Karmelo Etxenagusia (Iurreta 1932) 2008ko azaroaren 6 hil zen, gaisoaldi baten ondoren. Bilboko gotzain laguntzaile izan da iaz arte eta Euskaltzaindiari aspaldiko denboretatik atxikia: euskaltzain laguntzaile 1965. urtetik eta ohorezko 1998. urtetik.
Euskerea nire bizitzan (2003) bere azken liburuan kontatzen du prosa paregabean idatzirik autografia labur bat, batez ere euskararekiko izan duen gaztetatiko atxikimendua zehaztasun handiz azaltzen duena. Iurretako semea, etxeko euskara berezko eta aberatsaren jabe, txikitatik zaletu zen euskarara eta abadegai zela hasi zen lantzen liburuak irakurriz.
Derioko Seminarioan euskara irakasten aintzindari izan zen 60gn hamarkadan, ikasle belaunaldi ugari igaro direla haren geletatik. Euskara ikasteko bibliografia gutxi eskura zegoen aldian, literaturaren bidea hautatu zuen hizkuntza era atseginagoz ikas zedin. Hartarako prestatu zituen Euskal idazleen lorategiak: bizkaierazkoa lehenik (1965) eta gipuzkerazkoa hurrengo (1967).
1970ean Derioko Udako Euskal Ikastaroa sortu zenean, udaro hango irakasle izan zen hogei urtez eta beste antologia bi atondu zituen: Euskal idazleak bizkaieraz (1980) eta Iparraldeko euskal idazleak (1988). Horretara borobildu zuen euskara literatura bidez lantzeko irakasbide osoa, beti ere “dakigunetik ez dakigunera” lemapean zetzan metodologiari jarraituz.
Literaturaren irakaskuntzan testurik bikain-atseginenak hautatzen zituen, jera hobea egiten ziola poesiari hitz lauzkoari baino; are gehiago kanturako egokitua bazen.
Liturgia liburuen bizkaierazko bertsioetan ere ezagun izan da Etxenagusiaren lumaren ikutua, hala nola pastoral eta beste, Elizbarrutiko idazki ugarietan.
Hizlari bikaina ere izan da, hizkera leun, gozo eta aberatsaren jabe.
Bizkaiko euskara jatorra hurretik ezagutu nahi duenak irakur beza goian aipatu Euskerea nire bizitzan liburuaren lehen kapitulua, euskarazko hitz lauzko antologietan finkatzeko modukoa.
ADOLFO AREJITA OÑARTE-ETXEBARRIA. Euskaltzain osoa da
