durangaldea

Archive for Urria, 2008

Begiak itxi eta belarriak estali

In Uncategorized on 2008/10/29 at 6:35 pm

Hona Onintze Oleagak (Atxondoko zinegotzia) hainbat hedabidetan argitaratu dauen gutuna:

“Durangaldeko AHT Gelditu Elkarlanak prentsaurrekoa eskaini zuen iragan astean, Abadiñoko herrian Abiadura Handiko Trena eraikiko balute, 350 urte inguruko baserri bat eta Mendiolako galtzada erromanikoa apurtuko lituzketela adieraziz.

Gai honen harira sortutako eztabaidan, adibidez, egun horretan bertan gauez Durango Telebista ikusten benetan harrituta gelditu nintzen. Bertan komentatzen zutenez, tristea da horrelako egoera baten aurrean egotea, izan ere, lurjabeari kenduko diotenagatik oso gutxi ordainduko baitiote.

Hori egia da, ez dago ukatzerik, lurjabeari ez zaio egingo zaion kaltea konpentsatuko. Baina ez lurjabeari bakarrik, herriari ere ez zaio sortuko zaion kaltea konpentsatuko. Izan ere, herriaren ondare kultural eta historikoa hondatzeaz hitz egiten ari gara.

Hau da, orain arteko argudioez gain (ingurumena, paisaia, gastu soziala,…), Elkarlanak beste arrazoi bat azaldu zuen AHTri ezetz esateko: ondare kultural eta historikoaren defentsa.

AHT egiteko izugarrizko dirutza publikoa gastatuko da, batzuentzat badirudi guztiz justifikatua dagoela, niretzako ez. Eta zuretzat justifikatua ahal dago?

Iragan den asteburu honetan guztion ahotan izan den erabakitzeko eskubidea aintzat hartuta, galdetu ahal zaie Abadiñoko herritarrei zein etorkizun nahi duten? Beren dirua zertan inbertitu nahi duten? Ezin dugu ahaztu, proiektu hau guztion poltsikoetatik ordainduko dela. Agian abadiñarrek nahiago izango dute diru kopuru hori ondare historiko eta kulturala berreskuratzeko inbertitzea (adibidez Mendiolako galtzada konpontzeko). Edo agian abadiñarrek nahiago izango dute diru hori krisiari aurre egiteko laguntza sozialetara bideratzea. Zergatik ez diete galdetzen zer nahi duten?

Bestetik, telebista programa horretan zera entzun nuen: «AHT ez da ikusiko, behetik gora begiratuta, zein goitik behera begiratuta, AHT ez da ikusiko». Hori ezinezkoa da, argi eta garbi izan, munstro hau eraikiko balitz, ez ikusteko era bakarra begiak ixtea litzatekeela, eta, era berean, ez entzuteko era bakarra, belarriak estaltzea.

Guk ez dugu hori nahi, ez gara begiak itxita eta belarriak estalita biziko, etorkizunean ere ondare kultural, historiko, natural eta ekonomiko propioa duen Euskal Herrian bizi nahi dugu. Horregatik, zabaldu orain ondo begiak eta behar den lekuan ondo entzun gaitzatela: esan ezetz AHTri”.

Urriaren 31n Durangon nahi gaitue Argiakoek

In Uncategorized on 2008/10/25 at 8:07 pm

Urriaren 31n Durangon nahi zaitugu

Askotan paperaren edo pantailaren beste aldean nor dagoen galdetzen diogu geure buruari. Nola irakurtzen duzun aldizkari hau. Zuk, bai. Ea artikulu bakoitza bukatuta guri zerbait esateko gogoa geratzen zaizun. Eta ezin dugu galderaren pisuarekin. Erantzuna nahi dugu, zuri begiratuta dakigulako nolakoak garen.

Horregatik, urriaren 31n zurekin elkartu nahi dugu Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Hitz egin. Elkarrekin entzun Desordutan, Kerobia eta Zea Mays taldeek eskainiko duten kontzertua. Gaupasa izan daiteke ala trago azkarra, denbora zeure esku dago. Baina etorri, arren, erdu, zatoz, hitz egingo dugu betiko kontu berriez.

Festa zurekin biltzeko aitzakia da guretzat; zuretzat, gurekin egoteko aitzakian kontzertu ederra ikusteko aukera. Berdin zaigu, zeuk erabaki, baina jakin ezazu harpideduna bazara zain dituzula bi sarrera doan. Urriaren 24a baino lehen 943 36 72 85 telefonora deituta eskura ditzakezu, edo, ordenagailuarekin hobeto komunikatzen bazara gunea@argia.com helbidera mezua bidaliz.

Oraindik aldizkari hau etxean jasotzen ez baduzu ere, modu oneko plana da: 6 euro besterik ez zaizu kostako sarrera. Plateruenan bertan salgai duzu dagoeneko.

Kerobia, K bitamina gehien duen taldea

“K belaunaldia” izena jarri zioten: Kauta, Keike, Kuraia, Kudai… eta Kerobia, kuanto. K bitaminak Euskal Herriko taldeei on egin die azken urteotan; letra plural hori daramate izenean arrakasta handiena lortu duten euskal talde berrienek.

Kerobia auto berri bat bezalakoa izan da: inolako arazorik ez arrankatzeko; abiadura ona; apustu segurua. Euskadi Gaztearen maketa lehiaketako epaimahaiaren saria irabazi zuten euren ibilbidearen lehen urratsekin batera. Hegal horiekin gora eta gora joan dira, Iruñerriko eszenatik nazio osora.

Hiru disko dituzte kalean, ñabardura askorako tartea irekitzen duen rock sendoaren erakusgarri. Azkena, Materia organikoa eta gainerakoak izeneko autoekoizpena, Interneten jarri zuten edonork doan deskargatzeko. Special K: barrutik zaintzen zaitu Kerobiak bere musikarekin; kanpotik ere bai, horrelako opariak ez baitira egunero jasotzen. Musika Interneten eta doan. Beste talde batzuek ere formula beraren aldeko apustua egin dute, baina Kerobiarenak izan duen oihartzunaren ondoren eredua euskal musikagintzan finkatuago ikusten da. Eskertzeko modukoa da.

Elegantziak badu izena: Desordutan

Desordutan taldekoek lehen diskoa baino ez dute kalean, eta hala ere oso argi daukate zer egin nahi duten. Tolosarrak dira eta dagoeneko zeresana eman badute ere –besteak beste, beraiena izan da aurtengo Kilometroak jaiko abestia–, etorriko diren denboretan ezinbesteko erreferentzia bihurtzeko bidean dira.

Pop-rock heldua egiten dute, errazkeriari iheska dabiltzan kanta sotilak. Urriaren 31n Plateruenako taulara igotzen direnean lau erraldoi ikusiko ditugu, lasai, kezkarik gabe, oraindik daukaten tamainaz jabetu ez diren diganteak bezala. Ez saiatu kontra egiten: beraien oinetan belaunikatzeko jaioa zara.

Zea Mays: emozioa zainetaraino

Talde baten lana jarraitzen hasten zara. Disko bat, bi, hiru… Eta konturatzerako bosgarrenean daude, hamar urteko ibilbide sendoarekin. Elektrizitatez betetako hamar urte, harrobian baino gogorrago lanean; sortuz, grabitatearen kontra bada ere. Durangora ez dira lokartuta etorriko, Morphina –taldearen azken lana– zainetan badaramate ere.

Zer gehiago esan liteke Zea Maysi buruz? Ezin dela egiten dutena deskribatu: Aiora Renteria zuzenean kantatzen ikusi behar da; Iñaki Imaz Pitiren gitarra entzun, ahotsari izarretaraino laguntzen; Ruben Gonzalezek baxuarekin eta Asier Basabek bateriarekin osatzen duten oinarri erritmiko sendoa dastatu. Eta denak batera jotzean eragiten duten inplosio zirraragarria sentitu.

Bilbotarrak izan behar: talde handia da Zea Mays, emozioa zainera zuzen zuzenean sartzea bezala; eta beti dosi handiagoa behar duzu, aseko bazara.

Gorka Bereziartua (Argia aldizkaria)

Zakarrak behar bezala batzen ez diralako manifestauko dira

In Uncategorized on 2008/10/25 at 7:30 pm

Kanpatorrosteta inguruan dagozan lurpeko kontainerretako zakarrak batzeaz behar bezala arduratzen ez dirala-eta, hilaren 29an manifestatzeko deiadar egin dabe Durangoko alde zaharreko auzotarren alkartekoek. 

Manifestariek euren zabor poltsak eroango dabez bertara, batuketara.  DAZ alkartetik horixe egiteko eskatu dabe eta.

Informazino gehiago: DAZ

Abadiñoko AHTren obretara martxa antolatu dute domekarako

In Uncategorized on 2008/10/25 at 6:20 pm
Durangoko AHT gelditu! Elkarlanak Abadiñoko obretara martxa antolatu du igande honetarako. Obrek dakarten txikizioaren aurkako protesta ugari izan direla gogoratu dute, eta horien aurrean errepresioa besterik jaso ez badute ere, elkarlanakoek adierazi dute erantzuteko garaia dela eta AHT geldituko dutela.

Ibarretxeren galdeketaren aldeko ekitaldian AHTrik ez

In Uncategorized on 2008/10/25 at 5:48 pm

http://www.durangokoelkarlana.info/2008/10/25/ibarretxeren-galdeketaren-aldeko-ekitaldian-ahtrik-ez/

Gaur, urriak 25, Ibarretxeren galdeketaren aldeko ekitaldia egin dute Durangon EAJ, EA, Aralar eta EB alderdiek deituta. Galdeketaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko ekitaldia izanda, EAJ eta EA AHTrekin egiten ari diren inposaketa salatu nahi izan dugu euren ekitaldian. Argi gera dadila gure asmoa inolako momentutan ez dela izan euren ekitaldia zapuztea, bertan zeuden alderdi bietako ordezkarien eta jarraitzaileen hipokrisia agerian uztea baizik. Horretarako eskuorriak prestatu ditugu jendeari banatzeko (testua atxikita dago euskaraz eta gaztelaniaz) eta baita AHT EZ zioten kartoizko letra batzuk. Letrekin euren aurrean jarri gara (euren ekitaldia oztopatu gabe) eta eskuorriak banatzeko ahalegina egin dugu.

Berehala jende multzo bat oihuka eta bultzaka gerturatu zaigu oso modu bortitzean. Bultzakadak eta ostikadak eman dizkigute, kartoizko letrak apurtu dizkigute, lagun bati aurpegian zauria egin diote letra batekin bultzaka hasi zaizkionean, iraindu egin gaituzte eta ez digute utzi gure eskuorriak banatzen. Gu denbora guztian ahalegindu gara gurea egiten eta berbaz baino ez diegu erantzun esanez informazioa eman nahi genuela, besterik ez. Oso jende bortitza etorri zaigu aurre egitera, eskuorriak kendu eta lurrera bota dizkigute, baten batek keinuak egin dizkigu ukabila altxatuta, eta oso esanguratsua izan da gizon batek gaztelaniaz esan diguna: ” Yo sí soy violento!”. Etorri zaizkigun guztiak gizon helduak izan dira, eta, esan bezala, bortizkeria handiz jokatu dute gure aurka.

Berehala, zelan ez, polizia autonomikoa etorri zaigu, eta, beti bezala, gure kontra ekin diote. Gu bultzatzen, iraintzen eta jotzen ibili direnei ezer esan gabe, gu bazter batera eraman gaituzte eta han eduki gaituzte denbora batez gutako batzuk identifikatzen zituzten bitartean. Poliziei esan diegu besteek jo gaituztela gu eta guk ez dugula ezer egin, baina, noski, haiei ez diete ezer esan eta beti bezala gu identifikatu gaituzte.

Barregarria izan da euren ekitaldiaren amaieran Ibarretxeren testua irakurri dutela entzutea. Erabakitzeko eskubidea eta bakea gora ete behera denbora guztian testu horretan, eta gu han, ekintza baketsu bat egitera joan arren indarkeriaz erantzun digute “bakea” aldarrikatzen zeuden berberek.

Argi utzi nahi dugu gure protesta baketsuaren helburua EAJk eta EAk erabakitzeko eskubidearen inguruan duten jokaera hipokrita salatzea izan dela eta ikusi dugu zelako erantzuna eman diguten. Gogoratu hemen duzuela atxikita alderdi bi horien hipokrisia salatzen duen testua: nor-nori-nork

Berrizko eta Zornotzako tren geltokien kontrako erasoak egin dituzte bart

In Uncategorized on 2008/10/25 at 5:35 pm

Berrizen lehergailu batek eztanda egin du baina, Ertzaintzaren ustez, kale borrokako ekintza izan da, ez ETArena. Ez da zauriturik izan. Leherketa gertatuko zen abisurik ez dute eman. Zornotzan bi ’molotov koktel’ bota dituzte. Bietan Euskotreneko geltokiak izan dituzte jomuga.

http://www.berria.info/albisteak/30057/Berrizko_eta_Zornotzako_tren_geltokien_kontrako_erasoak_egin_dituzte_bart.htm