/07/12 at 7:53 pm

www.berria.info

ETAk ostiralean Durangoko PSE-EEren egoitzaren aurka egin zuen atentatuaren eraginez kalteak jasan dituzten bizilagunak salaketak jartzen ari dira. Oraingoz, hemeretzi salaketa jarri dituzte, Durango Udaletxean, Ertzaintzaren arabera. Bonbaren eztandak kalte materialak eragin zituen PSE-EEren egoitzan, baita egoitzaren inguruko etxebizitzetan ere.

Ez abisatzea aurpegiratu diote durangarrek Ertzaintzari

In Uncategorized on 2009/07/12 at 7:49 pm

Herritar batek udaltzainei deitu zien, norbait PSE-EEren egoitzan pakete bat pausatzen ikusi zuelako.

E.B. www.berria.info

PSE-EEren egoitzatik hurbil bizi diren durangarrak haserre ziren atzo, Ertzaintzaren aurka. Alabaina, hurbil-hurbil bizi zirenei salbu, Ertzaintzak ez ziela leherketa gertatuko zelako abisurik eman salatu zuten. Gisa horretan, ez zieten erran etxetik ateratzeko, ez eta ere pertsianak ixteko. Leherketa gertatu zenean baizik ez ziren ohartu bonba mehatxua bazegoela.

Lehergailua bazelako abisua ez zuen ETAk eman. 23:00tik berehala, biztanle batek udaltzainei dei egin zien, burua estalia zuen norbait PSE-EEren egoitzaren aitzinean pakete bat uzten ikusi zuelako. Ondoren, pertsona hori beste norbaitek gidatzen zuen auto batean sartu zen, eta ihes egin zuten biek. Orain bideokamerek grabatu irudiak ikertuko dituzte, egileak identifikatzeko xedearekin.

Ertzainak laster iritsi ziren toki hartara, eta inguru guztia itxi zuten. Halaber, PSE-EEren egoitza dagoen eraikineko bizilagunak etxetik aterarazi zituzten, atez ate txirrina joka ibili ondoan. Garajeko aldetik atera ziren denak, lehergailua beste aldean zegoelako. Beste eraikinetako bizilagunak, aldiz, ez ziren abisatuak izan, eta horregatik haserre ziren atzo.

Etxetik atera behar izan zutenak, ordea, ez ziren berehala itzuli ahal izan. Leherketak kalteak eragin zituen hiriko hodietan, eta gas isurketa gertatu zen. Isurketa hori konpondu bitartean, hango biztanleek etxetik kanpo egon behar izan zuten, orotara hiru oren eta erdiz, batzuk pijama soinean. Arlo horretan bereizitako teknikariek denbora hori eman zuten hodiak konpontzeko, etxeak aireztatzeko eta inon gasik ez zela metatu ziurtatzeko.

Durangoko egoitza sozialistaren kontra erabilitako lehergailua kloratita da

In Uncategorized on 2009/07/10 at 5:58 pm

Atentatuan gutxienez bi pertsonak parte hartu dutela uste da.

www.ertzaintza.net

Durangoko egoitza sozialistan eta inguruko eraikinetan kalte handiak sortu dituen lehergailua hiru kilo kloratitaz osatuta zegoen. Ertzaintzak egindako ikerketen arabera, atentatuan gutxienez beste pertsona batek parte hartu duela ondorioztatzen da.

Gaueko hamaikak aldera, lekuko batek kaputxadun bat ikusi du, gizon bat antza denez, egoitza sozialistan pakete bat jartzen eta Durangoko udaltzainak ohartarazi ditu. Lehergailua ipini ondoren, beste pertsona batek gidatzen zuen auto batean ihes egin du. Lehergailua kartoizko kutxa batean sartuta zegoen eta azken hau, berriz, poltsa beltz batean.

Berehala Ertzaintza bertara hurbildu, tokia hesitu eta inguruko kale batzuk moztu ditu. Agenteek eraikina eta alboko etxebizitzak hustu dituzte.
Gauerdian bonba lehertu da, aurretiko deirik jaso barik. Leherketak egoitza sozialistan eta inguruko eraikinetan kalte handiak sortzeaz gain, gas ihesa sortu du. Ihesa, teknikari espezializatuek konpondu behar izan dute eta horrek, auzokideak haien etxeetara hirurak arte ez itzultzea eragin du.
Ertzaintzako espezialistek ebidentziak batu dituzte eta momentu honetan, ikerketarekin hasi dira. Ikerketan, egoitzako kamerek hartutako irudiak aztertuko dituzte atentatuaren egileak identifikatzeko eta epailearen esku jartzeko asmoarekin.

Lehergailu batek eztanda egin du PSEren egoitzan, Durangon

In Uncategorized on 2009/07/10 at 2:35 am

www.eitb.com

Bizilagun batek pakete susmagarri bat ikusi eta Ertzaintzari abisua eman dio. Azkenik, lehergailuak eztanda egin du gaueko hamabiak aldera.

Euskadiko Alderdi Sozialistaren egoitzaren alboan jarritako lehergailu batek eztanda egin du gaueko hamabiak aldera Durangon, Radio Euskadik jakitera eman duenez.

Bizilagun batek pakete susmagarri bat ikusi eta Ertzaintzari abisua eman dio 11:00ak aldera, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.

Ertzaintzak zona sokaz inguratu du (sic) eta etxebizitzak hustu ditu.

Ertzainak bertaratu eta lehergailua bilatzen hasi dira, baina azkenik eztanda egin du gauerdian.

El Correo

Público

Gara

El País

Antzinako hilobi ba azaldu da AHTaren bidean, Zornotzan, eta lanak eten dituzte

In Uncategorized on 2009/07/08 at 1:13 pm

www.berria.info

Erdi Aroko hilobi bat aurkitu dute AHTaren Zornotzako zatiko lanetan (Bizkaia), eta lanak eten egin dituzte aurkikuntza aztertu bitartean. Adifeko iturriek esan dute inguruko lur mugimenduak soilik geratu dituztela, ez zati osoarenak. Zornotzako zatiak 5,3 kilometro ditu, eta 68 milioi euroko aurrekontua. AHT Gelditu! Elkarlanak iragan ekainaren erdialdean salatu zuen lanak hasi zirela. Adifek ziurtatu du hilobia aurkitzeak ez duela eraginik izango lanaren gastuetan eta hura amaitzeko ezarritako datan.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumena da hilobiarekin zer egin erabakitzea. Aralarrek Kultura diputatu Josune Ariztondok Bizkaiko Batzar Nagusietan agerraldia egin dezala eskatu du. Aurkikuntzaren inguruko datuak eskatu dizkiote Ariztondori, eta galdetu zer garrantzi duten eta zer ondorio sortuko dituen AHTaren lanetan.

Zornotzan pertsona bat zauritu da istripu batean

In Uncategorized on 2009/07/05 at 2:04 am

Gaur goizean gazte bat zauritu da Zornotzan egon den istripu batean. Ezbeharrak auto-ilarak sortu ditu Bilboko noranzkoan.

ERTZAINTZAREN PRENTSA BULEGOA
www.ertzaintza.net

Istripua goizeko zortzietan gertatu da N-634ko 93,200 kilometroan, Boroa parean. Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiak direla eta, Durangoko noranzkoan zihoan furgoneta bat bidetik irten da. Errepideko erdibitzailearen kontra talka egin ondoren, Bilboko noranzkoan zihoan Scania kamioi baten kontra jo du. Furgoneta guztiz iraulita geratu da.

Ezbeharraren ondorioz, Citroen furgonetaren gidaria, 21 urteko gazte bat, zauritu egin da eta Galdakaoko ospitalera eraman dute. Errepidea itxi egin da Bilboko noranzkoan eta Ertzaintzak inguru horretan trafikoa arautu du. Goizeko hamaikak hamar gutxi inguruan errepide-zirkulazioa normaltasunera itzuli da, garabiak furgoneta eta kamioia errepidetik kendu dituenean.