durangaldea

Archive for Ekaina, 2009

Xabier Arruabarrena eta Oihana Garmendia atxilotu dituzte Paris ondoan, ETArekin lotuta

In Uncategorized on 2009/06/25 at 10:58 am

Erakunde armatuko informazio taldeko kide izatea egotzi diete. Gaur goizean atzeman ditu Frantziako Poliziak Charenton le Ponten, Guardia Zibilarekin elkarlanean.

www.berria.info

Frantziako Poliziak Xabier Arruabarrena Carlos (Elorrio, Bizkaia; 37 urte) eta Oihana Garmendia Marin (Santurtzi, Bizkaia; 32 urte) atxilotu ditu Paristik gertu gaur goizean, Charenton le Pont herriko etxe batean, ETArekin zerikusia dutelakoan. Erakunde armatuko informazio taldeko kide izatea egotzi diete: Arruabarrenari talde horretako buru izatea eta Garmendiari ondokoa.

Guardia Zibilarekin batera egin du operazioa Frantziako Poliziak. Haien etxea miatzen ari dira.

Val de Marne departamenduan dago Charenton le Pont, Paristik hego-ekialdera, hogei kilometrora.

Arruabarrenari 1999an eta 2000n ETAren Bizkaia komandako kidea izan zela ere leporatzen diote. Ihes eginda zela epaitu egin zuten iaz Frantzian. Garmendia ere epaitu zuten 2007an han, ihes eginda zegoela.

Eguskitzan hasi dira tunela zulatzen, AHTaren Abadiño-Durango zatian

In Uncategorized on 2009/06/23 at 4:08 pm

www.berria.info

Eguskitzan hasi dira tunela zulatzen, AHTaren Abadiño-Durango zatian

723 metro eta bi bide izango ditu, eta lanak Espainiako Gobernuak ordainduko ditu osorik, hari baitagokio zati hura

Erredakzioa.
Bilbo

Hasi dira AHT abiadura handiko trenaren bidea egiteko lanetan Abadiño eta Durango arteko Eguskitza mendian (Bizkaia). Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak jakinarazi du dagoeneko hasiak direla tunela egiteko zulaketak, hegoaldeko ahoan. Goialdetik zulatuko dute lehenbizi, eta hura amaitutakoan zabalduko dute zulo osoa. Zulaketak egindakoan, tunela drainatzeko eta iragaitz egiteko lanei ekingo diete. Guztira, 723 metroko luzera izango du Eguskitzako tunelak, eta bi bide izango ditu. Gainera, 95 metro koadroko gune libre bat utzi dute.

Abadiño eta Durango arteko zatiko bi tuneletako bat izango da Eguskitzakoa -bestea Mendigaingoa da, 1.010 metrokoa-. Haiez gain, bi zubi egitekoak dira zati hartan: Untxillan bata (300 metro), eta Mañarian bestea (516 metro). Iazko udaberrian hasi zituzten lanak zati hartan, eta, guztira, 3,5 kilometroko ibilbidea 21 hilabete baino lehen egitea espero dute. 51 milioi euroko aurrekontua dute Abadiño-Durango zatiko eraikuntza lanek. Espainiako Gobernuari dagokio oso-osorik lan horiek ordaintzea, zatia hari dagokiolako.

«Albiste bikaina»

Eguskitzako tunelean lanak hastea «albiste bikaina» dela esan du Mikel Cabiecesek, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak. «Argi erakusten du EAEko AHTaren lanak aurrera egiten ari direla egunez egun». Haren arabera, herritarrak AHTa eskatzen ari dira, eta trena ezinbestekoa da ekonomia eta gizartea garatzeko. Adierazi du tramiteak era egokian ari direla egiten, eta «zehatz-mehatz» ari direla betetzen ingurumena babesteko ezarritako neurriak.