Lesioak direla tarteko, aurrera beharrean atzera egin du Ustaritzek denboraldi honetan, hamaikakotik eta ordezkoen aulkitik kanpo geratu baita. Taldean galdutako postua berreskuratzeko ari da lanean, jokalari garrantzitsua izan daitekeela erakusteko.
«Partidak jarraian jokatzea behar dut berriro konfiantza izateko»
www.berria.info
Lesioek erabat baldintzatu dute Ustaritz Aldekoaotaloraren kirol ibilbidea (Abadiño, Bizkaia, 1983). Abadiñarrak erdiko atzelari batek izan behar dituen dohain gehienak ditu: indartsua da, azkarra da oso eta konfiantzarekin dagoenean ausarta da baloia oinetan duenean. Baina aspaldian bere buruarengan sinesteko behar duen partida kopurua jokatu ezinda dabil. Lesioek eta Joaquin Caparrosen erabakiek ez diote aukerarik eman. Lehen ordezko postua galdu du. Deialdietan ere ez du lekurik. Ondorioz, ez dago gustura. Baina Ustaritz ez dago luzaroan aukeraren zain egoteko prest. Futbolari sentitzeko premia dauka. Athleticen bada, oso ondo, eta ezin bada, beste talde batean.
Denboraldi gaitza ari da izaten zuretzat. Nola zaude?
Ondo esan beharko. Sasoi gozoagoak izan ditut. Orain estutu egin beharko dut, morala hartu eta berriz konfiantza izateko.
Ligako azken partidak gauza asko erakutsi zituen Caparrosen lehentasunei dagokienez. Ocio min hartuta zegoen, gasteiztarraren partez Gurpegi aritu zen eta Etxeita egon zen aulkian. Zu, berriz, etxean.
Nire aurretik beste jokalari batzuk daudela erakutsi zuen entrenatzaileak. Lanean jarraitzea da nik egin dezakedan gauza bakarra. Orain arte erakutsi dudan gogoari eutsi behar diot, eta gero teknikariak hartu beharko ditu erabakiak.
Zenbatgarren erdiko atzelaria zarela uste duzu?
Memento honetan ez naiz hirugarren aukera. Nire aurretik beste batzuk daude.
Egoera hau zure jarraitutasun ezak eragindakoa dela uste duzu?
Eragin zuzena dauka. Partida asko jarraian jokatzeko aukera ez izateak beste aukera batzuen aldeko apustua egitera behartu dute entrenatzailea. Arlo horretan ezin dezaket gauza handirik egin. Ilunean behar eginda berreskuratu behar dut nire lekua.
Valladoliden aurka min hartu ostean, Caparrosek ez zuen oso ondo hitz egin zure lesioaren inguruan. Min eman al zizun entrenatzaileak haserrea jendaurrean agertu izanak?
Ez diot aparteko garrantzirik eman behar Zorrillan esan zuenari. Beroaldi bat izango zen. Ez dut uste asmatu zuenik, baina ez diot aparteko garrantzirik eman.
Zure lesioen gainean asko egiten da berba. Buelta asko ematen al diozu kontu horri?
Baliteke.
Behar baino gehiago?
Ez larregi. Bere neurrian. Sasoian nagoenean konfiantza handiarekin egoten naiz, baina arazoak ditudanean bueltak ematen dizkiot buruari. Normala da.
Lesio asko izan dituzu. Hala ere, Lehen Mailan jokatzeko gaitasuna duzula erakutsi duzu. Egoera zailetan alde ona ere ikus daiteke.
Bai. Nik adina lesio izan duen beste jokalari bat beharbada ez zen Lehen Mailara ailegatuko. Lezamako entrenatzaile askok sinetsi egin dute nigan.
Arlo pertsonalean ez daukazu gustura egoteko arrazoi handirik. Hala ere, Espainiako Kopan neurketa bat baino gehiago jokatu duzu. Beraz, zuk ere lagundu diozu taldeari finalerako bidean.
Taldeko kide gisa, futbolari guztiok gara une gozoen eta latzen erantzule. Beraz, gauza onen partaide ere bagara, eta ez txarrena bakarrik.
Zer emango zenuke maiatzaren 13ko finala jokatzearren?
Ezin daiteke hitzekin adierazi. Jokalari guztiontzat da berezia Athleticekin final bat jokatzea. Poz handia hartuko nuke.
Zenbat sarrera eskatu dizkizute?
Asko. Gure aitari, anaiari… Inguruko guztiei eskatu dizkiete sarrerak. Gaitza izango da sarrera bat edo beste eskuratzea; beraz, segurura jo dute.
Garaiezina al da Bartzelona?
Neurketa batean edozer gauza gerta daiteke. Gainera, ez da ohiko partida. Berezia izango da. Harmailetan babes handia izango dugu. Nire ustez, ezin da Ligako norgehiagoka batekin alderatu.
Eta Real Madril? Jota egongo da?
Talde indartsua da oso. Nazioarteko jokalari garrantzitsuak ditu, eta une latzei aurre egiteko erraztasuna du. Irabaztera etorriko da. Neurketa polita izango da.
Real Madrilek Liga dauka jokoan, baina Athleticek ere ezin du lo hartu. Ez zaudete partida botatzeko moduan.
Ligan ez dugu gure helburua lortu. Beraz, larunbatean jokoan dauden puntuak oso garrantzitsuak dira guretzat.