via Bizkaie

Laguntzino eske azaldu da Mangamoreren maskotea, Ureshi, jardunaldiek facebook-en daukien hormearen bitartez (www.facebook.com/tumangamore), jarraitzaileek hurrengo edizinorako kartelak proponiduteko.

Ekimen dibertigarri hori erabili dau Amorebieta-Etxanoko Udalak, Gazte Informazio Bulegoa bitarteko, Mangamore’10 iragarri eta 400 euroko saria jasoko duen kartela aukeratzeko lehiaketea martxan jarteko.

Parte hartzeko interesa dabenek posta elektronikoz bialdu beharko dabe kartelaren diseinua gazteinfo[a bildua]ametx.net helbidera, 4Mb baino gitxiago dituan .jpg dokumentu legez, martiaren 18a baino lehenago. Egun horretan hasi eta martiaren 30era arte, gustukoen dituen kartelak aukeratu ahal izango ditue erabiltzaileek Facebook bitartez. Botazinoaren azken egunean eguerdiko ordu batetik aurrera jakingo da zein dan kartel irabazlea, orduan amaituko baita botoa emoteko epea.

Posta elektronikoz bialtzen dan diseinuaz aparte, jatorrizko bertsinoa euki beharko dabe egileek, eta irabazleari jatorrizko hori eskatuko jako. Dokumentu horrek baldintza honeek bete behar ditu: tamaina, gitxienez, 50 x 50 cm izango da (ez dau zertan proportzionaltasun hori mantendu), Mangamore’10 testua agertuko da bertan, eta euskarria digitala izango da (.jpg, .pdf edo .psd formatua).

via Gara

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, EPPK-k, urtarriletik aurrera daraman borrokaldiari babesa emanez hamaika mobilizazio egiten ari dira azken asteotan Euskal Herrian.

Horren adibide da larunbat iluntzean Elorrion egindako manifestazioa. Bizi osorako espetxe zigorra eta dispertsioa salatu zituzten, baita gaixo larriak dituzten euskal presoen kaleratzea aldarrikatu ere. Berrehun bat herritarrek parte hartu zuten Elorrioko kaleetan egindako manifestazioan, eta euskal preso guztiak dagozkien eskubideen jabe Euskal Herriratuak izan daitezela exijituz amaitu zuten mobilizazioa.

Borrokaldia abiatu zutenetik, bost eguneko txapeoa eta beste horrenbeste iraun zuen gose greba egin dute euskal presoek. Jon Anzaren desagerpena salatzeko elkarretaratzea ere egiten dute hilero, 18an. Eta bigarren eta azken ostiraletan ere kontzentrazioak egiten dituzte. Bata preso isolatuen, gaixoen eta zigorra betea dutenen egoera salatzeko, eta bestea, euren estatus politikoa aitortzeko eta Euskal Herriratzea exijitzeko.

via Euskonews Gaztea

Iñaki Etxezarraga Maiztegi
Iñaki Etxezarraga Maiztegi
(Berriz, 1984)

Ikasketei dagokienez, nahiko ongi joan zaiola aitortzen du Iñakik. Arrasaten Ingeniaritza ikasketak egiten hasi zen, baina alde batera utzi zuen eta Markinara abiatu zen Lanbide Heziketako ziklo bat burutzera. Betidanik musika gustuko izan du eta txikitan abesbatzan ibili zen; ondoren, solfeo eta gitarra eta baxua jotzen ikasi zuen. Hainbat taldetan aritu da eta gaur egun Etxe moduan dugu ezagun. Zatoz nirekin maketa kaleratu zuen 2005ean, Bidea eginez 2007an eta Heldu Eskutik 2009an.

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Eskua luzatzen digu Etxe musikariak, eta gonbita aprobetxatuz galderatxo batzuk prestatu dizkiogu. Iazko –2009ko– azarotik Heldu Eskutik diskoaren promozio lanetan dihardu bizkaitarrak bere taldearekin batera. Horri buruz egin dugu berba, baita, maitasunari buruz, lan egiteko erez edota eszenatoki batera igo zen aurreneko aldiaren oroitzapenez.

Elkarrizketari ekin aurretik norekin ari naizen jakin gurako nuke… Iñakiren alter–egoa da Etxe edo pertsona berdinak zarete?

(Barre) Ez, ez, pertsona bera gara, ez dago desberdintasunik bion artean. Ezizena ohiko tokitik dator, lagunengandik, nola ez! Ikastolan bi Iñaki ginen eta bioi abizenetik deitzen hasi ziren gure artean desberdintzeko, eta hara! Inor ez zen Iñaki moduan ezagun. Betidanik deitu naute horrela, eta musikan hasi aurretik ere, edozein tokitan Etxe moduan aurkeztu dut nire burua.

Ederki! Abia dezagun beraz, solasaldia. Heldu Eskutik duzue azken lana.

Hori da, 2009ko azaroan argitaratu genuen eta orain promozio garaia da, pentsa, urtarrilera arte soilik bi asteburutan libratu genuen! Badakigu halere, etapa bat dela eta ostean trankilago ibiliko garela.

Benetan gustura geratu gara lanarekin, gure asmoen artean eszenatoki gainean rocka egitea eta emanaldi indartsuak eskaintzea izan da, eta lortu dugu. Hamaika kantu bildu ditugu bertan, eta luxuzko bi kolaboratzaile izan ditugu; batetik Roberto Moso eta bestetik, Anje Duhalde. Mosorekin aritzeko aukera edukitzea handia izan da, beti izan bainaiz Zarama taldearen jarraitzailea; Anjerekin berriz, barruan halako sentimendu handi bat sortu zitzaidan… Kasu honetan gainera, aldarrikatu nahi genuena Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko elkartasuna zen, ezen musikari dagokionez gutxi aipatzen den zerbait dela pentsatzen genuen. Poz–pozik gaude diskoarekin.

Bestalde, entzuleei dagokienez ere, batzuetan guk uste baino jende gehiago etorri da kontzertuetara, eta bestetan gutxiago, denetarik. Baina hori gaur eguneko gizartearen joera da, hau da, jendea motelduta dagoela iruditzen zait, eta lehen baino gutxiago animatzen da zuzenekoak ikustera.

Krisiaren eraginez?

Ez dut uste, gizartearen eragina dela pentsatzen dut. Alde batetik, pertsona aisanaiak garela esango nuke, eta bestetik, egungo musikagintzan dagoen eskaintza handiak ere jendeagan eragiten du. Azken 10 urteetako joera dela esango nuke, edozein herritan ikusten dena.

Read the rest of this entry »

via Euskalerria Irratia

Entzun hemen.

Ni Euskal Herrikoa naiz, nire amak euskaraz hitz egiten zuen eta. Euskadikoa, ez”. Amadeo Marco zenaren hitzak dira, Jose Luis Lizundia euskaltzainak otsailaren 4an Euskalerria Irratiko Pasahitza saioan gogora ekarri dituenak, Euskal Herria kontzeptuak zer esan nahi duen azaltzeko asmoz. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du Euskal Herria terminoak ezin duela Nafarroa hartu EAEko curriculumean. Lizundiaren aburuz, “epai horretan ezjakintasun supinoa dago”; izan ere, “Euskaltzaindiak haren 139 arauan zehaztu zuenez, Euskal Herria kontzeptu kultural bat da, haren lurraldetasuna baduena, eta errealitate politiko-administratiboekin nahastu behar ez dena”. Lizundiaren arabera, legearen arabera epaileek irizpena edo diktamena eskatu behar zioten Euskaltzaindiari, baina ez dute egin.

via Berria

Ermuko taberna batek su hartu gaur goizeko seietan, Goienkale kalean, ostatuaren gaineko etxebizitzetako lagunak atera egin dituzte suhiltzaileek, baina ez da inor zauritu.

Ertzaintza-eta kalte materialak aztertzen ari dira.

via Bizkaie

Pilar Zubiaurreren bizitza eta lanei buruzko liburua argitaratu dabe Garaiko Udalak, BBK eta Gerediaga Elkarteak, Nebraskako (AEB) Lincoln Unibersidadeagaz alkarlanean. Saturraran argitaletxeak kaleratutako lan hau Hamaika Bide Alkarteak landutako lanen artean kokatzen da, hain zuzen be, gure ondare kulturalean guztiz ezezaguna dan euskal exiliatuen memoria berreskuratzearen alorrean. Liburua zezeilaren 6an, eguerdiko 12:30etan aurkeztuko dabe Garaiko udaletxean.

Liburuki honek, ‘Pilar de Zubiaurre: Evocaciones. Artículo y Diario’ izenburua dauena, Nebraskako unibersidadean maisua dan Iker Gonzalez-Allendek osotutakoa, Leopoldo Gutierrezek, bere semea, idatzitako biografia eta beren idatziak batzen ditu.

Idatzien multzoak, Bilboko ‘Bizkaitarra’ egunkarian [1909 / 1910] eta Mexikoko ‘Euzko-Deya’-n [1944 / 1958] argitaratutako artikuluak osotzen dabe. Era berean, Pilarren, gazte garaikoa [1913 / 1918] eta Errepublikea, Gerra Zibila eta erbeste garaikoa [1931 / 1943] egunkari personala batzen dau. Azkenik, bere garaiko idazle desbardinek, berari buruz idatzitako testuak, esate baterako Eugenio D´Ors edota Federico Garcia Lorca olerkariak Pilarri eskainitako poesiak sartzen dira.

Pilar Zubiaurre 1884an Garain jaio, eta 1970ean Mexikoko uriburuan hil zan. Madrilgo Errege Kaperako Musika Zuzendaria zan Valentin Zubiaurreren eta Paz Agirrezabalen alabea, hiru anai arrebetan gazteena izan zan, Ramon eta Valentin margolariak bere anaiak ziralarik.

Nahiz eta Abadiñoko Lebario baserrian hazi, lau urte zitualarik Madrilera eroan eben, lan kontuakaitik bere senideak han bizi ziralako.

Garai haretako mundu kulturalean gogo biziz parte hartu eban emakume honek; 1926an, Lyceum Club Femeninoa, Espainiako lehen alkarte feminista eta gerra-aurreko erakunde intelektual nagusienetarikoa, Maria Maeztu, Victoria Kent eta beste hainbat emakumegaz batera sortu eban eta Garcia Lorca, Granados, Galdos eta beste hainbat intelektual tarteko zirala tertuliak antolatzen eta bultzatzen zituen; horrezaz gan, bere anaien obren erakusketa eta salmentez arduratzen zan.

1922an, Ricardo Gutiérrez Abascalegaz ‘Juan de la Encina’ ezkondu zan. Ricardo, arte espainiarraren jakitun eta kritikoen artean, gaur egun erreferentea dana, Madrilgo Garaiko Arte Museoko lehen zuzendaria izan zan, gaur egun ‘Reina Sofia’ museoa danaren aitzindaria. Ricardo eta Pilarren konpromiso politiko sutsuak erbestealdira eroan zituen halabeharrez, lehenengo Frantziara eta gerora Mexikora, bikotea hil zan lekura. Halan da be, Pilarrrek Espainiara aldi baterako itzuliak egin zituan 1961ean eta hurrengo urteetan hil arte. Haren bizitza osoan zehar, Garai herriagaz hartu-emon estuak izan zituan eta bera arduratu zan oraindino zutunik dan familiaren etxeaz.

Pilar Zubiaurrek, Espainiako Kulturgintzearen munduan gogo biziz parte hartu baeban be, ikerketa kritiko eta literarioetatik kanpo geratutako emakumeen adibide bat da. Gontzal Sarrigoitiak, Garaiko alkatea, liburuaren hitzaurrean azaltzen dauenez, emakume izanak, aita, anai eta senarraren ospeak eta garai haretako gizarteak bideratu eben intelektual handi hau ostrazismora. Argitalpen honek bigarren liburuki bat be izan leike ondoren, finantzatzeko modurik aurkituko bageunke eta bertan garai haretako sozial, intelektual eta politikoekin izandako epistolarioa batuko leuke.

via Berria

Sarekada horretan 6.000 ‘kristal’ dosi eta sei kilo ’speed’ atzeman dituztela agertu du Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak.

Droga trafiko eta salmentan aritzen zirelakoan 22 eta 35 urte arteko bost lagun atxilotu ditu egunotan Ertzaintzak Eibarren eta Ermuan, eta, Herrizaingo Sailaren arabera, 6.000 kristal dosi eta sei kilo speed atzeman dizkiete. Merkatuan 100.000 euro inguruko balioa izango luke kristal- kopuru horrek eta 250.000-300.000 eurokoa speed-ak.

Herrizaingo Saileko iturriek agertu duenez, joan den uztailean hasi zuen ikerketa Ertzaintzak, Ermuko taberna batean droga trafikoan aritzen ziren susmoa piztu zitzaienean. 23 urteko gazte bat arduratzen zen taberna hartaz eta hura zaintzen hasi ziren. Beste lagun batzuekin Herberehetara maiz joaten zela ikusi ahal izan zuten, eta droga erosteko baliatzen zituen bidaia horiek.

Joan den astelehenean ustez sare horretako hiru kide atxilotu zituzten Eibarko autoentzako tailer batean, Ertzaintzaren arabera, hartarako bereziki prestatutako ibilgailu batetik droga ateratzen ari zirela. Autoaren erregai deposituan zegoen gordeta droga.

Ondoren, ustez sarea osatzen zuten beste bi kideak atxilotu zituzten Ermuan, eta, halaber, arestian aipatutako taberna miatu zuten. Miaketa horretan sei kilo speed, 45 gramo haxix eta kanabis landare zenbait atzeman zituzten.

via Bizkaie

Abadiñoko Udalak ‘Jai parekideen alde’ goiburua daben bereizgarriak banatuko ditu San Blas jaietan. Ekintza hori Abadiñoko Udaleko Bardintasun Arloagaz batera egindako kanpaina baten barruan dago, eta jaiak bardintasunez gozetea dau helburu. San Blasetako egun nagusia gaur, zezeilak 3, da, nekazaritzako eta abeltzaintzako tradizinozko azokea egiten dan eguna

via Gara

Erroskillek eta eztarria zaintzeko kordelek ukitu berezia emango diote gaur Abadiñon ospatuko duten San Blas eguneko azokari. Urtero bezala, ehun bat postu izango dira bertaratzen direnei abere ikusgarriak eta baserriko produkturik onenak eskainiz. Jai giroa ere ez da atzean geldituko, Durangaldean antolatzen den neguko azoka garrantzitsuenera jende andana inguratzen baita, egun eder batez gozatzeko helburuarekin.

Feriazaleek gorriz seinalatutako eguna izan ohi da San Blasekoa eta urtero bezala, Abadiñon ospatuko da gaur Euskal Herriko azoka garrantzitsuenetako bat. Erroskillak eta eztarria zaintzeko kordelak izaten dira egun honen bereizgarriak, baina Abadiñoko San Blasak askoz gehiago dira.

Egun osoan giro paregabeaz gozatzeko aukera ematen du azokak eta jende andana batzen da urtero. Abere ikusgarriak eta baserriko produkturik onenak eskuratzeko aukera ere izango da. Udalak BBKren laguntzaz antolatutako azokan 127 nekazari postu egongo dira, eta janariaz gain, landareak, makinaria eta eskulanak jarriko dituzte salgai.

150 abelburu ere egongo dira ikusgai. Antolatzaileek joan den ostiralean egindako aurkezpenean azaldu zutenez, aurtengo edizioa indartu egingo da zentzu horretan. Esan zutenez, hobekuntza genetikoak lortzeko helburuarekin lan egiten duten baserritarrek zortzi arraza purutako 64 behi eramango dituzte azokara.

Goizetik hasiko dute eguna, 9.00etan, herriko txistularien kalejirarekin, eta 10.30etik aurrera umeentzako tailerrak egongo dira Txanporta kultur etxeko arkupean. Pilota txapelketako finalaurrekoak eta meza nagusia izango dira 11.00etan eta horren ondoren, bertsolariak arituko dira Ferialeku plazan. Gogaikarri bertso eskolako Xabier Amuriza, Garikoitz Sarriugarte eta Eñaut Uruburu ibiliko dira kantuan.

12.30ean herri kirolen erakustaldia egingo dute probalekuan. Izeta II.a eta Izeta IV.a harri-jasotzaileak munduko errekor berria ezartzen saiatuko dira 125 kiloko harria 125 aldiz altxatzen. Herri kirolen euskal Federazioko ordezkariak izango dira saiakera ikuskatzen.

Bukatutakoan sarien banaketa egingo dute. Abelburu onenak aurkezten dituztenek eta bi nekazari postu onenak dituztenak eramango dituzte sariak. Abadiñoko baserritarrentzat ere sari bereziak izango dira. Jai giroa berotzen hasten denean, erromeria eskainiko du Lotxo taldeak, 16.30etik aurrera, Ferialeku plazan. Zaparrada burrunbada taldeak berriz, 20.00etatik aurrera girotuko ditu kaleak.

Ekitaldi gehiago

Egun handia gaurkoa izan arren, Abadiñoko San Blas jaietako ekitaldiak ez dira bertan bukatuko. Izan ere, bihar San Blas Txiki eguna izango da, eta 19.30etik aurrera, Abadiñoko Done Zezil abesbatzak Santa Agedaren koplak abestuko ditu kalerik kale. Ostiralean pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte 19.00etan hasita eta txosnetan musika jaialdia izango da herriko eta Durangaldeko taldeekin. Tribute to RIP, Delirium Tren Ez eta Pixontxis arituko dira.

Larunbatean, otsailak 6, eskola arteko krosa egingo dute goizean, Asier Kidam magoaren saioa arratsaldean, eta Habeas Corpus madrildarren eta Trikizioren kontzertua txosnetan. Hurrengo astean, idi probak izango dira astelehenean eta otsailak 13rako bildots txapelketa eta bazkaria antolatu dituzte.

via Berria

Jendetza bilduko da gaur Abadiñoko azokan, San Blas egunean; 127 erakusmahai eta 150 abelburu izango dira

Urtero legez, San Blas egunaren harira, jai giroa nagusi izango da gaur Abadiñon. San Tomas eta Gernikako urriko azken asteleheneko azokarekin batera, Euskal Herriko azoka garrantzitsuenetakoa da Abadiñokoa. Datuek hala erakusten dute. Nekazaritza eta eskulangintza azokan 127 erakusmahai izango dira, eta XVIII. abelburu erakusketa ezagunean, berriz, 150 abelburu.

Jose Luis Navarro alkateak azpimarratu duenez, hainbat berritasun izango ditu aurten ganadu azokak: «Sekula baino ikusgarriagoa izango da». Izan ere, abelburuen erdiak ezohikoak izango dira, ezezagunak diren arrazetakoak.

Berritasunak berritasun, azokan betiko produktuak aurkituko dituzte hara joaten diren lagunek: ogia, eztia, gazta, frutak, arrautzak, txakolina, ortuariak, burdineria, landareak, baserriko tresneria… Baserritarrek, bitartekari barik, beren produktuak saltzeko aukera izaten dute SanBlas egunean. Bidezko merkataritzak ere bere txokoa izango du azokan.

Abadiñoko txistulariek emango diote hasiera egunari, goizeko bederatzietan, eta herriko auzoetan barrena ibiliko dira. Bi ordu geroago, Pilota Txapelketako finalaurrekoak jokatuko dira, Tornosolo trinketean. Ordu berean, meza nagusia izango da San Trokaz elizan. Haurrek tailerrak egiteko aukera izango dute 10:30ean, Txanporta kultur etxeko arkupean.

Eguerdian bertsolarien txanda izango da, Ferialeku plazan: Gogaikarri bertso eskolakoak, Xabier Amuriza, Garikoitz Sarriugarte eta Eñaut Uruburu ariko dira bertsotan. 12:30ean, berriz, herri kirolek ikusgarritasuna gehituko diote azokari. Izeta II.a eta IV.a harri-jasotzaileak errekorra hobetzen saiatuko dira, 125 kiloko harria 125 aldiz altxatuz.

Arratsaldean, idi probak izango dira, eta Lotxo taldearekin erromeria. Hala ere, jai giroa ez da gaur bukatuko Abadiñon, otsailaren 13rako ere ekintzak antolatu baituzte.

GAUR

09:00. Txistulariekin kalejira.

12:00. Bertso saioa.

12:30. Nekazaritza sarien banaketa eta herri kirolak.

16:30. Lotxo taldearekin erromeria, Ferialeku plazan.

17:00 eta 22:00. Idi probak.