durangaldea

Archive for Otsaila, 2009

Abadiñoko batzokiko beirak hautsi dituzte

In Uncategorized on 2009/02/28 at 2:08 pm

www.berria.info

Ezezagun batzuek Abadiñoko (Bizkaia) batzokiaren kontrako erasoa egin dute bart. Beirak hautsi dituzte eta ondoren margo gorria eta horia bota dute, EAJko iturriek esan dutenez.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan hainbat batzokik jaso dute erasoa.

Durangon AHTren lanak hasi direla eta Udalak ez duela jakinarazi salatu dute

In Uncategorized on 2009/02/22 at 1:24 pm

Manifestazioa egin dute, AHTren lanak geldi ditzaten eskatzeko, eta protesta gehiago iragarri dituzte

www.berria.info

Duela hilabete inguru Durangon bertan, Tabirako igerilekuen ondoan, AHT abiadura handiko trenaren lanak hasi zirela jakinarazi du Durangaldeko AHT Gelditu! Elkarlana plataformak. Atzo manifestazioa egin zuten Durangon (Bizkaia). Laurehun pertsona inguru elkartu ziren, eta Durangoko Udalak ez duela lanen hasieraren berri eman salatu zuten.

Landako guneko plazatik abiatu zen manifestazioa, eta handik Andra Mari elizako aterperainoko bidea egin zuten, Obrak gelditu! AHTrik ez! zioen pankartaren atzetik. AHTren lanak gelditzeko eskatzeko oihuak egin zituzten, besteak beste, manifestariek. Euskotren konpainiaren aurkako salaketarik ere egin zuten -Euskotren, txikitzaile!-, manifestazioak trenbidea gurutzatu zuenean. Ertzainak ere agertu ziren, EAJren batzokiaren aurrean, eta manifestazioa amaitu bitartean bertan egon ziren. EAJren aurkako oihuak egin zituzten AHTren aurkariek: EAJ txikitzaile! eta EAJ diruzale! maizenik.

Manifestazio bukaeran, Durangaldeko AHT Gelditu! Elkarlana taldeko kide batek hartu zuen hitza, eta Durangoko Udalaren eta Arantza Idigoras alkatearen jarrera gaitzetsi zuen. Plataformako kidearen esanetan, «dagoeneko hilabete-edo izango da Tabirako igerilekuen aldamenean makinak eta zaindariak sartu zituztenetik». Hala ere, Udalak eta Idigorasek ez diete «ezer esan» herritarrei, AHT Gelditu!-ren arabera, eta «ezkutuan jokatzea» leporatu diete: «Ez dugu ulertzen, haien arabera AHT guztiontzat hain ona izango bada, zergatik ez diren ausartzen herritar guztion aurrean hori esaten».

Tabira inguruan lanak hasi zirenean, bertan egingo duten biribilgune baterako ote zen zalantza egin zuten AHT Gelditu!-ko kideek. Idigorasek adierazi omen zien Udalak ere ez zuela informaziorik, baina azkenean jakin zuten biribilgunea eta AHTren lanak, biak batera hasi zituztela. Aurreko astean salatu zuten, lehen aldiz: «Lotsagarria bada ere, guk, herritarrok, jakinarazi behar dugu lanak hasi direla». Tabiran egin behar duten zubibidearen egitasmoa ez dagoela zehaztua adierazi du AHT Gelditu! plataformak. Durangoko Udala eta Adif «negoziatzen» ari dira, taldearen esanetan. «Beraz, zelan hasi dituzte lanak, oraindik ezaugarriak guztiz argi ez badaude?», galdetu dute.

Horrez gain, Durangoko Larrinagatxu eta Tabira auzoetan eta Iurretako San Andres auzoan Poliziaren «kontrola» handitzen ari dela salatu du Durangaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak: «Gero eta ertzain eta guardia zibil gehiago, zaindari pribatuak alde guztietatik bueltaka, eta kaleko jantzitako ertzainak». AHTren proiektua «indarrez inposatu» nahi dute, plataformako kideen ustez.

Protestak batzoki aurrean

Martxoaren 5ean hasita, hilero lehen ostegunean elkarretaratzeak egingo ditu AHT Gelditu!-k Durangoko EAJren batzokiaren aurrean. Horrekin batera, datorren larunbatean mendi ibilaldia egingo dutela ere jakinarazi dute. Andra Maria elizaren aurretik irtengo dira, goizeko hamarretan, eta AHTk igaroko dituen lurretara joango dira. Plataformak ohartarazi du lanean jarraituko dutela: «Ez dezatela pentsatu, makinak sartu dituztelako, borroka hau galdutzat emango dugunik».

Durangaldeko 24 enpresatan enplegua erregulatzeko dosierrak onartu dituztela eta, eskualdean 7.000 langabe daudela oroitarazi du AHT Gelditu! Elkarlanak. «Eta horren aurrean, zer? Milioika euro gastatzen dituzte AHT egiteko», salatu dute plataformako kideek.

Ezker abertzalerik gabe aldaketarik ezin dela egin aldarrikatu dute

In Uncategorized on 2009/02/22 at 1:22 pm

Etxean ez geratzeko eta botoa beste alderdi bati ez emateko eskatu diete D3Mren alde bozkatu behar zutenei

www.berria.info

Preso politikoen eskubideak bermatzeko. AHT Abiadura Handiko Trenaren «txikizioari» ezetz esateko. Ilegalizazioen kontra eta Euskal Herriaren independentziaren alde egiteko. Euskararen biziraupenerako. Mehatxu eta atxiloketen gainetik jarduteko. Hori guztia lortzeko bide bakarra «urrezko botoa» dela aldarrikatu zuen atzo arratsaldean ezker abertzaleak, Durangon (Bizkaia) egindako ekitaldi politikoan. D3Mren eta Askatasunaren zerrendak legez kanporatzeak ez duela «ezertarako» balio adierazteko, martxoaren 1ean hautestontziak «urrezko botoz betetzeko» deia egin zuen Unai Urruzuno ezker abertzaleko kideak.

«Atzo, gaur eta beti», Euskal Herriarekiko konpromisoa «errepresio eta eraso guztien gainetik» mantenduko duela berretsi du: «Ez dago aldaketa politiko eta sozialik ezker abertzalerik gabe». Hortaz, D3Mri botoa eman behar ziotenei etxean ez geratzeko eta botoa beste alderdi batzuei ez emateko eskatu die; hala, ezker abertzale «sendoa» dagoela adieraziko diote Espainiako Gobernuari: «Aurretik ere, Estatua konturatu da legez kanporatze hutsak ez diola balio, gero milaka pertsonak bat egiten badute ezker abertzalearen ideia politikoekin».

«Gurea da urrezko botoa, Euskal Herria demokrazia zerotik demokrazia hiru milioira eramateko». Gainerako alderdi politikoek Espainiako Gobernuak agindutako esparruan dihardutela uste du Urruzunok: «Jokoaren arauak Madrilek ezartzen ditu; Madrilek dio nor den legezkoa eta nor ez, eta beste guztiek horri men egitea izan dute xede».

Hartara, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopezen arteko «dikotomia faltsutik» atera beharra ere nabarmendu du ezker abertzaleak. Urruzunoren arabera, egungo marko juridikoa indartzeko asmoa du PSE-EEk, eta EAJ haiei laguntzeko prest dago: «Behin eta berriro esan digute espainolistak datozela, otsoaren ipuina irudikatuz. Badirudi herri honek espainolistekin duela arazo nagusia; gogo onez kolaborazioa eta morrontza eskaintzen dizkietenekin ere badu herri honek arazoa. EAJk badaki zerbait horretaz».

Ildo horretan, Hemen Ibarretxe plataformaren kritika egin du Urruzunok, EAJren «benetako aurpegia» erakusten duelakoan: «Klientelismoaren aurpegia, alderdiak emandako postu eta diru-laguntzez eroso bizi den jendearen aurpegia; Ibarretxerentzako boto eske etorri dira, harekin batera etxera joatearen beldur».

EAJ eta PSE-EE Lizarra-Garaziko akordioaren eta Loiolako negoziazioaren bidez lortutakoa «lurperatzen» saiatuko direla gaineratu du. Hauteskundeetan bi aukera daude jokoan, bere ustez: «Erreformaren erreforma ala benetako marko demokratikoa».

«Kalea gurea da», aldarrikatu du ezker abertzaleak, bere hautagaitzak legez kanporatu arren. Hala, Bermeoko (Bizkaia) kaleak ere hartu zituzten hainbat militantek atzo, auto ilara baten bidez. Ertzaintzak, ordea, batzokiaren aurrean geldiarazi zituen, eta mobilizazioan parte hartzen ari zirenak identifikatu; haien aurkako salaketa jarriko dutela jakinarazi zieten.

Bestalde, atzo Milanon Euskal Herriarekiko elkartasun manifestazioa egin zuten mila lagun inguruk. Euskal Herriari ez ezik, Kurdistani eta Palestinari ere agertu zioten elkartasuna, Hamaika herri borroka bakarra lelopean. Manifestazioan D3Mren aldeko kartelak eta boto-paperak erakutsi zituzten. Milano erdigunea zeharkatu zuen mobilizazioan poliziaren presentzia nabarmena izan zen.

Borroka moldeak ere «bidezkoa» izan behar duela dio Basabek

In Uncategorized on 2009/02/22 at 1:21 pm

Aldaketa Aralarren «ezker abertzale berritik» helduko dela esan du Durangon egindako ekitaldian

www.berria.info

«Ez da nahikoa eskatutakoa justua izatea, eskatzeko moduak ere justua izan behar du». Euskal Herriko gatazka bide politikotik baino ez daitekeela konpondu adierazi du Mikel Basabe Aralarreko Arabako zerrendaburuak, Durangon (Bizkaia) egindako kanpaina ekitaldian. Aralar helburu horrekin sortu zela gogoratu du, halaber, Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzaile nagusiak, eta, Euskal Herriak Aralar «behar» duela gaineratu du.

Kanpaina garaian ohikoa den bezala, berandu hasi da Aralarren ekitaldia. Landako gunearen kanpoaldean bildutakoak agurtzen dabil Bizkaiko zerrendaburu Dani Maeztu, alde batetik bestera. Ezagunak ditu gehienak, Durangokoa baita Maeztu, bertako Udaleko zinegotzia, besteak beste. Haren berben zain daude herritarrak, baina Basabek hartu du hitza lehenbizi, telebistarako prestatutako iragarkiaren ondoren; txantxetan, hiru zerrendaburuen aurpegi serioen harira. «Ez da batere gaitza izango hor baino irribarretsuago agertzea».

Kanpainaren erdira heldutakoan, «ia-ia oharkabean» igarotako urteurrenaz jardun du Basabek: «Duela 20 urte hasi ginen Euskal Herriko gazteok intsumisioa aldarrikatzen eta gobernu militarretan geure burua entregatzen; esaten ‘Gu ez goaz; ez da gure armada, eta gainera, armadak ez ditugu maite’». Erabilitako desobedientzia baketsuaren estrategiak emandako fruituak nabarmendu ditu: «Eskatzen genuenaz gain, borroka moldea ere justua zen, eta horregatik lortu genuen indar metaketa, horrela konbentzitu genuen Euskal Herriko gazteria hura zela bidea».

Basaberen ustez, egun ere intsumisioaren ereduak gatazka politikoa gainditzeko balio du. Mugimenduaren oinarri sendoena «zintzotasuna» izan zela dio: «Pentsatzen genuena egiten genuen, eta pentsatzen genuena esan egiten genuen». Jokamolde hori egungo abagunera ekartzeko deia egin du Arabako zerrendaburuak: «Bidezkoa ez den borroka galbidea da, eta hori buruan sartzen ez dugun bitartean, hori esateko ausardia ez dugun bitartean, ez dago aurrerabiderik».

Argudiookin bat etorri da Patxi Zabaleta, «printzipioek» hala agintzen diotelako, baita «eraginkortasunak» ere. «Euskal Herriari ez zaizkio oparituko askatasuna eta bakea; guk lortu behar ditugu, eta presa daukagu, guk, biktimek, presoek eta presoen senideek», esan du. Krisiaz ere mintzatu da, «zuhurtasun politikotik, austeritatetik, eta korrupzioaren aurka eginez» erantzun behar zaiola esan du. «Frogatu dugu serioak garela, lan egiten dugula ia lagunik ez dugun esparruetan, koherentziak emandako indarraz», gaineratu du Gipuzkoako zerrendaburu eta lehendakarigai Aintzane Ezenarrok.

Eta, nola ez, aldaketaz hitz egin dute denek. «Aldaketa da hauteskunde hauetako hitza; guk ere hor daukagu, uste dugulako beharrezkoa dela, baina zehaztu behar da zer den aldaketa», esan du Dani Maeztuk. Durangoko zinegotzi jardunean, hurbiletik ezagututakoaz mintzatu da. Haren hitzetan, aldaketa ez du PPk ekarriko. Izan ere, gogora ekarri du alderdi horrek «aurrerapena-AHT binomioa» erabiltzen duela «kapitalismoaren egitasmo den» abiadura handiko trena defendatzeko; «jende horrentzat, lau urtean behingo boto bat baino ez gara».

PSE-EEk ere ez ditu garapen eredua, zerga politika eta eredu energetikoa aldatuko, Maezturen ustez: «Oso ondo dago Euskara askatasunez manifestua, baina hizkuntzak elkar ulertzeko tresnak dira, ez arma politiko moduan erabiltzekoak. Hemen oso ondo ezagutzen ditugu PSEko ziregotziak: ez dute sekula euskara erabili, eta erabiltzen dugunoi gaztelera erabiltzeko eskatzen lehenak dira». Eta EAJk boterean jarraitzea duela helburu esan du: «Ibarretxe kudeatzaile ona dela esaten dute, haientzat hau enpresa bat delako, baina hemen ez dira kudeatzaileak behar, iraultzaileak baizik».

EAk eta EBk, bestalde, «sinesgarritasunik» ez dutela nabarmendu du, zortzi urtez egon baitira «eredu kapitalista ezarri duen gobernua babesten». Ezker abertzaleari, berriz, «instituzioetatik eragin» behar dela esan dio; «horregatik sortu zen Aralar, ezker abertzale berria eratzeko».

Ekitaldiaren ondoren, jendea agurtzen dabiltza berriro hautagaiak. Bide batez, Udaleko kontuak eguneratzeko aprobetxatu du Maeztuk; «zinegotzi izaten jarraituko dut, hori ez dut galduko, baina kanpaina garaian, alde batetik bestera, herriko gauzez deskonektatzen gara». Segituan, AHTren aurkako manifestazioarekin bat egitera joan da.

PPko ekitaldi batean bi lagun atxilotu dituzte

In Uncategorized on 2009/02/21 at 9:12 pm

Ertzaintzak bi gazte atxilotu ditu PPko ekitaldi batean Durangon. Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Kongresuko diputatuak PPko alderdi kideekin batera propaganda banatzen zuen bitartean, herritar talde bat hurbildu zaizkie protesta egiteko. Politikarien segurtasunaz arduratzen ziren Ertzainek kargatu dituzte eta bi lagun atxilotu. «Istiluetan» parte hartu izana leporatu zaie, Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailak jakinarazi duenez.

www.berria.info

Lagun bat atxilotu dute Durangon, PPren ekitaldian

In Uncategorized on 2009/02/20 at 5:08 pm

Liskarrak izan dira gaur Durangon (Bizkaia) PPren ekitaldian, Ertzaintzak lagun bat atxilotu eta beste batzuk identifikatu egin dituelako, horiek ekitaldia trabatu nahi izan dutela egotzita. Ertzainen arabera, PPkoak iraindu egin dituzte eta kartelak erakutsi dizkiete, Faxistak eta Terroristak bezalako leloekin.

12:15 pasatxo izan da gertaera eta PPtik, besteak beste, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Kongresuko bozeramailea zegoen.

www.berria.info

PSE-EEren Elorrioko egoitzari eraso egin diote bart, eta Lopezek ezker abertzalea seinalatu du

In Uncategorized on 2009/02/14 at 7:33 pm

www.berria.info

PSE-EEk Elorrion (Bizkaia) duen egoitzari (Herriko Etxea) eraso egin diote bart. Iturri ofizialen esanetan, erasotzaileak leihotik sartu dira, eta “txikizioa” egin dute barruan. Euskadi Irratiaren arabera, erasotzaileek PSOEren aurkako eta D3Mren aldeko tindaketak egin dituzte hormetan.

Horren aurrean, PSE-EEren buru eta hautagai Patxi Lopezek Gasteizen galdera hau pausatu du: “Non egon behar dute egoitzei eraso egiten dietenak, atxilotuta ala Parlamentuan?”. Lopezek ekitaldi politikoa egin du goizean Gasteizen, Espainiako Gobernuko presidente (eta alderdikide) Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Arabako zerrendaburu Txarli Prietorekin.

Lopezek ukatu egin du bere alderdiak “hauteskunde kalkuluak” egiten dituenik, ezker abertzalearen zerrendak baliogabetuta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza handiagoa eta lehendakaritza lortzeko.

Grupo MZk 44 langile kaleratu nahi ditu Abadiño eta Berrizen

In Uncategorized on 2009/02/06 at 5:19 pm

Bideragarritasun azterketako neurrien aurkako manifestazioa antolatu du biharko langile batzordeak Eibarren

www.berria.info

Mendiguren y Zarraua taldeak (Grupo MZ) Bizkaian dituen lantegietako 44 behargin kaleratu nahi ditu, Berrizen eta Abadiñon. Enpresak, gainera, aurkeztu duen bideragarritasun planean, langile guztien soldatak %15 jaistea proposatzen du.

Grupo MZk Mercedes-Benz autogilearen Gasteizko lantegirako osagaiak ekoizten ditu, bestek beste. Auto salmenta erori egin dela eta, Abadiñoko eta Berrizko 300 langileetatik %15 kaleratzeko asmoa dauka.

Langile batzordea bideragarritasun azterketan proposatutako neurrien kontra azaldu da. Horregatik, enpresaren asmoen aurkako manifestazioa egingo du bihar Eibarren, hangoa baita jatorriz MZ taldea. Eguerdiko hamabietan abiatuko da martxa, Unzaga plazatik.

Iurretar gaztea kargurik gabe aske utzi dute

In Uncategorized on 2009/02/04 at 2:50 am

Iurretako gaztetxea okupatzeagatik usurpazio delitua egotzita atzo epaitutako gaztea aske utzi du Bilboko epaitegiak. Iurretako Gazte Asanbladak adierazi du epaitegiak arrazoia eman diola, eta oztopoen gainetik okupazioa eta autogestioren bidetik jarraituko dutela azpimarratu dute.

www.gaztesarea.net